Lear Errege, William Shakespeare

 

Sarrera

 

Irakurle maite, eutsi euzkeraz Shakespeare idazle andi-argiaren «Lear Errege» antzerkia. Au nire bigarren semea yatzu, zarrena «Maebeth» izanik. Berau irakurri-ala amaikatxo gauza eder-zoragarri aurkituko dozu zure gogoa bein pozez ganezka, ederraren ederrez zorabiauta yarteko, bein, bildurraren bildurrez, zure soin-gogoak ikaratzeko. Bein zure biotzaren taupadak geiago yasan-ezineraño eldu daitezanean, or agertuko yatzu Ergela, bere tentelkeriz ta esakera barregarriz, zure biotz ler-eginbearrekoari barrien-barri atsedena ekarten. Aurbera gorrian, armol-arterik armol-arte, orroaka, ta aurkitzen dauen oro aurrean dakarren errekea be otzanduten da beko ibarreko zelai-unera eldu tu, erreka-baztarreko altz eta albitzai leun-leun mun egiten dautsenean eta an izten dautsez zarramarrak euren ongarritzat.

          Bere izenetik susmau zengikeanez, antzerki enetako antzerki-notinik urtenena Lear Errege yatzu, larogei urteko agurea. Lear au gizon on, aita maitati ta errege biotz oneko yatzu, bere menpekoak maite-maite dabe-ta. Beste aldetik, zartzaroak txakilduta-edo, zurtasun gitxi erakusten dau ta erabagiak arinegi ta itsu-itsuan artzen dauz. Lear Biritanderri'ko bakaldun yatzu; iru alabaren aita da; zarren biak, Gonerile ta Erregane, ezkonduak dira: zarrena Albani'ko Dukeakin, bigarrena Kornuol'go Dukeakin. Gazteena, Kordele deretxona, ezkongai da ta bere eskuaren billa Borgoña'ko Dukea ta Pantze'ko errege-seme dabiltz aspalditik.

          Lear zar-zarra da-ta, agintzea ta lurrak bere alaben artean benandutea otu yako; otu ta egin, baña nori zer emon erabagi-aurretik zein alabak maite dauen geiago yakin gura dau. Alabarik zarren biak iñondiko zurikeriz irabazi dabe aita buruz txakilduaren biotza ta aitak bere bakalderritik iruren bana emoten dautse. Gure Lear'ek alabarik gazteena dau maiteen izan, baña onek, orretarako zintzoegia izan-da, ezin dau ta ez dau gura be bere aiztak lez, aita neurriz gora zuritu, bere asmoa argi ta garbi bere aitari iragarri baño. Lear mengelak txarto be txarto artzen dauz Kordele'ren esanak eta, asarrearen asarrez suak artuta, Kordele ezerbarik itxi, beretzako irurenik onena beste alaba bien artean banandu, bere alabatzat ukatu, ta bere aurrera egundo geiago ez agertzeko aginduta etxetik atera egiten dau. Kordele Pantze'ko Errege-semeak artzen dau bere emaztetzat eta ezkontsari barik berakin Pantze'ra eroan. Lear'en bakalderri ta burestun-yabe alabarik zarren biak gelditzen dira, Lear bera errege-izenaz eta bere laguntza ta yarraigorako eun zaldunekin geldituta.

          Lear'en menpeko andiki argien artean emen bi agiri dira Kent'eko Kondea ta Gloster'ko Kondea. Esan dagigun zerbait batari ta besteari buruz.

          Kent dogu antzerki onetan gizonen. Soinez zal, errotsu, odol biziko, ez kankallu, neurriko baño, ezpan-me-itxi; gogoz adoretsu, yarri, buru-argi, irudimen-bizi, zuzentzeari bildur dau tsana, ez gizoni; ekatxak aztindu bai, baña lurrari mun eragiten eztautsan mendiko aretxaren antzeko; bizkarra noz eta nori makurtu bear yakon ondo dakiana; erabagiak ondo aztertuta bai, baña arin artzekoa; neurriz gora zintzoa. Berak esango dauenez:

          «Nire antzak diñoan baño gitxiagorik enaz; bere uste ona nigan yarriko dauenari zintzo lagun egingo dautsat; zintzoa maite izango dot; zur eta itz gitxiko danari itz egingo dautsat; besterik ezinean burruka egitekoa naiatzu; eta arrainik ez yatekoa.»

