Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Carabanchel 1983 / Herrera 1984

 

Antxon Garcia del Molinok kontatutakoak 1981eko azaro-abenduan jarriko gaitu: «Carabanchelgo hirugarren galerian sartu ninduten. Hantxe geunden gu, euskal preso politikoak. Liskarrak, borrokak... noiznahi izaten ziren han, labanekin-eta». Preso arruntekin nahasian zeuden Carabanchelen, eta kartzela hura, geroago ezagutu genuenontzat ere unibertso handi, nahasi eta harrigarri bat zen, zentzurik higuingarrienean askotan.

        «Orduan ere bake une handirik gabea zen gure kolektiboaren bizitza. Berrogeita hamar urte nituen kartzelara sartu nindutenean; adinaren zama sentitzen hasten zaren sasoi hori, beraz, eta komisaldegiko tortura egunak igaro ondoren are gehiago. Baina kartzelak ez dizu bakean bizitzen uzten, nahiz eta zaharra izan eta jubilatzeko garai hobean egon.

        «Kartzelara heldu eta hamabost egunera gose greba bati ekin genion, Puertoko lagunekin elkartasunean. Hogeita hamasei eguneko gose greba egin genuen... Gose grebarik egin gabea nintzen artean. Alde handia dago lehenengo gose greba izan edo bigarrena edo hirugarrena izan. Esperientziak, eskarmentua emateaz gain, asko laguntzen dizu horrelakoetan. Neurria hartzen diozu urari, ibiltzeari eta abarri, gorputzak beti berdin erantzuten ez badizu ere. Lehenengo gose greba hura negu erdian egin genuen, eta hotzaz askoz gehiago izorratzen zara; ez da jakiten, ez jateak eta ahuleziak edo hotzak izorratzen zaituen gehiago. Baina gorputzak gaizki erantzuten badu, gose greba laburrak gehiago izorra zaitzake luzeak baino. Esperientziak erakutsi dit hori.

        «Puerto de Santa Mariara eraman ninduten 1982ko uztailean baina bi hilabeteren buruan Caranbanchelera berriro, epaiketetarako...

        «1983ko martxoan motina egin genuen Carabanchelen, Puertorako trasladoen aurka. Puertora zigorrez eramaten baitzuten jendea, presoontzat ez ezik senideentzat ere zigorra zelako.

        «Motina hasterako, giltzak kendu genizkien kartzeleroei. Kontua da preso politikook egin ginela hirugarren galeriaren jaun eta jabe. Sarrerako atea itxi eta zaborrontziak pilatu genituen ate ondoan. Galeria osoa apurtu genuen ondoren, aurrean harrapatutako guztia txikitu. Hara ezin sar zitekeen zaindaririk.

        «Polizia heldu zen halako batean. Atea ireki ezin zutenez, sopletearekin ekin zioten, burdinazkoa eta barrotezkoa baitzen atea. Sopleteaz, ordea, su hartu zuten guk pilatutako zaborrontzi gomazkoek. Sutan eta ketan hasi zen kautxoa. Ito behar genuela zirudien. Galeria eta ziegak kez bete ziren, ke beltz kutsagarri horrekin. Itoko ginela etsi nuen, halakoxea zen hango kea! Ez zegoen keari ihes egiteko modurik; ziegako ohean etzan nintzen.

        «Noizbait ireki zuten atea sopletearekin, libratu zuten bidea eta sartu ziren polizia nazionalak. Ziegetara etorri zitzaizkigun fusilekin apuntatuz. Ilaran atera gintuzten galeriatik kanpora. Harmailetan behera nindoala, egundoko kulatazo bi eman zizkidan txakur batek sorbaldan, eta bi zartada haietatik ezker aldean eman zidana izugarria! Galeriatik behera, zentrora jaitsi eta Guardia Zibilaren esku utzi gintuzten. Eta guardia zibilek furgoira, jakina. Fernandorekin bikote eginez lotu ninduten, besoa bihurrituta, izan zitekeen erarik deserosoenean; horrela egin genuen Puertorainoko bidea.

