Lear Errege, William Shakespeare

 

III. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Iñarradi. Ekaitz, ostots eta yusturiak. Kent eta Andiki aurrera, trikitx eginik.

 

KENT: Nor da or, egualdi zakarrez besterik?

ANDIKIA: Egualdiaren gogaldi berekoa, artega-artega dagona.

KENT: Nik ezagun aut i. Non dok errege?

ANDIKIA: Izaki asarreekin burruka: axeari lurra puzka itxasoratzeko, edo-ta ur bizkar-sakostatsuak legorra baño gorago azteko agintzen yaragoiok, gauzak aldatu edo-ta deuseztu daite zan; bere ule urdinak sustarretik ateraka yabilk eta axe-bolada indartsuak, asarre itsuz aurrean artuta, sakabanatu egiten yabezak; bere giza-mundutxoan atzera-aurrera asarreekin burruka daragoioen axe ta euriari irri egiten yautsek. Artz ume-eginbarria bere etzategian gelditu ta leoiak eta sabel-zorridun otsoak narrua legor izango leukien gau onetan, a arin doa burutsik, eta dana aurrean eroatekoari deiez daragoio.

KENT: Baña nor yok laguntzat?

ANDIKIA: Ergela ez besterik iñor bez; eta ergelak bere izkirimiriz irain biotz-urrakorrai geiago egiten aleginak alegin egiten yozak.

KENT: Yaun, nik zu ezagun zaut: eta ezagun zaudanez, zuri biotzetiko gauzatxo bat yakin-eragiten azartzen naz. Bataren eta bestearen maltzurkeriz zer orren arpegia bein-bei nean estalita egon-arren, Albani ta Kornuol alkarregandik bananduta dagoz; otseinok dabez orreik (eta nortzuk ez dabez zorionaren zorionak bakaulkian eta goi-goiko malletan yarten dauzanen batzuk?); otseinok otseinarena ederto be ederto egiten dautzue, baña aldi berean Pantze'ren barrandari dira ta gure erri-egokerearen usmatzalle zurrak; dukeen sur-tabakorri-ontzi naiz zorroetan ikusia dala; edo-ta biak errege zar-onari ten ezarri dautsoezan ago-ugalak diriala; edo-ta aurreko zerok osogarri baño ez yakozan zer sakonagoren bat dala... Baña egia da Pantze'tik indarra datorrela bakalderri sakabanatu onetara; gure zabarkeriaren yakitun diralarik, indar ori dagoneko, ixil-muxilka, gure itxas-kairik onenen baten oina yarririk da, ta euren ikurrina zabal-aginik. Orain auxe zuri: nire esanari sinetsita ta ganetikoa zure irudimenari eragiazota, Dover'era arin egin ba'dagizu, an aurkituko dozu esker oneko agertuko yatzun norbait ari yakinazo ba'dagiozu erregek, zuzenez alatzeko, zelango atsekabe izakeraz besterako ta zorakorra dauen. Ni yaiotzez eta azikeraz andiki nozu; ta neuk dakidanagaitik eta zugan dodan usteagaitik eskeintzen dautzut egiteko au.

ANDIKIA: Geroago itz egingo dot zukin.

KENT: Ez egin olangorik. Ni nire narruak diñona baño geiago nazala sendoago yakin dagizun, idigi sakel au ta artu barruan dagoana. Kordele ikusi ba'dagizu, ta ez dot ikusiko do zunaren ezpairik, erakutsi ari erestun au, ta berak esango dautzu nor dan zuk oraindik ezagun ez dozun lagun au. Ekatxaren denganiñoa! Ni erregeren billa noa.

ANDIKIA: Ekazu zure eskua: ez ete dozu besterik esateko?

KENT: Itz gitxi, baña esanak baño mamitsuagoak, egitekoari buruz. Errege aurkitu dagigunean (eta orretarako zure nekeak bide ori artuko dabe, nireak au), a lenen aurkitu dagianak besteari zarata egin dagiola. (Alde dagie banazean.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Iñarradiko beste arlo. Ekatxak yarrai darrai. Lear eta Ergela aurrera.

 

LEAR: Putz, axeok, eta istenak eragin zuon masallai! Asarratu! Putz egin! Ur-yauziok eta axe-boladok, egotzi uriolak gure yoale-torreak urperatu ta axe-orratzak ito arte! Su atsitu ta oldozpen-agindupekook, aretxak arrakaltzen dabezan oñaztarriak arro daroazuezanok, erretarindu nire buru zuria! Eta ik, zer guztiak ikaratzen dokazan ostots orrek, yo ta opildu egik ludiaren borobiltasun lodia! Zuzitu egizak izamenaren ereduontziak, erion-azo bertatik lurrera esker txarreko gizona egiten daben azi guztiak!

ERGELA: Osaba, maitale-ur onetsia etxe legorrean oba da, euri-ur au atetan baño. Barrura, osaba on; eskatu zure alaben onespena; gau onek ez dau ez gizon zurren ez ergelen errukirik.

LEAR: Atera astrapalak sabel bete orrek! Su, sartu burduntzi goriak! Egotzi urutuak, euri! Ez da ez euri, ez axe, ez ostots, ez su; nire alabak dira; izadiko zerok, zuoi ez dau tzuet ezarten esker txarreko izate-akatsik; nik ez dautzuet eman egundo bakalderririk, ezta zuoi nire ume deitu be; niri ez daustazue zor nik izenpetzerik: yausi bedi, beraz, zuon atsegin ikaragarria: emen nozue ni, zuon yopu, agure txiro, makal, mengel, eta aintzako-ez: baña a ta guzti be menpeko esanekoegi deituko zaituet, goietan sortuko zuon ekinak nire alaba galgarriekin batera au lango buru zar eta zuriaren aurka yoten dozuelako. Ai! ai! Au gaiztakeri andia da!

ERGELA: Burua barruan sartzeko etxea dauenak buruestalki ona dau.

