Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Elurtzan dautzanak

 

Mario Onaindia Biblioteka-ren apailatzaile Manu Gojenolaren prentsa artikulutik jaso ditut lerro batzuk:

        «Kartzelan 1936ra arte euskaraz idatzitako ia dena irakurri zuen, Koldo Mitxelenak eta Juan San Martinek lortzen zizkioten liburuak eta familiak Caceres eta Kordobara eraman. Leizarraga, Axular, Etxepare, Etxeberri Sarakoa, Mogel eta Tartas hustu zituen eta apunte bikainak egin euren sintaxiaz. Axularren eta Leizarragaren hiztegiak aurreratuak zituen, baina Villasantek eta Arestik lan hori egina zutela jakinik, laga egin zuen.

        «Marioren liburuen iturburua hizkuntza literarioa euskaraz sortzea zen eta bizitzan eta literaturan ikasitakoa adieraztea. Narratiba berria, ukitu esperimentalez eta kortserik gabekoa, horrela nahi izan zuen eraiki bere mundu literarioa, fantasiaz beterik. Gaia ia beti askatasuna zen: presoarena, neskarena, emaztearena, etorkinarena... Kontatzeko afizioa umetatik zuen. Dena zen bat beretzat, ekintza intelektuala, politikoa, historia, literatura, zinema, mentalitateen historia eta gauzak aldatzeko bideak.

        «Itzulpena inportantetzat zeukan, Leizarragak eta Axularrek idatzi zuten euskara maite zuelako, baina baita euren ideiak zabaltzeko ere, zioen. Horregatik ekin zion Mariok hamar liburu itzultzeari kartzelan».

        Ez legoke beroarena eta hauspoa zertan kendu.

        Mario Onaindiaren literatur lanak, dena dela, bere jarduera politikoan itota geratu zirela esango nuke.

        Espetxean zela 1973an idatzi zuen Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak nobela (1977, Gero-Mensajero) Jon Lariz izengoitiarekin. Abangoardiako literaturaren teknika eta absurdo jokoez baliatuz, jendarte autoritario eta itogarri batetik ihes nola egin planteatzen du pertsonaia nagusiak. Muturreko askatasunaren ezinezko utopiaren alboan, protagonista erotzat jo, bakartu eta atxilotu egingo dute. Azkenean, badirudi gizarte normalizatu eta zapaltzailearen fatalitatea gailenduko dela.

        Aipatutakoaz gain kartzelan egina zuen Onaindiak itzulpen lanen bat, baina kalera irten ondorengoak dira bere idatzi ia denak, nik ezagutzen dizkiodanak behintzat. Batzuk aipatzearren: Ez, ez, ez. Konstituzio honi ez (1978); Grand Placen aurkituko gara (1983, Luis Haranburu); Gilen Garateako batxilerra (1984, GAK)...

        Kaleratu eta hamar urtera, bere izanaz beste aspaldi egina ordurako, Olagarroa (1987, Elkar) eleberria kaleratu zuen. Itzuri ezinik jarraitzen zion mamua izan behar zuen kartzela; horixe da Olagarroa, espetxea alegia, hiru bihotz eta lau beso dituen munstroa.

        Kartzelako bizimodua, preso jendearen abelera, ametsak, ihes saiakerak, bikote harremana... Hori eta gehiago du, baina dezente gehiago izan zezakeen, ardura apur bat izan balu norbaitek.

        Premia larriren bat bazegoen 1986 hartan, Bilboko Aurrezki Kutxak antolatutako XII. Azkue Saria eleberri honi emateko; eta are larriagoa —nonbait— Elkar argitaletxearen premia, hurrengo urtean braust! dagoen moduan argitaratzeko.

        Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak nobelatik hartutako lerroalde honekin burutuko dut atal hau. Azken aurreko orrialdean gaude, protagonistaren bi lagunen arteko elkarrizketa da, biak ere autoritateen galdeketatik onik atera direla antzematean: «Ederra iragan dugu, eh?—ziotsan Jonek Joanmariri—. Beldur nintzen hemendik kartzelara joanen ote ginen, eta ero eri bati laguntzen entseatzearren. Hurrengoan, horrelako gauzaren batean sartu aurretik, birritan pentsatuko dut». Eta bai, ironiak ironia, gaur egunetik ikusita, oso-oso aspaldiko lelo zahar zarpaildua iruditzen zait neuri...