Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

SEXU USAINEKO GEZURRAK

 

Nonahikotasunaren eta putzu agorren antzeko desira bat, maldiziotik asko zeukana, birrintzeko irrikatik, teatro izugarrizkotik; goseak errinozero azalpean bezala su hartzen zuen desira bat.

El pájaro: pincel y tinta china, E. L. Portela

 

Bere bular ikasiaren gainean nire arintasuna, urtetako arintasun garraztua ipinita, zurrunga gozoak adatsak laztantzen dizkit eta sexu ondorengo usaina nire nahi dut egin, bere gorputz kalmea, azken hatseraino, biriketan preso. Betileekin pinpilinpauxa muxuak ematen dizkiot besapeak sortutako tolesturan, ordu laurden lehenago maitatzen utzi naizen fede berarekin. Lo perfektuan jarraitzen du. Shostakovitxen musika, paretetako bainila, errezelek iragazten duten argitasun motela, erantzitako arropen lekukotasun isila eta asteburu honetan konponduko duen kable soltea. Dena da perfektua, paretako afixa izan ezik. Berlin hitza besterik ez dut ezagutzen gainera datorkidan esaldi arrotzean. Berlin hitza eta urte bat: 1997. Argazki erakusketa batekoa izan liteke, artearekin loturiko zerbaitena, hori ziur, baina ez diot galdetu zer. Eta ez diot galdetuko. Ez eta elkarrekin erosi zuten, edo jatorria beste bat den. Zertarako, dagoeneko dena beste hark kutsatuta baldin badago. Han egon banintz bezala imajina ditzaket, hotzaren eta grisaren aurka aliaturik, bere irri enigmatikoaren oihartzuna eta Martin haren hortz erregularrei so, hipnotizaturik, eta muxu bat, niri ematen dizkidan horietako bat, ezpainekin belarri behea helduz, eta gero beste bat. Ez dugu inolako antzik. Telefono dei bakoitza dardara bat; eta dardara behazun, hura dela baieztatzen denean. Keinu bat. Lehenengo esaldiarekin nahikoa zait, den edo ez den jakiteko.

 

 

Ukitu kitsch bat zuen bere janzteko erak: amonarenak izan zitezkeen gona eta takoizko zapata horiak. Alebosia osoz eginda zirudien medietako zulotxotik azalak eztanda egiten zion, eta haragi tinko eta boteretsuaren berri ematen zigun ni bezalako voyeur zorigaiztokoei. Arkatz batekin heldurik zeukan melena luze eta korapilotsua, ikusi nuen lehenengo aldian bezala. Kasualitatea izan zela sinets nezake, baina ezinezkoa zen. Han zegoen eta ez zen kasualitatea. Nire ondoan jesarri izana ere nahigabean egindako zerbait izan zitekeen, intentzio jakinik gabeko ekintza soil bat, baina ez. Begirada makiabelikoa, nire besoaren kontrako igurtzi axolagabea, mototsa askatzean eskainitako ilezko irribarrea eta, batez ere, hanken ixte-irekitze akonpasatuak jolas haren aurkezpena baino ez ziren izan. Izena galdetu nionean ez zekiela esan eta bagoiz aldatu zen.

        —Indarra dauka.

        —Bai? Biharko bukatu beharra daukat, eta erabat blokaturik nago.

        —Atoz.

        Ez nuen fisikoagatik maite. Alta, itxura handiagoa zuten bere giharrek eskalatzaile batenekin, idazleei esleitu ohi zaizkienekin baino. Meharra eta zarpaila izatea desiratu izan dut maiz, fisikoaren eta intelektoaren arteko orekak ematen dion osotasuna zapuzteko eta ahuldadearen zirrikitu horretan nireago egiteko. Hatzak saihetsetan trabatu dizkiot, hatz lodiekin bizkar hezurra marraztu diot lepotik ipurdia hasten deneraino. Orduantxe jiratu da, beti bezala, eta nire sabelpeak abegikor hartu du, beti bezala. Hari eman natzaio, gorputza gutxi delakoan arima ere eskainiz. Postcoitumaren malko mingotsa loaren lehen orratzekin nahastu eta hesteak korapilatuta hartu dut lo. Ipuinekoa nor den galdetu diodanerako ametsetan zegoen Martin.

 

 

Ez dut izena gogora ekarri nahi, baina tamalez hizkuntza guztietan bariazio ortografikoekin existitzen den izen arrunt horietakoa da, auzuneko ile-apaindegiarena eta modako artistarena; planetaren gainean bozgorailu bat jarri eta izen hura esanez gero, milioika pertsonaren bihotzak estutuko lirateke. Martin ezagutu nuen egunean liburu bat oparitu zion. Bere izena idatzita ikusi nuen lehenengo aldiz dedikatoriaren azpian. Ezin dut burutik ezabatu, haur eskoletan irakasten den kaligrafia borobila, i gainean bihotza, eta garai batean oso maitemindurik egon zirela esan zidan.

        —A-a —erantzun nuen.

Beti presaka dabil, beti okupaturik. Sukaldeko mahaian ni, kafea hartzen ikusten dut, zutik, irakiten, beste eskuan zigarroa, trabeska begiratzen du egutegia egun garrantzitsu baten zain egongo balitz bezala. Ez da inoiz burusoil geldituko. Bere aitarena bezalako ilea dauka, harroa, gaztaina kolorekoa eta gustatzen zaio, bere aitarekin alderatua izatea gustatzen zaio. Martinen altxor preziatua gurasoak dira, aita intelektuala eta ama «progresista martxosoa», esatea gustuko duen bezala. Aitak eta amak emandako heziketari hamaika esker entzun diot unerik sinesgaitzenetan, eta inbidiaz begiratu izan dut, gurasoekiko miresmena film yankietan soilik gertatzen zela uste duenaren begiekin.

        Bilboko aireportuan ezagutu genuen elkar, duela urte bi. Alemaniatik Euskal Herrira bueltan zetorren, han hiru urte eta erdi ikasten pasa ondoren. Ni Togotik, bi urtean behin egin ohi nuen legez, aita ikustetik. Inork behartu gabe nindoala kontuan harturik, beharko nukeena baino hondoratuago nentorren. Begirada gainean paratu zidanean eutsi egin nion, inoiz ez bezala, dena galdu eta aurreiritzirik gabe bizitza zerotik hasten duenaren antzera.

        —¿Hacia dónde vas? —galdetu nion.

        —A Donosti —erantzun zidan konplize—, ¿y tú?

        Hiri berekoak izateak elkarrizketarako gai ugari eskaintzeaz gain, hara autobusez elkarrekin joatea esan nahi zuen. Ezin nuen sinetsi: kasualitate horiek guztiak, Donostia, hainbestetan entzun nuen Maiderren lehengusua izatea, bukatu berri nuen eta berari oparitu berri zioten Margaret Atwooden liburua, eta ni lehentxeago, abioian, aireportu batean elkar ezagutu eta maitemintzen den bikoteari buruzko ipuina idazten ari izana.

        —Idazle izan nahi dut —esan zidan.

        Handik bi astera Madrilgo zinema-eskola onenerako hautaprobak egingo zituen gidoigintza ikasteko. Nik ere ipuinak idazten nituela aitortu nion, baina ez nintzela gehiagora ausartzen. Asteburuan kafea hartzeko gelditu eta, bide batez, idazkiak trukatuko genituela erabaki zuen, nire lotsarako. Baina, tira, bere idazkiak irakur nintzan nahi zuen, nireak irakurri baino, eta niri ondo iruditu zitzaidan.

        Beste haren izena ere agertu zen Bilbotik Donostiarako hitz-jarioan, gezi pozoitu bat bezala, nahiz eta orduan ni konturatu ez, Martin maitatzen hasia bainintzen, mahukan kartarik gorde gabe maitatzea zein mingarria den enoratuz.

 

 

Cesare Pavesek bere buruaz beste egin zuen. Egintza onak aurrera eramatea erraza dela esaten zuen, zailena pentsamendu onak edukitzea dela.

 

 

Martin eduki bezain pronto hasi zen nire gainbehera. Bizitza osoa askatasuna aldarrikatzen... eta orain hau, askatasuna etsai bilakaturik. Epelkeria gaitzetsi izan dut pasioa gartsu goraipatuz, eta orain txori doilor bilakaturik nengoen. Maitasunak zeken bihurtu ninduen.

        Zenbat maite nauen esan dit gaur, bere gurasoen etxean, bere antzinako logelan larrua jo eta gero. Han ere hizkuntza hura. Foto bat. Zer ezkutatzen duten ez dakidan hainbat liburu, karpeta eta kaxa. Nik ere maite zaitut.

        Hogeita sei urte bete ditu gaur, horregatik etorri gara hona. Eta iristen ez zen telefono deiak markatu du eguna. Afalorduan izan da.

        Begirada kanbiatzen zaio deitzen dion aldioro. Ez da ezer gertatzen, lagunak baino ez dira, baina zaila da bere amaren hitz jarioa sostengatu eta, aldi berean, alemanezko hitzen esanahia asmatzen saiatzea. Komunera joan naiz. Martinen hitzak dakartzat pinu usaineko gela honetara: Kementsua zarelako maite zaitut, polita, arrazionala, askea... Memoria arakatu dut, bere nire izendaketa helduleku; Maite nau, esan dut; Polita zara, dio; eta ispiluan konprobatu dut. Fartsa hutsa da dena. Zer naiz? Bere deskribapena, eraikuntza literario bat. Ez naiz ezer. Zero. Hutsa. Ez naiz ezer bere hitzetatik at.

        Aurpegia garbitu eta jangelara itzuli naiz.

 

 

Kobre metalez enmarkaturiko edertasuna, bekain beltz joriek bi zeru galernatsu babesten dituzte, eta beherago marrubi bat. Atrapaturik nauka. Duela bi aste ekarri ninduen borda honetara eta ohera kateaturik jarraitzen dut. Janaria ekartzen dit neskame amultsuaren trazak eginez, eta sinetsi egin nahi dut bere irribarrea ez dela maltzurra. Puta zikina. Bihar nire aurrean zintzurra moztuko duela esan dit, nire gainean odolustuko dela.

 

 

Neska horietako bat izatea desiratu nuen. Deskripzio bateko protagonista. Idatzi ninduen arte. Egiazkoak ote ziren galdetu nion behin, harremanaren hasieran, benetan noizbait gurutzatu ote zituen, edo desiratu. Batzuk baietz, besteak ezetz, esan zidan. Baina nik sufriarazi zion emakumearen silueta ikusten nuen denen itzaletan, baten brontzezko ilean eta bestearen begi grisetan.

 

 

Sentimenduei izena jarri edo ez, osasun mentalerako zer ote den hobea diskutitzen jardun dugu Martinen gurasoen etxean. Nik nahiago izan dut entzun, iritzia eman baino. Partehartzeren bat noizean behin, abailduta nengoela suma ez zezaten. Nire amarekin gogoratu naiz. Horrela nagoenetan beti ekartzen dut gogora, nahigabean, erresortearen gisara egiten dit jauzi pentsamendura, eta ez dakit zer sentitzen dudan, batzuetan ezinezkoa baita arrazoitutakoa sinestea. Ez nintzela bera bezain polita atera, esan zidan behin, ilea tindatzen ari zitzaidan bitartean. Betiko hoztasunarekin, zigarro gehiegi erretako ahots lakarraz. Baina, aitzitik, azkarragoa nintzela. Oraindik ezin izan diot barkatu.

 

 

Hiru egun barru Alemaniara doala esan dit, idazle gazteen biltzar batera. Galdetu egin diot. Oraindik ez duela planik egin, baina lasai egoteko, eta muxu eman dit, eta larrua jo dugu eternitateari buruzko hitz pisuak esaten genituen bitartean. Martin eskolara joan denean, haren argazki bat bilatu dut, gorderik daukan bakarrenetarikoa. Oso polita da. Misteriotsua. Modeloa izan zitekeen. Bere ezaugarriak aurkitzen ditut Martinen idatzietan, darion izaera, itxura, dena. Amodioa egingo dute, bederatzi hilabetez elkar ikusi gabe igaro duten maitale zaharrek bezala. Nitaz mintzatuko zaio, asko maite nauela esango dio, elkarrekin bizi garela, baina hala ere bera mugarria izan dela bere bizitzan. Ondoren hona itzuliko da, eta sofan lo egin duela esango dit, eta nik sinetsiaren plantak egingo ditut; agian ez diot begiratu ere egingo, eta galdetuko diot: Zertan dabil? Gero ni maitatuko nau, hari buruz idazten jarraituko du, eta nik idazkiak irakurri eta zuzenduko dizkiot, onak direla esanez.

 

 

Artizar kalean bizi da kapeladun emakumea, supermerkatu parean, bakarrik. Begetarianoa da eta ez du ezpain gaineko biloa depilatzen kapeladun emakumeak. Badu nire existentziaren berri. Badaki nire desioaz. Badaki ez naizena hemen bizi eta begiratzea gustatzen zaidana. Dena daki eta ez da sekula nirekin mintzatu kapeladun emakumea. Haize bolada bat eta sonbreirua heldu beharko du ihesi joan ez dakion. Eta besapea ikusiko nioke. Depilaturik ote duen edo ez. Kapeladun emakume beilegia kapelurik gabe irten da gaur. Baina kapeladun emakumea da oraindik. Kapelurik gabe itzuli da arratsean, ardo botila batekin, ezpain gaineko bilorik gabe, gizon baten besotik helduta. Orduantxe utzi dio kapeladun izateari.

 

 

Fotoa erdi planokoa da. Bibote fin eta delikatu bat dauka ezpain gainean, ahoaren bi aldeetara. Asteon idatzi du testua. Alemaniara doala jakin eta gero. Eta nik badakit buruan daukana uneoro, nahiz eta ez didan hari buruzko ezer aipatu. Maleta egiteko eskatu dit. Jantzi politenak sartu dizkiot, eta Gabonetan oparitu nion Loewe lurrin potea. Aireportura eraman dut. Negarrez itzuli naiz autoan, bera gabe hutsik dagoen etxe honetara. Ezin dut irudia jasan. Gaur gauean elkar maitatuko dute.

        Pozik joan da. Aspaldi ez nuen hain kontent ikusi, ezagutu nuenean bezala, beti umore onez. Biharko deiaren zain nago. Satelite seinaletatik zintzilik.

 

 

Haizeak gogor astintzen ditu erreka bazterrak. Ardo ozpindu usaina darion tren geltoki ondoko tabernan sartu naiz. Ez dakit ondo egin dudan edo ez. Bien gorputzak elkar maitatzen ikus ditzaket. Diskete eta orri zirriborratuek sortutako sugarrek soilik lortu dute imajina estaltzea. Nigandik kanpo ikusten dut neure burua, erreka bazterrean paseoan, suaren kontenplazio gozoan.

 

 

Berlin, 2003ko ekainak 9

Modu atenporalean pentsatzen zaitut, nire ondoan atzo, bihar eta gaur, begiak handi-handi eginda, gorputz biluzien dialektikan, begiradarekin maitasuna eginez. Abioian ohartu naiz, 8 hilabete daramatzagu banandu gabe, eta zu gabe ez dakit zer egin.

        Ostatuko maindireak zikindu ditut zu inbokatuz, baina errealitatera bueltatutakoan ez zinen hemen. Eskerrak postala jaso aurretik dena egiazkoa izango den. Hotza, grisa eta itsusia da dena zu gabe. Zaindu ondo nire ohe zatia.

        Maite zaitut, printzesa.

                                                                        M.

        Oharra: Postaleko tximinoa bezala sentitzen naiz hainbeste intelektualen erdian. Nik ere ipurdi gorria erakutsi nahi nieke hitzaldi baten erdian.

 

 

Amaren etxera berriz. Ezer gabe baina aske. Bakarrik baina osorik. Itsasbazterraren hotsa entzuten dut. Lur hezearen xuxurla. Ama etxean izango da ni iristerako, telebista aurrean afaltzen, azken hamar urteotan bezala. Zenbat denbora, esango dit, Non ibili zara? Eta arrautza frijitu parea egingo dit afaltzeko.

        Umetako gelako papera kendu eta lilaz pintatuko dut. Ordenagailu bat jarriko dut, idazteko.

        Martin aireportura iristear egongo da, bere karpeta eta ilusioekin, bere bufanda eta egitasmoekin, bere opari eta sexu usaineko gezurrekin. Baina gaur ez naiz izango bere gerrako zauriak kotoiez osatzeko gertu egongo den erizaina.

        Amak zeharka begiratu dit.

        —Gizendu egin zara —esan dit.

        —Bai —arrazoi du.

        —Ilea tindatu beharko zenuke.

        —Bihar bertan.