          Au dala-ta, ezta andia Kent'ek berari ta Osualda eperdi-garbitzalle, zuritzalle ta bizkarrazur-bigunari buruz diñoana:

          «Alkarren aurka dagozanek ez dautse alkarreri iguin andiagorik nik eta olango zitalak batak besteari dautsaguna baño.»

          Kent'ek Lear'eri bakalderria ta agintzea iñori emonaz txarto egin dauela ta olangorik ezetara be ez izenpetzeko eskatzen dautsa arren-bai-arren, gero damutu egingo yakola-ta. Bein eta barriro dirautso ori. Lear beroa menpekok ori esanbearrez sututa yarri da, ta Kent'eri amar eguneko epea emon dautsa bere bakalderritik alde egiteko; ez egitekotan eriotzea izango dauela zemaiturik. Kent'ek naibagez alde dagi errege-yauregitik, baña andik laster Lear'gana dator, iñoren antza artuta, otseintza-eske. Lear'eri begiko egin yako otseintza-eske datorkon au ta beinbeinean otseintzat eta geroago bere eun zaldunen artekotzat artzen dau ta zintzotasunik andienagaz yarraituko dautsa azken-azkeneraño, erregek nor danik yakiteke.

          Gloster gizon ona yatzu, menpeko zintzoa au be, baña sinispera utsa, erabagiak itsu-mustuan artzekoa, buruari barik biotzari lan eragitekoa. Gloster Lear'en antzekoago da Kent'ena baño.

          Gloster onak seme bi dauz, bata legezkoa, bestea sasikumea; biak dauz maite, baña sasikumea maiteago. Legezko semea, Edegarta, mutil on-on eta iñori gatxik ez egin eta egiteko asmorik be ezin izatekoa yatzu; Edemunda sasikumea, ostera, gaizto-biurri utsa da ta bere elburura eltzeko egokitzat dauen edozein bide artzeko kikilduko eztana. Iñondiko guzurrak asmau dauz bere anai Edegarta aitaren biotzetik urrintzeko ta, orretara, bere burua aren eskubideen yabe egiteko. Lenen, anaiea salatu dau bere aitaren aurrean, gero, aita bera Kornuol'en aurrean. Salakuntzen ondorena: Edegarta'k etxetik igesi egin bear bere biziaren alde, ta Gloster'eri begiak ateraten dautsoez eta etxe-aurreko sastegira egotzi Dover'erako bidea begi barik, usainka idoro dagian.

          Edegarta, iñoren antza artuta, sorki utsez yantzita ta zoroarena eginda, etxe-ingurumarietan bizi da eskean eta gabak txarri-txaboletan eginda.

          Alango baten bere aita itsuaz trikitx egin dau, ta bere aitak bere seme danik ezagutzeke, Dover'erako bide-erakusle ta itsumutiltzat artzen dau. Aitaren itsu-mutiltzan, bidean eskean be ibili bear dau beretzako ta bere aitarentzako ogi-zati-eske, ta bere bururik eztautso iragarten aitari ia azken-azkenerarte. Gloster gaxoa bere bizi errukarriaz etsita dago ta giza-biotzari taupada gorriak eragitekoa da ta negar ta barre biak eragiten dauzana da Edegarta'k Dover'en bere aita errukarriakin darabilen autua ta egitaraua.

          Antzerki onen aria galdu eztaigun goazan ostera be Lear erregegana. Onen alaba zarren biak itz-eder eta ago-bero bai ba-dira, baña bai eurekoi utsak be; biotzari barik buruari ba karrik lan eragitekoak; errukia zer danik be eztakienak; zuzentzea ostikoperatzeko kezkabakoak. Euren aita onegiak agintzea eurei emon-ala asi zirian aik aita minduten: mosuak ilundu, al zanik eta naierarik gitxien egin aitari, otseinai be euren aitaganako zakar eta muker izateko agindu ta abar.

