Lear Errege, William Shakespeare

 

V. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Ingelandarren Gudaltegia, Dover'tik ur. Arratz eta ikurrinekaz Edemunda, Erregane, Gudal-agintari, Gudari, ta beste batzuk aurrera.

 

EDEMUNDA: Yakizue dukea lengo asmoetan dagon, ala arrezkero aolkuen batek yardunbidea aldatu eragin dautsan a oso aldakor eta bere buruakin asarre da: iragarri egistazue a zetara yarri dan. (Atetara doan Gudal-agintariri)

ERREGANE: Ezpaibarik, gure aiztearen gizona okerreko bidetik dabil.

EDEMUNDA: Bai ete, andera?

ERREGANE: Orain, yaun maite, zuk ba-dakizu nik egin gura dautzudan ona: esaidazu, —baña benetan— esaidazu egia, zuk ez ete dozu maite nire aiztea?

EDEMUNDA: Maitasun garbiz.

ERREGANE: Baña ez dozu iñoz oartu nire nebea toki galazora yoaten?

EDEMUNDA: Burutapen orrexek zu txarto zarabiltz.

ERREGANE: Susmoa dot nik zu nire aizteakin batu ta akin maitakerietan ibili zareala, bere-bere gauzetan sartu arte.

EDEMUNDA: Ez, nire entzute ona-arren, ez andera.

ERREGANE: Nik egundo be eztot yasango a: ene yaun kutun, ez izan adiskidetasunik akin.

EDEMUNDA: Ez izan orren bildurrik, bera ta dukea bere senarra!

 

Arratz eta ikurrinekaz aurrera Albani, Gonerile ta Gudariak.

 

GONERILE: (Beretzako) Gurago neunke gudaketea galdu, nire aizteak a ta ni alkarregandik banandu baño.

ALBANI: Eure arreba maite-maite, ondo trikitx egina. Yaun, au entzun dot: errege bere alabeagana etorri dala, gure agintza-gogorkeriak negar egitera bultzau dauzan beste batzukin batera. Zindo ezin izan nintzan tokian egundo enaz izan adoretsu: Pantze'k bere oina gure lurrean imini dauenezkero, gurea dan arazo onetan errege ez da adoretuten, ezta, nire ustez, zegaiti zuzen eta aztunen batzukaitik gure aurka dagozan batzuk be.

EDEMUNDA: Yaun, zuk andikiro itz egiten dozu.

ERREGANE: Zer dala-ta ibili bear dogu zegaitien billa?

GONERILE: Arerioaren aurka yoteko alkartu zaiteze emen erabagi bear diranak etxeko ta bakotxaren arazoak eztirata.

ALBANI: Orrezkero, zer egin erabagi dagigun guda-ikurrinaren aurrean.

EDEMUNDA: Bertatik elduko naz zure txoznara.

ERREGANE: Aizta, lagundu gura dauskuna?

GONERILE: Ez.

ERREGANE: Egoki be egoki don; ator gukin, arren.

GONERILE: (Beretzako) Ara! Ba-dakit igarkizuna. Banoa.

 

Aik urtetera doazala, Edegarta aurrera, kokomarrotuta.

 

EDEGARTA: Iñoz yaun agurgarri orrek gizon onen txirokin itz egin izan ba'dozu, entzun egidazu itz bat.

ALBANI: Nik oratuko zaituet. Itz egik.

 

(Edemunda, Erregane, Gonerile, Guda-agintariak, Gudariak eta Begiraleak alde dagie.)

 

EDEGARTA: Idigi gutun au, gudaketea asi-aurretik. Gurendari ba'zadiz, adar-otsez aldarrikatu gurendea ekarri dauenaren izena: ziztrin dirudidan-arren, txapeldun urtengo dot nik, ni zer nazan yakin dagizuen. Okerreko bidea artu ba'dagizu, mundu onetako zure egitekoa amaitu da, ta bai azpikeria be. Zoriona lagun bekizu

ALBANI: Etxon egik nik gutuna irakurri arte.

