Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Hagina

 

Iritsi orduko ihesi zihoazkiolako sentimenduarekin bizi zituen Gabonetako oporrak beste behin Aritzek. Urteak joan urteak etorri berdintsua zen dena, mende berria heldu eta ezer berririk ez, hirugarren milurtekoan oinak jarri arren urak bere bidean. Etsigarria zen, hamabi urte beteak zituen urrian eta zahartzen hasia zelakoa sinetsi egin beharko zuen. Urrun ikusten ziren oraindik —eta zein urrun!— 3000. urteko Gabon Zahar gauean laugarren milurtekoa agurtzera etorriko zirenak. Haiek zituen gogoan. Diosala egin nahiko lieke, baina bere borondatearen irismenarentzat askotxo jotzen zuen mila urteko tartea abendu epel hartatik begiratuta. Zeudela horretan, haiei ere joko zien noizbait euren oilarrak kukurruku.

        Aritz miraz egoten zitzaion begira amari, sukaldean lanean ari zela, gehienbat neguko iluntzeetan, eta patata zuritzen ari bazen areago.

        — Ama, munduari azala kentzen ari zara —esango zion.

        Eta irri-antxarekin erantzuten zion amak.

        — Begira, India erauzi diozu munduari... Kontuz ama, zakarretara botatzera zoazena Madagaskar da, gero!

        Eta amak galdetzen zion lagunik ez zuen arkupeetan, ibiltzeko plazan aita etorri arte, baina ez hurreratzeko ibaira, beheko haizeari egiteko kontu, txakur-eztulik ez zuela nahi gauean.

        Azkenean kalera egiten zuen Aritzek, mundua zuritzeko patatarik gabe geratzen zenean. Zortziak aldera arte beti izaten zuen norbait. Eta etxerakoan egiten zuen berekiko beste zenbat urtez eman ahal izango zion musu aitari oherakoan lotsatu gabe. Baziren bi urte aitaren magalean jartzen ez zela afalostean eguneko kontuak konta ziezazkion.

        — Ez zegok arreba txikia edukitzea adinakorik lotsa zer den ikasteko —azalduko zion Eneko lagunari biharamunean, tren geltoki inguruan zer-pentsan zebiltzala—. Bazekiat ume zahar baten bekaitza besterik ez dena, baina boladatan txikitu egingo nikek.

        Arreba Lierniren garaipen keinua osatzen zuen buruan, iluntzero aitaren magalean jesarri, musu eman eta haren bizar lakarrak bere azal leuna ukitzean, eta ostikoz jo zuen hanka parean zuen harri koskorra.

        Etsaigoa baino igaro beharreko aldia jotzen zuen arrebarekikoa, penosoagatik gainditu beharreko gailurra, basamortuko garizuma. Aurrerago etorriko ziren gauzak bere onera, bazekien, baina bitartean sortzen zion minarentzat sendagarririk ez zuen. Luzetsita zebilen aspaldi samar.

        Euriak goitik behera egiten duen legez, urak errenditu ezinik putzuak osatzen hasten diren unea legez, elkarri kontu txikiak eta handiak esateko tenorea heldua zitzaien bi lagunei Amuko zubira iritsi zirenerako.

        — Aritz, kaxako umea naizen kontu hori egia duk —bo ta zuen tupustean Enekok, altzairutegiko kamioiek hautseztatutako belarretan irakurtzen ari balitz bezala—. Oporrak hartu genituen egunean esan zidaan aitak jasotakoa nintzela, jakiteko garaia banuela eta.

        — Aitatzakoak orduan.

        — Hori...! Aitatzakoak.

        Lagun bien hitzak zubi gainetik ibaiaren alde euri-urak belztura jausten ziren. Loina baten hegal zilarrezkoaren gerizak begitartea busti zion Enekori.

        Uraren azalean amorruak aurpegiera antzaldatzen ziola sentitu zuen Aritzek, harrika eman nahi lieke han goian ortzia ezkutatzen zioten hodei isilkariei, zulatu egin nahi lituzke han behean ibai zola ezkutatzen zioten hodei herrestariei. Jende nagusia umeak baino lehen jabetzen zen egiez, beharbada lehenago jaio zirelako mundu honetara. Besterik ez. Eta ordutegi edo agenda afera hutsal hori aski zen nahi beste zekenkeriaz eta gupidabarik kudeatzeko egia larrien ondarea. Funtsik gabeko gauza, alukeria hutsa. Bat gehiago.

        Eurek nahi zutenean joko zien beti ondoren zetozenei ezjakinaren lausoa begien paretik kentzeko ordua. Urdail zuloan korapilo itoa egin zitzaion, karnaba mutu bat irentsia zuen.

        Beheko haizea atera zuen, gora begiratu zuen, dagoeneko Enekori bizkarretik helduta garai bateko lasaitasunez ibiltzerik ez zuela izango etsita. Hamabi urte. Beranduegi aukeran. Handi ari zen egiten.

        Bat-batean, hango urrun epeletan behar zuten enaren abistuak nolakoak ziren gogoratu eta arin, zalu, zubian behera ekin zion korrika.

        — Goazemak Zelai Luzera; zopak egiten irabazi baietz!

        Enekok jo zuen begiz uharrien artean, baina Aritz izan zen eskura bildu zuena. Batzuetan bere altxorren berri ematen bazekien ibaiak. Urtetako garraioaren zamak gizendua zekarrela ematen zuen.

        — Honaino etorri duk ba hau —esan zuen Aritzen eskuan zuen haginari begira—. Alea duk.

        — Aritz, bota ezak zikinkeria hori!

        Eta baietz zioen haginak bere zuritasun izunetik, botatzeko, ez hasteko jaberik gabeko hagin zahar baten peskizan. Ordurako sakelan zuen Aritzek, ordea, ibaiaren opariari nor bat bilatu behar ziola erabakita.

        — Lasai Eneko, ongi gordeko diat.

        Etxean, Liernik igarri zion bazerabilela zerbait. Aitaren igurtzi eta maite-maiteak ez zituen aintzakotzat hartu Aritzek. Gogoa urrun sumatu zion nebari afalostean. Behingoagatik, ez zion ardurarik, itxura batera, aitaren arreta eta xerak arrebak bereganatzeak. Ezkerreko eskua patrikan, maindire lisatu berrien usainak liluratuta bezala logelara alde egiten ikusi zuen Liernik.

        Bere zuloetan kabitu ezinean sentitzen zuen Aritzek bihotza. Arrebari irakasteko lezio txarra ez zuen eskuzabaltasunarena.

        — Lagundu egin behar didan.

        — Zertan? —galdetu zioten Lierniren apo-begi handiek.

        — Honen jabea bilatzen —ukabila astiro irekiz erakutsi zion hagina—. Ibaiko harri artean aurkitu dinat.

        Harridura zer da, gerta litekeenaren ziurtagiri bat besterik, horren aurresusmoa baino? Ezusteak kolore biziak zekartzan Lierniren masailetara, eta une batez bertan pausatzekoa egin zuen.

        — Bazekiat! —jaulki zitzaion barruko arnas batean, munduaren aho bakarrari falta zitzaion hagina hura zela baleki bezala.

        Arrebaren poz hura zapuztea azkena zitzaion Aritzi. Haizeak eraman eta haizeak ekarri zuen Lierni zapata kaxa bi eskuekin helduta zekarrela bere gelatik.

        — Hemen dago! —hatz gurien artean egunkari orri horiztatua eskaini zion nebari—. Aspaldikoa da.

        Ia bi urte lehenagokoa zen paper hura. Aurreko milurtekoa. Aritzek susmoa hartu zuen bere kabuz frogatzeko moduko egia baten testigantza zetorkiola kazeta orri hartan gordea. Izaeraren taxua ontzen dizuten koska horietarik bat edo. Zena baino gutxiago joa zuen Lierni, antza. Bera misterio hartara jaiotzerako oinetako asko urratuak zituen arreba txikiak bidezidor haietan.

        — Nondik bildu dun?

        Begiekin jan behar zuen Aritzek. Mutil mardula ageri zen argazkikoa, elur maluta bakarra zerutik pausatua soro hartako berdetasunaren gainean. Zerraldo zetzan, ahoz gora. Atzean sagarrondo bi argimutil zituen. Albo batean txarrantxa-hesolak orduen eman gorria atzenduarazi nahiz.

        Tiroa zuen buruan, pistola esku ondoan eta hodei beltz presatuek hartutako zerua gainean. Hagin bat falta zuela aipatzen zuen autopsiak. Hil-haginean zela edo hilberritan erauzia.

        — Berea duk hagin hori.

        Aritzek ez zuen kemenik eder zitzaion gorpu haren iruditik begiak jasotzeko, baina arrebaren hitzen kateek zeramaten gatibu.

        — Berea duk hagin hori.

        Plaza aldetik auto hotsa entzuten zen tarteka. Gaua zen eta norbait etxera heltzeko zen oraindik. Aritzek berotasun falta sumatu zuen abendu bero hartan. Aitzakia bat behar zuen Lierni besarkatzeko ohe ertzeko karelean, baina ez zuen kausitu. Eta ahalkez, aitzakiarik gabe estutu zuen Lierniren soina beso artean.

        — Gauza bat ba al dakin?

        — Bai, hildakoei ere utzi egin behar zaiek hiltzen.

        — Horixe.

        — Baina berea duk hagin hori.

        Plazara begira jarri zen Aritz. Taxi geltokian jo eta jo ari zen telefonoa. Itxura harrigarria har zezakeen herriak inork espero gabe. Aski zen begiratzeko modu berritu bat, ordura arte erreparatu gabeko begi kantoitik antzaldatua ageri zen beti berdin jotzen zena. Nork bere eskuak adibidez, edo pentsamendua. Bat-batean bete zitzaion Aritzi botila zuen bihotza. Taxi bat ikusi zuen plazara heltzen, isilik zen telefonoa, kalea hutsik. Belardi bat etorri zitzaion gogora, belardi bat gauean bere behia jagoten, leiho bat etxe bati begira. Lierniren begiak ate zabal bi iruditu zitzaizkion. Ez zen handik aurrera ausartu.

        — Nahi al dun hiretzat?

        — Ez duk gurea.

        Isiltasuna artatzen egon ziren neba-arreba biak luze egin zitzaien tarte batez.

        — Leirek eman zidaan —ekin zion Liernik orri tolestua atzera kutxatxoan gordez.

        Arreba txikiaren logelatik joateko erari zoragarria iritzi zion Aritzek. Auskada larriz luze jardungo zitzaion haginka. Urregorria zen irribarre xume hura, agur esan gabe zihoan presentzia ezabagaitza. Nahita ere ezingo zuen inoiz gehiago bakarrik egon. Zeharo ez behintzat. Esku txiki haiek, argazkia, gaua, beti hor izango zituen. Oraina atontzen, josten ari zitzaizkion Aritzi.

        Bost axola egunetan loak hartzen ez bazuen, aita-amak bere itxuragatik kezkatzen baziren bost... Argazki gordin bat zuen gogoaren muinean aitzindari, izena aurkitua zien gauzei, leku eta aurpegi bakoitzak aieru eta sentimenduak iradokitzen zizkioten, eta bazuen non gordea sentimendu bakoitza.

        Esan behar zion Enekori. Adiskidetasunak baduela odolak ez duen zerarik. Goitik behera ezartzen zaigunari gaina hartzeko modu bat badela. Hagin guztiei dagokiela zeini bere ahoa. Egon ez dagoela umezurtzik. Azken beltzean denok garela kalean bilatutakoak. Esan behar zion.

        Biharamunean goiz irten zuen etxetik, bezperan bizi izandakoaren oin arrastoak gal zekizkion beldurrez. Kontuz eraman zuen hatz artean hartua Enparango zubiraino. Harrizko koskan gora igo eta burdinazko barandaren kontra tinkatuz esku ahurretik labaintzen utzi zion haginari. Elur pikor alea ibaian must egiten; euriak ematen zuen hagin zaparrada mozorrotua, elurte endekatu bat. Bristada eragin zion ur uherrari eta eskua euritan bustitzen utzi zuen.

        Enekok zain behar zuen arkupeetan. Eguerdira artekoa elkarrekin emango zuten. Bizi-bizi ari zuen, hoztu egin zuen negu kiskali hartako giroa eta Aritzek kalean gora jo zuen aterpe bila.