                              Zorriak buruak baño len

                              Parka-atakeak [12] etxeratu ba'dagiz,

                              Biak izango dira zoritegi

                              Orregaitik dira eskekoak orren zorritsu.

                              Bere biotza egin bear leukeana

                              Bere beatza dagian gizonak

                              Zañarragaitik ai ene gedar egingo dau,

                              Eta lo-ordez itxarrik egon,

          eta izan be, egundo ez da izan ispillu-aurrean aierurik egin eztauen emakume lirainik.

LEAR: Ez, epe-epearen eredu izango naz ni, nik ez dot deusik esango.

 

Kent aurrera.

 

KENT: Nor da or?

ERGELA: Aiko, eskarra ta parka-atakea dozak emen: gizon zur eta ergel.

KENT: Ai ene! yaun, emen zauguz? gauza gauzaleak ez dabe maite onango gaurik; ortze asarreak bildurtu egiten dabez ilunbe-ibiltariak eurak be, ta euren artzuloetan gelditu era giten dautse: gizondu nintzanezkero onango su-izararik, onango odei-ots itzalik, onango euri ta axe irrintzilarien negarrik egundo entzun izan dodanaren gogorik ez dot: gizonaren izamenak, eroan ezin-aleko naibagea ta bildurra dira oneik.

LEAR: Gure buruen ganean astrapala ikaragarriok atera ta atera daragoioen yainko andiak idoroko al dabez orain euren arerioak. Ire okerrak ire barruan ixil-ezkutuan eta zuzentzeak iri narrua berotzeke dokazan zoritxarreko ori, ikara adi orain ostondu adi, esku odoltzale ori: zin-ausle, azalez ekandu oneko ta izatez senidekeritsu ori: zistrin ori, alango ori, iñok ikusteke erako antzez giza-biziaren aurka yokatu dokan ori, zatitu adi aztinka; ontzi ondo ondo itxian zagozen urru-gaiztakeriok, arrakaldu barruan zaukiezan ontziok, eta eskatu gedarrez iragarle ikaragarrion erruki ta eskar. Ni gizon obengin baño iñok niri oben eginago naz.

KENT: Ai ene, buru-utsik! Ene yaun maitagarri, emendik ur estalpe dago: ak adiskidetasuntxoa emongo dautzu ekatxaren aurka: atseden artu egizu an, ni bere ormetako arriak eurak baño gogorrago dan etxe onetara, ointsu baño ointsuago zure alde eske yoanda barrura sartzen galazo daustien etxe onetara yoan eta euren adei apurra indarrez lortzen dodan bitartean.

LEAR: Asi da nire burua argitzen. Tiruk, mutil nolan ago, mutil? Otz az, ala? Ni neu be otz nok. Non dok lasto au, ene lagun? Gure bear-izanen burubidea iñondikoa dok, gauza zirtzilak eder egiten yakik-eta. Oa, irea dok txabola ori. Ergel eta zital errukarri, ba'yoat oraindik biotzean txatal bat ire erruki dana.

ERGELA: Buru-argitasun apurrik dauena (Abeska)

                              Ba! axe ta euriakin adiskidetu

                              Bedi, bere zoriari dagokozanak dira-ta,

                              Naiz ta egunoro euri izan.

LEAR: Egi dok, mutil.— Tiruk, eroan gagizak estalpe orretara. (Lear eta Kent'ek, alde dagie.)

ERGELA: Gau au itzala dok errege-yauregikorik otzituteko.— Yoan-aurretik igarkizun esango dot;

                    Abadeak itzez, izatez baño abadeago diranean;

                    Garardo-ginak garardoari ura egiten dautsoenean;

                    Andikiak euren yostun-yagola diranean;

                    Siniskai-ukatzalleak barik, neskazaleak erre daitezanean;

                    Edozein auzi legezko izan daitenean;

                    Guda-gizonek zorrik ez, eta andiki ez-eukirik ez danean;

                    Miñetan irainik izan ez daitenean;

                    Sakel-lapurrik giza-moltsoratu ez daitenean;

                    Lukurleruek euren diruak zelaian zenbatu dagiezanean;

                    — Orduan Albion'go bakalderrian nasketa andia izango da;

                    Orduan ikusiko dau bizi danak,

                    Gizakiak oinez ibiliko dirala.

                    Ni aren aurretik bizi naz-ta,

                    Igarkizun au Merlin'ek [13] egingo dau. (Alde dagi.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Gloster'en Gazteluko etxoki. Gloster eta Edemunda aurrera.

 

GLOSTER: Ai ene, ai ene, Edemunda, izateaz besterako yarduketa au ez yatak begiko. Gizonaren erruki izateko euren baimena eskatu neuntsenean, neronen etxea neronek erabilteko eskubidea ukatu egin yeustien; betiko asarreaz zemaitu ninduen; ari itzik ez egiteko, aren alde eskakizunik ez egiteko, ta ezetara be ari ez eusteko.

EDEMUNDA: Basatikeri itzal eta izateaz besterako!

GLOSTER: Oa; ik ez egik ezer esan. Dukeen artean banakuntzea dok; eta ori baño txarragorik: arrats onetan gutun artu yoat; oneri buruz itz egitea kaltegarri dok; nire etzalekuan ezkutau yoat gutuna; erregek artzen dauzan irainok euren asperkundea izango yoek; indarraren zati bat dagoneko yagok oña lur onetan yarrita: erregeren alde yarri bear gozak. Aren billa naioak, eta neure kitetik ari laguntzeko: oa i ta dukeakin autuka egiok, ak nire soroskia oartu ez dagian: nitaz itandu ba'yagik itandu, esan egiok ni ondo-ezik nagola ta oera yoan nazala. Ni orregaitik il ba'nadi, zemaia orixe baño txikiagoa ez danezkero, nire ugazaba zar errege lagundu-bearreko dok. Iñondiko gauzak dozak ur, Edemunda; otoi, abil arduraz. (Alde dagi.)

