Esadazu gezurra
Esadazu gezurra
2026, nobela
176 orrialde
978-84-19570-69-7
Azala: Xabier Gantzarain
Aintzane Usandizaga
1988, Lasarte-Oria
 
 

 

KALEIDOSKOPIOA

—Igerilaria—

 

Hiru ispiluk osatzen dute. Prisma triangeluar bat eratzen dute ispiluek, aurpegi islatzailea beti barrura begira. Baina ertzetan xafla transluzidoak daude, eta horien artean hainbat kolore eta formatako objektuak; forma askotarikoen islak biderkatu egiten dira, simetrikoki, tutua jiratu eta begian jartzen duzunean. Ispiluak angelu desberdinetan egon daitezke: berrogei gradutan zortzi irudi lortuko dituzu, hirurogei gradutan sei eta laurogeita hamarrean lau. Sinplea. Edo oso konplexua.

      Zure etxeko jostailu kutuna nuen kaleidoskopioa, Luxi, beti hartu nahi izaten nuen eta zu beti ernegatzen zinen, beste edozertan jolastu nahiago zenuelako, binaka, hirunaka, taldeka aritzeko jolasetan; tutu koloretsu baina bakar hark aukera mugatuegiak zituen zuretzat. Niri, une hartan, garai hartan, infinituak iruditzen zitzaizkidan. Eta nola funtzionatzen zuen ulertu ez arren, hain zen ederra koloreen transformazio amaigabe hura. Laidari ere gustatzen zitzaion, baina entusiasmorik gabe. Nik ezin nuen irrika disimulatu. Zure etxera iritsi eta kaleidoskopioari heltzen nion, aldiro emozio bera sabelean, lehendabizikoz ikusiko banu bezala. Jartzen nuen begiaren parean eta ni ere konbinazioen parte sentitzen nintzen. Infinituak zitzaizkidan aukerak, baina orain badakigu ezetz, zuk beti jakin zenuen ezetz, mugatuak zirela.

      Oraingoan ere, hondartza ilundu honetan ere, tutua begi parean jarri nahi dut, Luxi, beste behin, axola ez bazaizu. Eta axola bazaizu ere bai. Orain nik daukat tutua eskuetan. Behingoz. Nik nahastuko ditut buia laranja, bainujantzi geometriko fluoreszentea, ubarroiaren begi berdea eta tamarizen adar okerrak behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz, nahi dudan konbinazioa lortu arte.

 

 

Lehen jirarekin auto baten fokuak ikusten dira, itsas bazterreko errepidetik hurbiltzen, paseoarekiko paralelo. Kotxeko gidariak igerilaria ikusten du, ikusten zaitu, kolore bizidun bainujantziak farolaren argia bereganatzen baitu, baita buia laranjak ere. Baina haren, zure paretik pasa beharrean, ezkerretara sartzen den kale estu batetik atera da autoa, ihesean. Gidaria ohartu da ez dakiela zer esan, ez dakiela zer egin igerilariarekin, behin bere autoko atea hari zabalduta. Eta etxera itzuliko da. Igerilaria azkenean ohartuko da, ohartuko zara, ezin duzula gehiago itxaron. Oinutsik eta hondartza bazterrean utzi zaituela gidariak, berriro. Ordubeteren ostean lortuko duzu etxera iristea. Biharamunean izugarrizko gripea izango duzu.

 

 

Bigarren jira. Konbinazioa erabat aldatu da eta, igerilaria ez itsutzeko, fokuak itzalita hurbildu zaio, hurbildu zaizu gidaria, irribarre herabea ezpainetan. (Zer moduz?) —ondo, freskito— bezalako zozokeriak esan dizkiozue elkarri, eta gidariak maletategitik manta bat atera du igerilaria, zu, goxoago egon zaitezen, edo eserlekua babesteko, bestela, eta autoan sartu zara zure fosforeszentzia guztiekin. Bidean orainaldiaz hitz egin duzue soilik, etorkizun hurbilaz: biharko konpromisoak, katarro posibleak, ikasturte hasierako estresak, amaierarako proiektuak. Gidariak etxean utziko du igerilaria. Haurra zela hainbestetan jo zuen atearen parean utziko zaitu. (Ez eman eskerrak berriro, faborez, nola utziko zintudan hor. Ez zait batere kostatzen) —Bat zor dizut, bazkari batera gonbidatuko zaitut. Ea honek balio didan beste zenbakiren bat behingoz ikasteko— bezalako gezurrak eskainiko dizkiozue elkarri, eskuzabal. Asmo onez. Portalean utziko zaitu, utziko du gidariak igerilaria. Ez diote elkarri berriro deituko. Loezinak gau bat iraungo dio gidariari, katarroak aste bat zuri, igerilariari.