          Lenengo ilebetea egiteko errege ta bere eun zaldunak Gonerile'nera yoan dira egiunearen arauz, eta arako ipuineko otsoak arkumea sabeleratzeko erabiliko argibideak erabilita, Gonerile'k bere aitari eun zaldunetatik erdiak kendu egiten dautsaz. Lear'ek, asarre biziak artuta, Gonerile'ri iñondiko añenak yaurtiten dautsaz arpegi-arpegira. Beste edozein alaba arrituta geldituko litzateke aitaren agotik alango gaitzespen eta añenak entzunda, baña ak aitari otz-otzean dirautso berakin egotea atsegin ezpa'yako beste biderik artzeko. Oraindik ez dira amabost egun Gonerile'k bere aitagandik bakalderri-erdia artu ebala. Aita-alaben arteko zaparradea entzunik Albani agertzen da, ta eztau ontzat emoten bere emaztearen yardunbidea.

          Lear suminduak beste alabeagana yoateko asmoa dau, ak obeto artuko dauelakoan, eta bidean yarri-aurretik Kent bidaltzen dau arentzako gutunaz, Gonerile'k barriz Osualda otseina bereaz. Erregane'k gutunok artu ta irakurriaz bat, iluntzen. Gloster'enera alde dagi, aren aolku-eske. Lear urrengo goxean eltzen da; Gonerile, urrengo arrastian. Osualda'k eta Kent'ek burruka egin dabe-ta, Erregane ta Kornuol'ek Kent, erregeren geznari izan-arren, oin-oñazkaitan iminten dabe zigorgarriz. Lear'ek bere geznaria alan irainduta ikusi ta bere alabeak etxean eztauela artu gura entzunik, iñondiko zaparradea ateraten dau Gloster'en gazteluko atetan. Errege Erregane'k Gonerile'k baño obeto artuko ebalako uztez ba'zan, oker zan. Erregane bere aiztea baño bioz-gogorrago agertu da, baita Kornuol be. Ezetz eta baiezka daragoioela iñondiko ekaitz ikaragarria sortzen da: ostots, yusturi ta euri-yasa errukibakoa da ta ganera gaua, ta Erregane'k Gloster'eri etxeko ate-leioak isteko agintzen dautsa ta Gloster bere asarre ta eriotzaz zemaitu erregeren alde ezer egitekotan. Erregek Erregane'kin sekuleko zaparradan daragoiola eldu da Gonerile.

          Erregeren zoritxarren barri eldu yako ainbatetik Kordele'ri, ta Lear bere aitari laguntzeko Pantze'tik bidaliko indarrak Dover'en dira, ta antxe ainbat Biritandar be erregeri egindako irainez iguinduta. Barriok dakazan gutun eldu yako Gloster'eri be. Errege ekaitz ikaragarri-errukibagean, gabaro atan, legorbage ikusita Gloster saminduta dago, baña bere kezka larriak eta arako gutunaren barri bere seme Edemundari iragartzeaz bere buruari oker andia be andia ekarriko dautso. Gloster, eman yakon zemai bildurgarria gora-bera, bere ugazaba maite Lear'en alde zerbait egiteko asmoz etxetik urten da, ta Lear txarri-txabolan aurkitzen dau burutik eginda; nekez be nekez andik bere maizterraren baserrira daroa. Bitartean Edemunda'k bere aita salatu dau Erregane ta Kornuol'en aurrean, eta ori egindakoan Gonerile'kin alde dagi, Gonerile'nera oneri lagunduaz yoateko.

          Gloster alango baten bere gaztelura eldu ta tellatu-egalpean, leio-aurrean barruan ze autu darabilen entzuten yarten da makur-makur eginik. Barrukoak errege ilteko asmaetan dira. Gloster arnas-estu larrian doa arako baserrira ta Kent eta erregeren beste lagunai len-baño-len Dover'erako bidea artzeko eskatzen dautse, bidea erakusteko ta laguntzeko bere otsein batzuk be emongo dautsezala-ta. Erregek eta bere lagunak gau itsuan alde dagie. Bitartean Gloster-enean Gloster'en aurka erabagi gogorrak artu dira, Edemundaren salakuntzea dala-ta. Kornuol'ek otseinak bidali dauz Gloster lotuta bere aurrera eroateko. Gloster bere etxe-ondoratu danekoxe eskuak ezarten dautsoez eta gaztelu-barrura eroan. Kornuol'ek begi bata ateraten dautsa, baña bigarrena aterateko asmoz dala, bere otsein bat yarten yako aurrez-aur eta olangorik ez egiteko eskatu; Kornuol'ek eta bere otsein orrek, eskuetan ezpatak dabezala, burruka egiten dabe ta otseinak Kornuol zauritu. Kornuol geroago zauri orretatik ilgo da. Kornuol zaurituta ikusirik, Erregane'k, beste otseinen ezpatea artuta ta atzetik ara, Kornuol zauritu dauen otseina il egiten dau. Gero Kornuol'ek Gloster'eri bigarren begia ateraten dautsa ta ostikopean zapaldu. Edemunda ta Gonerile bidean yoan doazala alkarreganako maiteminduten dira ta larri-larri alkarreri ezkontza-itza emon.