EDEMUNDA: Iri galazotako adei orren barri ber-bertatik yakingo yok dukeak; eta bai gutun orren barri be; agiri danez, au otseintza bikaina izango da, ta nire aitak galdu da giana niri ekarriko daust (dana baño ezer bez gitxiago): gazteagoa yagiten da zarra yausten danean. (Alde dagi.)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Iñarradiko arlo ta estalpe berean. Ekatxak yarrai darrai. Lear, Kent eta Ergela aurrera.

 

KENT: Au da arako tokia, ene yaun: sartu, ene yaun on: izamenak yasateko gordinegia da legorbako gau onen gogorkeria.

LEAR: Ez egidak egin yaramonik.

KENT: Ene yaun on, zatoz ona barrura.

LEAR: Biotza ausi gura daustak, ala?

KENT: Gurago neunke neronena ausi. Ene yaun on, zatoz ona barrura.

LEAR: Ik askotzat dok ekaiz setatsu au gure narrura eltzea: itzako olan dok, baña gaitz txarragorik yosita dagon tokian txikiagoa ozta-ozta oartzen dok; ik artzagandik alde egin einke, baña itxaso asarreari igesi ba'enbil, artzaren ago-agoan yoko eunke. Gogoa azke danean soña makal dok: nire buruko ekatxak nire sentzunetatik, bera yoten dauena ez beste oarmen guztiak sogor egiten yozak. Seme-alaben eskertxarra! Ez ete dok nire agoak yana daroatson esku au aginka urratzea legetxe? Baña nik zigorra be zigor erabiliko dot: ez, ez dot egingo negarrik geiago. Onango gabaroz niri ateak itxi! Ixuri urutuak eta uriolak; yasan egingo dot: onango gabaroz! Erregane, Gonerile ori! Aren biotz zabalak dana emon eutzuen zuon aita zar maitakorra... Oi! bide orretatik burua galtzera noa; alde dagidan ortik; ez geiagorik orretaz.

KENT: Ene yaun on, sartu ona.

LEAR: Otoi, sar adi eu; billa egik ire naierea: ekaitz onek ez daust emongo baimenik geiago minduko nindukien gauzarik ausnartuteko. Baña sartuko nok. Barrura, mutil: oa lenen (Ergelari). Etxebageko txirotasun ori, bai, sar adi. Beinen otoi egingo yoat, gero lo. (Ergela barrura doa.) Gizagaxo biluts errukarriok, nonbaiten zagozenok, errukibako ekaitz oneri arrika eragiten dautsezuenok, zuon etxebako buruak eta saiets goseak ilak, zuon sorki zulo-leiotsuak zelan yagongo zauez onango eguaroetatik? Ene! nik onen ardura gitxiegi izan dot! Artu ire osakaia, andikeri! Yarri ire burua zoritxarrekoak soegiten dabena so-egiteko, bearreko ez dokana ire buruari kendu ta ai emoteko, ta zeruaren aurrean zuzenago agertzeko.

EDEGARTA: (barruan) Kana ta erdi, kana ta erdi! Toma gaxo

 

(Ergela ariñeketan dator aterpetik atetara.)

 

ERGELA: Ez etorri ona, osaba, emen beste mundukoren bat dago. Lagun zakidaze, lagun zakidaze!

KENT: Ekak eskua. Nor dogu or?

ERGELA: Beste munduko, beste munduko: Toma gaxo deretxola diño.

KENT: Nor augu or lasto artean marmarka abilen ori? Urten egik.

 

Edegarta aurrera, zoro-kokomarrotuta.

 

EDEGARTA: Alde! txerren zikina dator nire yarrai! Elorri arantzatsua zear putz dagi axeak. Uf! Oa ire oe otzera ta berotu adi.

LEAR: Enduan oro ire alabai emon euntsen, ala? Eta onetaraño eldu az?

EDEGARTA: Txerren zikinek su ta garrak zear, ubi ta zurrunbilloak zear, iztinga ta oxinek zear erabili dauen Toma gaxoari nok emongo dautso zerbait? Bere belarrondokopean aiztoak eta txizeluan begitenak yarri; bere lapikoko-aldamenean saguto-korotzak; biotz-arro egin dau, zaldi uxo tapa-tapalarien ganern lau atz-ondoko zubiak igaroteko, eta au bere itzalari yarraitzeko, azpi-yale bailitzan. Bediz onetsiak ire bost sentzunak! Toma otz da. O! do de, do de. Adi onetsia axe-zurrunbilloetatik, izar-gaitzespenetatik, eta artzetik! Emon soroskiren bat Toma gaxoari, txerren zikirak estu dakar-ta: or oratu nengike nik a oraintxe, eta or, eta or, eta or bein barriro, eta or.

(Ekatxak yarrai darrai.)

LEAR: Zer, bere alabak ekarri ete dabe egokera onetara? Ezin gorde izan enduan ezer? Oro emon izan euntsen?

ERGELA: Ez, beretzako artille-izara gorde eban, ostean guztiok gintzatekez lotsaritan.

LEAR: Orain, gizakien okerren ganera yausteko, zoriak eguratsetik dingilizka dauzan gaitz guztiak betoz ire alaben ganera.

KENT: Orrek ez dau alabarik, yaun.

LEAR: Eriotzea, azpi-yale orreri! Bere alaba maitasunbageak ez bestek ezin eratsi eikien izamena orren beeraño. Ekandu ete da aita baztertuak euren aragiari onen yaramon gitxi egitea? Zigor zuzena! aragi onek sortu ebazan pelikan-alaba orreik.

EDEGARTA: Peli Korotz Peli Korotz-munean egoan yezarrita [14]: Eupa, eupa, ja, ja

ERGELA: Gabaro otz onek guztiok ergeldu ta zoratuko gauz.

EDEGARTA: Kontuz txerren zikinaz: izan ire gurasoen esaneko: eutsin bein zuzenez emoneko itzari: ez egin zinik; ez kutsutu zinez iñoren emazte danakin: ez yarri ire biotz maitea yantzi arroen mendean. Toma otz da.

