
40’
(Gidaria)
Ez al da gogorra egunero-egunero lanera joateko berrogei minutuz gidatzea?
Zenbat aldiz egin ote zioten galdera bera.
Mundua konpontzen dut nik berrogei minutu horietan. Horixe erantzuten du beti Laidak, eta ez erantzun sinpatikoa delako soilik, bakean utz dezaten lortzen duena. Benetan hala sentitzen du. Bai bere buru barruko mundua, behintzat. Helburu jakin eta sinple bat ematen dio gidatzeak, azalpen gehiagorik behar ez duen aitzakia mekanikoa.
Orain ez, gidatzen ari naiz.
Berdin dio nora, berdin dio zertara: gidatzen ari naiz, eta deia moztu dezake, urgentzia geruza desberdinak eman ahotsari, elkarrizketa eten, mezua zintzilik utzi. Arau zehatzek, zeinu kategorikoek ondo estutzen duten ekintza segida horretan murgildu daiteke, errealitate ondo antolatu horretan, bere barrunbeetako munduaren aldean hain desberdina.
Pentsatzera iritsi da minutu luzez gidatzeak ardazten duela oraintxe bere bizitza.
Herrira iritsi eta aparkatu ondoren kotxean itxaroten du. Algoritmoak bidaltzen dizkion artikulu horietako batean irakurri zuen bikotekideak ezkutuko maitalea duen jakiteko pistetako bat dela motorra itzali ondoren autoan tarte luzez geratzea, hori, eta telefonoa mahaian ahuspez jartzea. Biak egiten ditu Laidak, baita maitalerik gabeko boladetan ere.
Bertan eserita, ezer egin gabe hainbeste denboran egoten denetan, bere ohitura ezkutuari so egiten dio kanpotik nahi gabe, eta lotsaturik, egun osoan pilatutako mezuak irakurtzen eta entzuten disimulatzen du bere buru barruan bizi den epailearen aurrean.
Mezu gutxi ditu gaur, eta erdiak baino gehiagok ez dute erantzunik behar. Baina, bere harridurarako, dei galdu dezente ditu. Guztiak zenbaki beretik eginak, agendan ez duen zenbaki batetik. Telefonoko ahots mekanikoak esan dio hamar mezu pilatu zaizkiola. Banan-banan jarri ditu: hiru ezer entzuterako mozten dira, laugarrena bere izebaren ahotsa da bai? bai? ozenegi esaten, zerbitzuren bat promozionatu nahian zebilen norbaitena da hurrengoa, eta zarata hitzik gabea aditu du ondorengoetan: haizea, bere burua igurzten duen ehun plastifikatu bat, trafikoa.
Baina hamargarrena benetako mezua da. Zoritxarrez.
Joka lezake entzun ez balu bezala, inori aipatu ez eta ahaztu; baina bere barruko munduan, berrogei minutu luzez atontzen ibili den bihurgune eta zidorrez josiriko parajeetan, horrek ez du funtzionatuko.
Telefonoaren pantaila sakatu du, mezua berriro entzuteko.
Onartu du azkenean: haserretu egin da.
Sutu egin du ezerezetik, hainbeste denboraren ondoren, haren ahotsa horrela, besterik gabe, bere bizitzan sartzeko eskubidea hartu duela sentitzeak. Urteek haien arteko isiltasuna hanpatu ez balute bezala. Luxiakeria txepel hura konpontzeko, gainera.
Gertaturiko guztia gertatu izan ez balitz bezala. Edo okerragoa dena, gertatu ez dena gertatu izan balitz bezala.
Ahots mezua:
... espero dut oraindik nire ahotsa ezagutuko duzula… Marranta daukat gaur, udaran beti, aire girotuarekin, badakizu. Beno, udara ere ez da dagoeneko, baina, ulertzen duzu. Ba horixe, zurea dela buruz sekula ikastea lortu dudan telefono bakarra eta, zera, ez da oso normala gertatu zaidana baina…
Badakizu. Ulertzen duzu. Eta zergatik jakin behar du, ba, aire girotuarekin ahotsa marrantatzen zaiola? Zergatik oroitu behar du sikiera haren erlatsik gabeko ahotsa? Zer dela eta ulertu behar du ezer? Aski motibo ote da zenbakiak ikasteak ematen dion nagia haren kargu egitera behartzeko, badirenean, gutxienez, hamabost urte fundamentuzko elkarrizketa bat izan ez dutela? Zazpi urtebetetze joan direnean konpromisozko zorionak hotz bat ere elkarri whatsappetik bota gabe? Haren memoria kapritxosoa nahikoa al da ziztu bizian bila joan beharko lukeela pentsatzeko?
Jarraitzen du:
Badakit osssoso arraroa dela, baina, benetan, ez daukat beste aukerarik. Bazkari bat nire kontu —gutxienez!—. Baina, tira, ulertuko dut ez bazatoz ere, oso lanpeturik ibiliko zara seguru…
Oso-oso. Seguru.
Erraza da ez joatea, erraza deia ikusi ez zuela, ez zuela mezua entzun esatea inoiz inon topo egitera. Guztia ezabatu eta listo, ez da gertatu. Baina erabakia hori izanik ere, berak hartu beharko du, Laidak. Eta errua sentitzekotan, hanka sartzekotan, berak sartu beharko du, ez Luxiak.
Mezuaren amaiera:
Saiatuko naiz bien bitartean beste norbait topatzen, baina zenbakiarenarekin ba… hozten ari du pixka bat… Hori. Baina presiorik gabe, Laida, benetan.
Presiorik gabe. Benetan.
Whatsappa ireki du. Urkori hitz egin dio: gaur berandutu egingo naiz, lasai ibili, eta tarte batez mikro txikia atzamarpean isilik mantendu ondoren gehitu du: ez itxaron afaltzeko.
Motorra atzera piztu, martxa aldatu eta ipurdiz atera da. Arnasa erdizka hartu du eta luzeegi bota; mezuak eskatu bezala, kostarako norabidea hartu du.
Donostiarako biderik aldrebesena egingo duela esan dio bere buruari Laidak, beste berrogei minutu bai, gutxienez, bertara iritsi nahi duen ala ez benetan erabaki bitartean.
Nahiago luke gpsak helmugarako biderik luzeena markatuko balu.