Lear Errege, William Shakespeare

 

II. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Gloster'ko Kondea'ren Gaztelu-barruko Araspela, Edemunda ta Kuran aurrean, batzarrean.

 

EDEMUNDA: Abil ondo, Kuran,

KURAN: Bai, zeu be, yaun. Zure aitakin egona nozu, ta arrats onetan Kornuol'go Dukea ta Erregane aren dukenoa emen izango diriala iragarri dautsat.

EDEMUNDA: Zegaitik ete dok ori?

KURAN: Batek ba-yakik! Entzun dozuz or zabal dabiltzan barriak; or txutxu-putxuka zabal dabiltzanak esan gura dot, oraindik gauza garbirik eztakigu-ta.

EDEMUNDA: Nik ez yoat entzun arean; arran, ze barri dozak?

KURAN: Entzun ete dozu guda sortu leitekeala Kornuol eta Albani'ko Dukeen artean?

EDEMUNDA: Itzik bez.

KURAN: Beraz, ba-leiteke zuk geroago entzutea arean. Onik eta ondo ibili, yaun. (Alde dagi.)

EDEMUNDA: Dukea arrats onetan emen? Oba! egundokorik onen! Au nai-ta-nai-ez nire arazoaren alde datar. Nire aitak zainak yarri dauz nire anaiea oratzeko; eta nik gauzatxo bat dot, arduraz ebalteko gauzatxoa, ta nik zirti-zarta egin bear dot: Azkartasun eta zorion, urratu zuok nire bidea i? Anai, itz bat; yatsi adi: anai, non ago?

 

Edegarta aurrera.

 

          Nire aita zai yagok: et-et, yaun, igesi egik toki onetatik; norbaitek salatu au non agoan ezkutauta; eraz datorkik orain gau izatea.—Ez ete dok itzik egin Kornuol'go Dukearen aurka? A ona yatok; orain, gabaz, iraduz, eta Erregane berakin batera yatok: ez ete dok ezer esan ak Albani'ko Dukeari deutsan areriaz? Gogora egik.

EDEGARTA: Orretaz eskier naiagok, itzik bez.

EDEMUNDA: Nire aitaren otsa entzuten yoat; a bayatok: azketsi egidak; gu alkarrekin asarre gareanena egiteko nik ezpateaz eraso bear dauskat: atera egik ezpatea egik eure buruaren alde egiten doanarena: orain alde egik. Amore egik: ator nire aitaren aurrera. Argia, ara, ona! Igesi, anai. Zuziak, zuziak! Olantxe, agur. (Edegarta'k alde dagi.)

          Odol-orban batzuk ba'neuz aldean, obeto sinistu eragingo neunke adoretsu yokatu dodala (Besoa zauritzen dau); moskorrik ezautu dot olgetan au baño geiago eginekorik. Aita, aita! Geldi, geldi! Laguntzarik ez?

 

Gloster eta Otseinak aurrera zuziakaz.

 

GLOSTER: I, Edemunda, non dok a zitala?

EDEMUNDA: Emen egon da ilunetan, ezpata zorrotza aterata, lilurapen gaiztoai marmarka, ilargiari zinka, andera adu oneko izan dakion...

GLOSTER: Baña non dok a?

EDEMUNDA: Begira, yaun, odola daridala nago.

GLOSTER: Non dok a zitala, Edemunda?

EDEMUNDA: Ortik zear igesi dau, yaun. Ezetara be ezin ebanean...

GLOSTER: Oakio yarrai, ia! Zoakioek atzetik. (Otseinak alde dagie.) Ezin ebanean, zer?

EDEMUNDA: Ni zu yaun ori iltera yarri; baña nik yainko aspertzalleak guraso-iltzalleen aurka ostots guztiak egozten dabezala esan neuntsala; semea aitari iñondiko lokarriz sendo lotuta dagoala esan neuntsala; azkenez, yaun, ak, ni aren asmo zitalaren eta izamenaz besterakoaren aurka nengoala ikusirik, zirkin zitalez, eta ni gerturik enengoalarik, bere ezpata gertauaz ganera etorri ta besoa zulatu eustala: baña nire adore itzarriagoa, nire auziaren zuzentasunak sendotuta, burruka egiteko erabagirik ikusi ebalako, edo-ta nik aterako zaparradeak ikaratuta, beingo-beingoan igesi egin ebala.

GLOSTER: Igesi begi urrin: lur onetan ez dok geldituko oratzeke; eta oratu-ezkero, arenak ein yok. Nire ugazaba, duke zindoa, nire buru ta zain zergarria arratseon yatok bere aginpidearen izenez aldarrikatuko yoat, a aurkitu dagianek gure esker ona irabaziko dauela, iltzalle koldarra abera eroanda; a ezkutau dagianak eriotzea izango dauela.

EDEMUNDA: Ni a bere asmotik atzera eragiten alegindu, eta nik asmoa aurrera eroateko egoala aurkitu nebanean, salatu egingo nebala zemaitu neban itz gogorrez; aren erantzuna au izan zan: «Ondasunbako sasikume ori! Ala uste dok ni ire aurka yarriezkero igan iñok leukean uste, ire ekandu on, ire gaitasunak iñori sinistu eragingo leuskioela? Ez; nik, au lez, egitekoa egin eta egin dodala ukatu egingo naieunkek; bai, ik ni nor ta nolakoa nazan esan-arren be; nik egiña ik ni atara zirikatuta, ik asmauta, ire izakera gaiztoak eraginda egin dodala esango naieunkek; eta mundua buru-moteltzat izan bear dok ik, ni orretaz salatzekotan iñori sinistu eragingo dautsakala ni il-eragiteko ire aztalak ez diriala izan nire eriotzatik iri letorkikazan ondasun eta irabaziak?»

GLOSTER: Zital gogor-setatsu! Bere gutuna ukatu egingo ete leuke? Nik ez dot egundo sortu a. (Adar-otsa barruan.) Entzun, dukearen adar-osoak! Nik ez dakit ori zetara datorren. Itxas-ate guztiak itsiko dodaz; eztau igesiko zitalak; emon bear daust ori dukeak: orrez ganera, aren irudia urrera ta urrinera bidaliko dot, bakalderri osoak ezagutu dagian; eta i nire lurren legezko ta berezko yabe egiteko bideak urratzea neugan.