LEAR: Zer izana augu?

EDEGARTA: Otsein izana nozu, biotzez eta buruz arro; nire maitearen biotzeko likiskeriaren otsein izan nintzan, eta ilunbeko egitekoa egin neban berakin: itzetan aña zin egin neun tsan, eta zeru maitagarriaren arpegi-arpegitan zinok ausi egin nebazan: likiskeri-asmotan loak artzen nindun, eta egiteko itzartzen nintzan: ardao-zale utsa ninduzun, eta yokalari atzenbakoa; ta emakume ezkonduak maite izaten Turkar baño geiago nintzan: biotzez guzurti, belarriz arin, eskuz odoltzale; nagikeriz txarri, ixilka-muxilkaz azeri, salokeriz otso, asarrekeriz zakur, lapurretaz leoi. Oskien kirrikeak eta sedearen zara-zareak ez al dautso zure biotzari azpi-yanik egingo emakumeganako alde zure oñak emakume galdutegietatik, zure eskua iñoren sakeletatik, zure idazkortza dirua zorrean emoten dabenen idaztietatik, eta eupadea yaurtin egiozu txerren zikinari. Oraindik axe otza elorri artetik puzka dabil: juuum diño; doala ortik zear txaka-txaka. (Ekatxak yarrai darrai oraindik.)

LEAR: Orrezkero, ortzearen gogorkeri itzal oneri billusik erantzun baño oba litzakik ire ilobira sartu. Gizona ez ete da au ez besterik? Aztertu egik ondo. Ik ez dautsok zor arreri se darik, abereri narrurik, ardiari ulerik, katuari sunda gozorik. Ara! emen dira iru iñoren antza artuta! I az i gauzea bera; berea ez bestebageko gizona ez dok besterik i lango abere oinbiko, txiro, billutsa baño. Ortik zear, ortik zear zuok, iñok zorrean emonok! Goazan, erantzi emen. (Soinekoak urratzen daragoio.)

ERGELA: Otoi, osaba, asko da, bego; igeri (uger) egiteko gabaro txarra da au. Orain su-apur bat zelai ulduan zar likitsaren biotzaren antzeko litzateke, txatartxo, bere soinean ganetiko oro otz. Begira, emen dator ibili dabilen sua.

EDEGARTA: Au txerren zikin Parkagorri yatzu: iluntze-yoaleaz asten da, ta ollarrak lenengoz yo arte ibilten da; orrek emoten dauz begietako gatxak, begiak okertzen dauz, eta ezpanak erdibitu; gari zuria eldekorritu ta galbakotu, ta lurreko izaki gaxoai gaitz egiten dautse.

          Zarsendo iru zar añako zan;

          Ameseragile [15] ta au lango bederatzikin trikitx egin eban:

          Zaldi-ganetik yasteko

          Ta ezkontza-itza emoteko agindu eutsan,

          Eta oa ortik zear, sorgin, oa ortik zear, esan.

KENT: Nolan zagoz maitagarri ori?

 

Gloster aurrera, zuziaz.

 

LEAR: Zer da a?

KENT: Nor dago or? Zeren billa zatoz?

GLOSTER: Zer zarie orkook? Zuon izenak?

EDEGARTA: Toma gaxo: ugaraxo igerilari, sapo, sapaburu ta sugelinderak yaten dauz eta ura edaten; txerren zikina asarre danean, biotzaren suminez, pekorotza yaten dau gatz-ozpintzat; saguto zar eta areka-txakur irunsten dauz: ur geldiganeko mintz muskerra edaten dau: amarrenetik amarrenera [16] zigortau, oin-oñazkarrietan imini, narrua berotu ta iltinberatu egi ten dabe: bere bizkarrerako iru soñeko-yoko, bere soñerako sei atorra, ganean ibilteko zaldi, ta erabilteko izkilluak izana da:

          Baña zazpi urtean Toma'ren yanari

          Sagu, saguto ta olango orein txikiak izan dira.

          Kontuz nire yarraileaz. Ixilik, Txerrenko: ixilik, txerren ori!

GLOSTER: Zer, ez ete dozu maitagarri orrek lagun oberik?

EDEGARTA: Ilunbeko nagusia andiki da: Txerren eresten dautsoe, bai Txerrenko ta Parkagorri be.

GLOSTER: Eure aragi ta odola ziztrin be ziztrin egin dira-ta, berak sortuari be gorroto dautso.

EDEGARTA: Toma gaxoa otz da.

GLOSTER: Zatoz nikin barrura: nire egitekoak ezin daike yasan edozetan zure alaben agindu gogorrai men egiterik: euren agindua nik nire ateak istea ta gau indarkeritsu orrek zuri agiriak ezartea izan-arren, zure billa etorten eta zu sua ta yana gertu dagozan tokira eroaten azartu naz.

LEAR: Beinen itxi egistazu pilosopizale onekin itz egiten. Zegaitik da ostots?

KENT: Ene yaun on, artu orren eskeina: zoaz etxebarrura.

LEAR: Itz banaka bat egin gura dot Tebai'tar [16 bis] yakintsu onekin. Zeri daragoiok ik?

EDEGARTA: Nire burua txerrenagandik nolan yagon eta gosea zelan ilgoari.

LEAR: Itxi egistak iri banazean itaun bat egiten.

KENT: Beste bein eska-eska egiozu yoateko, ene yaun; orren burua lokatuten asia da.

GLOSTER: Ete dok orri orren errurik ezarteko biderik? Orren alabak orren eriotza-billa yabiltzak: ai! Kent on arena! Ak esan eban onantxe yazoko zana, eta orain a gizon gaxoa erbesteratuta! Ik errege burua galdu-aginik dala diñok: adiskide, neu be burua galdu-aginik nagola esango dauskat: nik seme naioan, orain nire odoletikotzat ukatua; niri bizia kentzeko asmotan yebilan oindo oraintsu-oraintsu: nik maite naioan a, adiskide, aitek ez semerik maiteago nik a baño: egia dirauskat (Ekatxak yarrai darrai), atsekabeak nire buru-argitasunari eraso yautsak. Au dok gabaroa! Otoi-bai-otoi dagiot zure maitasunari...