EDEGARTA: Ori galazota dot. Garaia datorrenean otsegileak gedar egin dagiala ta ni ostera be agertuko naz.

ALBANI: Orrezkero, agur: begiratuko yoat ire ingia. (Edegarta'k alde dagi.) Edemunda ostera be aurrera.

EDEMUNDA: Arerioa agiri da: yarri euren tokietan zure indarrak. Azterketa zeatzez yakinda, amezan, gitxi gora-bera, aren sendotasuna ta indarrak; orain zuri eskatzen yatzuna zu bizkor ibiltea da.

ALBANI: Datorkenean, garaiari «Gora!» esango dautsagu.(Alde dagi.)

EDEMUNDA: Aizta bioi zin egin dautset maite dodazala; alkarren bekaitzez dira, usigiak suge zitalaren legetxe. Bietatik zein artuko ete dot? Biak? Bata? Ala ez bata ez bestea? Batak be ezin emon atseginik, biak bizirik izatekotan; alarguna artzeak asarretu ta burutik eginda izten dau bere aizta Gonerile; eta nire asmoak nekez bete nengikez, aren senarra bizirik dala. Orrezkero, bein-beinean, aren izenez egingo dogu gudaketea; eta bein gudaketea amaituezkero, a bitartetik kentzea gurako leukean noak asmau dagizala ori len-baño-len egiteko bideak. Lear eta Kordele'ri erruki izateko dauzan asmoai buruz, bein gudaketea amaituezkero, eta aik gure bendean egon, aik eztabe ikusiko aren azkespenik; eta izan be nik doda na yagon egin bear dot, ez eztabaidan yarri.(Alde dagi.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Gudaltegi bien artuko lur-arloa. Gudara-otsa barruan. Arratz eta ikurrinekaz Lear, Kordele, ta euren indarrak sartu-urtena egiten dabe aurretik zear. Edegarta ta Gloster aurrera.

 

EDEGARTA: Aita, artu emen zugatz onen itzala zure ostatari ontzat; otoi egin eskubideak irabazi dagian; egundo geiago ostera etorri ba'nadi zugana, poza ekarriko dautzut.

GLOSTER: Boa eskerra zukin, yaun.

 

(Edegarta'k alde dagi.)

 

Gudara-ots eta Atzeraketa barruan. Ostera be Edegarta aurrera.

 

EDEGARTA: Alde emendik, agure, ekazu zure eskua. Alde! Galdu egin dau Lear Erregek; bera ta bere alabea oratu dabez: ekazu zure eskua; goazan.

GLOSTER: Aurrerago ez, yaun; gizon usteldu daiteke ementxe be.

EDEGARTA: Zer, burutapen txarretan ostera be? Gizonak ona etortea legetxe, emendik alde egitea be yasan egin bear dabe. Gertu egotea da dana: goazan.

GLOSTER: Bai, ori be egia da. (Alde dagie.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Ingelandar-gudaltegia Dover'tik ur. Arratz eta ikurrinekaz gurendari dator aurrera Edemunda; Lear eta Kordele atxilotuta; Gudal-agintariak, Gudariak, eta a.

 

EDEMUNDA: Guda-agintarien batzuk eroan begiez orreik emendik; yagon ondo, orreik epaitu bear dabezanen goragoko asmoak zeintzuk dirian yakin arte.

KORDELE: Asmorik onenagaz zer txarrena aurkitu dabenetatik lenengoak ez gara gu. Zugaitik, estu erabiliko errege, zugaitik nago ni larri; ostean nik aurrez-aur begiratuko neunke zoritxarraren betozko iluna. Ez ete doguz ikusiko alaba ta aiztok?

LEAR: Ez, ez, ez, ez! Tira, goazan espetxera: guk biok bakarrik an txoriak txontegian legetxe abestuko dogu Zuk onespena eskatu dagistazunean, nik belauniko azkespena eskatuko dautzut: olantxe bizi, otoi egin, abestu, ipuin zarrak esan, txipeleta urreztauai barre egin, eta guzurti gaxoai yauregiko barriak entzungo dautseguz; eta eurekin itz be egingo dogu, nok galdu ta nok irabazi dauen; nor dan goian, nor bean; eta geutzako euki gauzen zegaiti ixilak, Yaungoikoaren barrandari baigintzaz: eta gu espetxeko orma-barruan ez gara aldatuko iretargia lez bein azi ta bein txikartu egiten dirian andikien moltso ta siniskerak lez, beti berean yarrai baño.

