Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Agurra

 

Zain egondako unea heldu zen eta ez nuen jakin zelan erantzun. Abandonoak hari luzea zekarren. Berariaz landutako banaketa izan zen. Hainbeste ziri pozoitu, hainbeste ezentzun, hainbeste ezesan.

        Uste ez arren trinko atxiki zitzaidan errukarria, babesgabea nintzeneko sentimendua. Eta ardotan itotzeko ahaleginak ez ninduen Zumarragako erietxera baino harantzago eraman. Ez nuen hiltzeraino edateko edo erotzeraino maitatzeko barrurik izan. Beti izan naiz epela. Hala esan izan didate behintzat.

        Egun biko egonaldia. Barrutik garbitu eta osagile-erizain jende zintzoaren laido zipriztinak larruazaletik irentsita etxean nintzen atzera. Bakarrik baina.

        Gertatu behar duena badakizu eta etxe hutsaren baitan zelatan jartzen zara. Piztia bat zara, piztia zeken bat zeure hestemintzetako ozpinetan aztarrika, eta bakardade hori duzu bazka. Inor ez dator lehen orena bete denean, igogailua entzuten duzu, auzoa zelan betetzen den sumatzen duzu, ate hots bat bestearen atzetik, gabon opatzeak nonahi, harrera abegikorrak. Argiak iluntasuna urratzen.

        Zeure buruari diozu, honezkero ez zetorrek, eta tristura berriaren gozominak bihotz zola kilipatzen. Eta norbaiti esateko premia sentitu orduko badakizu inori kontatzekoak ez dituzula zureak. Orain ez zaizkizu, bat-batean, kristautasunean must egiteko aski adore izan ez eta, elkarrentzuketaren edo autolaguntzaren gisako melengakerien ateak zabalduko. Negar, negar bakarrik egiten da beti.

        Malenkoniaz begiratu nion telefonoari, eta telebista itzaliak mehatxu egiten zidala iruditu zitzaidan ondotik pasatzean. Horra non neukan solas merkea eta erosoa handizka. Lotsa apur bat banuen artean ordea, eta edanaren arte nobleari lotu nintzaion buru-belarri.

        Mutikotan tristura hondargabea sortzen zidaten, lehen eskola egunetan gelako zerrendetan agertu arren, gero sekula etortzera iristen ez ziren balizko ikaskideek. Batzu-batzuk argazki bidez besterik ez genituen ezagutu. Kimu-berritzen hasterako inausitako adarrak jo izan ditut gero, gizaki arrunton gainetiko indar batek eskukada bortitz batez gure bistatik deblauki kendutako promesa eta itxaropena. Orduan pena astuna sentitzen nuen, egun gutxiren buruan sendatzen zitzaidana, dena den. Aiseago ematzen dira auzoaren zauriak.

        Behin, ordea, ez nion eusten asmatu jakinminaren ziztadari eta galdutako mutikoaren xerka ekin nion, ez dakit zer bulkada ezohikok horretaratuta. Uzkurra bainaiz izatez, eta beldurtia, egundo mentura eta ezpalari ziria sartzera batere emana ez.

        Tomas Agirrebeña zeritzana ezin izan nuen ezagutu hondarrean. Etxez eta herriz aldatuak ziren ni inguratzerako, aita ezin zelako hemengo girora egin. Bronkiotatik gaizki zebilen antza eta arras kaltegarria gertatzen bide zitzaion gure bustitasun errimea. Argazki hura oldartu zitzaidan akordura.

        Itsas handiaren bakardadeak hartu ninduen gauean, urpe zaratatsu beti urrunaren handitasun soraio eta helgaitzak. Ongi nekien han nire beharrean legokeenari huts eginen niokeela behin eta berriz. Ezer jakiterako berantegi izango zen mundu oso batendako. Baleen abistuak jotzen nituen gau ilunean gure etxeko leiho itxiaren aurrean. Bariantean entzuten nituen autoen hotsa zen bizitasunaren zantzu bakarra. Etxekoi zitzaidan motor zarata. Zerbait bizirik bazelako froga. Ortzemuga gorriaren hegian Frankenstein abegikor baten bihotza entzutea lakoa.

        Logabeko biharamuna iristen zenean han izango ninduen, besoak zabalik, bere ukaldi bortitza hartzeko gertu.

        Astelehen goizean bulldozerra hartuko nuen eta inork ez bezala urratuko nuen zorua. Xeraz aterako nion lurrari non zen arrakala beratua, zelan mintzo zitzaidan sakonera isilkaritik. Ez zidan lanean inork igarriko ezer, betiko naparra izango nintzen, premiazko zerbait jasotzen ari bagina bezalako amorruz etxe karuak egiteko etxe zaharkituak botatzen, aspaldi luzean lo sakonean izandako orubeak harrotzen.

        Eta arratsalde hondarrean kabina barruko kristal hautseztatuaren atzetik alaba ikusiko dut. Eder. Ez dut haren beharrik amaren irudiak barruak har diezazkidan bere ertz urragarri guztiekin. Kaskoaren aurreko hegala jasota egingo diot agur, itxaroteko keinua lanetik atera arte. Aurki beteko dira bi urte etxetik alde egin zuela. Eroskin kajera lana bilatu eta hilabetegarrenean edo izango zen.

        Artzubiko garagardotegian elkartuko gara. Kaleko arropak jantzita hurbildu eta ardoa eskatuko dut eztarriko hautsaren lakartasuna leuntze aldera. Eta kaletik jakin baino lehen neuk esan nahi diodala. Zumarragako erietxekoa azaldu ostean, aipatuko diot amak etxetik alde egin duela. Apal, dramatismorik gabe.

        Eta alabaren begi handietan induskatuko dut lehendik bazekien asmatzeko. Bigarren basoerdia hustu aurretik eskua hartuko diot nire atzapar latz artean. Gurean afaltzeko eskatuko diot, bihar gaur ezin badu. Hotz agertu nahiko dut, lasai itxura eman, beldurra diot alabaren negarrari. Ekiten dionean kurloi baten pare hasten da hipaka isil batean. Beldurra diot bakarrean egiten ez den negarrari, aurre egiteko kemenik gabe harrapatzen baitzaitu, ezdeusaren mailara jaisten zaitu istant batean, eta gauzen neurria aldatzen du, orekak berritzen ditu, modu ustel batean baina.

        Gero agur esango diot alabari, baina atzea eman aurretik hurbildu eta bota egingo dit, Egia al da oraindik jo egiten zenuela?

        Eta luze joko dit gauak. Mahai gainean hildako arrain bat da telefonoa. Altzairutegiko itsasoaren marruma entzuten da oskorriaren pean.