Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Zaindaritza zorrotzak

 

Bilbotik ihesean Gijonera iritsi zen Jose Mari Mugerza, eta Muselko portuan ontziratu zen tiro eta zalaparta artean. Irteera bezperan portua bonbardatu eta zamaontzi batzuk hondoratu zituztela kontatzen du. Hiru-lau eguneko bidaia kalapitatsuaren ondoren, Garona ibaia jo eta handik gora Saint-Nazaire. Jendarmeek atxilo hartu eta arma guztiak kendu zizkieten han. Trenean sartu zituzten eta Port-Boutik kanporatu zituzten frantsesek, Hego Kataluniara, han gerran jarraitzeko.

        Borrokan jarraitu zuen Mugerzak. Gerra amaitzear dela Alacanteko kaian ageri da, han ontziratzeko itxaropenez. Baina italiarrak iritsi ziren ontziak baino lehen, jendetza desesperatu hura atxilotzera.

        «Garaituak eta moralki eraitsiak soldaduak eta herritar zibilak, haurrak, emakumeak eta zaharrak... Luzera izugarrizko ilara osatu eta kaitik atera gintuzten, soldadutxo frankistak zain geneuzkan lekura. Gero 'Almendroen zelaia' deituko ziotenera sartu gintuzten. Almendrondo loratuz betea zegoen zelaia, eta gure indar ahulduak suspertzeko modua izan genuen». Lore, kimu berri, azal eta ahal zuten guztia jan zuten zuhaitz haietatik.

        «Tiro hotsak entzunez igaro genuen gau osoa, ihesean zihoan jendeari tiratzen zioten, itxuraz». Mugerzak dio Alacanteko Almendroen Zelaiko kontzentzazio eremuan eskualdekako taldeak osatu zituztela. Tentuz jokatu beharra zegoen ezagutzen ez zituztenekin, infiltratuak sartu baitzituzten. Haiek salatzen zituztenak ate handitik atera eta laster entzuten ziren tiroak. Fusilatu beharrik gabe hiltzen zirenak ere baziren. Era nekosoan zutitu, nagiak ateratzeko moduko keinua egiten hasi, eta plaust, muturrez aurrera zerraldo erortzen ziren. «Guardiei deitzen genien hilotza eraman zezaten; batzuetan ez ziren etorri ere egiten, eguzkipean etzanda utziz gorpua heriotzaren lorik ederrenean».

        Belar, kaktus eta harrapatzen zutena jaten zuten bizirik eusteko. Suizidioek etenik gabe jarraitzen zuten, beso edo lepoko zainak ebakita latorrizko orri zorrotzekin.

        Petateak prestatzeko agindu zieten egun batez. Muino haietatik errepidera jaitsi zituzten, bultzaka, ondo zainduta. Alacant zeharkatu eta abereak garraiatzeko trenera eraman zituzten. Bagoi bakoitzean hirurogei pertsona edo gehiago, ez etzanda ez zutik egoteko lekurik ez. «Ordurako inork ez zekien bizien edo hilen mundukoa ote zen».

        Albaterara (Alacant) iritsi zen trena. Geltokitik zuzenean sartu zituzten kontzentrazio barrutian, launakako ilaran. Mugerza-eta heltzerako prisionero ugari zegoen han, itxura batera onenak ziruditen lekuez jabetuta. Zurezko barrakoiak zeuden, baina denak hartuak. Aterperik gabe geratu ziren iritsi berriak.

        Barrutiaren itzulian, arantzadun alanbrezko hiru ilara, eta ongi destatutako metrailadore mordoa. Aldean zeramatzatenak kendu zizkieten; narruzko jaka, bota eta antzekoak, zenbait preso oinutsik utziz. Lokatzetan izaten ziren euririk ez egin arren, itsasoaren mailan baitzegoen barrutia. Inoiz lurra lehortzen zenean gatzagetan legezko buztin gogortu txuria geratzen zen.

        Egunen batzuk jan gabe eduki ondoren eman zizkieten sardina lata bat hiruko bakoitzarentzat eta ogitxo bat bostentzat. Debekatuta zegoen sua egitea. Eskutitza bidaltzea edo jasotzea hilean behin egingo zela adierazi zieten. Ate nagusian egingo zen hori, kornetaren hotsera. 10.000tik gora preso zeuden.

        Mairuak, frankozaleak eta italiar Gezi Beltzak txandakatzen ziren zaindaritzan. Bazeuden hala ere beste zaindari modu batzuk, leku guztietan sortzen direnak: salatariak.

        Madrilgo frontetik eramandako karabineroetako Velasco abizeneko ofizial baten historia tristea kontatzen du Mugerzak: «Madrilgo fronte haietatik ezagutzen nuen. Heroitzat zeukaten han. Baina Albaterako sarraski barrutian gainbehera etorri zen. Alderdi komunistakoa zenez, ezagutzen zuen burkide militante asko salatu zuen. Korneta hotsez formazioan jartzera behartzen gintuzten. Velasco agintari militarrekin eta falangista taldeekin batera sartzen zen barrutian. Norbaiten parez pare geratzen zenean, salatua atzamarrarekin seinalatu eta haren izena eta agiriak esaten zituen». Salatzekoak salatu eta gehiago ez zuela balio deliberatu zutenean, etsaiek eurek garbitu zuten Velasco.