EDEMUNDA: Eroan egizuez emendik.

LEAR: Onango oparien ganera, ene Kordele, yainkoak eurak be lurrun gozoa zabaltzen dabe. Eldu ete dautzut? Gu alkarregandik banandutekoak zerutik burni goria ekarri bearko dau, ta emendik, azeriak lez, suz atera. Legortu zure begiak biotz oneko urteak iruntsiko dabez orreik, aragi ta narru, guri negar eragin baño lenago: eurak ikusiko doguz gu baño len goseak ilten. Goazan.

 

(Lear eta Kordele'k alde dagie, yagonda.)

 

EDEMUNDA: Erdu ona, gudalburu; entzun. Artu gutuntxo au (Ingitxo eskuratzen dautso); oa ta lagun egiek espetxera, malla bat gorago yarri aut; onek diñona egin ba'dagik ire zo rion andirako bidea egiten dok: yakik au: gizonak aldien erakoak dozak: biozpera izaterik ez yagokok ezpateari; ire egiteko andia ez dok aiko-maikoka ibiltekoa: baietz esan egik edo, ostean, aurrera egiteko beste biderik artu egik.

GUDALBURUA: Egingo dot, ene yaun.

EDEMUNDA: Atara; eta bein egindakoan pozik idatzi egidak. Adi, nik bereala esan gura yoat: eta egitekoa nik idatzi dodan legetxe egik.

GUDALBURUA: Nik ez dakit burdirik tarraz eroaten, ezta olo igarrik yaten; gizonek egitekoa ba'da, nik egingo dot. (Alde dagi.)

 

Eresia, Albani, Gonerile, Erregane, Malla-gudariak, eta Begiraleak aurrera.

 

ALBANI: Yaun, gaur zure eraso oldartsua erakutsi dozu, ta zoriak bidea ondo erakutsi dautzu: gaurko ekitaldian zure aurka zirianak lotuta dozuz: areixen eske natortzu, arein ibaziai ta gure segurutasunari bakotxari berea emoteko.

EDEMUNDA: Yaun, egokitzat neban errege zar-errukarria yagola izentauekin espetxera bidaltzea; eta izan be, aren urteak, areago aren izenak lilurapena dau erri zearen biotza bere alderatzeko, ta guk gudaketara nai-ta-nai-ez ekarriko gudariak arei agintzen dautsen geure begion aurrean bere alderatzeko. Akin batera bidali dot no-erregea be; zegaiti berberagaitik egin dot ori be; eta batzarra egingo dozun tokian, biar nai geroago, agertzeko gertu dagoz. Bein izerdia ta odola dariogula gara: adiskideak bere adiskidea galdu dau; eta burrukarik onenak beroan, euren zorroztasuna somatzen dabenak gaiztetsi egiten dabez añenka gero, otzean; Kordele ta bere aitaren auziak au baño toki egokiagorik eskatzen dau.

ALBANI: Yaun, au epez artu egizu, baña nik guda onetan menpekotzat zaut, ez anaitzat.

ERREGANE: Aintzakotzat dogu guk izendegian, eskerrak emoteko. Nire ustez gure eretxia eskatu bear zendukean zuk olan itz egin baño len. Bera izan da gure indarren buru; nire tokiko ta nire ordezko izan da; urkotasun ori yagi daiteke ta bere buruari zure anai deitu.

GONERILE: Ez berotu orrenbesteraño: zuk erantsiak baño geiago goratzen dau ori berorren berezko gaitasunak.

ERREGANE: Nik ezarri dautsadazan eskubideetan onena añako da.

GONERILE: Zuk senartzat artuko ba'zendu, litzateke ori andien.

ERREGANE: Irrilariak sarritan igarle izaten yatzuz.