          Bai Gonerile'k eta bai Kornuol'ek Dover'en guda-ikurrinak zabal dabezan Pantzetarrai ta Lear'eri guda egiteko gertakuntzak egiten zoli ta yoranez daragoioe. Gonerile'n indarren buru bere senar Albani doa, muker ba'da be. Erregane Kornuol'en alargunaren indarren buru Edemunda Gloster'ko Kondea. Gonerile'k Edemunda bere maiteari gutun bidaltzen dautso Osualda' ren eskuz, arako bidean alkarreri eginiko maitasun-agiriak eta ezkontza-itzak gogoratuz. Osualda Erregane'nera eldu daneko Edemunda gudategirako urtena da ta Osualda aren billa doa, Erregane'k, bidean aurkitu ba'dagi, bere edurra-arren Gloster itsua ilteko eskatuta.

          Osualda eperdi-garbitzalleak Gloster gixaxoa ta onen seme Edegarta'kin trikitx egiten dau bidean. Osualda'k, Erregane'ki eder egite-arren, Gloster zarra il egin gura dau, baña Edegarta sartu bitartean; ezta-baidan Edegarta'k Osualda il egiten dau, aren arropuzkeriak gora-bera, ta Osualda'k sakelean eukan maitemin-gutunaz yabetu. Gutun orregaz Edegarta Albani'gana doa ta guda-ekitaldi-aurretik irakurteko eskatzen dautsa, olan ez egitekotan arenak egin dauela-ta. Orrez ganera, gudaketea bein amaitutakoan iru bidar adarra yo-azoteko eskatzen dautsa, gizon zirtzil-antzeko izan-arren, bera gizon dala erakutsiko dauela-ta.

          Gudaroste biak Dover-aldean dira, alkarregandik ur, alkar noz yoko begira. Lear'ek burua galdua baño galduago dau. Argi-aldirik dauenean bere añenak ezarriko alaba Kordele'ren aurrera agertzeko lotsa be lotsa da-ta, iñok ezin dau yarri atara. Zoro-aldian bere burua iñondiko loraz yantzi dau. Indarrez daroe Kordele'ren guda-txoznara. An loak artu dau ta itzarri danean alabea ezagutu ta belaunbiko yarrita azkespena eskatu dautso.

          Gudaroste biak alkar yo dabe ta Biritandarrak nagusi urten. Lear eta Kordele Edemunda'ren menpean yausi dira, ta onek ilunbera bidalita gudalburuetariko bati Kordele espetxean eskegiteko agindua emoten dautso. Albani'k Edemunda azpiyalerik iguingarrientzat salatzen dau ta bere burua zuritu gura ba' dau, adar-otsera agertuko danakin, naiz, ori ezean, berakin burruka egin eta irabazi egin bearko dauela. Biak egozten dabe lurrera bakotxak bere esku-zorroa, eupadatzat.

          Albani ta Edemunda'ren arteko zaparradan Gonerile'k Erregane'ri edena emoten dautso, onek oartzeke ta Erregane ortik ilgo da geroago.

          Yoten dau adarrak irugarrenez ta Edegarta'ren adarrak erantzuten dautsa. An agertzen da Edegarta bere egitekoa burututen; Edemunda azpiyalekeri-erruduntzat salatzen dau ta burrukarako eupadea yaurtiten dautsa. Asi dira zirti-zarta burruka gorrian anai biak eta Edemunda zauri larriaz lurrera dator zerraldo. Edemunda'k bera olan azpiratu dauena nor dan eta odolgarbi danentz yakin gura leuke. Eta Edegarta'k: «Ni ire aitaren seme nok. I odol garbiko ba'az, ni areago nok.»

