Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Itzalak

 

Lizeagatarren alaba zaharrenarena gogorra joan zen. Gertatutakoa alukeria bat izan zen, alukeria handi samarra aukeran.

        Gogoa horretara jarri eta esaten duzu, hainbeste itxarondako berria heldu, denok itxaropenaren mirabe izatera etorri garen garaian zer, eta orduantxe zertu. Badakizu zeruan ere istripuak izango direna, saminak aldian aldiko su-etenak baino ez dituela onartzen bere eskuzabalean. Eta beti espero duzu gauzek beste nora bat har dezaten, gertaera latzegien albistea noizean behin arintzeko lain badarik ere.

        Ibili-ibili eginda, segundo laurden batean mamitutako tragedia baino ez zen izango, herri txiki bateko gertaera tamalgarri txiki bat, uda amaiera hartako poz giroa erdi-zapuzteko adinakoa ozta-ozta egin zuena. Izan ere, egunero izaten dugu handiagoen aditzera. Baina nork bere etxeko atean sumatzean sortzen du keizua balbeak. Noski. Zenbat eta urrunago jo sorgorrago gatzaizkio hil kanpaiari.

        — Ederra egin duk! —atera zitzaidan esatea neskatoa harrapatu zuen txoferrari, hura autobusetik jaitsi orduko.

        Gure okindegi ez baina, ogi saltokiaren aurrean gertatu zen ezbeharra. Adi-adi nengokion giro muxinari begira. Bezero gutxien ibiltzen den garaia izaten da arratsaldeko tarte hori, zer-suma egoteko egokiera. Bostak jota ziren, artean ETAren su-eten aldarrikatu berria beste konturik ez zerabilten irratiek. Pozak ia jendetasunezko kontua ematen zuen, inori erakutsi beharreko derrigorrezko aurpegiera, dena zen onginahi eta barkamen lerde-jarioa. Aspertua nindukan egoera berriari eman nahi zitzaion antzak. Gaiztoz, imintzio eta keinu festa, itzal erakustaldi bat besterik ez nuen ikusten.

        Listukada bezala jausi zen erakusleiho aitzinean Ainitze Lizeaga. Gorputzak ez zuen odol arrastorik. Katakume bat errepide bazterrean lo-eroan etzana. Espaloiko ertzaren kontra bildua. Ezagun zuen lepo-hezurra behar zuela. Kolpe txar bat.

        — Itzal gorri bat etorri zait gainera.

        Gidariak nahi zuen jendearen aurpegietan atsegin, samur, laket zekiokeen zerbait irakurri eta pantaila zuri bat besterik ez zen bisaia bakoitzak eskaintzen ziona. Trokazulo ikaratu bana begiak. Bakarrik hagoka ari gintzaizkion isilean inguruan ginenok. Igerileku parean jendetza handia bildua zen udaltzainen autoa iritsi zenerako.

        Ikusi nuena kontatu nien ertzainei hotz-hotzean, beroki gorriz jantzitako neskatoa ero moduan munduaren karel batetik bestera korrika batean. Gogoan behin eta berriz osatzen nuen betiko koskatua zen arrautza haren oskola, ispilu haren kalma zuria. Ez alferrik.

        Aita ikusten nuen igerilekura inguratzen udaltzain batek besotik zekarrela, aita ikusten nuen lehenago tailerretik irteten, aita ikusten nuen ondoren amari esaten, aita ikusten nuen nire aurrean, tapakia esku artean, aspaldi aienatutako ohe bateko estalki ahantzi bat bezala hartuta, epaitegiko langilea albotik berbetan ari zitzaiola. Eta hantxe, murmur gor batean Urola ibaia guztiok goitika egindako behazuna bildua balu bezain uher zetorren; zihoan.

        Hizketan igarri nion gidariari zestoarra zela. Handik puskatera esan zidaten nola ibili zen. Burua nahastuta, orduak nahastuta.

        Sanjuandegi auzoko jubilatuen tabernan egin nuen topo berarekin hurrena. Ezagutu egin ninduen.

        — Egunero ikusten haut autobusarekin pasatzen —esan nion hurbildu ahala—. Zigorrik eman al ziaten?

        — Hobe bai; ez ninduten errudun jo.

        Ezpain-mintzak ardoak nola belztu zizkion erreparatu nion.

        — Beste bat hartuko duk —esan nuen.

        Jose Antonio Agirre plazan trikitilariak kioskotik erromerian erabilitako puskak jasotzen ari ziren.

        Hildakoaren etxera joateak egin zion bentaja aipatu zidan lehenbizi. Politto loratuta zegoela iritzi nion; biok ere ez genbiltzan lehorrean.

        Hileta egunean umearen gurasoak bera kontsolatu ezinik ibili zituela aitortu zidan. Irri tristea erne zitzaion gauari eta nik ardotan idatzita irakurri nituen gidariaren hitzak.

        — Latzagoren bat gertatzen zaianean kenduko zaik harra —irten zidan.

        — Hi haiz hi putakumea.

        Bihurritutako milako bi bota zituen barra gainean, destainarik gabe. Kopa bat eskatu nion tabernako neskari bakartu nintzenean. Zer edo zer abesten saiatu nintzen, oihu batzuk egin nituen, gora batzuk ere bai... Bakarrik. Ez zegoen gaizki Sanjuandegiko jaiei amaiera emateko.

        Neure itzala arrastaka garraiatu nuen etxera halako batean. Zer egun zen ekarri nuen gogora. Atea bildu eta bi eskuekin ferekatu egin nuen, lipar batez baino ez, ama banu bezala.

        Hozkailua ireki eta hutsik kausitu nuen.