GONERILE: Ostera, ostera! Ori esan eutzun begiak zearretara baño ez zindun begiratu.

ERREGANE: Andera, ondo-ezik nago; ostean gogor erantzungo neunskizu. Gudalburu-buru, artu nire gudariak, atxilotuak, nire ondasunak; egin eurekaz eta nigaz zuk zer-gura; ormak zureak dira: bedi ludia lekuko ementxe nire yaun eta ugazaba egiten zaudala.

GONERILE: Orrekin atsegin artzea ete da zure asmo?

ALBANI: Ez da zure gogoko iñori geldi izterik.

EDEMUNDA: Ez zure gogoko ba, yaun.

ALBANI: Bai, sasikume.

ERREGANE: Yo dagiala arratzak, eta erakutsik irea dala nire izena. (Edemunda'ri)

ALBANI: Ago emen bein-beinean; entzun egik argibidea. Edemunda, aspiyalekeririk andienaren erruduntzat atxilotuten aut; eta i atxilotuaz bai suge urreztau au be (Gonerile erakutsiz). Zuk zuretzakotzat eskatzen dozunari buruz, arreba lirain, nik eragotzi egiten dot nire emaztearen eskubideakaitik; au dago yaun orreri ezkontza-itza emonda, ta nik, onen senarrak, ezkontza-deioi aurka egiten dautset. Ezkondu gura ba'dozue, zuon maitetzat artu nagizue. Nire anderea aurrezdik itz emonda dago.

GONERILE: Ara non dogun antzerki-bitarteko!

ALBANI: Ik izkilluak aldean dozak, Gloster: adarrak yo dagiala: ire azpiyalekeri gorrotagarri, agiri ta ugariak egiazkoak diriala igan erakustekorik agertu ezpa'dadi, or dok nire baia (lurrera egozten dau bere esku-zorroa); ogirik nire agoratu baño len, neuk erakutsiko dodala ire biotzean, nik emen itaz aldarrikatua baño bape gitxiagorik ez azala.

ERREGANE: Larri naz, ai ene, ni larri naz!

GONERILE: (Beretzako). Ostean, egundo ez izango usterik osakaitan.

EDEMUNDA: Or dozu nire ordeazkoa (lurrera egozten dau eskuzorroa); ludi onetan niri azpiyale ereisten daustana, dana dala, ziztrin-guzurti utsa da; ots egin zure adarragaz iñor azartu ba'dadi urreratzen, aren aurrean, zure aurrean, eta noren aurrean ez? Nik nire egiari ta izen onari gogor eutsingo dautset.

ALBANI: Aldarrikari, eeee!

EDEMUNDA: Aldarrikari, eee, aldarrikari!

ALBANI: Ire ustea ire azkartasunean bakarrik yarri egik; nire izenez ikurrinpera deituko ire gudariak nire izenez azke yarriak dozak-eta.

ERREGANE: Geroago larriago naz.

ALBANI: No ori ez dago onik; eroan egizue bere txoznara. (Erregane'k alde dagi iñok bidea erakutsita.)

 

Aldarrikari aurrera.

 

          Ator ona, aldarrikari, yo egik adarra, ta au irakurri egik.

MALLA GUDARIA: Yo adarra (Adarrak yoten dau).

ALDARRIKARIA: (Irakurri dirakur). «Gudarozteko izendegiko gizon zindo nai mallakok Gloster'ko Konde dalako Edemunda bein eta barriro azpiyale dala egitez sendetsi gura ba'dau, adarrak irugarrenez yo dagianean ona agertu daitela: a bere burua yagotera osoan erabagita dago.»

EDEMUNDA: Yo! (Lenengo adar-otsa)

ALDARRIKARIA: Barriro! (Bigarren adar-otsa)

ALDARRIKARIA: Beste bein! (Irugarren adar-otsa)

 

(Barruan adar-otsak erantzuten dau.)

 

Edegarta aurrera, izkilluakaz, bere aurretik adar-yolea datorrela.

 

ALBANI: Itandu egiok ze asmo dakarren, zegaitik agertzen dan adar-ots onen deira.

ALDARRIKARIA: Nor zara? Zure izena, zure zindotasuna? Eta zegaitik erantzuten dautsazu oraingo dei oneri?

EDEGARTA: Nor da Edemunda Gloster'ko Kondearen izenez itz dagiana?

EDEMUNDA: A berbera: zer dirautsak ik?

EDEGARTA: Atera egik ire ezpatea, nire itzak biotz zindoren iraingarri ba'dozak, iri zuzena emon dagiskan: aiko amen nirea. Begira, au dok nire zindo-agirien, nire zinaren, eta nire yardungoaren agiria: ire indar, gaztetasun, toki, goikotasun, ire ezpata garaile ta zorion lortu-barri, ire adore ta ire biotza gorabera, nik i azpiyale ta etoi azala emen danen aurrean autortzen yoat: arpegi-biko, yainkoenizako, ire anaiearentzako ta ire aitarentzako; errege-seme argi onentzako, azpiyalekide; eta ire buruaren erpin-erpinetik bera ire oinpeko autseraño, kunkunzetadun azpiyale utsa. Esan egik «ezetz» bai, ta ezpata au, beso au, eta nire adorerik giartsuena ik guzurra diñoala nik itz egiten dautsadan ire biotzean erakusteko makurtuta yagozak.

EDEMUNDA: Zurtasunez, nik ire izena ieskatu bear naieunkek: baña ire azala liraina ta giarratsua danezkero, ta ire itz-egikereari azikera onaren sundatxoa darionezkero, zaldun tzako arauen bidez ezetariko uts eta akatsik egiteke egiteko au nik geroagoratu al izan-arren, eskubide au baztartu ta ezetsi egiten yoat: Ik esaneko azpiyalekeriok atzera ire buru-ganera egozten yoadaz; orreik sulezeak berak gorroto dautsan guzurraz ire biotza azpian lertu-bearrean yaukiek, eta oraindik ortik zear begiratu bai, baña azal-urraturik be ozta-ozta egiten ba'yoek, nire ezpata onek urratuko yautsek bertatik betiko lo egingo daben tokirako bidea. Yo, adar-yoleok!

 

(Gudara-otsak. Burruka daragoioe. Edemunda lurrera doa.)

 

ALBANI: Yarei egizue, yarei egizue!

GONERILE: Marro egin dautzue, Gloster: izkillu-araudiz zu etzengozan beartuta aurkalari ezezagunai erantzuteko; zu etzaue benderatu, zu atzipetu ta zuri zina sartu baño.

ALBANI: Itxi zure agoa, emakume, ostean ingi onegaz itxiko elautzut-eta... geldi, yaun; edozein izen baño txarrago azan orrek, irakurri egik ire gaiztakeria: ez negarrik emen, andera; oartzen dot ezagun dozula (Gutuna damotso Edemunda'ri).

GONERILE: Ezagun ba'dot, esan egizu, nok salatu nagiken orregaitik, legeak nireak ez zureak dirianezkero.

ALBANI: Olangorik! Ez ete dozu ezagun ingi au?

GONERILE: Ez irandu niri zer dodan ezagun (Alde dagi).

ALBANI: Zoakoze atzetik ara: etsita dago; yagoizu (Urteten dauen malla-gudariri).

EDEMUNDA: Zuk niri burura egotzia nik egin izan dot; baita geiago, askoz geiago be; aldiaz urtengo da argitara; ori yoan da, ta bai neu be. Baña nor augu i nigan olango zoriona izan doan ori? Odol-garbi ba'az azkesten dauskat.

EDEGARTA: Erakutsi dagiogun goi-maitasuna alkarreri. Odolez ni enok i baño gitxiagorik, Edemunda; areago ba'nok, areago iraindu nok. Nire izena Edegarta dok, eta ire aitaren seme nok. Yainkoak zuzenak dozak, eta gure akats atsegingarriak egiten yoezak gure zigor: i toki ilun eta legez besterakoan sortu induanak begiak galdu yoazan.

