Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Juan Mari Labordeta

 

Juan Mari Labordeta Lexo begietan daukat oraindik Alcala Mecora sartzen, Trepa eta besteren batekin, Endaizperekin agian, edo Dindanekin. Ez dut zuzen gogoratzen. 1987a zen, Ipar Euskal Herrian iheslarien aurkako setioan ari zen Frantziako Polizia, eta iheslari haiek multzoka sartzen zituzten kartzelara, denbora gutxiren buruan kaleratzen bazituzten ere asko. Kaleratze aginduak ustekabean harrapatzen zituen batzuk, eta baziren ostera komisaldegira ote zeramatzaten beldurrez atera zirenak ere. Atarramendu xelebreak ere izaten ziren tarteka.

        Lehenago kartzelan egona zen Lexo, Francoren garaian. Garai haiei eta berriagoei buruz galdera batzuk egiteko enkargua eman diot semeari. Aurreneko kartzealdian Martutenen egon zeneko kontuekin hasten du Lexok eskutitza.

        «Arruntekin harremanik ez izateko erabakia zegoen hartuta, baina... Esaterako, Lezoko arrunt bat bazegoen, eta, boikotaren erabakia gorabehera, beti zegoen harremana. Batzuetan ondo etortzen zen gainera, erramintaren batzuk lortzeko eta. Baita ardoa lortzeko ere; janaria ugari izaten genuen politikoek, baina ardoa eta lortzeko, arruntekin.

        «Arazo handirik gabeko egoera zegoen orduan Martutenen. Gogoan dut ni han nengoela sartu zutela Anjel Otaegi. Oso mutil irekia zen eta denekin zuen harreman ona. Trasladoa zeukala esan ziotenean, bazituen zerbaiten susmoak. Lagunak agurtzeko, ziegaz ziega eraman zuten kartzeleroek; malkoak ateratzen zitzaizkion.

        «Bera zen gure artean zaharrena, eta hutsunea utzi zigun. Hura eraman eta bi egunera agertu zen Bandres abokatua, eta aurpegi txarra ipini zuen zer berri zegoen galdetzean, artean gauza zehatzik ez zekien arren.

        «1983-1984, GALen garaia... firin-faran ibiltzen ginen. Biriatun bizi ginenean, GALek bertako gazte bat hil zuen jaietan. Txapu eta biok ginen han bizi ginen bakarrak orduan, eta jaietan genbiltzan, parrandan. Bagenekien atzetik zebilzkigula, eta gertatuaren berri izan bezain bizkor joan ginen etxera. Tentsioa zegoen garai hartan, baina ez ginen etxean geratzen.

        «Peru eta Stein hil zituztenekoa gogoan dut bereziki. Peruren etxe inguruan tiroketa izan zela esan zidaten eta bertara joan ginenean lurrean zeuden biak. Peruk arnasa zuen artean. Bere emaztea alboan zegoen, negar eta negar, senarrari begira. Hura besarkatu eta bertan geratu nintzen, ondoan. Ordubete igarota, artean lurrean jarraitzen zuten gorpu biek. Poliziari deitu zion norbaitek eta bi jendarme etorri ziren, baina anbulantziari ez zioten deitu.

        «Atzetik zebiltzala jakin arren, lanean jarraitu beharra zegoen. Garazi, alaba, proiektuan baitzegoen. Asteburuetan joaten nintzen Biriatura, txakurrak beti etxe inguruan, zaintzen. Behin, lagun batzuk etorri zitzaizkidan bisitan, eta etxe inguruko pinu artean-eta txakurrak zeudela ezkutatuta... Lantegikoak zetozkidan bila, Baionara lanera joateko. Ordurako jaiota zegoen Garazi, eta amari esan nion hartu alaba eta joateko... Behobiara iristean, kontrolean gerarazi eta maleteroa irekiarazi zioten, han ote nengoen edo. Eskapadak.

        «Hurrengo batean, kamionetarekin lantegira nindoala, furgoneta bat gurutzatu zitzaidan bidegurutze baten ondoren; polizia pila bat atera zen, denak pipekin. 1987ko San Martzial eguna zen. Lehenago ere askotan egona nintzen komisaldegian, paperen arazoengatik-eta, baina oraingoan bizkor konturatu nintzen beste kontu bat izango zela. Nora joan nahi nuen galdetu zidaten komisaldegian. Mexikora nahi nuela, nik. Haiek, ordea, ezetz; Espainiara, baina zuloren bat edo armak non zeuden esaten banien, geratzeko aukera nuela. Arratsaldean pasa ninduten. Paisanozkoak zain neuzkan zubian. Donostiako Gobernu Zibilera eraman ninduten, eta bi egunen buruan Madrilera. Garaje moduko batera sartu ninduten han.

        «Carabanchelera heltzean, Treparekin topo egin nuen. Lagun bat banuen behintzat! Han bost egun egin eta Alcalara. Alcalan plante bat egin genuela gogoratzen dut, kide bat isolamendura eraman zutelako. Atea blokatu genuen; etorri zen Polizia, eta ezin sartu modulura. Denbora egin zuten atea ireki arte, baina ireki zutenean, kezko poteak jaurtikiz sartu ziren, bortitz.

        «Ez nuen uste berehala aterako nintzenik eta ilea moztu nuen zerora. Handik bi egunera, Alcalan hamabost egun neramala, etortzen zait kartzeleroa eta, libertad. Alboko ziegakoari galdetu nion, ea egia izango ote zen hura, ea sinesten zuen».

        Eguna noiz izango den aurrez jakin gabe, kalera doala bat-batean eta ustekabean esanda, ez dakit zer pasa dakiokeen presoari buruan, zer sentipenek har diezaiokeen soina. Dena dela erreakzioak era askotakoak izan daitezke, eta Lexo kaleratu zen garai hartan izan zen bakarren bat, kartzeleroak esan kalera zihoala eta ezetz erantzun ziona, ezin zela orduan kaleratu, entsalada prestatzea tokatzen zitzaiola-eta.