BIDE HORI
Begituizu bide hori
suge-landareen antzera
bere amaieragaz zer egin ez dakien hori.
Begituizu estrata iturrian utzi eta
otaloreak agurtzen,
malden konkorrak laztantzeaz batera
sekula-belarren ezina arintzen.
Begituizu sasi-masusten hankapean olgetan,
gaztainondoei kilikilika,
hostoei sehaska kantuan
txistuka dabilen haize gozoarekin.
Galdeiozu iparrorratzik daroan aldean
gandua esnatzen ez denerako.
Galdeiozu ogi apurrik gorde duen
katekorratzek min ematen diotenerako.
Galdeiozu lagunik gura duen alboan,
akaso, zeu zoazen lekura doa.
© Gotzon Barandiaran