EDEMUNDA: Ondo itz egin dok, egin dok; txirrinkeak bira osoa egin yok; emen nok ni.

ALBANI: Nik ba-naioan susmoa ire yokabideak erregezindotasuna iragarten ebala: besartean estutu bear aut: naibageak birrintzatu begi nire biotza nik egundo gorrotorik izan ba'dautzuet iri naiz ire aitari!

EDEGARTA: Errege-seme zergarri, nik ba-dakit ori.

ALBANI: Non ostondu zara? Nolan yakin dozuz zure aitaren zoritxarrak?

EDEGARTA: Euren ardurea artuaz, ene yaun. Entzun itz-ariltxo; eta arildu dagidanean, nire biotzak ler egingo al dau! Orpoz-orpo yarrai etorkidan aldarriketa odoltzaleari iges teko... Ara, gure bizien gozoa! bein il baño gurago dogu eriozminez egunoro il-ta... maitasun orrek irakatsi eustan nire soinekoen ordez zoro-sorkiak alderatzea; txakurrak eurak be aintzakotzat artzen ez eben antza artzea: eta soineko oneikaz trikitx egin neban nire aitakin, onek euretako arri ederrak gal-barririk bere elastunak odola erioela ebazala; ni aren bide-erakusla egin nintzan, neuk arteztu neban, beretzako eskean ibili nintzan, etsipenetik yarei neban; egundo — nire utsarena!—, egundo ez neuntsan iragarri nire burua, oraintxe ordu-erdi bat dala arte, ni izkilluakaz nintzanean; ondoren zoriontsu onen itxarotsu bai, baña eskier ez-ta, bere onespena eskatu neuntsanean, eta asieratik azkeneraño azaldu neuntsazan nire ibilerak; baña, ai! aren biotz ausia, burrukeari eusteko makalegi izan bai, ta pozaren poz eta naibagearen naibage erasoen bitartean irribarreka lerturik gelditu zan.

EDEMUNDA: Ire itzaldi orrek bioz-biotzean ukutu yaustak, eta bear ba'da onerako izango yatak: baña yarraik; esateko zerbait geiago dokala iruditzen yatak.

ALBANI: Geiagorik ba'dozu, negargarriagorik ba'dozu, eukizu barruan; ni larri-larri, entzuna entzunaz, azkatu-aginik nago-ta.

EDEGARTA: Naibagezale eztirianak luze eretxi izango dautsoe nik esanari; baña bestek, geiegi puztuteko, luzeago ekingo leuke, ta goi-goiak yo. Nire billa bero-bero ebiltzanean, gizon etorri yatan, eta, ni egokerarik txarrenean ikusita, nire lagungo gorratagarritik alde egin eban; baña geroago, alango epea ebana nor zan yakin ebanean, bere beso sendoakaz nire iduna estutu ta zeruari eztanda eragiteko añako arnas-otsa egotzi eban; nik nire aitagana bidali neban; eta ak Lear eta berari buruz egundo belarrik artu ez dauena lango ipuin errukarria eralgi euskun: ipuin ori eralgi-ala, nire aitaren naibagea itzalez yoian aziaz, eta biziaren arakk ler egiten asi yakozan: orretan, bigarrenez yo eban adarrak, eta nik an itxi neban ezaguerea galduta.

ALBANI: Baña nor zan arako a?

EDEGARTA: Kent, yaun, Kent aberritik egotzia, kokomarrotuta bere arerio erregeri yarraitu, ta yopurentzako be egoki ez diran otseintzak egin izan dautsazan Kent.

 

Andiki aurrera iraduz, aizto odolduagaz.

 

ANDIKIA: Lagun, lagun, eneeee, lagun!

EDEGARTA: Ze laguntza?

ALBANI: Itz egik, gizon.

ANDIKIA: Bero da, lurruna dario: aren bioz-biotzetik ara dator.... Olangorik! no a il da.

ALBANI: Nongo no? Itz egik, gizon.

ANDIKIA: Zure anderea, yaun, zure anderea: eta ak bere aiztea edendu dau; berak autortu dau ori.

