Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Planeta abailduak

 

Koldo Salegi idazle bergararrak Planeta abailduak izeneko poema liburu berria aurkeztu zuen atzo eguerdian Gasteizko Herrikoa liburudendan, liburuaren hitzaurrea idatzi duen Jon Aldazabal irakasle eta literatur kritikari ezagunarekin eta liburua argitara eman duen Susa argitaletxeko Mikel Izetarekin batera.

        «Zazpi urte dira nire azken poema liburua kaleratu nuenetik», adierazi zuen Salegik bere lan berriaren aurkezpenean. «Neure borondatea izan da denbora tarte hori iragan arte itxoitea. Liburu batentzako lain poema aspaldi osatu nituen, baina aukeraketa zorrotzagoa egin eta liburuaren egitura hobeto mamitzeko denbora hartu nahi izan dut. Mesede handia egin dio horrek liburuari nire ustez.»

        Iritzi berekoa azaldu zen Jon Aldazabal. «Salegik idatzitako lan berriaren meritu ugarien artean, egileak bide berrien bilaketan egindako ahalegin grinatsua da handiena», esan zuen kritikari ezagunak. «Liburuz liburu bere maila gainditzen du Salegik, lehengoaren parera heltzearekin ez baita inoiz konforme izaten.»

        Koldo Salegiren laugarren poema liburua da Planeta abailduak. Liburu berriko poemek«giza izaeraren osagarri ezberdinen azterketa zintzoa izan nahi dute», egilearen hitzetan, «eta osagarri horiek guztien banan-banakako tristura, nekea eta abaildura islatu». Abaildura hori agertu eta adierazteko lanean, «Salegiren hizkuntza poetikoa adierazpide soil baino askoz gehiago ere bada», Aldazabalen iritziz. «Abailduraren isla baino abaildura beraren eragile eta motore delako, soineko baino haragi, mami», jarraitu zuen joan den astean bertan Zornotzako Udalak antolatutako Santi Onaindia beka eskuratu berri duen irakasle donostiarrak.

        Abailduraren haragi, mami, abaildura huts gara, bai... Planeta abailduak biltzen dituen unibertsoa, unibertso freskoa beharbada, itxuraz behintzat, egokia, bizia, tajuzkoa, are indartsua ere hala esan nahi izanez gero. Dena abaildura, ordea, barren-barrenetik. Abaildura eta bere sinonimoak, poesia, zazpi urteko isilaldia, Jon Aldazabal, kazetariak... eta kazetarien artean neu... zuekin bazkaltzen geratzeko astirik gabe, arratsaldean artikulu hau idatzi behar nuelako, besteak beste. Bada ez, ez diat idatziko, Koldo, ez oraingoz behintzat, ezin diat jarraitu, bazegok aurrera egitea galarazten didan zerbait, betiko esaldi arrunten bidea oztopatzen duen zerbait.

        Gaur goizean bertan pozez ninduan hire liburuaren aurkezpenaren berri eman behar nuelako. Harro nengoan hire gaztetako eta betiko adiskide izateaz. Eta liluragarria iruditzen zitzaidaan Planeta abailduak, ondo pentsatu eta landutako liburua baita, benetako poeta batek idatzia. Pronto ninduan neure lana gogo onez egiteko, ilusioz.

        Artikulua idazten hasi naizenean, ordea, liburua iraintzen ari nintzela iruditu zaidak, are gehiago, liburua zauritu eta odolusten ari nintzela, hiltzen eta disekatzen. Horixe iruditzen baitzait egunkariak berriekin eta bizitzarekin egiten duena, horixe baita nik hain maite eta miretsia nuen ofizio honetako langileon zeregina, egunerokoa eta ankerra.

        Baina ez zegok salbabiderik. Ni gabe, gu gabe ere, ez zeukak salbabiderik hire poemarioak, ez zegok salbabiderik planeta abailduentzat. Zenbat poema liburu idatzi ahal izango dituk? Zenbat urtetako isilunea beharko duk poemario berria kaleratzeko moduan haizela esan artean? Eta zer, orduan ere zer? Norakoak dira bide berri horiek, hain nekez aurkitu eta hain mantso ibiltzen dituanak? Hartzen al duk astirik, bide horietan barrena hoala, aldameneko paisaiei erreparatzeko? Esaidak egia. Ez al dira denak berdin samarrak? Izan al daiteke poema bat, poemario bat, bizitza osoko lan poetikoa, bene-benetan berria, bene-benetan baliagarria, bene-benetan ezer? Zein da poetaren benetako bizipoza, Koldo? Ba al daukak zintzo erantzuterik?

        Ez ziguk inork gure gaztetako ametsak bete ez ditugunik esango. Laugarren poema liburua aurkezten hi, gure gaztetako idolo miretsia izandako Jon Aldazabalen laudorioak jasotzen; eta Egunkaria-ko kazetari ni, literaturako berrien emaile. Uste baino askoz ere lehenago gainera. Eta ondo, zuzen, benetan, faltsukeriarik gabe iritsi gaituk honaino. Hori ezin ziguk inork ukatu, faltsua ez den inork behintzat.

        Baina bazegok zerbait huts egin duena, ez al zaik iruditzen? Tren bat galdu ote dugun iruditzen zaidak...

 

                Noiz irten zen galdu genuen trena?

                Urrutira eraman behar gintuena?

                Nork abisatu behar zigun?

                Nork zekien ordutegien berri?

                Nola jakin zuten trena hartu zutenek

                noiz joan behar zen geltokira?

                Zein txokotan, zein egintza arrarotan

                geunden gu, despistatuta?

 

                Orain ez dugu erremediorik.

                Hemen gelditu gara.

                Etsita.

                Aurrera baino atzera begira bizi gara.

                Handiari baino txikiari begira.

 

                Bide seinale hautsiei erreparatzen diegu,

                baserri hondatuetako harri zaharrei,

                espaloietan sakabanatutako zabor apalari,

                leihoren bat edo beste hausten dugu,

                teleaparatuekin kargajasotze saioak antolatu,

                kale ahaztuetako asfalto gainean etzan

                mozkor plantak eginez.

 

                Kontzentratu egin ditugu

                lehengo amets ederrak kapsula txikietan.

                Gero eta trinkoagoa da gure hizkera.

 

                Noiz irten zen galdu genuen trena?

                Inork ez zigun ezer esan, ezer galdetu.

                Izan al zen trenik?

                Pena sentitu behar al dugu galdu genuelako?

 

        Tira, berriketak utzi eta artikulua amaitzeko garaia diat. Hasierara jo, lehen lau lerroaldeak berreskuratu eta aurrera ekingo zioat berriro, handik abiatuta, gure belaunaldiko poetei buruz esan dituzuenak aipatuz: «Hautsi beharrekoa hautsi dugula iruditzen zait. Orain, hausturaren bideetan esploratzen has gaitezke, eremu berrien bilaketa amaigabean...» Ez duk zaila, baina presaka ibili beharko diat, ordubete pasa galdu baitut alferrikako jardun antzuetan.

        Ikusia zegok, Koldo, artikulu hasi, poema bilakatu eta orain nola bukatu ez dakidan testu hau irakurtzea asko duk horretaz ohartzeko: ez zegok salbabiderik planeta abailduentzat. Besarkada handi bat, nolanahi ere, nire adiskideen arteko poetarik handienari eta poeten artean adiskide handiena dudanari. Gora planetak!