Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Lumajeak

 

— Zer ziok jendeak? —betiko galdera bisitan semeari.

        — Betikoa; ez al duzue ikusten egunkarietan eta, telebistan eta? Bada, asfaltoan ere berdintsu. Berriketa ugari.

        Berriketa hotsa galanta. Isiltasunari belarria ezartzea, leize zulo beltz hondogabeari begiratzea da, itxura denez: irents zaitzake beti zain dagoen munstroak.

        Telebista eta irratiko kate guztietan ematen dituzte debateak. Aditu serioak agertzen dira, galtzontzilo zikinak ezkutatzeko gorbata dotoreak jantzita, eta elkarri tarterik eman gabe hitz egiten dute, garrasika sarritan, besteen jarduna itotzeko norberaren ahotsa ozenduz. Gauza bera gertatzen da egunkari eta aldizkari orrietan. Zutabe eta iritzi artikuluak bata bestearen jarraian, agortu ezineko jarioan. Zenbat pulpitu! Eta egunero!

        Izpazterreko labarretan, koskarik txikienetan ere nola edo hala lekua hartuz kokatzen diren itsastxorien irudia datorkit. Kaioak eta ubarroiak, lanperna-musuak, albatrosak, araoak, zangak eta antzara mota batzuk, ahate zenbait eta piroak, itsaso urrutietatik iritsitakoak haietako asko, labar izugarrietan elkarri mokoka lekuak hartuta, denak itsasoari begira, denak txilio jario aterrezinean, euren txilio zarata olatuen hotsaren gainetik entzunarazi beharrean, olatuen hotsa isilarazi nahian agian.

        Homo sapiensak labarretan, koska bakoitza pulpitu, itsasoari predikatzen, olatu hotsari sorgor, gauzak nola diren esaten.

        Baina atrilak, pulpituak, oholtzak eta plazak ez dira denak berdinak, koska handi eta txikiak daude labarretan, erosoak eta deserosoak, batzuk goi-goian talaia eder, beheko zoko umeletan besteak. Horrela egin behar izan ditu naturak, koska txikia piroari, koska zabala araoari...

        — Hor al zegoen hori ere?! —esango du harridura apur batez albatrosak, beheraxeagoko koskatik hegaldi narrasera jauzi egin duenean piroak.

        — Ez nekien zein zen Filipe Bidart hori, ez nuen horren berririk, ez nekien bazenik —esan du bere pulpitutik predikadoreak, eta sakrilegioa irudituko litzaioke seguru asko edozein euskal idazle edo irakurlek ez jakitea bera nor den, zer esan duen azken predikuan. Pentsatu ere ez du egingo egon litekeenik inor bere artikuluak irakurtzen ez dituenik.

        Lumaje dotoreko hegaztiak labarretan, kokagune erosoetatik gauzak nola diren azaltzen. Eta alboko haitzulotik irtenda hegaldi baldarrean abiatu den preso-lanperna-musuak ezin du «Gora Ika» ere esan, arao luma ederraren erdeinu murrikaria jasan gabe.