          Edemunda'k autortzen dauz bere okerrak, agikoak eta ixilak. Bitartean Erregane ta Gonerile il dira: Erregane Gonerile'k edenduta, ta Gonerile'k bere burua il dau ezpataz. Bien gorpuak aurrera dakarrez.

          Orretan dagozala, an agertzen da Kent erregeri azkenengoz agur egiteko asmoz eta errege non dan itanduten dau. «Izan be —diño Albani'k—, non dok errege, Edemunda?» Edemunda'k espetxera len-baño-len yoateko dirautse, errege ta aren alabea ilteko agindua emona dala-ta. Edegarta doa aren billa. Belu eldu da, Edemunda'ren agindu zitala beteta gero. Ba-dator Edegarta, baita Lear be Kordele'ren gorpu beroa besartean dakarrela. Errege naibageak ito-bear gorrian eta ostera be burua galduta dator. Bere itzak biotza austekoak dira.

          Albani'k Kent eta Edegarta. Euren eskubideetan yarten dauz ta erregetza osoa Lear agurearen eskuetan itxi au bizi dan arteño. Lear il egiten da, naibagearen naibagez biotza suntsituta. Albani'k bakalderria eurak arteztuteko eskatzen dautse Kent eta Edegarta'ri. Illeta orokarra. Amaia.

          Emen dozu, irakurle, antzerki biotz-ukugarri onen aria.

          Irakurle adiskide, lan au irakurri-ala an-or-emen amaikatxo pitxi eder aurkituko dozu: pitxiok eurok agertuko yatzuz zure begien aurrera-ta, ez dozu nik non edo norago dagozan esan bearrik. Ikusten dozu or bidean aurrera doan urli ori? Or doa astiro, buru-makur, oldozpen sakonen batzuetan buruko ertzeraño murgilduta; nozik-bein buruari atz egiten dautso; bere baranoan yazoten danik ez dau oartzen; alango baten, bere oinkadea laburtu ta gelditu egiten da; korapillo bat azkatu dau; aurrera ostera be; asparritan oinkada luzangaz, geroago laburrago, baña alango baten eta berak gitxien uste eiauenean, otozotoan, aurrean yarten yako, irribarreka agoa erdi-zabalik, aspaldi ikusi eztauen adiskide maite-maite. Eragiten dauz begiak gure bidariak, begiak zabal-zabal egiten dauz, iretargi bete bi bailitzaz; arteztuten dau burua, irribarre gozoa agertu yako ezpanetara ta, besoak zabaldu-alean zabalduta, euren artean estututen dau aurrean dauen adiskide zar-mamia ta autu-mautu eztian eragon astia agortu arteño. Banandu dira ostera be, biai poza eurrez dariela, baña gure gizona ostera be bere buru-lanera doa; oinkadak laburtuaz doakoz, burua makurtuaz ta or dogu ostera be bere oldozpen sakon-ilunetan murgil-murgil; geroago berago.

          Olangoren bat yazoko yatzu zuri be antzerki au irakurri-ala. Zu zure oldozkune ilunetatik eta iñoz odol beroaren lurrunetatik aterateko adiskidea orrako pitxiok izango dira.

          Orraitiño, pitxi utsak ez dozuz idoroko; esakera zantarren bat be bidean yoan-ala entzungo dozu, esaterako laugarren ekitaldiko seigarren agerlekuan. Shakespeare'k or emakume lizunai buruz Lear'en agoan iminten dauen esakerea oraingo gizakiai mosuak lotsaz gorritzekoa da; emakumeai, zetan esan bez. Aldi atako gizakiak oraingoen aldean narru-gogorrak ziran, urrean. Itzok gizon zoroak esanak dira, baña bai bear be.

