Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Haizea mindu gabe

 

Hamaika ipuinekin osatuta, Haizea mindu gabe liburua atera zuen Jon Gaztelumendik 1999an Susa argitaletxearekin. Ipuina esanda, entzule edo irakurlearen dibertimendu eta xarmaren bila asmatu den historia ulertzen dugu eskuarki. Hala ere, gertaera errealen kronika da batzuetan ipuina, kronika fidela alegia, nahiz eta itxuraldatua izan.

        Zinezko gertaerek erakutsi ez dioten suspensea, izua edo harridura —drama, nahi bada—, balizkoetan bilatzen du idazleak; imajinazioan bilatzen du begiekin ikusi ez duena. Bere begiz ikusiari irudimena gehituz ere, irakurlearen aztoramen bila aritu daiteke, hutsaren hurrengo gertaerak literaturaren gailurrera igoz. Halakoak dira, segur asko, onentsuentzat jotzen diren ipuin eta nobelak. Borges dakusat, besteren bila ibili gabe, idiaren itsutan.

        Dena da literatura, Nabokovek esan zuen, antzinako artzain fikziozale hark, aspertuta nonbait, otsorik inon ageri ez baina irudimena jolasgura, korrika batean eta «Otsoa! Otsoa!» oihuka, herria eta herritarrak aztoratu zituenetik.

        Hara hor otsoa bera, ezkutalekuren batetik zelatan egona inola ere, literaturaren sorreraren protagonista eta testigu. Ordutik gabiltza nahastuta, asmatu ezinean ipuinak noiz diren zinezko, noiz diren ezinezko.

        Halako muga zehaztugabean dabil Jon Gaztelumendiren idazlerroa. Ahozko tradiziotik gertu sarri, irakurlearenganako hurbiltasuna nahian, bai gaiak eta baita tonuak ere halaxe eskatzen diotelako.

        «Duela gutxi jelkide batek esan zidan:

        «— Jon, datorren astean, neu sartuko naiz zure ordez espetxean. Neuk ere hamaika urte igaroko ditut hor barrenean, zuk bezala; espetxe batetik bestera, beti urrun, gose-greba amaigabeetan sarturik, duintasunez, isilean».

        Kartzelako bizipenak kontatzeko hartzen du Gaztelumendik bisitetako elkarrizketaren gertutasuna, edo ziega berean elkarri historiak kontatzen ari diren bi presoena.

        Preso dauden gurasoak bisitatzera kartzela banatara doazen anaia biren historia lazgarria; bere mutilarekin ordu eta erdiko aurrez aurreko bisita egiteko, bi mila kilometro bidean egin behar dituen neskarena; kurloi-kumea beste kiderik gabe bakartuta dagoen presoarena; semea gogoan, baratzean ari den aitaren gogoeta edo otoitz modua:

        «Hirurogeita hamar betetzera goaz, Jauna. Ez gaude sasoi onenean. Gerra hau bukatuko balitz? Semea etxean ikusi nahi genuke, gure artean. Asko eskatzea al da hori?».

        Literaturaren ederretik badute ipuinok, baina ez dira horren bila asmatuak, pertsona zehatzen egoerak eta ibilerak azaltzeko idatziak baizik.

        Kartzelako absurdoa, logika zentzugabea noraino hel litekeen adierazten du Koldo Izagirreren eleberria ipuinak. Araketa egitera sartu da kartzeleroa presoaren ziegara, eta hain eurena duten zera horrekin esaten dio liburu gehiegi daukala.

        «Ikasketa liburuak dira-eta» erantzuten dio presoak.

        «Ez! ez denak!» kartzeleroak ostera.

        Eskuan daukan liburua ea norena den galdetzen dio presoari.

        «Koldo Izagirrerena» erantzuten dio, hark idatzia delako eskuan daukan liburu hori.

        «Aski duzue zuk eta Koldo Izagirrek! Parte bana daukazue. Ezin diozue elkarri libururik utzi! Zer hizkuntzatan esan behar zaizue?».

        Beste preso baten ziega arakatzera joan, eta hala esaten dio:

        «Izagirre zara, ezta? Koldo Izagirre!».

        «Ez gaur arte behintzat. Ni Luis Izagirre naiz» erantzun dio.

        Eta beste ziegetan ere arrastorik ez Koldo Izagirrerenik! Susmorik txarrenak kartzeleroak; non ote da?

        Kartzelako zuzendaritzara jotzen du, larri. Koldo Izagirre ez dagoela isolamenduan, ez dagoela bere lekuan, ihes egin duela...

        Disparatea dirudi, baina gertaera egiazkoan oinarritua da ipuina. Historia errealak dira hemen bizi ditugunak.