Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

HAZIRA ITZULTZEA

 

Nire bizitzaren kontakizun hau, nire amaren bizitzaren kontakizuna izan da, nirearena izan den neurri berean; eta hala ere, berriro ere, inoiz eduki ez ditudan seme-alaben bizitzaren kontakizuna izan da, hala nola haien niri buruzko kontakizuna (...). Izaten inoiz utzi ez zitzaion izakiaren kontakizuna da hau, nik nire burua bilakatzen utzi ez nuen izakiaren kontakizuna.

The autobiography of my mother, J. Kincaid

 

Goizeko lehen esneak gaueko azken zigarrokinekin nahasten dira. Zigor eta Elenarentzat elkarrekin pasatzen dituzten lehen herriko jaiak dira, eta gainditu beharreko beste froga bat da hori bikote hasiberrientzat. Jekyll doktorea Hyde jauna bihurtzea gauza arrunta da, are arruntagoa galai ulerkorrenari trogloditaren sen falozentrikoenak bistaratzea, batez ere dozena erdi marra eta kubata litro bi irentsi ostean. Baina ez da halakorik gertatu eta, atxur logikoaz gain, ez da itxuraldaketa handirik izan ez bataren ez bestearen izakeran. Zezen plazan daude, bigarren jai eguna da, Coca-cola zaporeko muxuak goxoak dira, eta Elenak esan dio zezenak ikusi ostean amodioa egitera joango direla etxera. Zigorrek galtzaren gibel patrikan sartu dio eskua eta muxu miope bat eman aho ñimiñoan. Jendearen oihu eta algarek eten dute momentua, eta bikoteak eztandaren iturria bilatu asmoz begiratu du plazara. Berrogeita bost urte inguruko gizon bat, koadrodun eskuoihal bat lepoan, hondar gainean belauniko, hatzekin adarrak imitatuz xexena atakatu du. Xexenak airean bota du mozkorra trapuzko panpina baten antzera. Lurretik altxatzea lortu duenean, zakila atera eta xexenari aurpegian pixa egiten hasi zaio. Animaliak kontzentraturik dirudi, lurtar hori nola edo hala ulertu nahian. Bitartean, ganaduzale gazte batek besotik oratu du gizona, publikoaren kexuzko txistuei jaramonik egin gabe.

        Elena zurbil dago. Zigor barrez lehertzen ari da, Torero, torero garrasi eginez.

        —Goazen —esan du neskak albo batera begiratuz.

        —Zer dun, potxola?

        —Goazen —haserre, eta negar etiliko bati ekin dio, Zigorren brusa koloretsuaren gainean.

        Zigorrek burua laztandu dio, gertatutakoa oso ondo konprenitu gabe, eta Ez dun ezer gertatzen esan dio modu sinpatikoan, mozkorra bere aita dela esan dionean.

        —Gure aitak ere kristorena harrapatu zinan gabon gauean, eta gure amak bi aste eman zizkinan hitzik egin gabe. Pentsa nolako melokotoia.

        —Ezberdintasun bakarra duk hire aita ez dela alkoholikoa —Elenak destainaz—. Ala bai?

        Eta begiak itxi ditu negarrik ez egiteko, Zigorren kontra estutu da gehiago, desagertu nahian, eta hamar segundotan hamar destino posible bururatu zaizkio, Pascuako uhartea eta Siberiako estepa barne. Zigorrek galtzetako gibel patrika bietan sartu dizkio eskuak eta Lasai potxola errepikatu dio bi edo hiru aldiz.

        Egun hartan hasi da Zigor Elena deszifratzen. Egun hartan Elena Zigor maitatzen.

        Etxera abiatu dira. Bidea isilik egin dute, nahiz eta Zigorrek elkarrizketa bati ekiteko ahaleginak egin dituen. Paraleloki, elkarrizketarako gai posibleak bilatzen dituen bitartean, Elenaren hainbat jarrera ulertu ditu, gurasoei buruz inoiz hitz egin nahi ez izana kasu; eta gerritik oratu du errime.

        Zigorrek kafea prestatu eta Elenak dutxa hartu du. Elenak kaka guztia, itsua, gaua, alkohola eta aita gainetik kendu nahi ditu. Belaki naturalekin igurtzi du gorputza, negarrez oraino. Baina ate azpitik sartu den kafe egin berriaren usainak errealitatera irauli eta Zigor sukaldean zain daukala oroitu du. Maitagarria eta beratza da mutila, baina hala ere ez dauka argi aitari buruz hitz egin nahi dion edo ez. Konfidentzia horrek harremana sendotuko lukeena badaki, eta Elenari beldurra edo nagia ematen diote horrelako gauzek; orain arte beti saihestu izan ditu. Gainera, ez luke nobioa terapeuta bihurtu nahi. Ez daki. Eta horretan pentsatu du bainugelako lanbro fantastikotik sukaldeko gorritasunera irten baino lehenagoko istanteetan.

        —Kurasanak ekarri ditinat —esan dio Zigorrek ezer gertatu izan ez balitz bezala.

        —Bihar arte behintzat ez diat gertatutakoaz hitz egiteko gogorik, bale? —Elenak maitekiro—. Lanbrotua pasa arte ez behintzat.

        Zigorrek burua laztandu dio paternalismoaren eremuan labaintzen den keinu batekin. Baina Elenari gustatu egin zaio.

        Amodioa ohikoan baino modu bortitzagoan egin dute, eta bizilagunari txakurkume batenak iruditu zaizkion txilioak bota ditu neskak. Loak hartu baino lehen Elenak esan du:

        —Hiltzeko gogoa zaukaat.

        Eta lo hartu dute.

 

 

Maitemindu berri daude. Zigorren besapeak osatutako habian lo egiten du Elenak. Zigorri neskaren adats beltzek kilimak egiten dizkiote sudurrean. Euria hasi du eta parketaren gaineko putzua geroz eta handiagoa bihurtzen ari da. Itogina ere perfektua da Elenaren etxean. Hark bilatzen duen ukitu buhamea ematen dio zentimorik xahutu gabe. Egunsentia zimurtzen joan da, eta Homer Simpsonen beso beilegiek goizeko zortziak, zazpiak, seiak, bostak, laurak markatu dituzte iratzargailuan. Eguzkia berriro irten da eta berriro gorde eta berriro irten mila aldiz. Elenaren titi lehen mardulak beheratu egin dira, koxkor ikarati bihurtzeraino. Elenaren etxea desagertuz joan da, langile izerdituek adreiluak eraman dituzte orgatiletan, hirugarren pisua, bigarrena, lehena, behera iritsi arte, zementu zakuak kamioietara igo dituzte, eta kamioilari nagiak biltegi batera eraman ditu Los 40 Principalesen musika entzunez. Arkitektoa, sakelakoa gerrikotik zintzilik, orubean zehar paseatu da zigarroak erretzen eta galtzen behealdeak hautsez zikintzen, enpresa eraikitzailearen bazkideetako batekin Euskalteleko akzioez hitz egiten duten bitartean.

 

 

Dilistak edo beste eltzekari edo zopa bat dagoen bakoitzean kontzentrazio ahalegin itzela egin behar izaten du aita koilara ahoratu nahian ez ikusteko. Koilara biziduna, aitaren arrain begi margulak, eta bera han; likidoa nola isurtzen den entzun du, eta platerarekin talka egiten duenean, aitaren alkandora urdina marroiz zipriztindurik gelditzen dela irudikatu du, nahiz eta parean dituen azulejo karratuak zenbatzen jarraitu duen, goitik behera eta ezkerretik eskuinera; inoiz ez da tronpatzen, sukaldeko pareta horretan 112 azulejo zuri eta 32 loredun dago. Hamalau urte ditu.

        Gaur ohartu da amak ez duela beste amek bezala jaten, gauza arraroak egiten dituela, orokorrean ama arraroa dela, eta horregatik ez du aspalditik inor etxera bazkaltzera gonbidatu. Hortzetako tarteak arrain hezur batekin garbitzen begiratu du. Eta malabarismoak eginez murtxikatzen du janaria, hitz egin gabe, bere baitan sarturik erabat. Duela bi urte, hain zuzen ere, hamabi urte bete zitueneko urtebetetze egunean, Leire eraman zuen etxera, bi aste lehenago baimena eskatu ondoren. Garai hartan neska hura zuen lagun-mina, neska zoli beilegia, begian partxea izateagatik baztertua izan zena, baina betaurrekoak soilik janzten zituenetik poliki-poliki karisma irabazten ari zena. Ume guztiek egiten zituzten horrelako gauzak, gelakide bat etxera gonbidatu eta arratsaldean besteei kontatu, eta ondoren, autobus geltokian, konkistatu berri zuten konplizitate horretatik besteak ahal bezainbeste urrundu lagun-minari belarrira hitz eginez, gainontzekoen begirada bekaitza ere plazer. Berak ere izan nahi zuen inportantea. Horregatik gonbidatu zuen Leire. Baina ez zen giro. Bazkaria betiko bazkaria izan zen, salbu eta infiltratu bat zegoela familian. Leirek ez zuen berunezko itolarri hura arindu, eta koilara hotsek ozenegiak izaten jarraitu zuten. Ez zuten espagetirik ez saltxitxarik jan, bere gelakoek horrelako egunetan egiten zuten bezala, baizik eta garbantzuak eta amuarraina urdaiazpikorik gabe.

        Aitaren hitzek hautsi zuten monotonia. Orduan bakarrik hitz egin zuen bazkaritan, amak alkandora garbantzuen saltsaz zipriztindu zuenean:

        —No seas cerda, que tenemos invitados.

        Eta bazkalostean, eskolara burumakur joan zen Elena Leireren ondoan, eta autobus geltokian ez zuten beste neska-mutilek ohi zuen konplizitatea lortu. Biharamunean, jolas garaian, mutilekin futbolean aritzera joan zen, eta hurrengo astera arte ez zen berriro Leirerengana gerturatu.

        Ikastolan, arbeleko klarionak hazi egin dira, borobildu, hautsa gainetik kendu dute eta zilindro perfektu eta dirdaitsu bilakatu dira. Andereñoaren bisaian hiru zimur leundu dira eta masailak beratu zaizkio. 1984ko udaberria da.

 

 

Telebistari begira, konpasaren punta borragoma batean iltzaturik biraka ibiltzen du bere ardatzaren gainean, borragoma bitan zatitu arte. Amaren plater hotsak barreiatu dira etxeko geometriaren bazterretatik eta Elenak konpasa sartu du ustez borragomaren epizentroa den hartan. Aitaren pauso arritmikoa gerturatzen entzun du. Ama Aparta y vete a la cama esaten Que estás que das asco. Atzoko egin behar du marrazketako ariketa eta beldurrez askatu du konpasa kartapaziotik. Hurbildu zaionean hil egin nahi du edo, hobe oraindik, inoiz jaio ez izana desiratu du, heriotzak galera eta galerak mina baitakar, eta berak ez baitu min gehiago sentitu nahi. Aitaren esku gorrixka aldendu du kaskezurretik, bizilagunaren katuari hainbatetan ikusi dion mugimenduaz. Aitaren eskua orduan konpasaren gainean paratu da, eta Elenak hatzetatik erauzi dizkio metalezko besoak: Deja, que ya le preguntaré a la andereño cómo se hace, tú no sabes. Hil egin nahi du, baina oraindik ez daki zer den heriotza. Kontzentrazio pixka batekin agian lor dezakeen zerbait dela uste du.

        —Anda que no sé cómo no te da vergüenza que tu hija te vea así —logelako sarrailatik sartu da amaren ahots garratza.

        Gurasoen garrasiak sordinarekin ito nahian bezala, belarriak esku ahurrekin estali eta desestali ditu Elenak, olatu hotsak gogora ekarriz. Burusien azpian gorderik desagertu  nahi du betiko, aitaren hatsetik, irakaslearen hatz erakusletik, amaren betile zimeletatik.

        Logelako leihotik haratago, espaloi bazterretako hostoak gaztainondoetara itzuli dira kimu dardarati bilakaturik, eta frontoiak ez du gehiago Independentzia eta Sozialismoa aldarrikatzen, letra guztiak nerabe horail batek ezkutatzen duen spray pote gorri batean gorde baitira.

 

 

Ikastolako lehen bilerarako deitu zituzten gurasoak. Egun hartan bertan, bilera baino lehen, gurasoek euskaraz bazekiten edo ez galdetu zion andereñoak. Eta ezetz. Amak ba al daki? Ez. Aitak ere ez? Ez. Eta sekulako tristura sentitu zuen, estuasuna ezpain loratu berrietan, eta andereñoa begi lauso eta umelez ikusi zuen zerrendarekin aurrera egiten. Orduantxe lotsatu zen lehendabiziko aldiz. Txiki-txikia sentitu zen, akordatu zenean, gurasoak euskaldunak ez izateaz gain, aita beti mozkor egoten zela eta ama beti haserre, negarrez edo telebista ikusten. Eta desiratu zuen txiki-txikia izatea, oroimena ez zuenean bezala, amak zorriak kentzen zizkion garaira itzultzea.

        Elenak zorriekin jarraitu beharreko protokolo hura maite zuen, haiei esker amak bainatu egiten baitzuen bere esku pikartsuez, eta iruditzen zitzaion orduak ematen zituela harekin, zorriak banan-banan erauzten; eta esaten zion: Azkura handia daukat, eta gehiago bilatzeko. Bere ile bustian endredatzea besterik ez zuen nahi, ondoan eduki, bere buruarekin arduraturik, ulertzen ez zituen laneko gauzak kontatzen zizkion bitartean. Baina gutxi irauten zuen plazerak. Ate hotsa entzun orduko, zapata narrastiak komuneko atera gerturatu baino lehen, amak, Venga, ya vale esan eta bukatutzat ematen zuen bere egitekoa. Eta aitaren mozkorra Elenaren gelakide baten errua izango balitz bezala, behin esan zuen, atearen hotsa entzun orduko, Seguro que es la Andrea la que te ha contagiado los piojos; su madre es una marrana y siempre lleva a la chavala con el chándal sucio de huevo. Baina ordurako, nahiz eta oraindik neskatila izan, Elenak bazekien amaren haserrea ez zena Andrearen errua, baizik eta aitarena.

        Zorriek bartzak jaso eta bere burutik gelakide batenera jauzi egin dute atzerantz, eta han ere bartzak jaso eta beste bost gelakideren buruetatik igaro dira, harik eta maila bat gorago dagoen mutil betaurrekodun baten kizkurretan atseden hartu arte.

 

 

Lehenengo zauria datorkio burura, aitaren hatsa baino lehenagokoa. Gelako neska batek, Joanak, ama polit eta liraina zuen neska polit eta lirain batek esan zion Ze gizena dagoen zure ama, behi bat dirudi. Ordurako pentsatzen zuen agian ez zuela ama maite, baina Ze gizena dagoen zure ama entzun zuen hartan ohartu zen, ama gaiztoa izan zitekeela baina berak asko maite zuela. Geroago, haserretu zen egun batean, Gorda esango zion amari. Egun hartan elurra egin zuen eta amak aterkia eramatera behartu zuen Elena, nahiz eta neskatoak, ume guztiek bezala, malutak bere gorputzean pausatzea nahi zuen. Egun hartan oihukatu zion Gorda, ama bati esan ziezaiokeen potoloena esan ziolakoan. Eta negarrez irten zen elurretara.

 

 

Lanberatzen hasi baino lehen, malutak jausitako zerua adabakiz jostera itzuli dira. Gazte andana batek arrandegi izandako hartatik kontzertuetako afixak kendu dituzte. Se vende jartzen zuen lokala arrandegi izatera itzuli da.

 

 

Eguerdia da eta, lanetik irtendakoan, erosketak egitera abiatu da Elenaren ama. Haurdun dago, eta hankak eta gorputza handitu egin zaizkio. Loredun soineko berde bat soinean, polita dago. Txitxarro bat nahi du. Arrain saltzaileak zein izen jarriko dioten galdetu dio:

        —Seguramente que le pongamos Elena —eta sabel gainean paratu du esku biluzia.

        Elenaren amaren aurpegiak sagar gorriaren itxura hartu du haurdunaldiarekin. Bi hilabete barru jaioko da bere lehenengo umea. Pozik dagoela esan liteke. Elenaren aita ere pozik dago. Lanetik irtendakoan eta koadrilarekin ardo batzuk edan ostean haurraren logela egitera doa. Egurrezko sehaska bat fabrikatzen ari zaio, nahiz eta emazteak behin eta berriz errepikatu dion ez dutela behar, ahizpak ilobarena eman die-eta. Baina Elenaren aitak berak sortutako sehaska nahi du alabarentzat, gutxitan sentitu duen zirrarak harrapatzen du lan horretan buru-belarri sartzen denean. Eta ondo egin nahi du, txukun, bere alabatxoa izango denarentzat bailarako sehaskarik politena nahi du, eta berak egingo dio. Elenaren amak harrotasunez begiratzez du nola egiten duen lan. Haurdun dagoenetik gauez loratuta iristeari utzi dio, eta zortzietarako etxean da egunero. Inoiz baino gehiago maite du bere gizona, eta esan egin dio, beste hitz batzuekin:

        —Estás hecho un padrazo.

        Gizonak lan-tresnak utzi, ezpalak belaunetatik uxatu eta emaztearen tripa puztuaren gainean ipini du belarria.

 

 

Gainezka zeuden bularrei esnea joan zaie eta bularretakoaren handitasunean galdu dira. Sabelaren diametroa murriztuz doa abdomen laua izan arte, eta Elenarenak izango diren buru, beso eta zangoak difuminatuz doaz akuarela amniotikoan.

        Elena desagertu egin da. Amaren masailetako koloreak moteldurik daude. Zapaburu bipil batek obuluaren epela utzi du eta Falopioren tronpetatik barna gizontasunaren erreinu bakartira itzuli da betilun.

        Elenaren aita eta ama ezkontza batetik itzuli dira, berandu. Aita erdi mozkortuta dago, ama nekaturik. Oinetako mina dauka, egun osoa dantzan eman duelako berriegi diren zapata batzuetan itota. Ondo-edo pasa dute. Duela hilabete eskas estreinatu duten logelan biluzik daude hormak. Aita ohe gainean eserita dago, zapatetako lokarriak askatzen. Ama soinekoa aurpegiko pinturarekin zikindu gabe kentzeko kontortsionismoak egiten ari da. Aitak izterretatik oratu du eta judoko giltza dirudien batekin oheratu du. Elenaren amari grazia egin dio eta, uzkurkeriatan denbora galdu gabe, printzipioz beste larrualdi bat baino izango ez den horri lotu zaio. Izerditurik, aitak besapearekin osatutako habian hartu du lo amak.

 

 

Zigor esnatzen saiatu da, nahi gabean bezala. Oin puntekin oin gainak ukitu dizkio Elenari eta, aldi berean, besapea miazkatu dio. Arratsaldea da eta izerditurik daude. Zigorrek Egun on potxola esan dio, eta muxu bero bat eman. Elena gainean jesarri zaio trebeki. Ez du goizeko ikuskizuna gogoratu nahi, ez dio Zigorri betarik ere eman nahi Zer moduz hago tonu dramatikoan galdetzeko. Izango dute astia hitz egiteko. Eta Zigorren gainean mugitu da, leunki hasieran, geroz eta azkarrago.

        Aihen-belarrak gora egin du irmotasunez eta pertsianetako pintura zatiak urrun joan dira egun euritsuekin. Elenaren etxea altzariz populatu da eta paretetan afixa eta argazkiak jaio dira.

        Egunero hasiko balitz bezala, gaurko eguzkia atzokoa izango ez balitz bezala.