        «Baldintza tamalgarriak ziren Puertokoak —jarraitzen du aurrerago— inhumanoak ziren, batere exajeratu gabe. Norbera gaizki egon, baina txartoago ikusten zenituen lagunak. Oso latza zen hango kontua. Norbera gaizki dagoenean ingurukoak okerrago ikustea gogorra da, eta horixe gertatzen zen han.

        «Lehen pare bat hilabetez egona nintzen Puerton. Carabanchelgo motinaren ondoren heldu ginenean, harrera aparta egin ziguten. Denok hormaren kontra ipini gintuzten, binaka, eskuak elkarri lotuta genituela artean, burua hormaren kontra eta oinak atzera. Pikoletoek ostikadak ematen zizkiguten, oinak atzeratu genitzan. Ez zizuten uzten libre zenuen eskua hormaren kontra ipintzen. Azkenean pikoletoen eskuetatik kartzeleroenetara pasa eta arakatuak izan ondoren, «usategira»! Isolamenduari deitzen zaio han usategia, goian baitago, bigarren solairuan. Teilatu ondoko galeria bi dira; baten azpian enfermeria dago oker ez banaiz, eta bestearen azpian dutxak.

        «Usategia, sasoi hartan behintzat, nik ezagutu dudan isolamendurik txarrena da. Ekonomatotik ezin genuen ezer erosi, ezta tabakorik ere. Egunez ezin zinen ohean etzan edo eseri; aulki bat bazen mahaian esertzeko, baina ez zeneukan eserita egoterik. Kartzeleroa isilik ibili ohi zen galerian, ateetatik begiratzen, eserita edo etzanda harrapatzen zuenaren ateari ostikadak eta zartadak emateko. Bihotza eztarritik ateratzeko moduko sustoak ematen zizkizuten sasikume haiek.

        «Soinean generamatzanekin atera gintuzten Carabancheletik eta halaxe heldu ginen Puertora. Beraz, usategian ez geneukan ezer, ez aldatzeko jantzirik, ez libururik, ez kristorik. Deus ez. Usategiko ziegan aldizkari baten orria aurkitu nuen, eta, besterik ezean, orri huraxe irakurri nahi nik! Baina nire betaurrekoak ere Carabanchelen geratu ziren, eta ez nezakeen zipitzik irakurtzen ahal».

        Puerton egondako presoak hango eltxo izurritea eta tximitxen festa aipatu izan dute bestalde, kartzeleroekin elkarlanean bezala arituz kartzela are zitalago bilakatzen duten osagarrien artean. Eta Puertoren ondoren, Herrera de la Mancha: «1983ko uztailean atera ninduten Puertotik Alcalara, azken epaiketara. Alcalan nengoela, urrian hain zuzen, Herrerara eraman zituzten Puerton zeuden adiskide guztiak eta epaiketaren ondoren ni ere bai.

        «Ezagutu egin behar zen hura zelakoa zen sinesteko. Militarra zela esan izan da, baina halako erregimen militarrik ez da inon izango. Gu suntsitzeko eta deuseztatzeko ahalegina prestatu zuten han. Infernua zen espetxe hura, basa-etxe bat... Kixoteren lantzak eta ezkutuak eta zakurrak!

        «Alcalatik furgoian helduta, sarrera izugarria egin genuen Herreran. Furgoitik jaistean «korridorea» egin ziguten kartzeleroek. Jantziak goitik behera erantzi zizkiguten. Biluzik nengoela, irribarre egin zidan kartzelero batek; hurreratu zitzaidan, kendu zizkidan betaurrekoak sudurretik eta puskatu egin zituen lurrean. Buzo urdin bat eta udako zapatilak eman zizkiguten, ez barruko arroparik ez galtzerdirik. Egin kontu negu gorria zela, sekulako hotza egiten duela Manchako basa-herri hartan, berehala izozten direla patioko putzu zulotxoak. Halaxe geratu ginen denok urte amaiera hartan: buzoarekin zapatiletan. Txapela ere kendu zidaten, jakina; beti buruan nerabilen txapela ere bai. Madarikatua izan zen lehen gaua. Berogailurik ez, erdi biluzik, hotzak dardaraka...