 

 

Hirugarren bueltatxo bat tutuari eta irribarrea osatu da, irribarre zabal-zabala piztu du aurpegian gidariak, autoko fokuekin batera, paseora heltzerako igerilariak gehiegizko barkamen eskeekin eraso ez dezan. Nahikoa da behin eskatzearekin benetan eskatu nahi bada, esango zukeen gidariaren amak. Etxean utzi eta bakea. Zuzengune guztia egin du irria eta fokuak itzali gabe. Ez da igerilaririk ageri. Pare bat itzal ikusi ditu urrunean gidariak, baina txakurrei lotuta doaz lokarriz. Joan egin da. Aukera hobe bat lortuko zuen igerilariak, lortuko zenuen. Autoren batek jasoko zintuen, paseanteren bat limurtuko zenuen. Eta abisurik ez. Hil ala bizikoa omen zen egoera, gidariak soilik konpontzeko moduko egoera zela sinetsarazi zion igerilariak, eta orain ikusi du hamaika aukeratako bat baino ez zela, airean botatako bengala. Ez dut sekula ikasiko esango dio gidariak bikotekideari etxean, berandutzea azalduko duen beste aitzakia bat asmatzeko nekatuegi.

 

 

Baina izan liteke, baita ere, laugarren birarekin bestelakorik gertatzea. Laugarren aukeraren xarma, azkenean, hirutasun madarikatua apurtuko duena. Izan liteke autoaren fokuek igerilaria itsutzea une batez, haren bainujantzi geometriko fosforitoa agerian uztea, eta igerilariak, zuk, eskua begietara eramatean, gidariak argiak itzaltzea, irribarre herabea ahoan. Manta ipini du kopilotuaren aulkian eser zaitezen, eta hizketan joan zarete bide guztian, gauza hutsalez, orainaz, iragan hurbilaz (ikusi zaitut telebistan) esan dio gidariak igerilariari (nire ilobak zure fanak dira) aitortu dizu, baina ez dizu esango bi gauzak ez daudela lotuta, zuen aspaldiko bideo batean ikusi zaituela telebistan, telesailetik aparte, haren ilobek maite duten eta sekula ikusten ausartzen ez den telesail horretatik aparte. Igerilariak irribarre egin du —lana!— esan diozu lotsaturik, eta isilik geratuko zarete. (Sentitzen dut) esan dio orduan gidariak ahotsa apalduz igerilariari eta —nik ere bai— erantzun dio igerilariak, erantzun diozu zuk, (zure amarena) gehituko du gidariak orduan, eta baiezkoa egin diozu buruarekin, baina biek dakizue sentitzen dut hori, horiek, ez direla amarenagatik bakarrik atera. Gidariak igerilaria eskatutako helbidera eramango du, zure amaren etxe zaharrera —hemen ari naiz bizitzen orain, bolada batez, behintzat— eta pintura usaina etorriko zaio gidariari ataritik —Juncalenera noa, giltzaren kopia eskatzera— (Ai, Juncal! Eman eskuminak) esango du gidariak, zerbait samurra ahoan darabilenaren ahotsez eta —Etorri nahi duzu kasu egitera?— esango diozu, gehiegi pentsatu gabe, amarengan pentsatu gabe, gidariarengan. Ez da ausartuko (presa daukat) esango du (baina asko poztu nau zu ikusteak) esango dizu. Ez da berehala joango. Atarian dago zurekin, autoa bigarren ilaran larrialditarako argiak piztuta. —Bihar bazkaltzeko geratu nahi duzu? Nire kontu, faborea bueltatzeko— esango du igerilariak, esango diozu ahal duzun arin eta alaien, eta biharko geratuko zarete eta adiskidetasun berri baten hasiera izan daitekeela pentsatuko du gidariak urruntzen den bitartean, beste leku batetik berriro eraikiko duzuen harreman baten hasiera. Igerilariak, orduan, uneoro buiaren barrenean izan dituen giltzak hartuko ditu: autokoa eta etxekoa batean dituen uztai bat, begi turkiar batekin. Atzamarrekin uztaiari heldu eta ateko sarrailan sartuko du giltza igerilariak, sartuko duzu giltza zuk eta, jada egunerokoa zaizun keinuarekin, leiho guztiak zabalduko dituzu banan-banan, aire garbia sar dadin, pintura usain sarkorregiak ito ez zaitzan.