LEAR: O! Gedarrez erruki eska egik, yaun. Pilosopizale zindo, lagun akit.

EDEGARTA: Toma otz da.

GLOSTER: Orra barrura, lagun, aterpera: ago berotan.

LEAR: Ator, gaioazan guztiok barrura.

KENT: Emendik zear, ene yaun.

LEAR: Orrekin batera: oraindik nire pilosopizaleakin yarrai gura dot.

KENT: Ene yaun on, yarri zaite berera; daroala laguna berakin.

GLOSTER: Artu ta ekarrik euk.

KENT: Gaioazan, yauntxo; ator gukin.

LEAR: Ator, Azenai'tar [17] on.

GLOSTER: Itzik ez, itzik ez; ixil!

EDEGARTA: Errolanda Mutikoa gaztelu ilunera etorri zan, bere itza ixilik zan. Alde, alde, alde, Ingelandar gizon-odol-sundea somatzen dot [18]. (Alde dagie.)

 

 

 

V. AGERLEKU

 

Gloster'en Gazteluko etxoki. Kornuol eta Edemunda aurrera.

 

KORNUOL: Arenetik alde egin-aurretik aspertuko naz.

EDEMUNDA: Ene yaun, ni izamenari yarraiz zintzo izatea zelan iñok txarretsi leikeanik ez dakit yakin, baña zeozek ori gogoratzearen bildur emoten daust.

KORNUOL: Orain oartzen yoat, ire anaiearen asmo txarra bakarrik etzoala izan a aren bizi-billa ibiltearen errudun; aren gaiztakeri iguingarriak berak lan eragindako zer goragarrien bat baño.

EDEMUNDA: Nire zoria be ondo gaiztoa da, zuzen izateaz garbaitu eragiten daust-eta! Au da ak aipatuko gutuna ta onek erakusten dau a yakinez dala Pantze'ren aldekoen arteko. Zeruok! Ez al litz azpikeri au ta, izatekotan, ez al nintz ni onen yakitun

KORNUOL: Ator nikin dukenoagana.

EDEMUNDA: Ingi onek dauena eskier izatekotan, arazo aztuna dozu eskuetan.

KORNUOL: Egi nai guzur, i orrek Gloster'go konde egin au. Oa ire aitaren billa, a guk eskuak ezarteko gertu izan daiten.

EDEMUNDA: (Beretzako). Errege zuzpertzen aurkitu ba'dagit, aren uste txarra geitu egingo da. Nire zintzotasunaren bideari ekingo dautsat, nai ta aren eta nire odolaren arteko burrukea mingorra izan.

KORNUOL: Igan yarten yoat nire ustea; eta ik nire maitasunean aita maitakorrago aurkituko dok. (Alde dagie.)

 

 

 

VI. AGERLEKU

 

Gaztelu-aldameneko Baserri-etxoki. Gloster, Lear, Kent, Ergela ta Edegarta aurrera.

 

GLOSTER: Au atetakoa baño toki obea da; artu eskar onez. Al dodan eraskinez osotuko dot zure naierea: laster naz atzera be zuokin.

KENT: Bere buruko indar guztiak bidea urratu dautsoe bere eperik ezari:  yainkoak ordaindu begitzue zure biotzonekotasuna! (Gloster'ek alde dagi.)

EDEGARTA: Anaitxoa deiez dot; eta Neron ilunbe-aintzirako aingiralari dala diraust.— Otoi, erruge, eta zur txerren zikinaz.

ERGELA: Arren-bai-arren, osaba, gizon zoroa andiki ala andikixe dan esan egidazu.

LEAR: Errege dok, errege!

ERGELA: Ez; semetzat andikia dauena da andikixe; bere aurreko semea andikitzat artzen dauen andikixea andikixe zoro da-ta.

LEAR: Euren ganera, sur-oska, burduntzi goriakaz amar eunekori etorriazoteko...

EDEGARTA: Txerren zikinak nire bizkarrari usika daragoio.

ERGELA: Otsoaren otzantasunari, zaldiaren osasunari, mutillaren maitasunari naiz emagalduaren zinari sinisten dautsana zoro da.

LEAR: Bai, egingo da; bertatik salatuko dodaz. Ator, i yezarri adi emen, epaile yakitun-yakitun ori (Edegarta'ri); I, dana dakikan yaun, yezarri adi emen (Ergelari).— Orain, zuok azeri emeok!...

EDEGARTA: Begira, non dagon zutunik eta begirakuneka! Begirik bear ete dozu epaialdian, andera? Atorkit errekatxu-ganetik, Elixabete...

ERGELA: No orren ontziak zuloa dau

                              Eta ez dau esan bear

                              Zegaitik ez dan azartzen zuganatzen.

EDEGARTA: Txerren zikina Toma gaxoaren billa dabil urretxindorraren abotsez. Toma'ren sabela yantzan dabil sardin zuri bien eske. Ez egin garrankadarik, gotuts baltz: nik ez yoat itzako yatekorik.

KENT: Nolan zagoz, yaun? Ez egon zutunik olan arriturik. Ez dozu etzan gura ta belarrondokoen garrean atsedendu?

LEAR: Euren epaibidea ikusi gura dot lenago. Ekarri argibideak. Ik epaile-soñekodun gizon orrek, artu egik ire yezarlekua (Edegarta'ri); eta ik (Ergelari), orren zuzentza-lagun az-ta, artu orren aldameneko yezarlekua: eskubidedun zarie. Yezarri adi i be (Kent'eri).

EDEGARTA: Yokatu daigun zuzen. Lo ala itxarrik ago, artzai txitxari? Ire ardiak garitzan yagozak; eta ire agoaz txistu egin-arren, ardiak ez yoek minik artuko. Purrr! katua urdina da.

LEAR: Salatu lenen No; Gonerile da. Emen batzar adeigarri onen aurrean zin egiten dot orrek bein errege gaxo berorren aita ostikoka erabili ebala.

ERGELA: Erdu ona, etxandera Gonerile deretxatzu?

LEAR: Ori ezin ukatu daike.

ERGELA: Erruki eska egizu, nik giltzadun aulkitzat artu zaut.

LEAR: Eta emen dago beste bat, beronen zear-begirakuneak onen biotza ze gaigaz egina dan aldarrikatzen dauena. Geldituazo No orreri or! Izkilluak, izkilluak, ezpata, su! Ustelkeri dogu toki onetan! Epaile guzurrezko, zegaitik itxi dautsak No orreri iges egiten?

EDEGARTA: Adimena yagon begitzu zeruak!

KENT: Ai ene! Yaun, non dozu zuk ain sarritan zure arrokizuntzat aipatu izan dozun epea?

EDEGARTA: (Beretzako). Nire negarrak orren alde yarriegi egin dira-ta, nire iñoren irudia alperrik galduko dabe.

LEAR: Txakurtxoak eurak be, Gorri, Zuri ta Buztanmotxo'k, ikusi, niri ausi egiten dauste.

EDEGARTA: Toma'k bere burua egotziko dautse. Erdu, txakur ziztrinok!

                    Ire agoa zuri nai baltz izan,

                    Agina, usigi ba'dagi, edena sartzekoa;

                    Mastin, xarlango, etxetxakur uxo,

                    Eizatxakur nai txakur uleluze, eizatxakur eme naiz odoltxakur,

                    Nai txakur buztanmotz nai txirrinka-buztan,

                    Toma'k irrintze ta negar eragingo dautse Onan nire burua egotziezkero,

                    Beko ate-ganetik yauzi eginda, guztiak igesi doaz-ta.

                    Do, de, de, de. Axa! Ale! Ale! yoan yaietara,

                    Perietara ta peri-urietara. Toma gaxo, ire eztarria legor yagok.

LEAR: Orrezkero, aztertu dagiela Erregane; ikusi orren biotzean zer azten dan. Bai ete dago izadian olango biotz gogorrik egin daikeanik ezer? (Edegarta'ri). Zu, yaun, zu nire eunetatikotzat artzen zaut; zure soñekoak bakarrik dira begiko ez yatazanak: Persitarrak diriala esango dozu zuk; baña aldatu egizuz.

KENT: Orain, ene yaun on, etzan emen eta unetxo baten atseden artu.

LEAR: Ez egin zaratarik, ez egin zaratarik; itxi kurtxoinak: olantxe, olantxe. Goxean apalduko dogu.

ERGELA: Eta ni eguerdian etzango naz.

 

Barrien-barri Gloster aurrera

 

GLOSTER: Ator ona, adiskide, non dok errege nire ugazaba?

KENT: Emen, yaun; baña itxi egizu geldi, burutik eginda dago-ta.

GLOSTER: Adiskide on, arren-bai-arren, artu egik ire besartean: bera ilteko asmoaren barri ezkutuan entzuna nok: or dok zerraldoa gertu; sartu barruan, eta eroan Dover-aldera, adiskide, an txera ona ta laguntza, biak aurkituko dozak-eta. Artu ta eroan ire ugazaba! emen ordu-erdi bat geiago egin ba' dagizue, aren bizia, irea ta aren alde dirian guztiena galbide gorrian yagozak: artu egik, artu egik; eta ator nire yarrai, bidea arin egiteko bear dana neuk emongo dauskat-eta.

KENT: Izamen estutua lo dago: atseden onek osatu eikezan meko egindako ire indarrak, orretarako erarik emonezik euren osapidea gatxa da-ta. Tiruk, lagun egidak ire ugazaba eroaten; ik ez dok gelditu bear atzean (Ergelari.)

GLOSTER: Tira, tira, alde.

 

(Kent, Gloster, eta Ergelak alde dagie, Lear eroan daroela)

 

EDEGARTA: Gu baño andiagoak gure naibageak eroaten dakusguzanean, gure zoritxarrak nekez esten doguz gure areriotzat. Bakarrik yasaten dauenak yasaten dau geien gogoan; gau za azkeak eta ikuskizun zoragarriak atzean itxita: baña naibageak kideak eta eroateko lagunak dauzanen, orduan gogoak naibage-zati ona ortik zear yaurtiten dau. Orain nire naibagea arin eta eroan-errez-errez egiten yat, niri oben eragiten daustanak errege makurtu egiten dau-ta; a umetu egin da, ni barriz aitatu! Alde emendik, Toma! Adi orko zaratai; eta erakutsi egik ire burua, uste okerrez i laidotuten auen guzurrezko usteak, ire argibide zurenak orretara beartuta, guzurrezko uste ori guzurrezkotzat etsi ta i errege etsi agian. Erregek iges egitea ez beste zer yazoko ete da gau onetan! Ago ezkutuan, ago ezkutuan.


 

 

VII. AGERLEKU

 

Gloster'en Gazteluko Etxoki. Kornuol, Erregane, Gonerile, Edemunda, ta Otseinak aurrera.

 

KORNUOL: Bidali arin-bai-arin bidari nire yaun zure senarrari; erakutsi ari gutun au: Pantze'ko gudaroztea gure lurrean da. Billatu Gloster azpi-yalea.

 

(Otsein batzuk alde dagie.)

 

ERREGANE: Eskegi a bertatik.

GONERILE: Atera ari begiak.

KORNUOL: Itxi a nire gogaldi txarraren kontura. Edemunda, ik lagun egin nire arrebeari: guk ire aita azpi-yaleari egin bear dautsagun asperkunea ez dok ik ikusteko. Dukeagana oanezkero, esaiok len-baño-len gertatzeko; gu be beste ainbeste egiteko gozak. Gure arteko bidariak bizkorrak eta alkarren yakitun dirianak izango dozak. Agur, arreba maite: agur, Gloster'ko ene yaun.

 

Osualda aurrera

 

          Kaixo! non dok errege?

OSUALDA: Gloster'ko nire yaunak eroan dau emendik bere zaldunetatik ogei ta bost edo seien bat, bere atzetik ibilten dirian zaldun beroak urten eutsen atetara; orreik eta yaunaren beste menpeko batzuk akin yoanak dira Dover-aldera; eta an izkilluz ondo ornidutako adiskideak dabezala arro esaten dabe.

KORNUOL: Gertau egizak zaldiak ire ugazaba-anderearentzako.

GONERILE: Agur, yaun eta aizta maiteok.

KORNUOL: Agur, Edemunda.

 

(Gonerile, Edemunda ta Osualda'k alde dagie.)

 

          Oa i ta billatu egik Gloster azpi-yalea, estu egik lapurra legetxe, ekarrik gure aurrera. (Beste otsein batzuk alde egiten dabe.)

          Bere biziarekikoa epaikuntza-erak betetzeka egitea ondo egon ez-arren, orraitiño gure almenak gure asarreari buru-makur egingo dautso, ta ori gizonak txartzat artu-arren be, ezin daikie eskuratu. Nor da or? Azpi-yalea?

 

Ostera be Otseinak aurrera, Gloster-ekin.

 

ERREGANE: Azeri eskertxarreko! Bera da.

KORNUOL: Estu ondo orren kortxozko besoak.

GLOSTER: Zer darabiltzue maitagarriok? Nire adiskide onok, gogoratu nire ostatukoak zariela: ez egidazue egin yoko zikinik, adiskideok.

KORNUOL: Estu egizue, neuk diñotzuet. (Otseinak estu egiten dabe.)

ERREGANE: Gogor, gogor. Azpi-yale txarri ori!

GLOSTER: Zu andera errukibako zara, baña ni enaz azpi-yale.

KORNUOL: Estu yezarleku oneri. Zital, ikusikok. (Erregane'k bizarrak ateraten dautsaz.)

GLOSTER: Yainko maitagarriok-arren, niri bizarrak ateratea lotsagarri da.

ERREGANE: Orren zuri, ta orrenbesteko azpi-yale!

GLOSTER: Andera gaizto, nire okotzetik ateraten daustazuzan bizarrok barriro erneko dira, ta zu salatuko zaue: ni zure ostatari naz: nire ostatari-txerak zuk etzendukez onan latzitu bear lapur-eskuz. Zer egiteko zara?

KORNUOL: Goazan, yaun, ze gutun izan dok Pantze'tik oraintsu?

ERREGANE: Argi ta garbi erantzun egizu, egia dakigu-ta.

KORNUOL: Eta ze alkartasun dok ik bakalderrian oña yarri daben azpi-yaleakin?

ERREGANE: Noren eskuetara bidali dozu errege buru-aldakorra?

GLOSTER: Nik dodan gutuna igerri-antzera idatzia da, ta bera bidali eustana ezta zuon aurkako, ez alde batera, ez bestera dagoanarena baño.

KORNUOL: Azerikeri.

ERREGANE: Eta guzur.

KORNUOL: Nora bidali dok errege?

GLOSTER: Dover'era.

ERREGANE: Zegaitik Dover'era? Ez engoan zemaituta?

KORNUOL: Zegaitik Dover'era? Erantzun dagiola oneri.

GLOSTER: Abeari estuta nago-ta, bide oneri dagokona egin bearko.

ERREGANE: Zegaitik Dover'era?

GLOSTER: Zu ikusi gura etzindudazalako zure errukibako atzazalakaz aren begi zar errukarriak ateraten: ezta zure aizta amurratua aren aragi igortzian bere apo-argiak sartzen. Ak gau ilunbe-baltzean burutsik yasan izan dauena lango ekaitzagaz itxasoak berak gora-goraka yagi ta izarren argiak itzali egingo ebazan: eta orraitiño, biotz zar-errukarri, ak zerukoai euri geiago eskatzen eutsen. Gabaro itzal atan zure atetan otsoak irrintzeka egon ba'litzaz zuk esan izango zendun: «Atezain on, idigik atea», eta beste biotz-gogor guztiak zure itzai eder eretxiko eutsen: baña zu lango seme-alaben ganera etorten egodun asperkundea ikusiko dot.

KORNUOL: Ik ikusi olangorik ez dok egundo ikusiko. Mutillak, eutsin yezarlekuari. Ire begiok nire ostikoaz zapalduko yoadaz. (Golster'eri aratiñik eusten dautsoe yezarleku-ganean, bitartean Kornuol'ek begi bata atera ta bere ganean ostikoa iminten dauela.)

GLOSTER: Zar izatera arte bizi izateko usterik dauenek lagun begist! Anker-biozbako ori! Yainkoak!

ERREGANE: Alde batak besteari irri egingo dautso; bestea be bai.

KORNUOL: Asperkunderik ikusi ba'dagik...

LENENGO OTSEINA: Geldi zure esku ori, ene yaun; ume nintzanetik ona beti izan naz zure otseintzan; baña orain zure eskua geldi eukiteko agintzen dautzudanean baño otseintza oberik ez dautzut egin egundo.

ERREGANE: Oindo! txakur zatar ori!

LENENGO OTSEINA: Zure okotzean bizarrik ba'zendu izan, eztabaida onetan ondo aztinduko neunskizu. Zer egiteko zara?

KORNUOL: Nire zital ori! (Ezpatea aterata, ganera doako ariñeketan.)

LENENGO OTSEINA: Zatoz, ba, ta ikusi asarrearen ondorena.

 

(Ezpatea ateraten dau. Burruka daragoioe. Kornuol zaurituta.)

 

ERREGANE: Ekak ire ezpatea (Beste otsein bateri.) Baserritar izan eta onan yagi!

 

(Ezpateari eldu, atzetik ara yoan, eta ezpatea sartzen dautso.)