EDEMUNDA: Biai ezkontza-itza emona nintzan: orain irurok ezkontzen gara beingoan.

EDEGARTA: Emen dator Kent.

ALBANI: Bizirik naiz ilik, ekarri aurrera arein soinak ikarea sartzen dauskun zeru-epai onek ez dausku errukiz ukututen. (Andikiak alde.)

 

Kent aurrera.

 

          Ostera! au ete da arako a? Aldi au ezta azikera onak eragiten dauskuzan labankerietan ibiltekoa.

KENT: Ni nire errege ta ugazabari betiko gau on emotera etorri naz. Ez ete dago a emen?

ALBANI: Zer andi au aiztu egin yaku! Itz egik, Edemunda, non dok errege? Eta non Kordele?

 

(Gonerile ta Erregane'ren gorpuak aurrera.)

 

          Ba-dakusazu ikusteko au, Kent?

KENT: Onangorik! Zegaitik onan?

EDEMUNDA: Orraitiño Edemunda maite eben: nigaitik batak bestea edendu ta gero bere burua il eban.

ALBANI: Egin-eginean olantxe... Estali orrein arpegiak.

EDEMUNDA: Bizitze-arren arnas-oska nago: nire izakerea orretarakoa izan ez-arren, on-iskiren bat egin gura dot. Bidali arin, arin be arin gaztelura; nik idatzia Lear eta Kordele'ren biziarekikoa da-ta: ...Bai, bidali garaiz.

ALBANI: Arin egin, arin egin, eneee, arin egin!

EDEGARTA: Nogana, ene yaun? Nor da agindua dauena? Ekak agindua ez beteteko ire atza.

EDEMUNDA: Ondo oldoztua ori be: artu nire ezpatea, emoiok kapitaiari.

ALBANI: Ire biziagaitik, abil zoli ta egik arin. (Alde dagi Edegarta'k.)

EDEMUNDA: Ak zure emaztearen eta nire agindua dau Kordele espetxean eskegiteko, ta ak berak, eginaren errua Kordele'ri ezarteko, etsipenez bere burua eskegi baileuan.

ALBANI: Yainkoak yagongo al dabe! Au kendu egizue emendik bein-beinean. (Edemunda atera egiten dabe.).

 

Barrien barri aurrera Lear, Kordele'ren gorpua besartean dauela;

Edegarta, Malla-gudari, ta beste batzuk aizetik datozala.

 

LEAR: Damu-gedar, damu-gedar, damu-gedar, damu-gedar! Onangorik! Zuok arrizko gizonak zarie: Zuon miñak eta begiak ba'neuz, nik zeru-sapaiari arrakal-eragiteko erabiliko neunkez. A betiko yoan da! Nik ba-dakit iñor noz bizi dan ta noz dagon ilik: au lurra bestean ilik dago. Ekazue ispillu; onen arnaseak leiarra ezatu naiz orbandu ba'dagi, bizi da.

KENT: Au ete da aginduko amaia?

EDEGARTA: Edo-ta yazopen ikaragarri aren irudia?

ALBANI: Yausi, ta amaitu!

LEAR: Egaki onek zirkin egiten dau: bizirik dago! olan izatekotan, alan bearrezko zer onek nik egundo somatuko naibage guztiak ordaintzen dauz.

KENT: Ene ugazaba on ori! (Belauniko yarten da.)

LEAR: Arren-bai-arren, ken akit ortik.

EDEGARTA: Zure adiskide Kent zindoa yatzu ori.

LEAR: Zigorra zuoi, giza-iltzalleoi, guztiak azpiyale zarie'ta! Nik yarei nengikean au; orain betiko yoana da! Kordele, Kordele! etxon bein. A! Zer diñozu? Onen abotsa beti zan biguna, txeratsua, ta apala, —emakumentzako gauz ederra—. Zu eskegiten eragoion yopua il egin neban nik.

MALLA GUDARIA: Ori egia da, ene yaunak, orixe egin eban orrek.

LEAR: Ez ete neban ori egin, lagun? Ikusi dot nik eguna nik nire ezpata zorrotzagaz arei yauzi eragin izango neunskiena; orain zar naz eta naibageok eurok alperrik galdu nabe. Nor zaugu zu? Nire begiok ez yagozak iñozkorik ondoen: argi esaten dauat.

KENT: Zoriak arropuzka bi bata maite ta besteari gorroto izan dautsala esan ba'dagi, bietarik bata emen dogu aurrean.

LEAR: Au ikuskizun baltza da. Ez ete az i Kent?

KENT: Axe berbera, zure otsein Kent. Nondik da zure otsein Kai?

LEAR: A lagun ona dok, bai orixe: ak yaren yakik, eta arin yo be; a ilik eta ustelduta dok.

KENT: Ez ene yaun on; neu nozu a gizona berbera.

LEAR: Bertatik ikusiko yoat ori.

KENT: Zure lenengo aldakuntza ta aurberaezkero zure oinatz itunak yarrai dauzana.

LEAR: I ondo etorria az ona.

KENT: Eta ez beste gizonik: emen dana da itun, ilun, eta eriotz-antzeko. Zure alabarik zarrenak euren buruak manatu dabez, eta etsita il dira.

LEAR: Bai, nik alan uste dot.

ALBANI: Orrek eztaki zer diñon: eta alperrik da guk orreri gure buruak iragartea.

EDEGARTA: Alper-alperrikoa.

 

Malla-gudari aurrera.

 

MALLA GUDARIA: Edemunda il da, ene yaun.

ALBANI: Ori emen uskeri utsa da. Zuok yaun eta adiskide zindook, yakin gure asmo. Agure zar yausi andi oneri berak izan-ala pozbide emongo yako: gurekiko, guk agintzea itxi egiten dogu; errege zar au bizi dan artean bedi beretzako gure agintza osoa: zuok zuon eskubideetara (Edegarta ta Kent'eri); eta orrez ganera, zuok adeigarriok ondo be ondo irabazi dozuena eraskintzat. Adiskide guztiak txastatuko dabez euren ekandu onen ordainak, eta arerio guztiak euren irabazien edontzikoa. Ostera! Begiratu, begiratu!

LEAR: Eta nire ergel errukarria eskegi egin dabe! Ez, ez, ez dau bizirik! Zer dala-ta bizi bear ete dau txakurrek, zaldik, sagutok, eta ik arnasarik ez? I ez az etorriko egundo geiago, egundo bez, egundo bez, egundo bez, egundo bez, egundo bez! Otoi, azkatu botoi au: eskerrik asko, yaun. Ikusten dozue au? Begira no ori, begira, orren ezpanak! Begira ara, begira ara!

EDEGARTA: Ori larri da! Ene yaun, ene yaun! (Il egiten da.)

KENT: Ausi akit, biotz: arren, ausi akit!

EDEGARTA: Gora begiak, ene yaun.

KENT: Ez kezkatu orren mamua! Eneee, itxi aurrera yoaten! orrek gorroto dautsa ludi latz onetako zildai-ganean luzeagotu gurako leukeanari.

EDEGARTA: Ori benetan yoana da.

KENT: Orrek orren luzaro yasan izana bai ba-dala andia. Orrek iñori ostuko bizia izan dau.

ALBANI: Eroan egizuez emendik. Gure bein-beineko arazo ta arloa illeta orokarra da. Nire biotzeko adiskideok (Kent eta Edegarta'ri), zuok biok agindu bakalderri onetan, eta eutsin bakalderri odoldu oni.

KENT: Yaun, nik laster yoateko ibiltaldia dot egiteko; nire ugazaba deiez dot. Nik ezin emon ezetzik.

ALBANI: Aldi itun onen zameari men egin bear dautsagu: biotzean doguna esan, ez esan bear geunkeana. Zarrenak yasan dau geien: guk gazteok ez dogu ikusiko egundo orrenbeste, ezta orren luzaro biziko be.

 

(Alde dagie, il-ibilketa-eresiz.)

 

Amaia

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Lear Errege, William Shakespeare
Notin antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Sarrera / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus