Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Mugagabe

 

Elizan, aldare aurreko hilkutxaren barruan, hire gorpua zegonan gaur iluntzean, kirasten hasia. «Beti-betiko goza dezala zeruetako argi zabala», kantatu dinagu denok ahots batez kantu itxaropentsu ederra, baina, neuk behintzat, argi zabal horren gozamenarena sinetsi nahi eta sinetsi ezinda. Ezin guk ezer jakin horretaz, ezin guk ezer jakin hitaz. Inkomunikazio mugagabe baten hutsune sakonak izutu nain katabut itxiari begira. Damuak oro alferrikako bihurtzen dituen inkomunikazio eternala, bueltarik gabekoa. Nola esan hiri, nola esan zera, ez zekinat ba, zera...? Nola entzun hik esanak? Zer dion hik? Non da, non entzun liteke hire ahotsa? Non dira heuk izan ezean beste inork ezin esan ziezazkidakeen kontuak? Mingarria izan dun gorpu hil hari auskalo nora ihes egindako arimak neuri bakarrik esateko kontuak zituela pentsatzea, adierazi ezinak dagoeneko, adierazi ezinak betiko.

        Ni ez naun zorionerako egina. Betidanik izan zionat halako narda moduko zer ulergaitz bat zorionari, orekan eta egunerokotasunean oinarritutako zorionari, aldez aurretik finkatutako zorionari, jakinaren gaineko zorion ezinbestekoari. Nire heroiak ez ditun zoriontsuak, ez dinat inoiz inor zoriontsurik izan heroitzat, eta nik ezin ditinat neure heroiak zorionaren izenean traizionatu. Bai, zoriona traizio gisa ulertu izan dinat nik beti, txiki-txikitatik. Beti iruditu izan zaidan zorionak indar guztiak jan egiten dizkiola gizakiari. Zoriona txerto lasaigarria dun, eragin hilkor erabatekoa duena pertsonaren indar errebeldeekiko. Gizakiak, nire ustez, errebeldea eta librea behar din, hala ditun neure heroi guztiak, edozertarako prest noiznahi, ezein zorion orekarekiko lotura katerik batere gabekoak, alegia.

        Hitz hutsak ditun hauek guztiak, nire heroi horiek ere fantasma hutsak diren bezala. Hi betiko isildu haiz eta ez dinat hire hitzik aditzen, baina ezagutzen dinat, bai, hire iritzia. Hitz hutsak ditun, zentzurik batere ez dutenak, poeta amateur gizaixo baten ume kontuak beharbada besterik gabe. Baina hitz horiek ditun herenegun iluntzean esan ez nizkinanak. Hitz horiek ditun nire ezezko isilaren azpian gordetzen ziren arrazoiak, betiko arrazoi esplikagaitzak, erridikuluak, baina hala ere, azken-azkenean, nire ezetza eta hire heriotza bultzatu zutenak iluntze horretan.

        Orekarik gabeko beste zorion mota batek harrapatuta gidatu ninan kotxea hik eskainitako zorionari ezetza eman ondoren, hi nahigabearen noraezean dardarka utzi ondoren, etxeko atarian. Nire heroiekiko atxikimenduaren horditasun zorabiagarriak harrapatu nindinan negar eginarazteraino. Libre sentitzen nindunan, ez hondorik eta ez mugarik ezagutzen ez zuen tristura leun baten jabe, eskuak bolanteari eutsita gaua zeharkatzen nuen bitartean. Neure heroiekiko traizio orotatik libre, gauarekin bat egiten zuen izpiritu galdua nindunan, planeta jakinik gabeko untzi hegalari librea, ostondo osoaren jabe. Galtzaile triste bat, zorionerako ezgauza, derrotarekin aurrez aurre berriro ere, aspaldiko partez.

        Autopistan sartu ninan kotxea eta, ahoko soinu malenkoniatsuz jotako kantu tristeak bolumen altuan jarrita, Bilbo aldera jo ninan, probintzia osoa zeharkatzeko batere beldurrik gabe. Elkarrekin ibili eta ezagututako parajeak, bideak eta herriak zeudenan autopista ertzean, gauaren ilunak estalita. Hire pena saminak eta hire haserre bortitzak ez zidanaten lasaitzen uzten hasieran baina pixkana-pixkanaka ezerezerantz amildu zitunan nire pentsamenduak zalantzazko une garratz batzuen ondoren. Zorionaren azken hondarrak atzean utzita, derrotarekin topo berriro ere, gauaren erdian. Bai, lehen azaldu dinadan moduan, orekarik gabeko beste zorion mota bat zunan hura, benetakoagoa, maiteagoa, neureagoa... Bai, neure-neurea.

        Ezetz ninan esan, ezin esan baininan baietz. Nola esango nion bada baietz neure buruaren iraungitze arterainoko ahultzeari? Nola ezarri orekari eusteko beharrezkoak ziratekeen mugak neure buru mugagabe nahiari? Nola eman baietza muga barnean orekatutako zorionari, jakinaren gaineko zorionari, hasi baino lehen amaitutako, jaio baino lehen hildako zorionari? Ez al huen ulertu ume kontu hauek neure izatearen osagai ezin bananduzkoak direla? Baietz esatea ume ilusionatu bat hiltzea zela, itxaropenik gabeko gizon serio bati bizia emateko?

        Orain, nola adierazi hauek guztiak ordea kirasten hasitako hire gorpu umeletik auskalo nora ihes egindako arimari? Ezin dinat sinetsi hire mundua bat-batean amaitua eta ezkutatua denik betiko. Inkomunikazio anker baten hutsune sakona sentitzen dinat, hondorik gabekoa, eternala, bueltarik ez duena. Ezin dinat erantzunik jaso, eta erantzun bat nahi niken, erantzun bat behar niken, ezin baitinat onartu betiko isildu haizenik. Ez dun bidezkoa. Nik ezetz esan eta aldegin ninan, noraezean, baina aukera guztiak zabalik utzita neure ustetan artean ere. Ez ninan uste hurrengo ikusterako hilotz izango hintzenik, galderei erantzuteko gauza ez den hilotz geldi eta mutua. Ez ninan gogoan izan bide horretatik lerra hintekeenik, ez ninan pentsatu ere egin hainbesterainokoa izan zitekeenik hire etsia, hain lodi eta iragangaitza hire isiltasuna, hain latz, gordin eta erabatekoa hire azken erabaki erabakigarria. Non daude hire erantzunak, non daude hire iritziak, hire izaera, hire arima? Nora joan haiz? Hator nigana, maitea!

        Inoiz ahaztu ere egingo bide dudan pena mingotsa besterik ez haiz hala ere ni baitan. Alferrik izango zunan bestelakorik sinetsi eta esatea, ahots tragikoz aldarrikatzea. Zaila dun hori hala onartzea baina bazekinat horrela dela. Heuk ere badakin hori. Hire mundua, hire izaera, hire arima, edo horiek guztietatik neuk jaso ahal izan dudana neurekin eramango dinat beti —bihotz barruan lotuta, hitz topikoekin esateko— baina hilda, berezko garapenerako aukerarik gabe, definitua eta bukatua, gero eta lausoago gainera, ahanzturaren erauntsiek gero eta higatuago. Gogor egin dinat negar atzo eta gaur, baina zer dira ni bezalako malkozale baten gau pare bateko negarrak hire oraingo ezerez huts paregabe horren aldean? Bizitza honetan geratzen zaizkidan gau guztiak ditinat nik oraindik aurretik, hire oroitzapena —garaikur apaingarri soil bihurturik kasik— gauaren misterioari erantsi ondoren, neure heroi bakartiengandik gero eta gertuago sentitzeko, derrotarekin gero eta estuago lotuta, gaurik gau mugagabeago.