        «Erregimen harekin ezinezkoa zen bizitzea. Indarkeria etengabea zen, goizetik gauera, pairaezina. Atsedenik gabe setiatzen gintuzten, sosegurako tartetxorik utzi gabe; txaboloan bezala galerian eta galerian bezala patioan edo jangelan. Jazarpena eta oldarra! Goizean jaiki orduko, leiho ondoan jarri beharko zenuen zutik, esku ahurrak aurrera begira, errekuentoa pasatzeko. Gosaria, bazkaria... hamar minututan; txaloa jotzen zutenean, dena bertan utzita jaiki. Galerian lagunekin hitz egitea debekatuta zegoen. Kartzeleroak txaloa jotzen zuenean jaitsi behar zenuen galerietatik patiora, txaloa jotzen zuenean egin behar zenuen hau edo hura. Beti bazen kartzeleroaren txaloren bat edozein aitzakiarekin. Jasanezina. Herrerara iritsi nintzenerako, lagunak batzarrak egiten ari ziren egoera hari aurre egiteko moduren bat prestatu nahian. Ez zen gauza erraza, erabat setiatuta geundelako, kartzeleroak harro eta garaile ageri zirelako, itomena gainditu ezinik genbiltzalako, eta beste borroka eratan esperientziarik ez geneukalako, eta beste hainbat arrazoirengatik. Batzar ugari eta eztabaidak luzeak izan ziren. Txapeoa egitea erabaki genuen azkenean.

        «1984ko otsailean hasi genuen txapeoa, zenbat iraun zezakeen jakin gabe; hori ez zegoen asmatzerik. Txapeoari ekin genion goizean, egunero bezala, errekuentoa egiten hasi ziren kartzeleroak. Galeriako lehena zen nire txaboloa; neu kontatzen ninduten lehenengo, eta jarraian gainerakoak. Errekuentorako leiho ondoan zutik egon behar zenuen, esan dudanez. Goiz hartan ordea, ohean aurkitu ninduten, jaikitzeko asmorik gabe. Jaiki eta leihoaren ondoan jar nendila agindu zidan; nik ezetz, buruarekin egin nion ezetz. Ustekabe handia izango zen hura kartzeleroarentzat. Txalo jo eta hau, txalo jo eta hura, horrela ohituta zeuden; panpinak bezala erabiltzen gintuzten. Bat-batean goizeko errekuentoan ez nintzela jaikitzen eta kasurik egiteko asmorik ez neukala ikustea ezin izango zuten sinetsi. Nonbaitera joan eta zerbitzuburuarekin itzuli zen. Jaikitzeko agintzen aritu zitzaizkidan berriro, eta nik ezetz berriro. Eta beste ziegetako lagunek berdin.

        «Goiz huraxe izan zen, ziur aski, kartzelako egonaldian izan dudan goizik zoriontsuena. Ohetik euren aginduz ez jaikitzea ekintza xumea dirudien arren, euren eskema guztiak apurtu genituen horrekin. Beraien aginte guztia, ahalmen eta botere osoa erori zen ekintza xume batekin.

        «Lehen egunetan jarraitu egin zuten kartzeleroek goizetan eta euren orduetan ateak irekitzen eta errekuentorako zuti gintezen agintzen. Baina jaramonik ez genien egiten. Ordura arte guztiz debekatuta geneukan leihoetatik elkarrekin berriketan aritzea. Eta gu txaboloetako leihoetatik elkarrekin hitz egiten hasi ginen, alde batekoak bestekoei deika, txantxetan... Egun osoan txaboloan geunden; ez genuen errebistarik pasatzen, ez ginen jangelan jaikitzen, ez kristorik. Deus ez. Erabateko haustura. Komunikazioak, bisitak eta gainerakoak eten egin genituenez, ez zeukaten txantajerik egiteko erarik, zeri heldurik.