 

Kornuol, Erregane ta Begiraleak aurrera.

 

KORNUOL: Nolan zagoz, ene adiskide zindo? Ni onaezkero, —eta au oraintxe dala esan daiket—, iñondiko barriak entzun dodaz.

ERREGANE: Ori egi izatekotan, iraintzalleari ezarri lekikion edozein asperkune (zigor) be gitxi da. Nolan zagoz, ene yaun.

GLOSTER: Ai! andera, nire biotz zarra ler eginda dago, ler eginda dago!

ERREGANE: Zer, nire aitaren besoetako semeak zu il gura izan zau ala? Izena nire aitak ezarri eutsanak? zure Edegarta'k?

GLOSTER: Ai! andera, andera, lotsa-areen ixilik euki bear neunke

ERREGANE: Ez ete zan a nire aita yagoten daben zaldun asaldarien lagun?

GLOSTER: Nik eztakit, andera: au andiegia da, andiegia da.

EDEMUNDA: Bai, andera, a be areitariko zan.

ERREGANE: Orrezkero ezta andi eresteko ari lera txarrak intsigi izana: aik okertu ta makurtu dabe a gizon zarra iltera, aren ondasunen etorriak eralgi ta alperrik galtzeko; arein barri zeatzak gau onetantxe iragarri daustaz nire aizteak; eta barriok diriala-ta, areik nirera ba'datoz biziten, ni enaz izango an.

KORNUOL: Ez ni be, Erregane, benetan diñotzut. Edemunda, ire aitari seme-egitekoa egin dautsakala entzun yoat.

EDEMUNDA: Ori nire bearra zan, yaun.

GLOSTER: Orrek aren asmo gaiztoa salatu egin dau; eta a oratu (atzeman) aleginetan or dakusazun mina artu eban. Kornuol'ek. Iñor ete da aren yarrai?

GLOSTER: Bai, ene yaun on.

KORNUOL: Oratu ba'dagie oratu, eztogu izango egundo ak okerrik egingoaren bildurrik: artu zure erabagia, nire indarra zuk zer guraren alde dago-ta. I, Edemunda, ire ekandu onak eta ire esanekotasunak une onetan eurak euren burua goratzen yoek-eta, i gurea izango az: olango izakera uste sakon-sendokoen bear andia izango yoagu; i az guk lenen guretzat artzen doguna.

EDEMUNDA: Zure otsein izango naz, yaun, benetan, yazo daitena yazo.

GLOSTER: Orren izenez, eskerrik asko zuri maitagarri orreri.

KORNUOL: Ik eztakik gu zegaitik etorri garean i ikusten.

ERREGANE: Onan giroz bestera, gau itsuan bidea ara onaka eginda; eztabaidako eretiotan, Gloster zindo, zure aolku-bearrean aurkitzen gara: gure aitak idatzi dausku, baita gure aizteak be, euren arteko alkar-artu-ezinei buruz, eta nire ustez egokiena gure etxetik erantzutea da: andiko geznariak, batzuek eta besteak, erantzunaren begira dagoz. Eure adiskide zar on orrek, poztu ta nasaitu egizu zure barrua; eta gure arazoai emon egiezu bear-bearreko aolkua, bertatik bear dabe-ta.

GLOSTER: Zure otsein nozu, andera; zuok maitagarriok ondo etorriak zarie. (Alde dagi.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Gloster'en Gaztelu-aurrean. Kent eta Osualda aurrera, banazean.

 

OSUALDA: Egunabar on iri, adiskide: etxe onetako az ala?

KENT: Bai.

OSUALDA: Non itxi ete daikeguz gure zaldiak?

KENT: Lupetzan.

OSUALDA: Otoi, maite ba'nok, esan egidak.

KENT: Nik ez aut maite.

OSUALDA: Orrezkero, igaitik ez yaustak ardura.

KENT: Lipsbury'ko [5] baitegian ba'indut, nire ardura izanazoko neunskikek.

OSUALDA: Zegaitik narabilk onan? Nik ez aut ezagun.

KENT: Lagun, nik ezagun aut.

OSUALDA: Nortzat nok?

KENT: Kirten, zital, aragi ustel-yale az i; zakar, zistrin, arro, azal, eskeko, iru soinekodun, bost-erralde, zikin, artille-galtzerdidun kirten; koldar, sasikume, arroputz, ispillu begirale, bizkar-azur bigunegiko, lupu koipetsu; yopu-kume; otseintza on-arloan emagaldu-buru izan gura eunke ik, eta izan ez az i lupu, eskeko, koldar, emagaldu-buru ta txakurreme zakarraren seme ta ondorengo ez besterik: nik esanekoaren aletzik ukatu ba'dagik ukatu, nik yoka irrintze baten iminiko audana.

OSUALDA: Izamenak oker eginiko lagun eskargaren batek izan bear dok ik, euk ez ezautu ta i ezautzen ez auenaren aurka olan txarko esaka ekiteko.

KENT: Ze lotsabako zital azan i ni ezautzen nokala ukatzeko! Ez ete dozak egun bi nik erregeren aurrean iri orpoetatik elduta lurra yo-azo ta iri belarrondoko ederrak emon neunskazala? Atera ezpatea, zital; Gau izan-arren iretargiak argi egiten yok-eta: iretargi-sopatu egingo aut: atera ezpatea, sasikume bizargin-txakur txatxar, atera. (Atera dagi bere ezpatea.)

OSUALDA: Alde! Nik ez yoat ikin zer-ikusirik.

KENT: Atera, zital orrek: i erregeren aurkako gutunakaz ator; eta ik uskeritzat dok ik ire burua iñok darabilen no orren alde ta bere aita erregeren aurka yartea; atera egik txatxu txatxar orrek, ostantxean ire zangoak olantxe zaurituko yoadaz: atera, zital orrek; ar egik ire bidea.

