Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Arratoiak

 

Negua ari du aurten. Hotza. Bustia. Hezurrak zurminduta gaude, sabela beti erdi bat gose eta beste erdia huts. Soldaduak dabiltza kalerik kale, eriak eta hilak garraiatzen ez bada, euren etsia noren lepotik berdinduko. Inorentzat onik ez denean, ez dago izaki doilor eta errukarria besterik, miseriak bihotza gogortzeaz bat, ordea, bilakatzen gaitu ulerberago. Odola zainean bezala antzigartzen zaigu elurra soinean. Hotzak, aiduru gaude baina, ez gaitu hiltzen ahal guk nahi bezain fite. Bizia biziari aldezten zaiola. Aspaldi ez bezala atzo ikasi dugu azkenean asea zer den.

        Gu gauden kaserna lekaime komentu izandakoa da gerra hasi aurretik. Urkamendi zaharretik gertu dago. Hor aldean eskolak egin zituzten gero. Aldirietako kanoi eta mortero hotsek iratzarriko gaituzte batzuetan; bestetan, berriz, baratzeko hormaren kontra fusilatuak nola abailtzen diren begira egoten gara geure aterpetik, euriari begira bezala. Ikusteko ederrenak isilik jausten direnak dira, ez negar bat, ez erantzukirik, harro nahiz apal, keizuak itsutuak zein penak sorgortuak bala tantolak lotu eta etzan.

        Baratzeko hormaz beste aldean erietxe militarra dago. Bake garaian bi txalet eta institutu zaharra ziren eraikin horietan. Gogorra behar du gaixo denarentzat aldian-aldian entzuten dituen iskiluen festatik kanpo geratzeak. Ez denak, baina fusilatu batzuk ospitalera eraman ohi dituzte. Zail da guretzat hara sartzea, goseak zentzumenak zorroztu dizkie garai batean gurekikoan epel agertu ohi ziren kateko zakurrei ere. Hormaz honantz sortzen den apurrarekin errenditu behar izaten dugu beraz.

        Hori guztia horrela zen, ordea, duela lau hilabetera arte, orduan agertu baitzen estreina gizakien artean egundo ezagutu gabe geundena, laguna.

        Soldadua zen hura ere, kasernako ziegetan arduraren bat bazuena. Egun argiz inoiz ikusia genuen baratze ondoko patioan gatibuak zaintzen edo aginduak ematen. Zorrotz erabiltzen zituen mendean zituenak, haatik lausengaria zen goiko jendearekin. Iluntzero hasi zitzaigun jatena botatzen oiloak bagina bezala.

        Juzgu txarra egin genion aurrena. Hura joan eta puskatera ausartzen ziren baratzeko zokoan barrena gure artean berezko adoreak edo goseak erantsitakoak gehien ziztatzen zituenak. Hark emandakotik inor gaixotzen ez ginela ikusita egunean-egunean beldur gutxiago erakusten genuen. Ez gintuen ihizitzat nahi morroitzarako baizik.

        Laster hurbildu gintzaizkion eskutik jatera, baina ez zen horretan betetzekoa bere asmoa. Bezatu egin nahi gintuen, bere nahiera makurrarazi. Gu, berriz, beti izan gara tratura emanak onurarik ekar diezagukeen bitartean, eta zainak esanda genekien tratu hura on zitekeela guretzat.

        Asko ere ez ginen baratze aldeko zuloetan bizi ginenak. Elkarren kontra bilduz hotza kendu beharrez, beti irizten genion urri geure multzoari. Hotzak hotz, bazirudien neguaren gorriena guretzat joana zela laguna galtzen ez genuen artean.

        Jolas egiten zuen gurekin ilargiaren argitan. Segikadak egiten zizkigun, korrika ibiltzen ginen elkarren iheska. Galtza barrenak hozkatzen uzten zigun, kolkoan erabiltzen gintuen, berak jarritako izenez hots egiten zigun.

        Halako batez, jolasen hariari jarraituz gutako batzuk zaku batean sartu gintuen eta ziega batean jaregin. Ohantze txokoan kuzkurtuta hartu gintuen han zeukaten presoak. Nabarmena zen nazka sortzen geniola. Nazka hobe beldurra baino, estu lotzen baititu eskuak nazkak beldurraren aldean. Ziega zuloari ikus-pasara eman genion lekuak ezagutze aldera: ahamen gozotik gutxi hala ere, mahai ziztrin baten gainean bi liburu, bizpahiru gutun eta orri batzuk, ez gehiago, ohe gainean presoaren betaurrekoak. Behialako lekaimeen gela hotzei gatibutzaren larderiak zorroztuak zizkien ertzak. Mahai inguruak arakatzen ari ginela dei egin zigun, ez gintuen han luzerako nahi.

        Ohiko bilakatu zen gaueko jolasen osteko bisita hura. Beti ordu berdinean, beti ziega bera, beti izu berari josia presoa, mututasun ito berdinari. Ziegazaina gero eta beranduago biltzen zitzaigun bila. Berariaz gure lagunak ohetik urrun jarri ohi zizkion oinetakoak —aztaletarainoko bota beltzak— astiro-astiro jan genizkion presoari. Ez zen, ordea, horren soraio agertu mahai gaineko gutun eta paper usnan ikusi gintuenean. Heriosuhar ekin zion gure kontra, gogor esetsi gintzaizkion. Taldeko batzuk bertan hil eta beste zenbait larri samar atera baginen ere, laster jabetu zen gerra hura ere aurrez galdua zuela. Hura nahi beste ahaleginduagatik, gu zuzpertuta, ugalduta agertuko baikintzaizkion hurrengo gaulehenean, eta hurrengoan, eta hurrengoan...

