Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Kantua

 

Kantu lekua izan behar du kartzelak. Txoria ere, kantaria bada, maitea da kaiolan. Bertsolariari kartzelako gaia ipintzen zaio. Bere zera du kartzelak.

        — Orain kartzelako gaia —esango du gai jartzaileak bertso saioan edo txapelketan—. Zu, Unai, gera zaitez hemen. Besteok, zoazte kartzelara.

        Bakarka eta modu bakartuan aritzeko gaia da. Leku isolatuak dira BECeko edo Anoetako bertsolari kartzelak; han dauden bertsolariek ezin dute entzun zer gai eman dioten oholtzan geratu denari, zer kantatu duen aurrekoak. Jendeak ez ditu ikusten kartzelara bidaliak; ez-lekuan daude, desmunduan.

        Unaik amaitu ondoren aterako da oholtzara Jon, edo Iñaki, eta jendea zain, ezertaz enteratu gabe kartzelan isolatuta, bakartuta egon ondoren bertsolariak zer kantatuko. Kaiolako txoriaren kantua entzun nahi dugu denok, kantu ederrena duena aukeratzeko.

        Kartzelan bertsotan gehiago egingo zen beste sasoi batean, gaur egunean baino. Erdal eskoletan ibili ginen askori erraza zitzaigun bertso moduko hiru-lau egitea, eskutitz bat euskaraz idaztearen aldean. Eta eskutitzak euskaraz idazteko erreparoa gainditu genuenean ere, ez genekien zer esan, edo nola esan. Bertsoak, kantutik eta antzezpenetik duen parteagatik beharbada, samurrago ematen zigun zer edo zer esateko lizentzia. Oso bestelako kantuak izango dira beste hainbatenak, jakina.

        Ziega bateko leihotik bestera bertsotan aritzea, ez zen harrigarria Herreran, esate baterako. Modulu batetik bestera bertso paperak trukatzea ere ez. Besteren batekin buruz buru aritzeko aukerarik ez baduzu, ez agian bakardadeko ariketa baina, bakarkako jarduna da ezinbestean bertsolaritza.

        Xabier Aranburu Xomorro aginagarra, Herrera de la Mancha kartzelan dago azken urteotan. Era nekagaitzean jarduten du bertsoak egin eta bertsoak egin. Eskutitzik ere gutxitan bidaliko du bertsorik gabe. 2000. urtetik 2006ra bitartean jarritako bertsoekin Aurrera nekez egiten baitu herdoildutako orratzak liburua argitaratu du 2007ko martxoan (Bota Punttuba-Noaua!).

        Oroimenean dituen lekuei eta jendeei ipintzen dizkie Xomorrok bertsoak, bertso horiek eta beren doinuak laguntzen diotelako «han» eta «haiekin» egoten. Lehiaketatara eta herriko jaietara urtez urte bidaltzen dituen bertsoetan nabarmena da «han» egon nahi hori. Nahi baino, beharra duela esango nuke.

        Baina hor geratu gabe, presoon sakabanaketari, moduluan edo kartzelan egunez egun sortzen diren gorabeherei, maitasunari edo bakardadeari ari zaie. Ugari ditu gaiak. Nahi baino gehiago seguru asko.

        Sentimenduek, larrialdiek eta poz txikiek, antz handia izan behar dute preso batzuen eta besteen artean. Tankera berdintsuan idatzi dituzte gai batzuei buruzkoak kartzela ezberdinetan daudenek. Baina bakoitzak pasa behar bereak, onak eta txarrak, eta bakoitzak aukeratzen ditu hitzak:

 

                Isolamendu-bakardadean

                nago larri eta estu,

                lau hormatzarren besarkada hotzak

                sarrera ez dit erraztu;

                isiltasuna garrasika dut,

                ta kopeta nola ez beztu?

                Itxura onikan ez tu

                giroa baita laineztu.

                Kartzelarien erasoetatik

                nork egingo nau babestu?

                Nire burua eta bihotza

                egon daitezela prestu.

 

        «Kantatu nahi dut bizitza, usteltzen ez bazait hitza» dio Amurizak, bertso ezagun batzuetan. Hitzik dugun bitartean kantatzea, bakoitzak bere plazer eta oinazeekin bizitza kantatzea, kantuz aritzea, funtsezko bizi-bulkada izango da inondik inora.

        Bakardadeari eta tristurari, maitasunari eta borrokari, hitz bi bidali nahi dizkien lagunei, ezkontzen diren senideei egiten dizkie bertsoak Xomorrok.

        Kantatuz irakurtzekoa ohi da bertsoa, eta idatzi ere halaxe egiten duela esango nuke, doinuen abaroan.