OSUALDA: Lagun, arren! ilten nau! lagun.

KENT: Yo egik, yopu orrek; ekiok, txatxar, ekiok; yopu uts orrek, yo egik. (Yo egiten dau.).

OSUALDA: Lagun, eee! il bear nau! il bear nau!

 

Edemunda, Kornuol, Erregane, Gloster, eta Otseinak aurrera.

 

EDEMUNDA: Ara! Zer yazoten da

KENT: Ikin, gizon onaren seme, gura ba'dok; ator, neuk irakatsiko dauat burrukan; ator, yauntxo gazte.

GLOSTER: Izkilloak! Izkilloak! Zer dogu emen?

KORNUOL: Zagoze geldi, zuon biziakaitik: lenengo zartadea emon dagiana il egingo da. Zer yazoten da?

ERREGANE: Nire aiztea ta erregandiko geznariak.

KORNUOL: Zertazkoa da zuon eztabaidea? Esan.

OSUALDA: Ozta-ozta dot arnasarik, ene yaun.

KENT: Ori eztok andia, ik ire adoreari eragin dautsakanaz. Zital dollor ori, izamenak ez au i bere semetzat yostunen batek egina az i.

KORNUOL: Iñondiko gizon augu i: yostunek egin gizonik?

KENT: Bai, yostunek, yaun: ez arginek ez margolarik ezin egin eikien ori orren txarto, euren ogibideetan ordu bian ibiliak izanda be.

KORNUOL: Yarrai itz egiten, nondik sortu da zuon ezta baidea?

OSUALDA: Yaun, orren bizar urdinaren eskariz bizia azketsi dautsadan zital zar orrek...

KENT: Sasikume C (ze) ori! alperriko izki ori! Ene yaun, zuk zure baimena emoidazu bai, ta nik zital loka ori nire ostikopean espaloitu egingo dot, eta berrorregaz koroztegi-ormak espaloitu.. Ik nire bizar urdinai azketsi, buztanikara orrek

KORNUOL: Ixilik, yauntxo! basati zital orrek ez ete dakik lotsea zer dan?

KENT: Bai, yaun; baña asarreak bere eskubideak dauz.

KORNUOL: Zegaitik az asarre?

KENT: Au lango yopuak ezpatea daroelako, ezetariko zintzotasunik ez-ta. Onango gizon txatxar irribarretsuak, sagutoen antzera, aginka zeatzen dabez azkatzeko gatxegi di rian lokarri bikoitz gurenak; euren ugazaben izakeretan asaldatzen dan lera-zirkin oro leundu egiten dabe; suari orioa ezarten dautsoe, edurra euren gogaldi otzagoai; ukatu, baietz esan, altzion egaztiak euren mokoak ekatxa nora ara aldatzen dabuzan lez aldatzen dira onangoak euren ugazaben ekatxetara. Txakurren antzera, iñori yarraitzea ez besterik eztakie. Denganiñoarentzako ire aldiendunaren begirakune ori! Irribarre egiten dautsek nire esanai, ni ergel bainintzok? Ata, Sarum [6] zelaian ba'indut, kakaxaka eroango induket Kamelot'era.

KORNUOL: Zer, burutik eginda ago ala, agure zar?

GLOSTER: Zegaitik asarratu zarie? Esan egik ori.

KENT: Alkarren aurka dagozanek ez dautse alkarrexi iguin andiagorik nik eta olango zitalak batak besteari dautsaguna baño.

KORNUOL: Zegaitik eresten dautsak zital? Ze oker egin yok?

KENT: Orren mosua ez yat begiko.

KORNUOL: Bear ba'da ez yak begikoago nirea, ezta arena ta no orrena be.

KENT: Yaun, nire egitekoa lau ta xalo izatea da: une onetan nire aurreko edozeinen sorbalda-ganean dakustan baño mosu ederragorik ikusia nozu nire aldian.

KORNUOL: Gordin itz eginagaitik iñok goratuko gizonen bat dogu ori, ta orregaitik darabil lotsabakokeri gordina, berezko bere txairotasuna bere kitez osoan baztertuta: ori ezta iñor zuritzeko, ori gizon zindo ta itz argi ta garbi egitekoa da-ta; ori egia esan-bearreko da! Izan ez, ostera? Bai, iñok aintzakotzat artu ba'dagi; artu-ezik be, gauzak argi ta garbi ta tapa-tapa esatekoa yatau ori. Ezagun yataz niri onango lotsagalduak; onangoak onango euren bakuntasunean ogei tentelek baño lupukeri ta asmo txar geiago ostonduten dabe euren buruan, euren egitekoak txairo bete-arren onangoai buru-makurka eder esten dautsen ogei tentelek baño geiago.

KENT: Yaun, bene-benetan, egi-egiz, zure arpegi itzal orren baimenaz, orren eraginak, Peba'ren [7] bekoki ikarako gar dizdizkorrezko burestunaren antzera...

KORNUOL: Zer esan gurok orregaz?

KENT: Zuk orren txarretsi dozun itz-egikeratik alde egitea. Ba-dakit, yaun, ni ez nazala zuritzalle: zu itz lauz atzipetu zinduzana lotsagaldu laua izan da; eta nik, nire aldetik, ez dot izan gura olangorik, zuk orretara eraginda zure asarrepera yausiko ba'nitz be.

KORNUOL: Ze irain egin euntsan ik?

OSUALDA: Nik eneuntsan egin egundo irainik; oraintsu orren ugazaba erregeri begiko egin yako ni yotea, ni oker aituta: eta ara, gizon garratz-aztun orrek, asarretuaren zuriketak eginda, orpoetatik elduta zerraldo itzuli nindun lurrera; lurrean nintzala, irain-laidotu, ta txarto esaka egin eustan, eta erregeri gizon be gizon zala esanda, a bizkortu ta eragi eban, eta berez apalduta egoan erregegandik gorapenak artu ebazan orrek, ziri-zirika adoretu ebalako; eta egitada itzal orrek berotuta, barrien-barri atera dau emen ezpatea ni zaaritzeko.

