Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Jaio ziren berriak

 

Hurrengo bisitan senideei eskatu beharreko liburuak eta lagunei bidali beharreko enkarguak zehaztu ditugu. Hilabete inguru igaro denerako jaso ditugu lehen liburuak, fotokopiak, eskuizkribuak... Beste bi-hiru asteren buruan badatoz eskutitz batzuk geureei erantzunez. «Halako edo holakori galdetuko diot» diosku batek; «36ko gerrako iheslariekin hasi beharko zenukete» besteak...

        Euskal herritarren kartzelaldi, erbesteratze, deportazio eta gainerako jazarpen moduen sustrai bila hasita, oso atzera joan gaitezke historian eta urteetan. Jakina da Erdi Aroaren hondarretik abiatuta deportazioaren, ihesaren eta kartzelaren testigantzak badirela. Bestalde, Bernard Etxeparek, Joan Amenduxek eta geroagoko beste hamaika koblakarik eta poetek utziak dituzte herriminaren eta askatasun ezaren lekukotza erdiragarriak.

        XVII. mendean, Bernard Goienetxe Matalas hil zutenean, Hegoaldera ihes egin zuen jende askok. Geroago, 1794an, Iparraldeko zenbait herri hustu eta 4.000 biztanle Landetara deportatu zituzten. XIX. mendean, Bigarren Gerra Karlistaren ondoren, milaka euskaldun deportatu zituzten Kanariar uharteetara eta Kubara. Eta kinto ez joatearren erruz lotu zitzaizkien ihesari euskal gazteak. Gisakoak txanpon xehe dira herri zapalduen historian.

        Denboraren zingiran sakon luzatzen dira kontu hauek. Nolanahi dela, 1936ko gerra eta gerra ostean hasi eta gaur artekoak aise ematen du ekitaldi baterako lain. Historia hau 36ko gerratik hasteko arrazoi batzuk badaude gure iritziz. Gerra hartan fusilatutako eta desagertarazitako askoren hezurrak bolada honetan ari dira agertzen, memoria eske.

        — Hogeita hamaseiko gerra eta gerraostekoak ez ezik kontu berriagoak ere ariko dira ba memoria eske —esan dit Mariok.

        Badira kontu berriagoak noski, geure garaiko kartzelaldi honetakoak horietako asko, ahaztuta-edo eduki arren gomuta eske bezala sartzen zaizkigunak noizean behin solasgaira. Lore edo hostoren batean pausatuta dagoen tximeleta mimetizatua pasaeran nahi gabe ukitu eta hegaldarazten dugun moduan, halaxe tartekatzen dira batzuetan gure berriketetan denboraren itzalean ostendutako hainbat gorabehera.