Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

YOLANDA ETA AULKIAK

 

Zazpiak jo bezain laster komunean sartu da Yolanda, eskuko poltsatik atera berri duen nezeserra eskuan duela. Bisaiak egunean zehar pairatutako hondamendiak aztertu ditu ispiluan: azal koipeztua, ezpain lehorrak, begizuloak zuloago, eta aurpegiko keinua, hori da agian Yolanda gehien aztoratzen duena, egunean zortzi ordu lanean aritu ondoren gelditzen zaion ezerez keinua. Hasperen egin du, lehenaren eta orainaren artean mugarria jartzea hain erraza izango balitz bezala. Behar dituen tresnak konketa gainean jarri eta ilea atontzeari ekin dio. Likido urdinean bustiriko kotoi puska batekin azala garbitu eta teila koloreko hautsak eman ditu iragarkiko melokotoi efektua lortzearren. Ezpainetan gorri pittin bat jarri eta hatz txikiaz ondo banatuz desagerrarazi ditu tolestura gehienak. Ispiluari azken begiratua eman dio, eta ahal bezain ongien egin duelako sentsazioarekin irten da biltegitik zazpiak eta hiru minututan, lankideak konbikziorik gabe agurtu eta gero.

        Aulki eskaera itzela iritsi da gaur arratsaldean biltegira. Bihar egun osoa eman beharko du aulkiak arasan egokitu eta bakoitzaren erreferentzia eskatutako aulkiari dagokion edo ez egiaztatzen. Normalean beste lankide batekin egin beharreko lana izaten da, baina orain ere baja hartuta dago-eta bakar-bakarrik egin beharko du dena. Orain bederatzi urte lanean hasi zenetik behin baino ez da gaixotu Yolanda, duela hiru urteko ekainean, tortilla pintxo bat janda salmonelosiaz kutsatu zenean. Lankidea, ordea, sarriegi gaixotzen dela iruditzen zaio, eta amorrua sentitu du bi pertsonaren artean egitekoa den lana bakarrik egin beharragatik. Hiru minutu eman ditu pentsakizun honi bueltak ematen, lantokitik gertuen dagoen tabernara iristeko behar den minutu kopurua, hain zuzen. Arantxarekin elkartu da han. Egunero ohi duten bezala kafesne bana hartu eta indarberriturik abiatu dira supermerkatura erosketak egitera. Harakinak hezurretako minbizia duela jakin dute, sei hilabeteko bizi-itxaropena eman diotela. Buruarekin ezezko keinua egin dute, eskubiderik ez dagoela esanez: Ez gara ezer. Bizitzaren iheskortasunaz mintzatu dira, izakiaren txikitasunaz, eta euren diskurtsoa hurkoa adibide gisa erabiliz osatu dute: Arantxaren koinataren kotxe istripua, Yolandaren amaren bihotzekoa eta lankide baten paralisia aipatu dituzte. Yolandaren etxe atarira iritsi diren arte iraun du elkarrizketak.

        Zortziak eta erdi dira. Patatak zuritzen ari da Yolanda. Lauki perfektutan moztu ondoren jarri ditu frijitzen, eta irakiten duen olioak sortutako zaratarekin ez du atea ixten entzun. Asaldatu egin da Mikelek ilean muxu eman dionean. Bien artean tortilla osoa jan dute. Piper berdeekin baratxuriarekin baino goxoagoa gelditzen dela erabaki dute. Gero, Yolandak hala eskatuta, Mikelek egin du harrikoa. Mina dauka sorbaldan aulki gehiegi batera garraiatu izanagatik. Telebista aurrean etzan da. Hainbat katetan begiratu du debate batekin topo egin arte. Zaharren egoitzen baliagarritasunaz mintzo dira, seme-alaben berekoitasunaz batzuk eta askatasun beharraz besteak. Apenas ulertzen da zerbait, eta moderatzaileak isiltasun pixka bat eskatu die bi aldeei. Moderatzailearen belarritakoek Yolandaren arreta piztu dute: urre zuriz inguraturiko diamante bi, mugimendu txikienarekin distira biziak egiten dituztenak. Mikel etorri eta eroso jarri da sofan. Zertaz ari diren galdetu du, eta seme-alaben krudelkeriaz hitz egiten ari denaren irudia pantailan ikustean jauzi txiki bat eman du. Elkarrekin ibili omen ziren beleetan, eta klaseko tontoena zen. Abokatu izan edo torero, berdin-berdin, lehengo lepotik burua horrek ere, amaitu du esaten.

        Ordu erdira zurrungan hasi da Mikel. Yolanda ere leher eginda dago eta telebista itzali du ohera joan baino lehen. Aurpegia garbitu, iratzargailuaren alarma zazpietarako prest utzi eta argia amatatu du. Mikelek ohearen ezkerreko aldean egiten du lo; berak eskuinekoan, betidanik. Larrua jo ondoren ere beti itzultzen da bakoitza bere lekura, ohearen alde bat betirako esleitua izatea gauzarik arruntena balitz bezala.

        Iratzargailuaren zenbaki gorriei begiratu die: hamaikak eta berrogeita hamalau minutu. Sei minutu igaro baino lehen loak hartuko balu, zazpi orduz egingo luke lo eta bihar fresko esnatuko litzateke lanera joateko. Hamaikak eta berrogeita hamazazpitan lokartu da Yolanda. Aulki eta zenbakiekin egin du amets: lantokiko biltegian dago, plastikoetan bildutako aulki anabasaren erdian; behin eta berriz makurtu da, aulkien erreferentzia bilatu eta paperean idatzita dagoenarekin konprobatzeko; ohartu da aulki batzuen erreferentzia ez datorrela bat paperean dagoenarekin; kaobazko hogeita lau aulki dira, jatetxe txinatar baterako Indonesiatik propio ekarriak; Yolandak egindako aulki eskaera denez, okerren bat egonez gero berak konpondu beharko du, horregatik begiratu du koadernoan, eta bai, bere akatsa izan da, laua behar zuen lekuan bata ipini eta behar ez ziren aulkiak eskatu ditu; orduantxe heldu da nagusia, dena ondo doan galdezka; gertatutakoaren berri eman dio, nagusia bere onetik atera da, destainazko hitzak esan dizkio, eta berak akatsa konpondu bitartean biltegia atondu dezala agindu dio. Zazpiak jo bitartean lanean jarraitu du Yolandak, eztabaidak sortutako tentsioa gainetik kendu ezinik. Ordua iritsi denean makillajerik jarri gabe irten da lantokitik. Ohi baino hiru minutu lehenago, zazpiak eta hiruretan ailegatu da ondoko tabernara. Arantxa ez da oraindik iritsi, baina hala ere kafesnea eskatu eta biko mahai batean eseri da. Segidan ikusi du sartzen. Presatuta dabilela esan dio, gaixo zegoen osaba hil dela eta hiletara joan beharra daukala. Yolandak nagusiarekin gertatutakoa kontatu dio, Arantxak hari ere antzeko zerbait jazo zaiola esan du, nagusi guztiak berdinak direla, zerri putak.

        Zazpiak eta hogeita bostetan atera dira tabernatik. Arantxa hiletara joan da eta Yolanda arrandegitik pasatu da etxera aurretik. Bi oilar erosi ditu labean egiteko, aste osoan ez baitute arrainik jan. Zortziak hogei gutxitan heldu da etxera. Mikelen ohar bat topatu du sukaldeko mahai gainean, ireki berri duten sagardotegian afalduko duela esanez. Biharamunerako utzi ditu oilarrak, eta udare bat eta hiru mandarina afaldu ditu. Telebista piztu du, baina interesgarria den ezer ez dagoenez lisatzeari ekin dio. Aldarte txarrean dago ezin duelako burutik kendu nagusiarekin izandako tirabira. Gainera, sorbaldako mina areagotu zaionez, kosta egin zaio arropa lisatzen jarraitzea. Telebistan anorexiari buruzko erreportaje bat ematekoak dira, bigarren katean, eta ikustea erabaki du. Maniki izan nahi duten neskatxa batzuen irudiak ipini dituzte. Beldurgarriak iruditu zaizkio. Nekatuegi sentitu du bere burua, eta telebista aurrean loak hartu baino lehen joan da ohera. Aurpegia garbitu, krema hidratantea ipini eta pijama jantzi ondoren etzan da. Hamarrak eta zortzi minutu dira argia itzali duenean. Zazpi minutu igaro baino lehen loak hartuz gero, zortzi ordu eta hiru ordu laurden emango ditu lotan eta bihar fresko esnatuko da lanera joateko.