KENT: Onako zital eta koldarrok ez, Aiatz da euren ergel.

KORNUOL: Yoan eta ekarri oin-oñazkarriak [8]! Zital zar setati ori, arroputz agurgarri ori, guk irakatsiko dauagu....

KENT: Yaun, ni zarregi nozu ezer ikasteko; ez ekarri-azo zure oin-oñazkarririk nitzako: ni errege-otsein naz; aren zereginak bidali nindun ni ona zugana; aren geznaria oin-oñazkairatu ba'dagizu nire ugazabaganako lotsa gitxi ta gaiztakeri agiriegia erakutsiko dozuz.

KORNUOL: Ekarri oin-oñazkaiak! Nire bizi ta entzate ona-arren, an egongo da eguerdirarte.

ERREGANE: Eguerdirarte! gaberarte, ene yaun; eta gau osoan egon be.

KENT: Ara, andera, ni zare aitaren txakurra ba'nititz, enindukezu erabiliko onan.

ERREGANE: Yaun, aren zital azanezkero, erabiliko aut.

KORNUOL: Lagun au gure arrebeak aipatuten dauzanen margo-margoko da. Ia, atera oin-oñazkaiak! (Oin-oñazkaiak ateraten dabez.)

GLOSTER: Olangorik ez egiteko eskatzen itxi begist zure maitagarritasunak; orren okerra andia da, ta orren ugazaba errege onak berak estu artuko dau orregaitik: zuk ezar teko asmo dozun lotsarizko zigorra gizakirik txatxarrenai ta gaiztoenai lapurreteagaitik eta okerreri oituenakaitik ezarten yakienetarikoa da: erregek txartzat artuko dau bera zuok orren gitxitzat estea bere geznariari olango lotsarizko zigorra zuok ezarriezkero.

KORNUOL: Orreri erantzutea betor nire lepora.

ERREGANE: Nire aizteak askozaz txarrago artu lei bere egitekoak beteten dabilen gizon yatorra iñok zakar erabili ta iñor ganera yoatea. Sartu barrura orren zangoak. (Kent oin-oñazkarri-barruan yarten dabe.)

          Goazan, ene yaun, goazan emendik. (Gloster eta Kent'ek ez besteak alde dagie.)

GLOSTER: Ire tamal yoat, adiskide; ori dukearen gogoko dok, eta orren gogaldiari eustekorik edo bigundutekorik etxagok, mundu guztiak ondo dakianez: ire alde eskatuko yoat.

KENT: Otoi! ez egin olangorik, yaun: lorik egiteke naz eta bide luzea egin dot; aldiz lo egingo dot, eta ganetiko aldian txistuka ekingo dautsat. Gizon onaren zoriona orpoetan azi leiteke. Egun-on damotzut!

GLOSTER: Au dukearen erru da: au txarto artuko dabe. (Alde dagi.)

KENT: Guztien esakunea ontzat emon bear dozun errege on, zu zoriontegi-onespen-bidez zatoz eguzki epeletara! Erdu, argi egin beko izaki borobil oni, zure izpi atseginez gu tun au irakurri daikedan! Nekez dakus ezek alatzik, ezbearrak baño: ba-dakit, zorionez be zorionez nire bizikera ilunaren barri dauen Kordele'gandikoa dana: eta ak bere erri eskargatik aterako dau astirik galtzeak orniduteko. Begi aztunok, itzarriaren itzarriz unatuta zagoze-ta, aexe zuon alde da, toki lotsagarri au begira ez dagizuen ori, gau on: egistazu iribarre ostera be: eragin zure txirrinkeari! (Loak artzen dau.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Lur-arlo zabala. Edegarta aurrera.

 

EDEGARTA: Nire burua aldarrikatuta entzun dot; eta zugatz arroko arroari eskerrak, igesi dot eizatu izatetik. Itxasaterik ez dago idigita; ez dago lekurik ni oratzeko zainak eta itzartasunik itzarrienak zaintzen ez dabenik. Igesi daikedan artzen yagon egingo dot nire burua; eta egundo ezak, gizonari irriz, pizti-antzeko egiteko, iñori arrazo izan dautsan antzik zakarren eta txiroena artzeko asmo dot: nire mosua zikinez loituko dot; nire garria artillekiz estuko dot; ulea kirimildu ia moltsotu egingo dot; eta nire billustasuna erakutsita eupada egingo dautset axeai ta ortzetiko yazarpenai. Kanpoak emoten daust orretarako eredurik eta yarraibiderik, eta izan be or ibilten dira eskeko zoroak zarata baten; minik artzen eztaben euren beso billusak zulatu egiten dabez orratzez, zotzez, atzazalez eta erromeru-orriz; eta yo-bide iguingarri onen bidez baserri kazkarretatik, uri kazkarretatik, artzain-txaboletatik eta errotetatik, batzuetan zoro-añenez, beste batzuetan otoitzez emonazoko soroskia artzen dabe. Turlygod gaxo! Toma [9] gaxo! Au oraindik zerbait da: ni Edegarta enaz ezer. (Alde dagi.)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Gloster'en Gaztelti-aurrea. Kent oin-oñazkaietan. Lear, Ergela, ta Andiki bat aurrera.

 

LEAR: Andia da eurak etxetik alde egin eta nire geznaria ez bidaltzea atzera.

ANDIKIA: Yakin dodanez, aurreke, gabaz ez eben alde egiteko asmorik.

KENT: Agur zuri, ugazaba zindo!

LEAR: Ara! Lotsakizun au asti-emongarri egin dok ala?

KENT: Ez, ene yaun.

ERGELA: Ara! Ara! Galartzu mingorrak daroaz orrek. Zaldiak burutik estuten dira, txakurrak eta artzak idunetik, tximinoak kuntzurrunetatik, eta gizonak zangoetatik; gizonik zango-sendoegi ba'da, zurezko galtzerdi motzak erabilten dauz.

LEAR: Nor dok ire tokia orren oker etsi dauena, i or iminteko

KENT: Biak dira. No ta To, zure seme ta alaba.

