Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Ez du amaierarik

 

Hirurogeita hemezortzi urte ditut eta horrenbestez zahartzat jo behar dut neure burua, nahi ala ez. Horretan alfer samarrik uste dut izango liratekeela edonolako azalpen antzuak. Baina benetan uste dut beti ere garaian garaiko gizona izan naizela. Gizon modernoa urtez urte hamarkada luzetan zehar, oraintxe bertan ere, ez jakin noiz arte. Eta hori pozgarria zait oso, harro nago denbora berriei aurre egiteko izan dudan gogoa eta gaitasuna dela eta.

        Gizon publikoa izan naiz, gazte denboran batez ere, eta nire izenaren sonak badirau oraindik. Badira hor zehar nire izena begirune berezi batez ahoskatzen duten gazteak ere, nik garai batean pentsatu, idatzi eta egindakoaren berri izan nahi dutenak eta are neurekin hitz egitera etxeratu nahi izan zaizkidanak ere. Paristik ere etorri izan zaizkit bisitak Baionako nire etxe ttipi apal honetaraino.

        Norbera den bezalakoa izaten da eta neu horrelakoa izan. Niretzat axola handikoa da pertsonak buru-argitasuna izan eta mantentzea, inoren menpe ezin eror dadin, inork ez diezaion adarrik jo. Hor zehar, bai gure herrian eta bai mundu osoan, zer gertatzen ari den jakitea eta norberari dagozkion kontuetan behintzat iritzi propioa izatea, inoren agindupekoa ez dena. Garaian garaiko kontuez hitz egiten jakitea, alegia; hitz batez, inoiz ere erretirorik ez hartzea lan horretan, giza-harrotasuna eta giza-duintasuna inoiz ere ez galtzea.

        Estimu handitan dudan idazle adiskide batek idatzitako pasarte hau datorkit gogora erretirorik ez hartzearen eta giza-harrotasunari eustearen auzi honetaz mintzatzen hasita: «Bizitzan aurrera egin ahala adinaren zama daramagu herrestan. Berrogei urtetik gorakoari gaztea inguratu eta barrezka hasten zaio. "Zer egin duk hik heure berrogei urte horietan? Zer egin dezakek orain?" Zaharra zeri heldurik ez duen naufragoa da orduan tristuraren itsaso zabalean.» Bada horixe da hain zuzen ere gertatzerik komeni ez dena. Zeri eutsia izan behar du beti pertsonak tristuraren itsaso zabalean itoko ez bada.

        Gainera argi dago gaztea ere ito daitekeela itsaso horretan, gaztea ere ez dela libratzen ezintasunaren mindura latz horretatik. «Zahartutakoan zera esango diot neure buruari», idatzi zuen beste batean arestian aipatu berri dudan idazle berberak, «badakit zera esango diodala, ez naizela inoiz behar bezain gaztea izan. Badakit.» Badaki baina ezin du ezer egin. Gaztea ere ezin itzuri zaio hondoratze horri, zaharrak baino sasoi hobea izan arren bere buruari ur azalean eusteko.

        Blok berde koadrikulatu honetan idaztera ekarri nauena ez da, ordea, neure zahar izate honi zuribideak bilatu nahia. Gaur gertatu zaidan zerbait kontatu nahi nuen, eta gero gogoeta egin gertaera horren inguruan, luma lagun dudala. Bego ordenagailua bestelako lanetarako, lan akademiko eta serioetarako, zeregin honetan nahiago baitut gazte-gaztetandik lagun izan dudan lumak betiko orri koadrikulatuari egiten dion fereka gozo eta samurra. Ez dago aurrerabide teknikoekin itsutu beharrik, eta bihotzaren kontuei arnasa hartzeko aparteko zirrikituren bat uztea ere komeni izaten da.

        Gaur arratsaldean bisitan izan ditut Irungo ilobak eta beren seme-alabatxo txikiak. Gure familian aitona Asmodeoren sona harrotasunez aipatzen da nire aurrean, batzuetan errezeloak eta susmo gaiztoak agertu arren neu aurrean ez nagoela. Nire iloben seme-alabentzat, horrenbestez, osaba-aitona berezia naiz, oso ondo ulertzen ez badute ere nire berezitasuna. «Oso gizon azkarra eta argia» naizela aditu dute behin eta berriz, eta baita seguru asko «beste mundu batean» bizi naizela ere. Baina ni ondo konpontzen naiz umeekin, oso ondo. Izan ere, umeen aurrean Asmodeo zaharra ume txiki bihurtzen baita, are gehiago gainera inguruan nagusirik ageri ez bada. Eurekin bakarrik naizenean, nire berezitasuna, nire apartekotasuna, nire inguruko misterioa exageratu eta azken muturreraino eramatea gustatzen zait. Esate baterako, eurei hain arrotz eta arraro egiten zaien minitelaren bidez munduko zein mundutik kanpoko gizaki zein bestelako izaki ugarirekin komunikazioa dudala sinetsita daude eta, pertsonaiarik urrun eta harrigarrienen berri izateko aukera hori aitzakiatzat hartuta, mila istorio asmatzen ditut etxera etortzen zaizkidan bakoitzean, umeak liluratuta uzten dituzten istorio bitxikeriaz beteak. Niretzat hain arrunt eta aspergarria den minitela inoiz asmatu den tresnarik miragarriena bihurtu da haurtxoen irudimenean, nire asmazio eroei esker.

        Gaur horietako ume batekin, hazitxoenetako bat den Allanderekin, aritu naiz hizketan eta jolasean, nik beti umeekin jolasean jarduten baitut, jolasak asmatzen eta astakeriak esaten, jende helduarekin inoiz ezin izaten dudan askatasuna ematen baitidate horretarako. Hizketan aritu garenean neu haur nintzeneko garaiak aipatzen hasi gara, nolakoa zen orduan irratia, nola artean telebistarik ez zen, nolakoak izaten ziren gure jolasak eta abar. Baina laster gogoa ahuldu egin zaidala sentitu dut, gezurretan ariko banintz bezala, umeari iruzur egiten. Garai hura eta jolas haiek ezagutu zituen edonork askoz ere azalpen egokiagoak emango zituelako irudipena izan dut, eta horrexek ahuldu dit hain zuzen ere gogoa. Beti gertatu izan zait hori. Beste inork neuk baino hobeto egingo lukeena egiten hasteak gogorik gabe uzten nau, edozertarako ezgauza bihurtzen nauen tristuraz. Hutsaren hurrengo sentitzen naiz, munduan enbarazu baino egiten ez duen izaki hutsala. Horregatik izan nintzen gaztetan izan nintzen bezalakoa, eta horregatik naiz egun ere hain «berezia», horregatik bizi naiz «beste mundu batean». Eta horregatik izan bide zen, hain zuzen ere, inoiz ez ezkontzearena. Zer egin niezaiokeen nik emazteki bati beste inork ezin egin liezaiokeenik?

        Zer pentsatua eman dit Allanderekin gertatu zaidanak. Nik uste dut garai ezberdin askotako bizimoduen berri jakitea, kontuak garai horietan nola izaten ziren, nola gertatzen ziren, nola sortzen eta deuseztatzen ziren, horrelakoak jakitea, oso gauza ederra eta aberatsa dela. Bizigiro ezberdin askoren ezagutza izatea alegia, atsoek eta agureok dugun bezala. Nik giro ezberdin ugari ikusi, ezagutu eta bizi izan ditut, eta aurre-aurretik batzuetan gainera ere. Gaur bertan esan dio bere aitak Allanderi, neure aurrean: «Egunkarietan idazten zuen aitona Asmodeok eta irratietan hitz egiten ere. Orduan ez pentsa edozeinek egin zezakeenik horrelakorik.» Eta Allandek esan digu ikastolan historiako liburu batean nire izena irakurria zuela: Asmodeo Urrutikoetxea. Hala ere, gizaixoa!, nire haurtzaro garaiko giroaren berri inori emateko gauza ez ni ordea!

        Allanderi neure gaztaroari buruz hitz egiteko gogoa galduta, gaia aldatu eta minitelaren bidez jakindako istorio harrigarriei lotu natzaie. Ilargira doan autobusa eramaten duten txoferren gorabeherak izan ditut hizpide. Esan diot Allanderi autobusetako txofer gutxik nahi izaten dutela ilargirako zerbitzua egin, han ez dagoelako oraindik tabernarik atsedenaldietan tragu bat hartu ahal izateko, eta gainera autobus horietan doan jendea aspergarria delako autobus txoferrentzat, beti kontu serioetan ari diren zientzilari burutsuak alegia. Sinetsi ez zidan egiten, jakina, horrelakoak sinesteko adinik ez baitu honezkero, baina txantxa aurrera eramaten parte hartzen zuen pozik. Solas horretan poza berreskuratu dut atzera, inork ezin baininduen ordezkatu, behar-beharrezkoa nintzen berriro ere, une hartarako egokiena, aproposena, ordezkaezina. Osaba-aitona Asmodeo zuen ondoan Allandek, Asmodeo Urrutikoetxea hain zuzen ere, eta Asmodeo Urrutikoetxea Asmodeo Urrutikoetxea da.

        Oso ondo pasatu dugu elkarrekin umeak eta biok, nagusiek etxeratzeko ordua zela erabaki duten arte. Baina bisitariek aldegin dutenean ez naiz lasai sentitu. Gogoa ahuldu egin dit nire ezintasunak, umeei neure umezaroko eta gaztaroko kontuen berri emateko ezintasunak, edozein aitonentzat —edo osaba-aitonentzat— izan daitekeen bizipozik handiena ukatu didan ezintasunak. Allande joan denean, ustegabean oldartu zaizkit garai ahantzietako oroitzapenak. Gure txikitako jolasak esate baterako, gaurko umeek ezin ezagutuko dituztenak. Bazen bat gure jaioterrian baino jolasten ez zena, beste inon ere ez. Guk oharkabean egiten genuen jolas eta orain maite egiten ditugu jolas galdu haiek oroiminaren indarrez, oroitzapenei eta oroitutako kontuei darien poesia ergela besterik ez den oroimin hutsal horren indarrez. Allanderekin nengoela, itxi egin diet bidea oroitzapen horiei, eta orain oroitzapenok ez naute lasai utzi nahi, koska egiten didate ariman. Harroegia izan ote naiz? Ez dut uste. Kontu zahar haiek ezagutu zituen beste edonork baino hobeto egiterik ez nuenez, zertarako ekin? Ezin nion horrelako arrunkeriarik ametitu neure buruari, are gutxiago Allanderen aurrean. Ezin nuen amore eman.

        Ez didate, ez, oroitzapen gordeen horzkadek arima desegingo, ez naute oroiminaren eztenaren ziztadek hilko, ezta hurrik eman ere. Nik badakit atso-agure guztiok dugula barruan kanpora atera nahi eta inola ere ezin dugun mundu oso eta handi bat, dagoeneko barruan nekez kabitu ere egiten zaiguna. Baina balkoira irten eta aurrera begiratzen jakin behar dugu. Balkoi aurrean nola edo halako bide bat dago: bidezidor estua mendi aldeko baserrian, autopista hiriaren kanpoaldeko etxe zatarrean. Ez du axolarik horrek. Bide horrek ez du amaierarik.