        Horrela usteko zuen, aldez edo moldez bera ere jateko asmotan ginela, aurki hasi zitzaigun-eta gauero zerga jabalgarri moduan guk ahora eramateko zerbait uzten. Agian gure adiskidetasuna erdiesteko lehian nahiko zuen sartu beste aukerarik ezean. Hala ere, eta itxura batera, herbalak zituen armak ziegazainaren ondoan.

        Egun batean gutun bat utziko zigun eta liburu baten orri sorta hurrengoan. Artean ez genekiena zen hitzez ere elika gintezkeenik. Gutun hasiera adore eragileek adoretu, eta despedida eztiek gozatu, abesti aberkoiek bihotza berotzearekin batera mineriz jo, eta gatibutza testigantza gordinek elkartasun gosea ziguten ernarazi. Gure entramak azkenik ez zuen. Barren-barrenetik sentiberatasuna eta zuzentasun grina loratzen zitzaizkigun heinean kezkatzen gintuen gure senarekiko uzkurtzeak, odolaren jaierari balizko muzin egiteak.

        Baina ezin olde hura geldiarazi. Laketu egin zitzaigun presoa. Egingo nuke gustura hartzen gintuela azkenerako, bai baitzekien gurekin nondik jokatu, eta elkarrekin ziegazainak inoiz lortuko ez zituen lotura moduak estutu genituela. Gura zuenetik ereiten zuen eta gura zuenetik batzen. Irakurtzen zela, egonean zela, ziega barruan lasai ibiltzen ikasi zuen gu tartean ginela. Behar genuen bazka ematen zigun, eta ahalik eta isilen, ahalbait otzanen karraskatzen genuen txokoan. Inoiz edo behin lokartuta ere aurkitu izan genuen. Orduan, oheburu parean jartzen ginen geldi-geldirik begira, eta loa jagoten genion. Gutunak eta bi liburuen orriak agortu zirenean bere eskuz idatzitakotik ematen zigun jateko. Egunez idazten zuen, nonbait, guk gauez jaten genuena. Gutunak, egunerokoaren atalak, gogoetak, aforismoak, poemak, kronikak, gure bizitzari buruzko istorio harrigarriak. Eskaintza zeharo anitza izan arren, testu guztietan isurtzen zigun errebeldia tantaren bat, geure izate betizua inarroste adinako aldarri lauso antzekotik. Eta, arian-arian, itsatsi egin zuen euri gozo hark gure bihotzetan.

        Lagunak igarri bide zuen gure artekoa hozten ari zela ziegako atzera aurreak hasiaz geroztik, baratzeko jolasgurak arras apalduak zitzaizkigula, jangartsu gintzaizkiola haren eskuari, antsiaz egoten ginela ziegaratuko gintuen zakurako ordua noiz helduko. Ez zitzaion sortu, baina, gure mutiritasuna ziega zuloko apopiloarekin lotzea. Presoa suntsitua zuelakoa egiten zuen, gure leialtasuna itun zartatu ezina zelakoan bizi zen.

        Herenegun ikusi genuen fusilatzen. Uhin txipi bat ur bazterrean nola egin zuen behera, dantzari zauritu bat. Ziegara egunez orduan ausartu ginen. Ez zigun inork erreparatu, pelotoiaren fusilak presoaren odola karroina urtzen ari zen tokira noratuak zeuden.

        Ziegako gure txokoan presaka idatzitako testu sorta zegoen —azken agindu bat?—. Hitz handi eta ederren artean sotilagoak ere baziren, oihan hutsak eta grebak, meatzeak eta haurren loa, belar odoleztatua eta maite-eskeak. Papera karraskatzeaz batera hartu gintuen su min batek, bazterrik hartu gabe errendituko ez den sua. Ulertu genion. Gaur okelez ok egiteak hiltzea ekarriko digu ondoren, baina dagoeneko nork kenduko digu libertate betekada. Ai, libertatea!

        Ohi legez hurbildu gatzaizkio bart arratsean. Eskua luzatu eta berehalako auskada izan dugu seinalea. Bazka ematen ari zitzaigunaren marruak isilarazteko eztarrira, eztarrira jo beharra zegoen azkar. Batzuk begiei kolpe, besteek izter mamiei eraso, kasko soilduari ekin eta ekin, ezpain mintzak urratu batzuk, iztapea mihiaz beratu eta jan bestetzuk, aurki ez da gau izarratuaren pean marruskatze konpasatuaren zunburrun sor bat baino entzun ahal. Ganaliaz jan dugu hestemintz, guruin eta garunetan palasta eraginez. Goizaldeko izotz beltzaren meneko ez dugu utzi ziegazainaren mutxikin pilda besterik.

        Elurra hasten du atzera, soinean karroinduko zaigun elurra, eta gero gosea etorriko da, eta ondoren gosea eta hotza. Gerrak ez du atertu bien bitartean, eta eguna argitzeak soldaduen harat-honata biziagotu du kaserna inguruan, hilak, eriak...

        Soldadu etorri berri batek betaurreko parea kausitu du baratzeko horma aurrean. Eskuan hartu, balaz pikortutako hormari begiratu bulta batez eta atzeko patrikan gorde ditu. Kasernako egoitza nagusira jo du arin.