LEAR: Ez.

KENT: Bai.

LEAR: Ezetz yiñoat.

KENT: Nik baietz diñot.

LEAR: Ez; ez; ori ezina dok.

KENT: Bai, ezina ba'da be egin dabe.

LEAR: Tzeu-arren, zin egiten yoat, ezetz.

KENT: Yune-arren [10], zin dagit, baietz.

LEAR: Ez al dozak azartu olangorik egiten. Ezin azartu eitekezan, ez yoen egin olangorik: eriotzea baño be txarrago dok, lotseari olango indarrezko irain egitea: azaldu egistak, iradu geiegibage, ik ori nondik irabazi einkean edo aik i olan erabili, i nigandik etorria izanik.

KENT: Ene yaun, euren etxean zure nagusitasunaren gutuna emon neuntsenean, nire egitekoak erakutsiko tokian belauniko nengoan tokitik ni zutundu baño lenago eldu zan izerdi bitsetan bidari, iraduaren iraduz koipetan, arnas-estuka itobear gorrian, arnas-oska emon eutsezan Gonerile bere ugazabaandereagandiko agur-gorantziak; eskuetaratu eutsezan gutunak eta aik, astirik galtzeke, bertatik irakurri ebezan: gutunak ekarrena irakurriaz bat deitu eutsen etxekoai ta bertatik zaldiganeratu zirian; niri yarraitzeko agindu eustien, eta eurak astiz noz erantzungoaren begira egoteko; begirakune motzak egin eustiezan; eta ari egindako txera ta ondo-etorriak nirea edenduko beste geznariakin batera ni emen aurkituta, —geznari ori oraintsutik ona zure nagusitasunaganako yardun zakarra erabili izan dauen urlia berbera izanik—, nire burua zur baño gizonago erabilita, ezpatea atera neban nik; etxea aidean yarri eban ak bere gedar zaratatsu ta koldarrez. Zure seme-alabak nire okerra emen yasaten dauen lotsarigarri etsi eben.

ERGELA: Negua yoateko da oraindik, itxas-antzarrak bide ori artu ba'dabe egaz egiteko. Soinekotzat sorkiak darabilezan gurasoak seme-alabak itsutu egiten dabez; baña zizkuak aldean darabilezan gurasoak seme-alaba txeratsuak izango dabez. Zori emagaldutzarrak egundo ez dautso idigiten aterik eskekori ez txirori. Baña, au gora-bera, zuk urte betean esanala min emongo dautzue zure alabak.

LEAR: Oi! onako ama au bai andituten dala nire biotzerantzat! Histerica passio, beera ortik, gora atorren nai bage ori. Ire tokia bean dok! Non da alaba au?

KENT: Kondeakin, yaun, emen barruan.

LEAR: Ez etorri nire yarrai; geldi or. (Alde dagi.)

ANDIKIA: Ik esana baño oker andiagorik ez ete enduan egin?

KENT: Ez, bapez. Zer yazo da errege orren gitxikin etorteko?

ERGELA: Arazo orregaitik imini ba'aue oin-oñazkaitan, ondo irabazita dok.

KENT: Zegaitik, ergel?

ERGELA: Iñurriaren ikastegira bidaliko augu, neguan ez dala lanik egiten an iri irakasteko. Euren surrak norantza eurak arantza doazanen zuzendari begiak dozak, itsuenak ezik; eta ogei surretik bat ez yagok sunda atsa somatuko ez dauenik. Itxi egiok eskuetatik mendia-bera doan txirrinka andiari, berari yarraitzez idun-azurra ausi ez dagiskan; baña mendia-gora doan andiak eroan agiala bere atzetik. Gizon zurrek nirea baño aolku oberik emon dagiskanean, ekak nirea atzera: ez naieunkek gura besterik nire aolkua lupuak yarraitzea baño ergelak atzera emoten dauenezkero.

                    Irabazia-arren ire esaneko dan yaunak,

                    Eta irudi utsez yarraitzen dauskanak,

                    Zorroa egingo yok euria asi daitenean,

                    Eta itxi i ekaitz artean.

                    Baña nik etxon egingo dot; ergela gelditu egingo da,

                    Eta doala ariñeketan gizon zurra;

                    Igesi dagian ergela maltzurtu egiten da

                    Baña maltzurrik ez ergeldu, ez orixe.

KENT: Non ikasi dok au, ergel.

ERGELA: Ez oin-oñazkaietan, ergel.

 

Ostera be aurrera Lear, Gloster'ekin.

 

LEAR: Niri itzik ez egin gura? Gexorik dagoz ala? Gau osoa egin dabe bidean ala? Asmakizun utsak; asalda-irudiak igesi eragin dautse. Billatu egistazue erantzun egi-antzekoagorik.

GLOSTER: Ene yaun maite. Zuk ba-dazauzu dukearen izakera sutsua; bere yardunbidea zirkinik eragin-ezina ta loka-ezina dana.

LEAR: Asperkunde! denganiño! eriotz! naste! Sutsu? Ze izakera? Ara, Gloster, Gloster, nik Kornuol'go Dukeakin eta aren emazteakin itz egin gura naieunkek.

GLOSTER: Ondo, ene yaun on, nik orixe iragarri dautset.

LEAR: Iragarri arei? Ba-dakik nik zer esan gura dodan, gizon?

GLOSTER: Bai, ene yaun on.

LEAR: Erregek itz egin gura leuskio Kornuol'eri; aita maiteak bere alabeari itz egin gura leuskio, agindu egiten dautso esanera yarteko; yakin-azo ete dautsek au? Nire arnasa ta nire odol! Sutsu? Duke sutsua? Duke beroari esan egiok... Ez, oraindik ez: ba-leiteke a onik ez izatea; gexotasunak ba-daki gure osasunak egitera beartuten gaituan egitekoak bertan-bera izten; gu ezkareanean geu; estuturik dagoanean, izamenak gogoari soinakin batera min artzeko agintzen dautsanean; epea artuko dot; eta nire gurari oldartsu-itsuaz gexo ta ondo-ez-aldikadea gizon osasuntsutzat artzera itzuliago nozu. Ilgo al da ni onan izatea! Zegaitik (Begiak Kent begira) egon bear ete dau onek emen? Dukeak eta No'k alde egite au akiakula utsa dala sinetsi eragiten daust egitada onek. Atera egistazue nire otseina. Oa ta esan egiek dukeari ta aren emazteari oraintxe bereon eurekin itz egin gura dodala; urteteko ta niri entzuteko agindu egiek, ostean euren gelako atetan arratza yoko dodala, arratzari «egin lo il arte» gedar eragin arte.

