Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Argazkitik kanpo

 

 

URRIAK 22, ostirala

Hiri honetan ez nau inork ezagutzen. Hiri honetan inork ere ez daki argazkilaria naizenik. Hiri honetan, izan ere, ez bainaiz argazkilaria. Hiri honetan, izan ere, ez bainaiz inor, ez bainaiz ezer, ezer ere ez. Eta ederki dago, horrelaxe behar du, ondo da, horixe nahi dut, eta horrexegatik nago hiri honetan. Ez dudalako inorekin egon nahi, ez dudalako ezer izan nahi.

        Egia esan, kamera neurekin ekarri nuen erretiro honetara, baina ez dut hura esku artean hartzerik ere nahi. Nahi izanda ere, ezin izango nuke. Beldur ilun bat jabetzen da nitaz kamera ikuste hutsarekin. Argazkiena oroitzapen hutsa baino ez da, oso oroitzapen bitxia, hori bai, barne-barnekoa, neure-neurea. Oso polita izan zen bide seinale hautsiena, oso ondo pasatu nuen. Ez, kontua ez da polita izan zela, eta ezta ondo pasatu nuela ere, beste zerbait izan zen, orain hitzez nekez azal nezakeena. Seinale hautsi haiei begiratu eta seinale haiei argazkiak egitea, hura lilura berezi eta agian errepikaezina izan zen, mirari txiki baten modukoa, mirari txiki eta guztiz pertsonala, neu izan ezik beste inork sentitu ez zuena, neuk ere, lehen esan dudan bezala, ezin azal dezakedana, baina, hori bai, nire bizitzako miraririk handiena, bakarra, berezi eta agian errepikaezina, lehen esan dudan bezala. Bai, lehen esan dudan bezala, ezin baitut beste inola esan, adierazi, agortu baititut dagoeneko hitzak; deus esan gabe, jakina. Ez, ez dago hura zer izan zen hitzez azaltzerik.

        Jauzi gogorregia izan zen bide seinale hautsiena. Erabat ahaztu eta deuseztatua sentitzen dut nire ordura arteko bizitza, hain izan zen xumea, sinplea, ezdeusa, laua, kolorerik, indarrik eta funtsik gabea. Bide seinale hautsien lilurak beste dimentsio batera eraman ninduen, katapultatu, baina orain, lilura horrek abandonatu nauenean, euskarririk batere gabeko espazio ilunean galdua nago, zulo beltz handi batean sartuta, inguruan zer dudan eta inguruarekiko nire harremanak nolakoak diren arrastorik gabe.

        Familia, adiskideak, Idoia... ez dira errealak niretzat. Ez ditut bizi, ez ditut benetan sentitzen. Ez dakit inoiz sentitu ditudan baina garbi dago orain behintzat ezetz, garbi dago orain behintzat ezin diedala ez ezer eman eta ez ezer eskatu, ezin diedala, jendetasunari dagokion minimoaz aparte, heziketa ona esaten zaionari dagokionaz landa, inolako harreman benetakorik eskaini, errespetu formalaren mugetan amaitzen baita gaur egun ezein pertsonarekiko izan dezakedan lotura oro. Inorekin haserretu gabe ere, maitasun inguru bizi batetik bakardaderik ilunenera pasea naiz. Horregatik nago, bai, inork ezagutzen ez naueneko hiri arrotz baina abegikor honetan, errespetu formalari dagozkion ahalegin desatseginetan alfer-neke gogaikarririk hartu gabe ere deus ez izaten lasai-lasai uzten didan hiri honetan.

 

 

URRIAK 24, igandea

Harritu egingo lirateke herriko adiskideak hemen zein bizimodu ordenatua daramadan jakingo balute. Goizeko zazpi t'erdietan altxatu naiz gaur ere ohetik, nahiz eta igandea izan eta eginbeharrik batere ez nuen. Egunero jaikitzen naiz ordu horretan, egunero eguerdiko ordu bata t'erdietan bazkaldu eta gaueko zortzietan afaltzen dut, eta egunero gaueko hamaikak baino lehen naiz ohean. Gezurra badirudi ere —ez luke berehala sinetsiko zenbaitek!— atsegina zait bizimodu metodiko hau, eta atsegina zait egunak ezer egin gabe pasatzen uztea ere.

        Bide seinaleen lilura iragana eta ahaztua dudan arren, aitortu behar dut oso baliagarria zaidala oraindik ere haiei esker eskuratu nuen milioi t'erdia, sari horri esker baitut orain bizi naizen nirvana berezi honetan bizitzeko aukera.

 

 

URRIAK 26, asteartea

Harritu egin nau hiri honek. Ikusgarria iruditzen zait benetan. Lehenaren, orainaren eta geroaren arteko lotura ezin freskoagoak egiten ditu Bilbok. Mila txoko harrigarri ditu, irudimena gainditzen duten forma abstraktu kontaezinak. Kontrasterik handieneko elementuak batzen eta nahasten dira hemen, denak batera, denak pilatuta, denak elkarren gainean, erarik bitxi, txundigarri eta heterodoxoenean ahaidetuta: baserriak hiri barruan, tximinia industrial erraldoi desaktibatua parke zabal eta eder baten erdian, noranahi irteten diren tren ugarientzako gordeleku ezkutuak —satorzulo ilunak antzo— hiriaren bihotz-bihotzean, trena terrazaren ondo-ondoan eta autopista komuneko leihoaren parean duten etxebizitzak...

        Gaur, esate baterako, kasko zaharretik Begoñara joateko biderik zuzen eta azkarrena den igogailu publikoan gora eta behera ibili naiz, bere bitxitasunarekin liluratuta. Gero lanbro mehe batek estali du dena eta, udazkena, oroimin eta tristura barnebildu eta gozo baten forma harturik, barru-barruan sentitzen nuela, hiri erdiko kaleetan jarraitu dut arratsaldeko paseoa.

        Argazki erakusketa bat bisitatzera animatu naiz iluntzean, barruko zirrara horiek samurrago eta neureago sentitzen lagunduko zidalakoan. Horretarako egokiak ziren irudiak, egia esan, udazkenez, oroiminez eta tristura samurrez jantziak: tren geltoki ahantziak, hondartza bakartiak, bideska ezkutuak, etxe isolatuak, zahartu eta abandonatutako auto eta kamioiak. Baina, hala ere, nire ordura arteko lilura guztia hautsi eta afaltzeko orduaz kezkatzera baino ez nau bultzatu erakusketa aretoan egin dudan jira azkarrak. Hantxe amaitu dira gaurko lilurak oro, prosa gailendu zaio, zakar, poesiari. Izan ere, ondo pentsatuz gero, ba al dago argazki, koadro, eskultura edo dena delakoen erakusketa baino gauza zozoagorik, ergelagorik, absurduagorik, erridikuluagorik? Zer egiten zuten argazki haiek guztiek elkarren ondoan, inor harritzeko ezgauza, indarrik batere gabe, hilotz bihurtuta? Izan ere, erakusketa batera joaten dena aldez aurretik abisua jasota joaten da eta, horrenbestez, ez da harritzen, ez du argazkia sentitu ere egiten; gainera, erakusketan ezarritako argazkia erabat indarge geratzen da bere antzekoz, bere kidez inguratua, nortasuna erabat galdurik, kokildua, ezdeus bihurtua. Erakusketak arte lanen hilerri hutsak baino ez dira. Edozein erakusketatan baino mila aldiz indar handiagoa izan lezake argazki batek denda bateko erakusleihoan, taberna bateko horman edota kale kantoi batean era egokian kokaturik, ikuslea bat-batean, ezustean eta desarmatuta harrapatzeko gauza denean, ikuslearekin aurrez aurre egokitu eta gizaixoa asaldatu, ikaratu, biluztu eta bizi-bizirik larrutzeko egokiera duenean. Neuk egindako erakusketa bakarrean ikasi nuen hori, nire bide seinale hautsiak funtsik gabeko irudi inozo eta hutsal bihurtuta ikusi nituen hartan, eta gaur berriro baieztatzeko aukera izan dut, aspaldiko partez.

 

 

URRIAK 27, asteazkena

Ia-ia oharkabean, gero eta gustorago nago hiri honetako erretiroan. Nahiz eta ez dudan ezer ere egin, nahiz eta ez dudan ezer ere konpondu, ez naiz larritzen eta ez naiz gaizki sentitzen. Hona heldu nintzenean, bihar hamabost, dardarka sentitu nituen erraiak. Txarrak okerrera jo besterik ezin egin zezakeela iruditu zitzaidan, eta nire pentsamenduen gela ilunean hilerriko irudiak ere ikusi nituen pantaila txiki batean proiektatuta. Makurtuta egon eta, nahi izan eta ahaleginak eginagatik ere, ezin jaiki izatearen parekoa izan zen egun haietan sentitu nuen sentsazioa. Tximino baten erara, bizitza osoa makurtuta ibiltzera kondenatuta banengo bezala. Apurka-apurka, ordea, anonimotasun, hustasun, bakardade eta lasaitasun paregabe honen egunerokotasunak oreka berri eta atsegin bat sentitzera bideratu nau. Atseginak izaten ari dira egun galdu hauek (noiz itxiko den ez dakidan baina babes epela eskaintzen ari zaidan parentesi luze eta patxadatsu hau). Ez, seguru asko, gerria zuzendu eta altxatu naizelako, makurtuta ibiltzen gozoro etsi dudalako baizik.

        Ostatuan bertan komun nahiko egokia izan arren, ostatuko jangelan bazkaldu ostean hiru edo lau kale aurrerago dauden komun publikoetara jotzen dut egunero-egunero, hesteak libratzera. Eskailerak jaitsi eta izkina batean kokatutako kabinan dagoen emakumeari txartela erosten diot, bi durotan. Emakumeak txartel txiki bat eta komuneko paper zati luzea eskuratzen dizkit. Bere aulkitik altxatu, kabinatik irten eta zein komun gelatara joan behar dudan esaten dit. Eta ondoren neure gelatxoan egoten naiz, lasai-lasai, bost edo hamar minutu. Batzuetan kaka egiten dut, beste batzuetan ez, baina hantxe egoten naiz, egunero-egunero. Eta egunero-egunero eskuratzen dut komun publikoetako txartela. Hamar ditut jadanik (hirian lau egun egin arte ez nuen leku honetara sartu beharrik sentitu, ez fisiologikorik eta ezta izpiritualik ere), eta oso estimatuak ditut, zergatik estimatzen ditudan ulertzerik ez dudan arren. Berdin dio. Hor ditut, eta egunero-egunero sentitzen dut txartel berriaren ilusioa. Bihar bat gehiago, hamaika. Eta gerorako esperantza beti.

        Konparazio txoro samarra egitea izango bada ere, komun publikoak nire eliza direla esan daiteke, emakume zaindaria apeza eta txartel bilduma Liburu Santua; eta egunero-egunero komun publikoetara jotzeko zeremonia mezaren parekoa, jakina. Azken finean, ateoa izan arren, beti izan baitut nik erlijioaren beharra, beti izan bainaiz ni oso pertsona erlijiosoa, fede baten eta fede horri lotutako erritoen premia izan duen ateoa. Herrian honelako konparazioak egiten ditudala jakingo balute, antiklerikala naizela esango lukete, Elizaren aurkako txiste txarra dela egin dudana. Baina nik benetan diot hori, neure egoera ahalik eta zintzoen adieraztea eta aztertzen saiatzea baita nire asmoa, ez besterik.

 

 

AZAROAK 4, osteguna

Argazkilari bat kaxkartzen denean, hil egin behar da, gupidarik gabe, hutsunearen ezerezetik argazkilari berria sor dadin; eta delako berri hori sortuko ez bada ere berdin dio, hil egin behar da onenak emanak dituen argazkilaria. Horretara etorri naiz Bilbora.

 

 

AZAROAK 8, astelehena

Bekatu egin dut gaur, bekatu larria. Ez dut komun publikoetako txartelik eskuratu gaurkoan, ez baitut —hona hemen bekatuaren benetako jatorria, kontzientzia benetan zauritzen didana— bakarrik bazkaldu. Ez nuen Lierni Kajarabilleren erakusketa ikusteko asmorik, are gutxiago aurkezpenera joatekorik, baina nik uste nuen baino ahul eta babesgabeago utzi nau Bilboko bakarraldi luze honek eta, azkenean, ezin izan dut amore eman.

        Aurkezpenera agertzea eta damutzea bat izan diren arren, Liernik hasiera-hasieratik harrapatu nau bere irribarre freskoarekin. Jakina, harentzat ere arrotza da hiri hau, eta ikusi nauenean naufragoak ohola bezala oratu nau, ihes egiteko aukera oro deuseztatuz.

        Urduri eta arraro sentitu naiz aurkezpenaren parafernalia amaitu, antolatzaile eta kazetariak agurtu eta biok bakarrik geratu garenean, kasko zaharrean txikito batzuk hartzen lehendabizi eta bazkaltzen gero.

        Egunero buruan izaten ditudan kontuak indarrik gabe geratu dira bat-batean, funtsik batere gabeko umekeria ergelak bailiren, eta erabat Lierniren menpe geratu naiz. Neure mundua galdurik, Lierniren munduak zurrupatu eta bereganatu nau, eta berarekin egon naizen bitartean gauza guztietan arrazoi zuela iruditu zait, baita bakardade hau utzi, kamera esku artean hartu eta bizitzari aurre egin beharko niokeela esan didanean ere. Ez naiz neure aukera defenditzeko gauza izan.

        Arratsaldean Begoñara joan gara eta Bilboko igogailuen bitxitasuna azaldu diot Lierniri. Lotsatu egiten nau nire hitzak oroitzeak. Iluntzean bazirudien munduko gauzarik naturalena Liernik eta biok gaua elkarrekin pasatzea izango zela. Aspaldidaniko senar-emazteak izango bagina bezala izan da, edo hala sentitu dut nik behintzat. Liernik, ordea, nik une batez ezetz pentsatu dudan arren, bere munduan ondo finkatuta jarraitzen zuen eta trena hartuko zuela aipatu du. Egia esan, pena sarkor bat sentitu dut baina, jakina, ez naiz Lierni hona ekartzeko gauza izan. Azken bost asteetan ez dut kolpe zorririk jo giza-harremanen arloan, eta gehiegi eskatzea izango zen gaur bat-batean hainbesteko ahalegina egitea. Egin dudana egin izana ere ez da gutxi, eta nahiko harrituta nago.

        Triste utzi nau gaurko egunak. Batez ere Liernik penaz agurtu nauela gogoratzeak mintzen nau. Hark ere hemen geratzea nahi zuen, nire ondoan, goxo-goxo, aspaldidaniko senar-emazteak bagina bezala, naturaltasunez, asaldurarik gabe, bihotz-ikararik gabe, pasiorik gabe.

 

 

AZAROAK 9, asteartea

Gaur ere komun publikoetan izan naiz. Hogeita bi txartel ditut dagoeneko. Ezin da ezer erosi txartel horiekin baina txartel bakoitzarekin zerbait irabaziko banu bezala sentitzen dut, halako batean, ez dakit noiz, txartel hauen truke zerbait, ez dakit zer, eskuratzeko eskubidea izan behar banu bezala. Gaurko egonaldiarekin atzoko hutsarengatik sortutako kontzientzia txarra lasaitu dut, apur bat bederen. Dena ondo dabil, ederra da Bilbo eta ezertarako presarik ez dago, batere presarik ez.

 

 

AZAROAK 12, ostirala

Zuri-beltzeko argazki bertikala. Zakur deslaia euritan, mela-mela eginda, muturra ilun, buztana abaildua. Ederra argazkia. Jakina, ez dut erakusketa batean ikusi, kaleko horma batean baizik. Zakurren abandonua salatzen zuen kartela. Ezustean harrapatu eta «bizi-bizirik larrutu» nau, urriaren 26ko orrian esaten nuen bezala. Argazkikoa bezala, Bilboko kaleak ere bustita zeuden eta kotxeek zarata hezea egiten zuten asfalto gainean. Laster eguberriak direla etorri zait burura.

 

 

AZAROAK 16, asteartea

Ondo aukeratu nuen erbestealdi ilun eta bakarti honetarako tokia. Bere zatarrean indar ikaragarri baten jabe da hiri hau. Paraje paregabea da, dudarik gabe, argazkilarientzat. Baina, tira, ni ez naiz argazkilaria. Oraindik ere kamera esku artean imajinatze hutsarekin barne muinak berunezko zama hilgarri batez zanpatuak sentitzen ditut. Baina orain jada argazkilaria ez banaiz ere, bide seinale hautsienaren antzekoa ere izan daitekeen lilura berri bat hasi da nitaz jabetzen hiri honetan.

        Hiri barruko kale, txoko eta zuloak, eskailera, funikular eta igogailuak, komun, denda eta tabernak ezagutu ostean, azken egunotan hiritik kanpoaldeko auzuneetara hasi naiz jotzen: Astrabudua, Otxarkoaga, Txurdinaga, Etxebarri, Errekaldeberri, Altamira... Hunkitu egin naute aurkitu ditudan parajeek. Auzune periferikoetako kaos hautsiak —bide seinale hautsiek bezalaxe— gure aurrerabidearen kontraesana azaleratzen du. Elkarren aurka daude etengabe obra berriak egiteko lurrak iraultzen ari diren induskailuak eta etxe beti berdinen ondoan kokatutako parke artifizial, karratu eta bizigabeak. Eta guztien ondoan, ezertarako baliatzen ez diren lur sail abandonatu eta zatarrak, behin betiko hondamena diseinatuko dien egitasmoaren zain. Auzune periferikoetan gizakiaren ibilera eroa ikusten da bere gordintasunean. Horregatik, kanpoaldeko auzuneek duten nortasun gabezia kaotiko eta hautsi hori geure izatearen metaforarik egokiena iruditzen ari zait azken egunotako paseoetan, garai batean bide seinale hautsiak neure barne munduaren isla perfektu eta liluragarri iruditu zitzaizkidan bezala.

        Atsegin zait auzune periferikoetan zehar paseatzea, besterik gabe. Tarteka, kamera izaten dut gogoan, baina urdailak ezetz esaten dit berehala, ez bilatzeko lilura faltsurik, aratz eta zintzoa izateko, paseatze hutsa besterik ez dagokidala eta horretara etsi beharrean naizela lilura hori bere horretan betiko aienatuko ez bada. Hobe dut, horrenbestez, denbora gozoro galtzen segitzea, beste kezkarik gabe.

 

 

AZAROAK 20, larunbata

Nahiz eta komun publikoetako zitari ez huts egin, ez nago batere lasai gaurkoan ere. Edurne da nire kezkaren izena, orain dela gutxi Lierni izan zen, eta lehen —eta orain ez?— Idoia... Oraindik, erbeste arrotz honetan ere, beti neure ondoan dagoela iruditzen zaidan Idoia.

        Ostatua kasko zaharrean dagoenez, eta goiz jaiki eta kaleratu ohi naizenez, larunbat eta igande goiz askotan egokitu zait gaupasa egindako azken mozkorrak ikustea taberna atarietan. Inoiz baino gehiago zegoen, ordea, gaur goizean, neu ere inoiz baino goizago jaiki naizelako beharbada, artean eguna argitu gabe zegoela, Artxandako muinora igotzeko asmoz.

        Betidanik iruditu izan zait bitxi eta erakargarria parrandaren aldi zaratatsua amaitu osteko abaildurazko une hori. Tabernak itxita, eguna argitzear, neka-neka eginda, baina hortxe hala ere, ezin etsi, nahiz eta eguzkiak begiak mindu, nahiz eta jakin egun argiaren arrunkeriak borroka irabazi eta aurki dena bereganatuko duela. Nik Artxandarako asmoa nuen baina hantxe geratzeko gogoa etorri zait.

        Taberna atari batean eserita zegoen taldetxo bateko neskak piropoka hasi zaizkidanean aukera esku artean jarri didate, eta Artxanda bihar ere toki berean egongo dela pentsatu dut neure artean. Eurengana hurbildu eta haserretu plantak egin ditut. Ea ez al duten lotsarik esan diet; ondo dagoela gauez irten eta pixka bat edatea baina jakin egin behar dela garaiz etxeratzen eta, batez ere, lagun hurkoa errespetatzen; oso itxura txarra ematen dutela emakumeek egoera horretan... Gero, jakina, nire sermoi guztia antzezpen hutsa izan dela erakutsi diet, eta eurekin joan naiz gosaltzera. Leioako ikasleak ziren, Kazetaritza fakultatekoak, neska-mutil jatorrak, herri askotakoak, bizkaitarrak batzuk, gipuzkoarrak besteak eta, jakina, nafar bat ere bai, toki guztietan baikaude gu barreiaturik.

        Gainerako guztiak etxera joan direnean, Edurnek ea etxe atarira lagunduko ote nion galdetu dit, ez zela oso urruti bizi eta. Hori esateko erabili duen tonuak ez zuen, ordea, zalantzarik uzten: ez zen konforme izango etxe atarirainoko laguntzarekin, beste zerbait nahi zuten gaupasa luzearen ondoren distira gorri setati eta gosetia erakusten zuten begi beltz handi haiek. Biok sartu gara bere etxean eta bere ohean.

        Bere begien gose biziminez betea asetu ondoan, lo seko geratu da Edurne nire besoetan. Polita zegoen, samurra zen bere ume babesgabe itxura. Baina ez zegokien nire besoei aingerutxo haren gorputz delikatua babestea. Kontu handiz askatu, ohetik jaiki, isilean jantzi eta kalera irten naiz Edurneren etxetik. Paseo txiki bat egin, ostatuan bazkaldu eta komun publikoetako hogeita hamahirugarren txartela eskuratu dut. Baina alferrik izan da. Arratsaldean ez dut paseatzera irteteko kemenik izan eta hementxe egon naiz, ostatuko gelan, lur jota.

        Ezinezkoa da bizitzan asmatzea. Alferrik da saiatzea. Adiskidetzea, maitatzea, zerbait egiten, zerbait lortzen saiatzea iruzur bide hutsa da, oinazera baino ez daramana. Idoia, Lierni, Edurne, argazkiak... bizi eta erretako lilurak dira horiek oro, errepikaezinak. Komun publikoetako zeremonia da egunez egun behin eta berriz bene-benetan errepika dezakedan gauza bakarra, eta horrixe eutsiko diot bihar ere, beheraldi iragankor hau ahaztuta.

 

 

AZAROAK 28, igandea

Ez dut bizitza osoan argazki gehiago egingo. Ez dago duda handirik horretaz. Argi dago Bilbon izan eta argazkirik egiten ez duenak ez duela inoiz argazki gehiago egingo.

 

 

AZAROAK 30, asteartea

Edurne ikusi dut gaur goizean, Leioara joateko autobusaren zain. Nahiz eta berari begira geratu naizen, ez du niregan erreparatu. Ez dut uste nire aurpegia gogoan geratu zitzaionik. Berez, hobe da horrela, baina mingarria ere bada, bai, mingarria denez, egia esan. Inor ez izateko asmoz etorri nintzen hiri honetara, eta bete-betean lortu dut. Baina mingots eta beldurgarria ere bada, oso beldurgarria batzuetan, ezer ez izate ilun hau.

 

 

ABENDUAK 8, asteazkena

Bilbori begira egon naiz gaur goizean Artxandatik. Ezagunak zitzaizkidan begi aurrean nituen paraje guztiak. Baita hiritik kanpoaldekoak ere, gibelean ikusten zen aireportuaren ingurukoak barne. Gainera, gero eta aurpegi ezagun gehiago aurkitzen dut nire eguneroko ibilaldietan. Komun publikoetako berrogeita hamaika txartel eskuratu ditut dagoeneko eta uste dut hemendik alde egiteko tenorea heldu dela. Santanderrera joango naiz bihar bertan, goizean trena hartuta.

        Beharbada etxera idatzi behar nuke, eguberriak baino lehen, hil egin naizela esanez.