Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

CALLE DE LA PROVIDENCIA

 

Hor doa, Madril, 2001, Callao, arratsaldeko zazpiak. Gorbata laxotu du eta maletatxoa zuhaitz baten ondoan abandonatu. Udazken zati batek laztandu du, hosto horixe oparituko dio Juliori, egingo dion lehen oparia izango da, baina sentitzen duena kontatuko dio lehenago. Txaketa besoan eskegi eta zigarro bat piztu du eskaileretan behera lerratzean. Metroko pasadizoak horrelako hiri batek soilik erdi ditzakeen freaky eta kutreez ereinda daude, eta alkandora gona zapata media arrosak dituen emakumeak dirudi guztiaren epizentroa, arrosa koloreko bufanda egiten ari den irribarre arrosadun emakumea. Ogi prefabrikatu usaina izerdiarekin nahasturik, goralarria sortzen du metro barruan egiten duen beroak, nahiz eta azaroa izan. Segundo baten pusketa txiki bat. Flash bat. Bera zen. Bera zen? Emiliok konortea galduko duela uste du. Gaur ezin izan du bizarra egin, gorroto baitu ur hotza. Galtza urratuenak dauzka soinean, jertse zaharrena. Zergatik gaur. Hamazazpi urte eta gero, juxtu gaur. Gizon-emakume andana batek nasa konkistatu du segundo bitan, eta orain bere moñoa baino ez du ikusten eskailera mekanikoetan gora, eta bere gabardina. Ez da hil. Bizirik dago. Bakarrik. Bieeen Emilio. Geltoki berean gainera. Eta orain. Emiliok arnasa hartu eta betaurrekoak sudurraren kontra estutu ditu min emateraino. Noizbait kendu beharreko tik bat. Eztul egin du eta korrika irten da bere atzetik. Hotz bulkada batek kolpatu dio aurpegia. Bieeen Emilio, hor dago zure panpinatxoa eder-eder. Valentin hil izan ez balitz. Valentin lasaiago hilko zatekeen hil izan ez balitz. Mertxika mediak ukituko dizkio lehenik, ezer baino lehen, krema koloreko mediak, belaun borobilduak. Gizendu egin da, lehen argalegi zegoen agian, lehen, ezagutu zuen egun hartan bederen. Emiliok gizon bakarreko emakumea zela esan izan zuen beti eta gauza bera dio oraindik ere. Manuela joan zenetik. Zapatak kenduko dizkio, printzeak Mari Errauskini bezalatsu, emeki, arku banatan muxu bat pausatuz. Amak beti esaten zuen, Paseeensia 'milio, paseeensia, eta bai, halaxe izan da, pazientzia kontua. Bera da, zalantzarik gabe, gaur arte urrutiratu zenean bezala dabil, pauso txiki eta lotsatiekin, bizkarra pixkatxo bat okerturik, poltsa esku biekin oratuz maldan gora, farolen artean, estuegia den kale honetako zaborrontziak saihestuz. Puta bati trabeska begiratu eta pausoa arindu du. Takoi hots zurrunaren plazera baino ez da entzuten kalean. Manuela hil zenean, Emilio Valentinekin Kanarietara joan zenean depresioa sendatzera. Etorreran ezagutu zuen, aireportuan, aireportutik Callaorako metro bidaia osoan elkarrekin joan ziren, beti aurrez aurre, beti lineaz aldatu eta linea bera hartu zuten, beti bagoi berean, beti aurrez aurre, bera Callaon jaitsi zen arte. Valentin hemen egongo balitz, oraintxe deituko lioke merezi izan duela esateko. Zazpi urte. Harrezkeroztik hartatik pilulak utzi ahal izan zituen. Ez zuen sekula horrelakorik gehiago irentsi, sekula santan. Puten hats hotzak Emilioren belarriak igurtzi ditu hits.

        —Guapo, chupar trez mil, completo zinco mil, zolo zinco mil, guapo.

        Moñoa askatuko dio, urkilak banan-banan atera bere ile sastrakan etzateko luze. Inork ez du inoiz horrela maitatu ez maitatuko, eta horregatik daki baietz esango diola, trabarik ez diola jarriko. Emiliok egiazki maite baitu. Gero, lanean berarekin bakarrik pentsatzen zuen, metroan sortu zen sugar hark biziarazten zuen soilik, lau begi kaniken artean sortutako talka ia fisikoak berpizten zuen bulegoko metronomo eternaletik, tak! tempoa hautsiz, tak tak tak tak tak tak bi billar bolek elkar maitatzen dutenean sortutako soinu bera zuen behakoak.

        —¡Oye!

        Galizia trenean urrundu zitzaion negar malkorik isuri gabe eta hiriburura etorri zen. Manuela hil eta hiru hilabetera, 1996an, Kanarietatik itzuli eta berehala, Valentinen enpresan lan egitera. Euria hasi du, baina ohartu denerako blai eginda dago. Autoek garagardo argia isurtzen dute errepidean, hotz dago. Emiliok emakumearen muxika-hanketan baino ezin du pentsatu, gabardina kenduko dionean jantzirik ote daukan angorazko jertse grisa, ezagutu zuenean bezala. Iletxo luzeak.

        —¡Oye!

        Emakumea jiratu egin da ibiltzeari utzi gabe. Bera da.

        —Soy yo, el del aeropuerto, el del metro, ¿te acuerdas?

        Takoien zalaparta freskoagoa bihurtu da. Emiliok pausoa arindu du.

        —¡Oye!

        Emakumeak gabardinako ezker patrikan urduritasunez xerkatu ondoren atera ditu giltzak eta altzairuzko ate bat irekitzeari ekin dio.

        —Te acuerdas, hace muchos años, nos conocimos en el aeropuerto.

        —No, no me acuerdo.

        Eta tinbrea jo du.

        —Miguel, abre en seguida.

        Emilio bakarrik gelditu da berriro. Zabor kontenedorean calle de la Providencia 37 idatzirik dago. Zaborrak gainezka egiten du eta poltsa urdin lehertuetatik tipula ustel batek ihes egin du patata azal baten eskutik. Zoriontsu izango direla iruditzen zaio. Handiturik dago Emilio, eta galtzaren patrika-zulotik zakila laztandu du aspaldian ez bezala, suabe-suabe, bukaeraraino iristeko premiarik gabe, begiak diz-diz. Galipota belztuta dago euriaren eraginez, dena brillantea bihurtu da eta hauts arrastorik ez da gelditzen Madrilen gaur, ordu honetan, kale honetan. Kontrako espaloitik ile motzeko emakume bat labaindu da pauso ttipiekin. Xira urdin-iluna, hezur koloreko artilezko jertsea, bufanda gorria eta panazko galtza berdeak. Tximino ilea dauka, beltz amatatua, lakarra, ezin hezia. Ur begi borobil txikiak. Hogeita hamabost urte. Aharrausika hasia den kioskoan Muñecas de Porcelana-ren azken numeroa eskatu du.

        —Aún no ha llegao, corazón, pásate mañana a ver.

        Marialuisak Pronto eta Marie Claire erosi ditu amak emandako 4 euroekin, eta soberakinekin bi txupatxus.

        —Hasta luego.

        Etorri bidea pauso pisuekin desibili du. Ama so dauka leihoan. Katu zaharraren aurpegiera dauka, begi urdin argiak, bibote zuriak, arrosa koloreko aho zurbila. Behako isil bat gurutzatu dute eta amak portaleko atea ireki dio. Biak bakarrik bizi dira logela bakarreko etxe horretan. Amak gustuko du elkar zaintzea atsegin dutela esatea. Leihotik so dauka bortxa ez dezaten, ezer gerta ez dakion.

        —Mejor cerdos...

        Eta ez du inoiz esaldiaren bigarren partea esaten. Xira, bufanda eta oinetakoak erantzi, eta pijama eta txinalak jantzi ditu Marialuisak. Patioan zabaldutako arropak jaso eta plastikozko balde batean ipini ditu bihar goizean goiz lisatzeko. Patriciaren gonako tatxa ez da joan, eta berri bat egingo diola erabaki du. Patricia, Susana, Raquel, Mayra, Ruth, Maribel, Jennifer, Lucy, Esther, Estela, Madonna, Laura, Vanessa, Belen, Monica, Diana, Shakira, Maria, Bibi, Concha, Leyre, Beatriz, Anabel, Veronica, Estefania, Eva, Angela, Virginia, Ines, Jane, Marta eta Victoria banan-banan eta kontu handiz jantzi ditu; bakoitzari muxu eta hitz goxo bat paratu ondoren sartu da ohean, Patriciaren gona jostera. Ama ondoko ohean dauka aldizkari koloretsuetatik hitzak irensten; noizean behin Menuda puta, mira la otra qué puta bezalakoak xuxurlatzen ditu, mesanotxean daukan kafesneari emandako tragoxka iskanbilatsuekin tartekatuz. Baina ez da elkarrizketarik sortu ama eta alabaren artean. Marialuisak hatza ziztatu du eta odol tanta beltz batek busti dio mamia. Ez da ohartu. Horman zintzilik duen argazkia baino ez du ikusten eta sentitzen, egurrezko marko batek ixten duen haur zuri begi-urdinaren aurpegia. Marialuisak urrumaka bukatu du gona josten, intziri fin bat irten da bere eztarritik eta odola xurgatu du. Edredoiarekin aurpegia estali du amak aldizkari orriekin sortutako zirimolaz babesteko, eta loaren zain gelditu da zabal-zabal etzanda. Behean, ixtear dagoen Rogelio tabernak gallinejas eta calamares eskaintzen ditu erakusleihoan. Marmola imitatzen duen barra barruan Gelik laugarren ardoa zerbitzatu dio Marcosi. Orduantxe deitu du Marcosen emazteak tabernara, senarraz galdezka, eta Gelik esan dio oraintxe irten dela etxeranzko bidean.

        —Era la Mamen, le he dicho que acabas de salir p'allí.

        Taberna euli eta eltxoz josirik dagoela dirudi argi fluoreszenteek sortzen duten soinu elektrikoa dela-eta. Gelik eraztun bat aurkitu du tabernan erratza pasa duenean. Charori oparituko diola pentsatu du, bikarbonato hautsez ondo garbitu ondoren.

        —Es que está lloviendo a cántaros.

        Eta ardo honen ostean abiatuko dela diotso Geliri, barkamena eskatuz bezala. Marquitosi aspaldi lanbrotu zaizkio begiak eta aurpegia ubeldu, berdin Geliren bezero askori eta baita Geliri berari ere. Zaila zela alkoholaren lagun izaten lagun min izatera iritsi gabe, esan zion duela ez aspaldiko egun batean Charori, eta begirada apartatu du Marquitos den bere bertsio zaharkitutik azken hiru hilabeteetako lehen Ducadosa izekiz.

        —Mi primer cigarro en mucho tiempo, Marquitos, ayyyyy...

        Nikotinazko txera biriketaraino doakio otzan. Beste ardo bat hartzera gonbidatu du bezero bakarra, eguneko irabaziak zenbatu aurretik. Orrazia uretan pasa eta samur ondulatu du ile beltza. Eraztuna oparituko diola okurritu zaionetik Charorekin amodioa egiteko gogo bortitza sartu zaio Geliri gorputzaren sakonenean, amodioa egiteko gogoa, baina amodioarekin.

        —Venga Marquitos, vamos que nos vamos.

        Eta pertsiana akabatuaren deitoreak lihozko euri finean barneratu ditu biak. Aterki beltz baten pean ezkutatzen den hogeita bi urteko neskak izkinatik begiratu ditu bi tipoak, eta hankadun zaku busti penagarriak iruditu zaizkio. Elenaren zain dago, urduri, hozminari arrotz. Lan egiten duen kontzertu aretotik irtengo da orain. Lehen aldia da lanetik kanpo elkar ikusiko dutena, ke eta musikaren adulteraziorik gabe, gordinik. Urduritasuna. Amari esan dio fakultaterako lan bat egiten geldituko dela gauean klaseko lagun baten etxean, agian lo egitera ez dela etorriko. Aterki gorria eta azpian Elena. Ilezko poltsa beltza eta alboan Elena. Belaun hezurtsuak eta gainean Elena. Ezpain gorriak eta Elena.

        —¿Qué tal?

        Elenak aterki gorria itxi du eta Irenerenean babestu da. Bi emakumeen arnasa epelak gertuko horizontean nahasten direla ohartu da Irene. Neskaren besoa sotilki estutu du, hiriak irents dezan gertu.