GLOSTER: Zuon artean dana ondo yazoko al da. (Alde dagi.)

LEAR: Ai ene! ene biotz, asaldatzen zaiatazan ene biotz! baña, ago geldi!

ERGELA: Gedar egiozu, osaba, arako londondar emakumeak bizirik oraz estali ebazan aingirai egin eutsen lez; makilleaz buruetan yoten ebazan eta gedar egin: «Bera, lotsaba geok, bera!». Aren nebea izan zan, bere zaldiekanako maitasun utsez, bere bedar igarra koipatu ebana.

 

Kornuol, Erregane, Gloster, eta Otseinak aurrera.

 

LEAR: Egun on bioi.

KORNUOL: Agur, maitagarri orreri! (Azkatu egiten dau Kent.)

ERREGANE: Zure nagusitasuna ikusiaz pozik nago.

LEAR: Erregane, aintzakotzat zaut; ba-dakit zegaitik dodan uste au; poztuko ez ba'intz, ire amaren il-obitik bananduko nintzatekenan, ezkontz-orbantzallearen il-obitik. Ara! azke augu? (Kent'eri). Beste bein orretaz. Erregane maite, ire aiztea ezebeza don; ene Erregane, ak, saiak lez, maitasunik-ez agin-zorrotza sartu yaustan emen (Bere biotza erakusten dautso); nekez itz egin daikenat; ik ez don sinetsiko zelango izakera gaiztoz, ene Erregane!

ERREGANE: Arren, yaun, artu epe; nire ustez zuk gitxiago dakizu a aintzakotzat artean, ak bere egin-bearretan urri izaten baño.

LEAR: Esan, zelan dateke ori?

ERREGANE: Nik ezin uste daiket ak bere egin-bearrik txikienean uts egin leikeanik; yaun, bear ba'da zure yarraigokoen asalda ta likiskeriak eskua ezarri ba'dautse, egin-eginean be orrexek eta bere asmo onak zuritzen dau erru orotik.

LEAR: Nire añenak arentzat!

ERREGANE: Ara! yaun, zu zar zara; zugan izamena bere mugen ertz-ertzean dago; zuri iñok agindu bear leuskitzu, eta zuri dagokizuna zuk baño obeto ikusten dauenek zuri bidea erakutsi bear leuskizu. Orrezkero, arren-bai-arren, zoaz atzera nire aizteanera; esan egiozu, yaun, iraindu egin dozula.

LEAR: Ari azketsi dagistala nik eskatu? Ikusi baño ez dozu zela dagokon au etxeari: «Alaba maite, autortzen dot zar nazana; (Belauniko yarten da) zarrik ez da bear; belauniko eskatzen dautzut emon dagistazuzala soinekoak, oea ta yakiak.»

ERREGANE: Yaun on, asko da; oneik maltzurkeri itsusiak dira: zoaz atzera nire aizteagana.

LEAR: (Zutundu egiten da.) Egundo bez, Erregane nire yarraigoaren erdia kendu daust; arpegi motza erakutsi; bioz-biotzean yo nau bere osoan suge-antzeko miñagaz; zeruak piloan dauzan asperkune guztiak bere buru eskertxarrekoaren ganera yausiko al dira! Yoten dozuen aideok, yo aren azur gazteak meikitasunaz

KORNUOL: Ez olangorik, yaun, ez olangorik!

LEAR: Yusturi bizkorrok, yaurtin zuon gar itsukorrak aren begi gorrotagarrietara! Itsusitu aren edertasuna, laño zingira-edoskitzalleok, eguzki indartsuak sortuok, aren ganera yausita aren arrokeria axe-putzez eroateko!

ERREGANE: Yainko onetsiok! Orixe gurako daustazu zuk niri be zure gogaldi bizia aldean izango dozunetan.

LEAR: Ez, Erregane, zuk ez dozu izango egundo nire añenik; zure izakera samurrak etzau iñoz eroango laztasunera; aren begiak gogorrak dira, zureak, ostera, poza emoten dabe, eta ez ere, zu etzara niri nire pozaldiak izatea galazotekoa, nire yarraigokoak gitxitutekoa, otoz-otoko itzai beste ainbestez erantzutekoa, nire neurriak urritutekoa, eta, azkenez, ni barrura ez naiten ateari giltzea emotekoa: zuk obeto dakizuz izamenaren egitekoak, semetzearen lokarria, adeitasunaren ondorengoak, esker onaren egitekoak; zuk ez dozu aiztu nik ezkontsaritzat zuri emoneko nire bakalderri-erdikina.

ERREGANE: Yaun on, goazan arira.

LEAR: Nok imini dau nire gizona oin-oñazkarrietan? (Adar-ots barruan.)

KORNUOL: Ze adar-ots da ori?

ERREGANE: Ba-dazaut; nire aiztearena da: onek sendetsi egiten dau aren gutunak diñona: laster izango zala emen.

 

Osualda aurrera.

 

          Ire anderea etorri dok ala?

LEAR: Ori yopu da ta orrek zorrean errez artuko arrokeriaren oñarri oso bakarra orrek darraikion No'ren maitasun aldakorra da. Alde nire begien aurretik, kakanarru ori!

KORNUOL: Zer esan gura dozu, maitagarri orrek?

LEAR: Nok yarri dau nire otseina oin-oñazkaietan? Erregane, zuk orretan zer-ikusirik ez dozula nik uste. Nor dator ona? Ene Urtzi!

