Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Txoria bezala

 

Bost minutu inguru da hil naizela. Oraindik gertuegi daukat bizialdia, nonbait, eta lurrun astun moduko batek nauka hartua. Kezka. Munduaren zama, une batez, neure gain hartzera behartua banintz bezala.

        Egunkaria irakurtzen ari nintzen. Egingo nuke parkeko urmaeleko antzarek ez didatela oraindik hildakoaren osoko izantza erantsi. Zurrun geratu naiz, burua beheratua egunkariaren orrialdera, irakurle arretatsuaren maneran. Pasaeran ni ikusita bakarren batek egin zezakeen beretzat, Intelektual bat!

        Kezka bat daukat, ordea, heriotzako ordua deitoratzera nakarrena. Nire heriotzaren albistea kaleko usoen eran hegaldatuko da eta neu baino lehenago iritsi etxera. Eta han, aurrena saminak beteko ditu gela guztiak, korridoreak eta armairuak banan-banan, baina gero, ordu batzuen hautsa gauza eta bihotzen gainean pausa dadinean, susmo baten itzalak hartuko ditu sukaldeko azuleiuak eta sarrerako zorua, errezelen geriza leihoetan, kainuetako euri hotsa. Eta gezur txiki bat esatera ere jarriko dira Elena eta Jakes. Badakizu, aitaren izena dago tartean.

        Ez da atsegina etxeko baten ustebako heriotzari aurre egin beharra, eta areago ez jakitea une hartan zertan zen Donostian hildakoa. Esango diete Gipuzkoako enparantzan aurkitu nautela txoria bezala, bankuan jarrita, egunkaria irakurtzen. Jakesek jakin nahiko du zein orrialdetan neukan zabalik kazeta, ezkutuko korapiloen bila, baina ez dakitela edo esaterik ez daukatela adieraziko diote lainotasunez. Sub iudice bainago orain; horretarako neurria eman dut sikiera.

        Arrunkeriaren traza hartzen du horrela hiltzeak, desohore susmoari zipitz bat uzten dionarena. Hiltzera doanak erraztasunak ematea estimatzen den gauza da: non zebilen, zertan ari zen, etxekoei, azkena, urte luzetan lustrea emateko moduko hitzak esatea... dotoretasun eta gizalegez heltzea azken ordura ere, gardentasuna gailentzen dela bizitzaren hondarreko muturrera arte.

        Aldean ibiltzeko astunegia jotako harri potor bat bezala botako naute lurpera azkenean. Eta bihotz barrenean nekez aldarrikatu ahal izango naute emazte-semeak. Ez naizela inorentzat eredu izango ezertan, eta zorionez, erantsi behar nuke barruak agintzen didanari men egitera. Horiek ez dira, hala ere, niretzat hiltzeko lana larritzerainoko kezkak.

        Soraio natzaie dagoeneko munduko ibilerei, ez dago nire gain ezer egiterik. Zilegi zaidan arduragabetasunak jan nau. Hil arte bizitzeko agindua bete dut. Kitatu dut zor hori. Nago hildako batzuen egoteko erari antzematen zaiela lor hori arindu izana. Nire egoera ofizialtasunez jantziko duen epailearen esku nago orain.

        Tapaki batez estali naute. Oso oldozpen tristeetara eraman lezake hiritarra, bere zereginetan dabilela, hildako baten soin bizitzaz biluztuarekin topo egiteak. Hildako bat galdera bat delakoa topikoa da baina ez da gezurra. Eta gorputz bati darion galderak desatsegin izaten badaki. Plastikozko zintaz itxi dituzte nagoen bankuaren inguruak. Txundigarria da funtzionarioek lanean jartzen duten perfezioa eta tema, egundokoak eta bi ezer bere arrastotik irten ez dadin, Lurrak dagokion orbita zehatzari milimetro laurden bateko xirkua egin ez diezaion.

        Naukaten tokitik ikusi ez da itsasorik ikusten baina usain egin daiteke batzuetan. Nondik jotzen duen haizeak. Eta hemen ondoko kresalaren lurrin sarkorrak Zarauzko egunetara narama. Orduko sentimenduetara, orduko aieruetara, orduko bizira. Jada neure baitakoa ez naizela esatea badaukat biziminaren antsiak nahigabetu gabe. Oroitzapenak, euren oinak, euren bideak eta pausalekuak, euren gogo propiala eta apetak balituzte legez datozkit. Deitu gabeko gonbidatuak dira. Abegia eginen diet. Hor datoz milioika aukeraren artean hobetsiak, mundualdi bateko hondarreko argazkiak izateko ilun sakon honetan hemen nagoka, nabarmendu guran. Behar denean hilko dira.

        Esan bezala Zarautzen ginen. Goizero pilota saioa egiten genuen fraileetako frontoian. Marea goian zenean moilara joaten ginen arratsaldetan. Jauziak, jolasak, igeri apur bat. Itsasoa behe samarrean zen artean eta kaira jo aurretik Getariarainokoa oinez egitea erabaki genuen, Santa Barbaran zehar. Han autobusa hartu aurretik pilota saio bat agian. Nekatu beharra zegoen gure umea, Jakes ez baitzen geldirik edukitzekoa.

        Eguzki errea zegoen. Bazkalondoan abiatu ginen. Torreoian kera egin eta giroaren bikaina, paisajearen zoragarria miretsi genuen. Jakesek zortzi-hamar bat urte izango zituen, nik berrogei beteak. Largabistak morralean gorde eta Santa Barbarako ermitarantz egin genuen galtzada zaharrean gora. Mahastietako hostaje trinkoaren azpian ibili ginen atseden bila, aterpe itzel haren pean mundu itzaltsu eta isilago bat kausitu genuen. Abuztua zen, mahats ale txikiak sorta trinkoetan bilduak. Pozaren usaina zuen gure izerdiak.

        Zabalik zegoen ermita eta sartu egin ginen. Zurezko sabai urdina, ontzi irauli bat ekaitz arriskutik gordetzeko. Aldarean pare bat txanpon utzi zituen Jakesek. Presarik gabe gindoazen. Gosetutakoan jan, egarritutakoan edan, nekatutakoan gelditu, ikusi, gozatu. Ate parean tentagarri zegoen kanpaiaren katea, ezin eutsi izan genion tira gabe. Txakur baten zaunka erretxinduak erasiatu gintuen.

        Jende asko zen hondartzan. Garbi ikusten zen urrunera arte. Haize hegoak luze du irismena. Iparraldeko kostako alderdi bat, hala ere, ganduak galarazi zigun.

        Lahar garai artean masustak hartzen arantza sartu nuen eskuan. Pagoa eta urkiaren gerria nahastu genituen. Jakesek esan zuen lehorra uharte handiz osatua dagoela, kontinenteak hala direla, alimaleko uharteak. Itsasoaren zelai alderantzizkatua miretsi genuen gordean dituenak ezinaren keinuekin iradokiz.

        Getarian autobusaren ordutegiari erreparatu genion. Ia ordubete geneukan eta errepide ondoko frontoia libre.

        — Aita, hemezortzira partida!

        — Baina irabazten badizut ez haserretu —erantzun nion gurasokeria zipriztinak neurrian banatu nahiz.

        Sasoiko egonagatik ni baldartzen hasia nengoen, gerria gogor eta hanka zainak makal. Hortik aurrera jakinekoa, bigun behar dena gogor eta gogor nahi dena zimel eta maxkal, mahaspasaren pare. Jakesek poliki egiten zuen pilotan bere adinerako, ez haatik ni mendean hartzeko beste. Ordura arte bederen. Postura dotoreak zituen, esku biak onak libre-libre askatzen zituenak, eta malezia pixka bat ere bai. Ni, aldiz, nire adinean pentsa litekeen txarrena nintzen. Indarraren puruz irabazten nion, Jakesekin ibiliz ikasia nuen nekientxoa.

        Igandea zen. Festak amaitu berri eta ontziak ur handitako gazira berriro laketzen ariko ziren. Hila zegoen Getaria, uda betea izateko erori samarra, Gipuzkoako kostako xarmantasunaren ikur izatearekin une batez nekatuta edo, bat-batean bertako parriletan erretako sardina guztiak, txitxarro guztiak, itsas-zapo eta Afrikako bixigu guztiak elkartu eta aldi baterako su-etena eskatu balute bezala. Beharbada goizegi izango zen artean eta nire gogoetak beste eragileren batek petralduko zituen. Ondoren etorri zenak akaso. Ez dakit.

        Kosta egiten zitzaigun pilota hirugarren koadrotik atzera mugitzea. Ez motela zelako, aurreko paretako harearriaren lakarraren kausaz baizik. Amorruz jardun genuen biok. Ez geunden elkarri barkatzeko. Estua zihoan partida. Behingoagatik Jakes konturatu zen pilota zabalean lagata egiten zidala minik handiena, bat, bi, hiru ezker tirada sartu zizkidan eskuineko marraren ondo-ondoan.

        Hamabi eta hamaikakoarekin aurretik jarri zitzaidan. Zoragarria zitzaidan ikustea gure haurra estreinakoz aitari irabazteko bidean. Baina aita ni neu izan, eta horrek ustez ezkutatzen asmatu nuen min-sorra sortu zidanik ezin uka. Nola esan, karel baten gainetik igaro eta hori ere betiko galdu duzun sentimendua.

        Freskagarria eta pintxo bana hartu genituen Kale Nagusiko taberna batean. Bitxiak jo genituen han eskaintzen ziren batzuk. Eman behar gure herria euskal sukaldaritzak zabaldutako kreatibitate eldarniotik hoztu ezinik zebilela. Potoko hegaluzea maionesarekin, antxoila eta piper berdea ogi artean, txistorra, galeper arrautza eta urdaiazpiko xerra pintxo bakarrean... Psikodelia hutsa.

        Lagun handiak bezala, nire besoa Jakesen bizkarrean, haren burua nire bular gainean erorita eseri ginen Zarauzko autobusean. Gogobeteta, nekatuta, pozik.

        Eta lauso gozotan doazkit gomutatik irudiok, urrun hezetan aienatuz. Soseguz nabaritzen dut ari naizela joaten —galtzen esatea askotxo da—, hilagotzen. Ezin dut ezer, dena badoa hotzean, ez dramarik, ez ironiarik.

        Ura zapaltzen ari banintz bezala nago Donostiako Gipuzkoako plazan, postontzi ahantzi bateko gutun biluztu bat bezala sartu naute plastikozko zorro batean, kezka gero eta ñimiñoago baten osinean murgiltzeari emana.