 

LENENGO OTSEINA: Ai! il nabe! Ene yaun, zuk begi bata aldean dozu oraindik, orrei ganera etorriko yakien ezbearra ikusteko. Ai ene! (Il egiten da.)

KORNUOL: Galazo dagiogun geiagorik ikusi al izatea. Atetara, zirin zatar ori! Non dok orain ire argia?

 

(Gloster'en beste begia urratuz aterata, lurrera egozten dau.)

 

GLOSTER: Ilun-ilunetan eta iñondik pozbage. Non ete da nire seme Edemunda? Edemunda, izamenaren txatar guztiak ixitu egizak, egite itzal oneri ordea emoteko.

ERREGANE: Alde, azpi-yale zital! Gorroto auenari deiez ago: bera izan zoan niri ire azpi-yalekeriaren barri emon eustana; eta a ire erruki izateko onegi dok.

GLOSTER: Nire zorakeriarena! Orrezkero, Edegarta'ri oker egin dautsat. Yainko maitagarriok, azketsi egidazue nik ari egina, ta bebil ondo a!

ERREGANE: Yoan eta egotzi egizue atetan, eta Dover'erako bidea usainez idoro dagiala. Zer yazoten yatzu, ene yaun? Nolan zagoz?

KORNUOL: Min artu dot: zatoz nire yarrai, andera. Atera etxetik begibako zital ori; egotzi yopu ori sastegira. Erregane, arin darit odola; tertzio txarrean etorri yat min au: ekatzu zure besoa.

 

(Kornuol'ek, Erregane'k lagunduta, alde dagi; otseinak Gloster azkatu ta atetara daroe.)

 

BIGARREN OTSEINA: Gizon oni ondo ba'doako, egin daikedan gaiztakerik ez daust emongo egundo kezkarik.

IRUGARREN OTSEINA: No ori luzaro bizi ba'daite, eta atzenean zarren-zarrezko eriotza izan, emakume guztiak mamu itzal egingo dira.

BIGARREN OTSEINA: Goazan konde zarraren yarrai ta Zoroa billatu, nora-gura eroan dagian: bere zorakeri txitxariak edozetarako gai egiten dau.

IRUGARREN OTSEINA: Oa i; ni amuko ta arrautza-zuringobilla yoango nok odola darion aren arpegiari ezarteko. Orain, zerutarrok lagun zakioez

 

(Alde dagie banazean.)

 

 

12. PARKA-ATAKA.— Lenagoko gizonen parkak etzirian oraingoenak langoxe-langoxeak. Oraingo giza-parkak aurre-aldean daben epaia botoiz isten da ta kitu. Ni ume nintzanean epai ori eztakit botoiz isten zan ala ez, ni aldi atan txiki-txiki nintzan-da, baña dana dala, epai ori etzan egoten agirian; sur-zapi-antzeko eraskinez estaltzen zan. Yakina, ori bai, eraskin ori ta parkak gai berekoak izaten zirian. Erakin ori bealdetik parkai yosi egiten yakien eta goi-aldeko ertza alde banatatik botoiz estu parkai. Olan, parken aurre-aldeko epaia etzan gelditzen agirian, parka-atakaz estalita baño. Parka-atakearen aldamenetako ertzak lotzeke gelditzen zirian. Parken eraskin orreri nik Parka-ataka eretxi dautsat, orretarako izenen bat erabili-bearrez, baña ezin dot gogoratu aldi atako euzkeldunak ze izen emoten eutsen. Gure erritik onen urrin egoteak eztausku emoten erarik yakin leikeanari itanduteko be. Oraindik izango dira zarren batzuk eraski orren euzkel-izena dakienak. Ingelanderaz «cod-pieee» deretxo; gazteleraz, eztakit.

13. MERLIN.— Merlin dalako au Galetz (eurak Kymry eresten dautsoe) dalako errian, Eskolanda ta Birritanderrian entzute andiko gizona yatzun. Sorgin eta igarle, biak batera ei zan. Erri orreitako ipuin zarrak diñoenez, 5'kn. eta 6'gn. gizaldian bizi izan ei zan Vortigern eta Arthur erregeen yauregietan. Merlin onen sorkeran txerrena tarteko izan ei zan.

14. Pillicock diño gure Shakespeare'k. Urli au be eskeko ezagun-ezagunen bat, nire ustez. Nik Pelikorotz idatzi dot, euzkel-usain geiago izan dagian, naiz-ta beste usainik be zabaldu izen orrek.

15. AMESKIN.— Ameskin baño Ameseragile legoke egokiago, baña nik Ameskin idatzi dot. Zuk, gurago ba'dozu, idatzi Ameseragile ta, goazan aurrera adiskide.

          Ameskin naiz Ameseragile dalako au mamu eme yatzu (yakina, ez izatez dana, irudimen bero-biziak asmaua baño). Lotan dagoanaren ganean yezarrita itoteko aleginak egiten ei dauz.

16. AMARREN.— Amarren, Ingelanda'n, auzo-epaitegi zan. Emen Edegarta'k esan gura dauena, auzorik auzo zigortatzen ebela da.

16 bis. TEBAI.— Tebai Aigito'ko antxinako uri da. Uri orren ingirumarietan Kisto-aldiko lenengo gizaldietan ainbat kistar bizi zirian bakarka euren txoznatxoetan eta euren soinari laztasum itzalak yasanazoten eutsoezan, eta bizi be erdi billutsik bizi izaten zirian. Au dalata dakar arira uri au Lear'ek.

17. AZENAI.— Azenai lenagoko Elade'ko uri entzute andikoa ta oraingo Elade'ren uri-buru da. Amaikatxo pilosopizale ibili zan beñolako Azenai'ko etxarte-bideak zear eurak ekiena irakatsi-bear gorrian, euren arteko Sokarte ospetsua zala.

18. Errolanda dalako au euzkeldunak 8'gn. gizaldian Naparroa'ko Orreaga'n benderatuko Pantzetar gizagurena yatzu.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Lear Errege, William Shakespeare
Notin antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Sarrera / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus