Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Komunikazioa

 

Kaixo aita!

        Zer moduz doakizu Dueñas aldetik? Aurreko astean jaso nituen zure bi gutun. Lehenengoa, abendu amaieran bidalitakoa da eta bestea urte hasierakoa. Badirudi azken hilabeteetan gure arteko komunikazio bideak zaildu eta urritu egin direla. Duela gutxi arte, astero hitz egin genezakeen, hilero bisak egin... Gaur egun, ordea, hilabetean bi bider aritzen gara telefonoz eta ez dugu bisean bisak egiteko aukerarik. Gainera, deiak dauzkagun egunetan ere, makina bat oztopo gainditu behar ditugu hiru minutuz hitz egiteko.

        Egia esan, betidanik izan da berezi xamarra gu bion arteko komunikazioa. Nire buruaren jabe nintzenetik, espetxez espetxe ibili behar izan dugu, aita-seme harremana edukitzeko. Zu ikusi eta zurekin egoteko egindako mila bidaietan, ikasi dut zein garrantzitsua den gure arteko komunikazioa. Betidanik nabaritu dut zure hutsunea etxean, baina ez pentsa aita baten falta izan denik. Nahiz eta ehunka kilometrotara egon, beti sentitu zaitut gertu eta beti eduki dut zure laguntza eta babes osoa. Nire edozein laguni, bere aitak erakutsiko zion bizikletan ibiltzen, bizarra mozten... Agian, horrelako gauzak nire kabuz ikasi behar izan ditut, baina edozein aitak ematen ez dituen ikasgai batzuk erakutsi dizkidazu 23 urte luze hauetan eta, ikasgai horiek, oso lagungarri zaizkit bizimodu berri honetan.

        Beti kontatu izan dituzu espetxeetako hamaika istorio. Beti esan duzu presoen bizitza ez dela erraza, are gutxiago euskal preso politikoa izanda. Nik ere betidanik ikusi dut egia horren zati bat, beti ere senide baten aldetik. Orain, preso naizenetik, hobeto ulertzen ditut zuk kontatutako kontu horien nondik norakoak, garbiago ikusten ditut jartzen dizkiguten zailtasunak, eta zeharo ulertzen dut gure arteko komunikazioa lantzeko eduki duzun gaitasuna.

        Askotan imajinatu izan dut nolakoa izango ote zen zure bizitza hor barruan. Pentsatu izan dut, nolakoa izango zen zure egunerokotasuna espetxean. Nahiz eta mila bidaia horietan espetxea ikusi, zulo ilun bat izango zela pentsatzen nuen. Hemen barruko bizitza... Zuk kontatutako detaileak ere jartzen nituen nire burutazioetan baina... Hau ezagutu ez duenak, ez daki nolakoa den.

        Beti eduki izan diot beldurra espetxeari eta presoaren bizitzari. Sartu nindutenean ere, ingresotako moduluan nengoela, zeharo beldurtuta nengoen itxoiten zidan bizimodu berriarengatik. Hamar lagun ginen sartu berrian; horietako bat, Urbe, 2000. urtean preso egona zen eta zertxobait lagundu zigun. Bagenekien moduluratzean kide gehiagorekin topo egingo genuela, baina bakartuta jartzearen aukera ere bazegoen.

        Gogoan dut, ingresotako bigarren egunean, norbaiti nire izena oihukatzen entzun niola. Leihotik begiratu eta, herriko lagun bat zen; bi hilabete zeraman preso eta ondo ikusi nuen, kiroldegirako sarreran, guri animo oihuak bidaltzen. Horrek ere lasaitu puntu bat eman zidan. Arratsaldean Urberekin batera eraman ninduten Soto del Realeko 3. modulura eta, han, Txema nafarra eta Fede gasteiztarrarekin elkartu ginen. Hango bizi baldintzak kontatzen hasi zirenean, orduan ireki zitzaidan errealitatea begi aurrean.

        Txemak seme-alaba txikiak dauzka, eta guk edukitako bizimodua gogorarazten zidan. Hark ere zuk edukitako kezka berdintsuak edukiko zituen seguruenik eta, izan genituen hainbat berriketatan, sarri esaten nion nolakoa izan den gure arteko harremana, eta beti eduki dudala zure babes osoa, nahiz eta preso ezagutu zaitudan. Esaten nion, lasai egoteko, bere seme-alabek ere horrela sentituko dutela.

        Soton sartu eta hilabetera, kondukzio baterako deitu zidaten. Orduan ere hasierako beldur hori sartu zitzaidan gorputzean. Nora eramango ninduten jakin gabe eta familiari ezin deitu. Gainera, makina bat alditan irakurri izan dugu egunkarietan, kondukzioetan kideak jipoitu dituztela eta horrek beldurra areagotzen dizu.

        Hainbat kide atera gintuzten Sototik eta Madrilgo espetxeetan sakabanatu. Ni Valdemorora ekarri ninduten Alain oiartzuarrarekin batera. Hemengo instalakuntzak ikusita, sekulako beheraldia eman zigun. Nik banekien zu hemen egona zinela eta, amari egin nion lehenengo deian, ea espetxe hau nolakoa ote den galdetzen nion. Berak esan zidan badaudela espetxe txarragoak eta lasai egoteko. Moduluan biok batera sartu gintuzten eta gu ginen euskaldun bakarrak. Ondoko moduluan bazeuden lau kide eta segituan hasi ziren guri pilak bidaltzen. Hasieran erantzuteko beldurra bagenuen ere, berehala erantzun genien eta, hauek ere, hemengo bizi baldintzak azaldu zizkiguten. Ia egunero ibiltzen ginen pilak jaso eta erantzuten. Zerbait garrantzitsua zegoenean, bikoiztu egiten zen joera hau. Espetxe honetan, beste moduluetako kideak ikusteko hainbat oztopo dauzkagu, baina gure arteko komunikazioa gogor eta tinko mantentzen da.

        Gogoan dut beste kide bat ekarri zutenekoa modulu honetara. Hau bakartuta egona zen beste modulu batean, eta astebeteko gose greba egin ostean ekarri zuten. Dena den, gutxi iraun zuen gure poztasun honek. Bikoizketen afera zela eta, Alain moduluz aldatu eta berriro geratu ginen bi kide. Hala eta guztiz ere horrelakoa da bizitza etxe hauetan, eta dagoenarekin konformatu beharko!

        Eta horrelaxe doa hemengo bizitza. Astean hiru gutun soilik bidal ditzakegu. Telefono deiak ere, bakoitza bost minutukoa. Askorik ezin da egin, baina topera aprobetxatzen ditugu asteko deiak eta hiru gutunak.

        Gu bion arteko dei dexente galdu ditugu. Batzuetan, horko kartzeleroek izorratzen gaituzte, besteetan hemengoek. Askotan hiru bider saiatu eta ez dugu ezer lortu, eta gainera deiak galtzen ditugu. Beno, egunen batean honek ere izango du konponbidea, eta lasai asko berriketan aritzeko aukera izango dugu.

        Beno, aita! Amaitzeari ekin beharko diot. Lehen aipatu bezala, gure arteko komunikazioa berezi xamarra izan da betidanik, baina gauza guztiei atera behar zaie alde ona, eta honi ere atera beharko diogu. Eguneroko elkarbizitza batean kontu asko geratzen dira aipatu gabe, baina, gure harreman honetan, bestela kontatuko ez genituzkeen gauza ugari kontatu diogu elkarri, eta hori sekulakoa da! Berezia gure artekoa, bai, baina kristorena!

        Jaso milioika muxu eta besarkada bero, aita, eta lasai, gure eguna helduko da eta! Bitartean zaindu eta eutsi goiari! Maite zaitut!

 

Valdemoron, 2009ko apirila

Hodeiertz