        «Bisitarik ezin egin arren, astero etortzen ziren lagunak eta ahaideak. Leihoetatik ikusten genituen autobusetan joandakoak kanpoan, kartzelaren inguruan. Oihuka eta garrasika zenbait hitz egin ahal izaten genuen eurekin. Kontsignak aldarrikatu, halako edo horrelakorentzat agurrak bota... Bisitarik ez, eskutitzik ez... hunkigarria izaten zen astebururo etortzen zen jendea leihoetatik ikustea. Hor daude, esaten zenion zeure buruari edo alboko lagunari; hor dauzkagu, ez gaude bakarrik, ez gauzkate ahaztuta.

        «Bizi izan ez duenak ezin irudikatu lezake zein mailarataraino zaizun lagungarri animo emaileen atximendua. Ez dago hitzekin esaterik, ez dago ezagutu ez duenari bere osotasunean adierazteko modurik.

        «Kartzelero bereziak ziren, garai hartako egoerari eta guri aurre egiteko propio hautatuak. Errepresioa gustatzen zitzaien, sadikoak ziren, komisaldegietako txakurren antzekoak. Baziren kartzelaz kartzela gurekin bateratsu aldatzen zirenak, Carabanchelen gurekin egonak, gurekin Puertora joanak, eta gero Puertotik Herrerara heldu zirenak...

        «Ni nengoen moduluan zegoen La Gitana, bigarrenean. Inor jazartzaile eta sadikoa izatekotan, huraxe zen. Agintzea maite zuen, plazer hartzen zuen, aski nabarmen igartzen zitzaionez. Gaixotu egin zen txapeoa hasi eta bere aginduei jaramonik ez geniela egiten ikusi zuenean. Nonbait ezin zuen ulertu nola ausartzen ginen bere manu sakratuei kasurik ez egiten, bere agintea aintzakotzat ez hartzen. Horretan oinarritua izango zuen nortasun guztia, eta hori erortzen ari zitzaiola ohartu zenean, gaixo jarri zen. Handik gutxitara desagertu zen Herreratik.

        «Itxialdiko lehen sei hilabetean ez ginen txabolotik atera ezertarako. Ondoren erabaki genuen, dutxetara behintzat jaistea. Txapatuta egoteaz gain, ate joka jarduten genuen, ordu jakinetan, egunean zenbait aldiz. Ostikoka, komuneko ateaz, ahal zenuenaz jotzen zenuen txaboloko atea, eman ahal guztian emanez. Lau moduluetako lagunak, denok ordu beretan eta batera ateak modu hartan kolpatuz, egundoko durundia eta zarata ateratzen genuen. Ziega barruan egonik eta atea jotzen ari zinela hain izugarria iruditzen ez bazitzaizun ere, kanpoan egonda, galerian edo behean, jasanezina bihurtzen zen, edozein erotzekoa. Behin batean, txabolotik kanpo, dutxatik bueltan harrapatu ninduen ate jotze saioak. Ikaragarria! Borroka hartan, Herrerako kartzeleroen plantila erdia inguru psikiatrarengana bidali genuen, baja hartu behar izateraino».

        Antxon Garcia del Molino kalean da 2000. urteaz geroztik. Elkarrekin hamaika solas egiteko parada izan genuen Dueñasen egon zen hilabeteetan. Bere hizketa modu pausatu jariakorra eta kontakizun gihartsu haren oihartzunak oraindik bisitari etortzen zaizkit akordura batzuetan.

        Antxonen txapelak ez du bere burua soilik gerizatzen.