 

Gonerile aurrera.

 

          Agurek maite ba'dozuz, zure agintza gozoak iñok men egiterik itxi ba'dagi, zu zeu zar ba'zara, egin ori zeuon auzi; ekin, eta yarri nire alde! Ez zarie lotsa bizar au ikusiaz? (Gonerile'ri.)

          Ene Erregane, zure eskua emongo ete dautsazu orreri?

GONERILE: Zegaitik emon ez eskurik, yaun? Ze irain egin dot? Ez da irain bereiztasunik-ezak aintzakotzat dauen oro, ezta lelokeriak olan deritxon oro be.

LEAR: Ene aldamenok (saietsok), zalegi zarie zuok! Oraindik ez ete dozue izten egingo? Nolan, zek eroan dau nire gizona oin-oñazkaietara?

KORNUOL: Neuk imini dot an, yaun; baña orren okerrak askoz be begirapen gitxiagogarri izan dira.

LEAR: Zuk! Zuk egin dozu?

ERREGANE: Otoi, aita, makal zareanezkero, izan egizu makal-antza. Ilebetea amaitu arte yoan ba'zaitez nire aizteanera ta an bizi, erdu ona orduan zure yarraigoaren erdia ortik zear bidalita. Orain etxetik at nago ta ez dot gertakuntzarik eginda zuok artzeko.

LEAR: Atzera yoan agana ta berrogei ta amar gizon ortik zear bidali? ez, lenago agur egingo dautset aterpe guztiai ta obetsi eguratsaren areriakin burruka egin; otso ta mosolloaren lagun izan; —bearraren mokokada zorrotz!— Atzera yoan akin? Are! Pantze odol-beroak gure gazteena ezkontsaribage artu eban; ara ba, ni bardin yoan neinteke ara, yarri belauniko aren bakaulki-aurrean, eta, mixerraren antzera, egunekoa eskatu bizi zatarrari eusteko. Atzera yoan akin? Ori egin baño lenago buruan sartu-eragidazu zaltzain iguingarri onen (Osualda erakutsiz) yopu ta zaltzain izatea be.

GONERILE: Zeuk zer-gura, yaun.

LEAR: Otoi, alaba, ez egidazu burutik eragin: ez dautzut emongo ezetariko lorrik, ene alabatxo: agur: ez gara geiago alkarrekin batuko, ez dogu geiago alkar ikusiko: baña au ta guzti be zu nire aragi, nire odol, nire alaba zara; edo, obeto esateko, ezinbestez nirea dala esan bearreko nire aragiko gatxa; zu zaldar zara, zauri zakar, garmu anditu nire odol ustelean. Baña nik ez dautzut egingo agirikarik. Betor lotsaria berak gura dauenean, baña nik ez dautsat deirik egingo; ez dautsat esango tximistarriari zu yoteko, ezta au ta besterik zutaz esan goi-epaile Yupiter'eri [11]; arteztu zure okerrak al dozuzanean; bizi obeto zure erara; nik izan daiket epe; ni Erregane'nean egon naiteke, ni ta nire eun zaldunak.

ERREGANE: Ez, ezetara bez olan. Nik ez dautzut oraindik deirik egin, ez nago gerturik be zu egokiz artzeko. Entzun, yaun, nire aizteari; zure asarre-urutuari adimen-argia nastuten dautsoenak zu zar zareala uste izanaz naikotu bear dabe-ta; eta orregaitik... Baña berak daki zer egiten dauen.

LEAR: Ondo esanda ete dago au?

ERREGANE: Atakotzat nago, yaun; zer, berrogei ta amar yarraile? Ez ete dago ondo? Zetarako dozu geiagorik? bai, edo olango bat, eralketeak ta galbideak biak batera geiagoren aurka gedarka daragoioenezko? Zelan bizi leitekez etxe berean orrenbeste lagun batera alkarrekin adiskide, nagusi bik aginduta? Ori zail da; larri-larri ezina da.

GONERILE: Zegaitik ez dozu artzen otseintzea orrek otseinak deitzen dautsenakandik nai nireakandik?

ERREGANE: Zegaitik ez, ene yaun? Zuri otseintzen geldoak ba'litzaz, geuk bideratuko gendukez. Nigana etorri gura ba'dozu, —orain galbide-sundea artzen dot-eta—, ogei ta bost baño geiago ez ekarteko eskatzen dautzut; ortik gorakori ez dautsat nirean tokirik emongo, ezta yaramonik egingo be.

LEAR: Nik oro emon neutzun...

ERREGANE: Eta emon ba'zendun emon zendun.

LEAR: Nik zuok nire yagole, nire zaintzalle egin zinduedazan; baña zertxobat itxi neban neugan, ots, nik onenbeste yarraile izango nebazala. Zer, ogei ta bostekin etorri bear ete dot zugana, Erregane? Olan esan ete dozu?

ERREGANE: Eta ostera be orixe diñot, ene yaun; bat bez geiago nikin.

LEAR: Izaki gaiztoak be onak dirudie eurak baño txarragoak aldamenean dabezanean; izan leitekeanik eta gaiztoen ez izatea zelanbait goragarri izatea da. Zukin yoango naz (Gonerile'ri); zure berrogei ta amarrak ogei ta bost eta beste ainbeste dira, eta zure maitasuna be orrena lango bi da.

GONERILE: Entzun egistazu, ene yaun; zetarako dozu zuri ogei ta bostek, amarrek, nai bostek yarraitzea, zuri naierak egiteko aginduta olango bi dagozan etxean?

ERREGANE: Zetarako dozu bat bera be?

LEAR: Ez da bearra, zubena baño; gure eskekorik berengoak be euren txirotasunean ba-dabe bear eztabenik: ez emon izamenari izamenak bear dauena ez besterik. Gizonaren bizia zer gitxiren bearreko da aberearena legetxe; zu andera zara; berorik ibiltea bakarrik ba'litz dizdiratsu, orrezkero izamenak ez leuke zuk darabiltzuzan zer dizdiratsuen berorik, orreik berotan ozta-ozta eukiten zaue-ta. Baña, benetako bearrerako... Zuok zeruok, emon egistazue epe, epe bear dot nik! Emen nakusazue, yainkook, agure errukarri urtez aña lorrez betea; bitzuetan zoritxarreko! Zuok ba'zarie alabon biotzai euren aita onen aurka eragiten dautsezuenak, ez nagizue au otzan otzan eroateraño ergeldu; asarre zindoz ukutu nagizue, eta ez itxi emakume-izkilluak, ur-tantanak, nire masailak bustiten! Ez, izamenaz besterako sorginok, nik zuoi bioi egingo dautzuedan asperkuneaz mundu guztia... Nik egiteko dodazan gauzak, zeintzuk eta zelangoak izango dirian neuk be ez dakit oraindik: baña lurra ikaratzekoak izango dira. Nik negar egingo dodala uste dozue zuok; ez, nik ez dot egingo negarrik... Negar egiteko eskubide osoa dot izan; baña nik negar egin baño len nire biotz au eun milla bider arrakalduko da. Ai ergel, burua galduko yoat!

 

(Alde dagie Lear, Gloster, Kent, eta Ergelak. Urrinean ekatxa entzuten da.)

 

KORNUOL: Goazan barrura; ekatxa dator.

ERREGANE: Etxe au txiki da; agurea ta bereak ondo etzateko tokirik ez dago.

GONERILE: Bere erru da; berak aldendu dau bere burua atsedenetik eta, bere zorakeria txastatu bearreko da.

ERREGANE: A bera pozik artuko neunke nik, baña aren yarrailerik ez bat be.

GONERILE: Orixe da nire asmoa be. Non da Gloster nire yauna?

KORNUOL: Agurearen atzetik yoan da atetara: etorri da atzera.

 

Gloster atzera dator.

 

GLOSTER: Errege asarrez irikiten dago.

KORNUOL: Nora yoak?

GLOSTER: Zaldi-ganeratzeko agindu dau; baña ez dakit nora doakenik.

KORNUOL: Berea egiten iztea da onena; ak ez dau gura iñok bidea erakusterik.

GONERILE: Ene yaun, ezetara be ez eskatu ari emen gelditzerik.

GLOSTER: Ai ene! gaua dator ganera, eta ezpaibage axe indartsuak latz ibilteko dira; milla ta milla-barruan oztaozta dago txaraka bat bera.

ERREGANE: Ene yaun, gizon burukeritsuen irakasle eurak billatzen dabezan okerrak izan bear dabe. Itxi zure etxeko ateak; aren lagunak edozein okerreri egitekoak yatzuz; eta aik aren belarrira iñondikoak esanda a zetara itzuli daikienik ez dakigu-ta, zurtasuna bildurraren aldeko da.

KORNUOL: Itxi zure ateak, ene yaun; gabaro au asarrea da: nire Erregane'n aolkua ona da: alde ekatxetik. (Alde dagie.)

 

 

5. Lipsbury.— London'go auzoen baten izena dogu au, urrean. Eskuratu al izan dodan iztegitan ezin idoro izan dot. Gure errian (Zeanuri) baitegitzat korta edo itoi nasairen bat artzen eban zorrean Udalak, erri-basoetan baituten zirian ardi, auntz, zaldi-beor, nai basa-beiak ugazaba agertu ta bear zana ordaindu arte an eukiteko. Orain erri-baso ta ganetiko basoak piñu ilunez yantzi dirianezkero, erriak eztau izango zer-baiturik, mixerrak baitu-ezik.

6. SARUM eta CAMELOT.— Toki biok London bertako edo andik ur-urrekoak diriala nik uste. Eta izan be, Shakespeare'k bere antzerki au London'en antzeztuteko asmoz egin ebanezkero, Londondarrai ezagun yakiezan toki-izenak erabiliko ebazala nik uste, gagokozan gai onetan, bestelangorik yartzea baño egokiago da-ta. Toki orreitan norbaitzuk atak aziko ebazala nik uste, saltzen London'go azokara eroateko.

7. PEBA.— Ikusi 3'gn. oarra goragoan.

8. Oin-Oñazkai, Oin-oñazkarriak.— Gizona oñetatik estuta eukiteko oñazkaiak etzirian besterik ol lodi bi baño, ertzik ertz alkarreri eutsienak. Egizu ol bi olan alkarreri deutsiela dagozala ta zuk, ertzok zuloen erdian dirala, urrengorik urrengo gizonaren orkatil-burua beteko zuloak egiten dozuzala. Olan, zuloen erdi bata ol batean, bestea bestean eginda agertuko da. Eragi orain goiko ola, sartu zulo banatan gizonaren orkatil-buruak, eratsi goiko ola bere beko ertza beko olaren goiko ertzari deutsola yarri arte, ta lotu goiko olaren mutur azkea beko olaren alderdi orretako muturrari. Or dozu gizona oin-oñazkaitan yarrita. Oin-oñazkaitan yarriko gizonak nai-ta-nai-ez egon bear aratinik, alan yarriezkero, auzpez, bein auzpez yarriezkero. Egokera latza ta edozelan be gozoa ez. Oin-oñazkaiak, Ingelanda'n beintzat, oraindik 19'gn. gizaldiko lenengo urteetan be erabilten ebezan okerreri andi-andiak etzirianak zigortatzeko.

9. Turlygod, Toma.— Bata ta bestea, nire ustez, Shakespeare'n aldian London-aldian ezagun-ezagun zirian eskeko sorkitsuen batzuk zirian. Nok eztau ezautu onango eskeko errukarririk urrinego yoateke bere errian? Gure errian, ni ume nintzala, onangoxe eskeko gaxo-errukarriak zirian Mateo Pagape ta Karlos Mekoletako. Zorri ta sorkiz beterik ibilten zirian.

10. Yune.— Yune au Yupiter edo Tzeu'ren arreba ta emazte yatzun. Ikusi 4'gn. Oarra.

11. Ikusi 4'gn. oarra.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Lear Errege, William Shakespeare
Notin antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Sarrera / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus