Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

HITZAURREA

 

Ez dut E.R. ezagutzen, hari buruz dakidana da halako egun batean mamu bihurtu zela. Orain dela hilabete jakin nuen, bere ipuin argitaratu gabe batzuk jaso nituenean eta haietako batean, ipuin autobiografiko bat zalantzarik gabe, bera mamua bihurtu zenekoa kontatzen zuelako. Ez dakit ipuin hori liburu honetan izango den, editoreek benetako mamuen agerpenak baztertzeko joera dutelako.

        Mamuei buruz irakurtzeko ez da hainbeste aukera izaten. Errazagoa da fantasiak asmatzea, eta irakurtzeko ere errazagoak dira fantasiak. Ondo bereizi behar dira fantasiak eta mamuak. Fantasiak arinagoak eta erabilgarriak dira, dekoratiboak, eta nahieran bazter daitezke. Mamuak fantasien antzera gauzatzen direla ematen du, irrealitatearen edo errealitatearen kondentsaziotik, baina astunak bihurtzen dira eta, ez nahi duzunean bakarrik, modu gogaikarri eta beldurgarrian agertzen zaizkizu gero. Fantasiak nahieran sortzen eta erabiltzen dira. Mamuak, ostera, behin eta berriz itzuli eta gogaikarriak bihur daitezke, eta sortzailearen beraren kontra ere jardun daitezke. Mamuak desleialak, lotsagabeak, mingarriak bihur daitezke. Eta heltzen da momentu bat, mamuen eraginez, sortzailea mamu bihurtzen dena.

        Jende asko bihurtzen da mamua adin batez geroz. Ni 20 urte bete nituen egunean bihurtu nintzen mamua, oraindik ere ondo ulertzen ez ditudan zirkunstantzietan. Eider 22 edo 23 urterekin bihurtuko zen mamu. Zeu ere arrisku larrian zaude, mamua zara jadanik edo mamu bihurtzear zaude. Mamu bihurtzeko arriskua etengabea da benetan biziz gero. Edozeinek, adin batez gero, galdetu beharko lioke bere buruari: Mamu bihurtu naiz? Ala oraindik ez?

        Argi dago idazlea bihurtzea, bizi osorako mamu izateko kondena dela, madarikazioren baten ondorioa. Baina mamua bihurtzeko beste modu ugari dago, irakurlearena modu erraz bat da. Mamu bihurtzearena ustekabean gertatzen da, batzuetan oharkabean, eta auskalo zergatik. James Joycek azaldu zuen zelan bihurtzen den pertsona normal bat mamua: hiltzen denean, desagertzen denean, ohiturak aldatzen dituenean.

        Pertsonak banan-banan bakarrik ez, badira herri oso batzuk denborarekin mamu bihurtu direnak, Euskal Herria esate baterako, urrunago joan gabe. Pierre de Lancrek antzinako sasoietan bezala, gaur egungo inkisidoreek badakite Euskal Herriko lainoen azpian eta sasien gainetan dabiltzan sorgin, azti eta mamuen berri. Bestalde, euskaldunok badakigu batzen eta bereizten gaituen hizkuntza mamu hizkera dela, fonetika ia bantu horrekin, etimologia gotiko horiekin, aditz sinplifikaezin horrekin, isiltasun horiekin. Jakina da, mamuak hizkeratik, bestelako hizkeratik sortzen direla gehienak.

        Egunen batean, euskal literatura ghost story luzea izan dela irakatsiko da entziklopedia anglosaxoietan. Ghost story writers izango dira Bernard Detchepare (hizkuntza bera eraman zuena plazara, dantzara), Johanes Leizarraga (munduan izan den libururik mamuenaren itzultzailea), Pierre Topet Etxahun (bere zorigaitzaren itzalarekin zebilena bideetan), Jon Mirande (bere mamuekin bakarrik bizi zena Parisen), Gabriel Aresti (mamua bihurtua bera Bilbon), Bernardo Atxaga (Obabako eta Etiopiako mamuen kronista)...

        Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila. Auñamendiko ibar batzuetan «Kontuz, hemen hartzak dabiltza!» kartelak erakusten diren moduan, abisatu behar da liburu honetan mamuak dabiltzala.

        Gizarteak mamuen kontrako defentsak ditu. Egunkariak eta telebista mamuen mundua estaltzeko egiten dira, errealitateekin eta fantasiekin mamuak estali nahiz antolatzen den espektakulu eder, ikaragarri eta etengabearekin. Nahiko arrakasta du espektakuluak, hala ere beti geratzen da zirrikitu bat mamuak ugal daitezen, eta ugaltzen dira literaturan esate baterako. Literatura minoritarioa eta ilunagoa dela esaten denean, horixe adierazten da, mamuak libreago dabiltzala esparru horretan. Literatura mamuen partea ikertzeko izan da beti, eta behar bada geroago eta gehiago izango da, literatura palazio zahar erruinatuen modukoa bihurtzen ari delako.

        Jakina da idazleak berez mamua izateko madarikazio eta kondenapean idazten duela. Baina, irakurlea ere mamua bihurtu behar da literatura ondo irakurtzeko, ezagutuko dituen pertsonaien berdina izateko. Dena dela, literatura irakurtzean, mamua bihurtzearena baino arrisku latzagoa du irakurleak, jendeak bizitzan duen arriskuaren antzekoa. Batzuek irakurtzen dute eta ez dira enteratzen, bizitza osoa bizi eta enteratzen ez direnak bezala.

        Ia derrigorrezkoa da orduan mamu bihurtzea. Hara hor, gela berez ilunean, bonbilla ahul baten argitara irakurtzen hasi zara, oraindik ez zara liburura sartu, baina ia, mamu bihurtzen ari zara, pasatu orrialdea hatzen puntaz, hortxe aienatuko zara. Mamua bihurtzen bazara erraz sartuko zara liburura, orria ezkerraldera eskuaz bultzatu beharrik gabe, orrian zehar, eguneroko espektakuluaren bestaldera, paperean zehar barrura, mamuen partera...

 

Joseba Sarrionandia