          Antzerki au irakurri-ala gauza bat ez dozu aiztu bear, buruan ondo yarrita ta bein betiko euki baño. Lear errege izan da, errege-eskubide guztiakaz. Agintzea bere alabai itxi dautse; au egi-egia da, baña erregetzea ta beste zertxo batzuk beretzako daukaz, iñori emoteke. Egiunea egin dabe berak eta bere alabak, eta egiunea egiune da; ondo ezpa'deritxatzu, ausi egiunea ta doazala gauzak lenera; ez ezetara be egiunea egin dabenen arteko alderdi bata indarrez makala dala-ta, aren eskubideak lotsa ta kezka barik zapaldu ta zuzentzea ostikopean erabili. Bide ori ezta gizakiai dagokiena, abereai dagokiena baño. Lear'en alabak aitaren agintzea artuaz bat asi zirian aitaren eskubideai ezetariko yaramonik ez egiten, aita ta aitaren eskubide apurrak aintzakotzat ez artzen. Emakume lotsagalduak izan zirian eta alango azkena izan eben; Yaungoikoaren esku gogor-zuzena aztun yausi yakien ganera, euren aita zarraren añena osoan beteaz.

          Gloster'eri be eldu yakon berea. Yaungoikoaren legeaz bestera, atsegin zantarrez, izaneko semeak gorriak ikusi-azo eutsazan, eta berak geroago, zoritxarraren zoritxarrez itsututa ta bere burua biziaz etsita ikusi ebanean autortu eban bere errua ta bere okerra:

          «...luzaroago eroan al ba'nengi ta zuon (yainkoen) gurari andi galazo-ezinen aurka marmarka ekitera yausiko ezpa'nintz, nire soineko lotsakizunak erre ta kiskali egin bearko litzatekez

          Izkuntza guztietan dozuz ikur edo esan-gura bi naiz geiagoko itzak. Ara, ba, gure Shakespeare olango itzakaz izkirimiriak asmatzen mutila yatzu. Lan onetan bakarrik olango iru izkirimiri idoro dodaz. Olangorik danean, euzkeratzallea istillu gorrietan aurkitzen da ta urteerarik onenean be bizkarra berotuta ta burumakur agertzen da; bein bez arro ta garaile.

          Lan onetako toki baten onan diño Shakespeare'k

Kent.— I cannot conceive you», nik ezin zaut ulertu.

Gloster.— Sir, this young fellow's mother could», Yaun, gazte onen amak al izan eban.

          Olan euzkeratuezkero, esakereak gatz guztia galdu ezeze, zer esan gura dauen be ezta agiri. Esakerea gala-galla gelditzen da ta idazleak eskuartean zer darabilen be eztakizu. Zer egingo? Nik onetara aldatu dot

Kent.— Ezin zaut sortu (ulertu) nire buruan.

Gloster.— Yaun, gazte onen amak bai al izan eban.»

          Au zeozer da, baña orretarako be «ulertu» itzaren esan gureaz erabili bear «sortu» itza, ta euzkeraz onantzengo itz onek bein-beinean, nik dakidala, ez dau «ulertu» itzaren esangurarik, zerbait ulertzea zerbait ori gure gogoan iruditu ta sortzea izan-arren.

          Beste toki baten «altogether» itzagaz egiten dau bere izkirimiritxoa. Itz onen esan-gurak ingelanderaz «guztiz» eta «guztiak batera» dira. Orregaitik, toki orretan idazlearen gogoa baztertzeke osorik izteko, kako-makoka ta zearka-mearka ibili bear izan dot.

          Nire lanean zeuk oartuko dozunez, «No» itza darabilt ainbat aldiz «eme» ordez, lirainago ta, kiputzak esango leukienez, emeago dalakotzat, naiz-ta, nire ustez, «No» itzak eme-sunda gitxiago izan, eta nik egin-eginean be orrexegaitik erabili. Ezagun dozuz «No» ta «To» gizakiak ar-emetasunez bereizteko. Au dala-ta «errege no» idatzi dot errege emea iragarteko. «Eme» itza gizakiei ezartea gogor-samar egiten yaku-ta, emen dozu kiputzak esango leukien esakera «emeagoa». Ba-dakit, norbaitek edo norbatzuk nire «yainko no» ordez «yainkosa» erabilten asi diriana, baña geldi or, adiskide maiteok. Ez ete dakizue bein ardi bat solora sartuezkero besteak gedarrez eta larri be larri egoten diriana, eurak be soloratu arte? Ez gaitezan izan Lear'en antzeko erabagiak itsu-mustuan artuta; emen Kent'en buru otza bear dogu.

          Onegaz bego.

 

Salta'n 1958'gn. urteko Epailaren 10'ean.

 

 

© Bedita Larrakoetxea

 

 

Lear Errege, William Shakespeare
Notin antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Sarrera / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus