Esadazu gezurra
Esadazu gezurra
2026, nobela
176 orrialde
978-84-19570-69-7
Azala: Xabier Gantzarain
Aintzane Usandizaga
1988, Lasarte-Oria
 
 

 

HOZKAILUA

—Igerilaria—

 

Ur putzu bat osatu duzu bankuaren azpian, zure oin biluzien pean. Azalak, erabat pinportua eta laztua dagoeneko, ez du tanta gehiagorik isurtzeko. Soinari itsatsia duzu, dena den, bainujantzia, bizitzan beste egitekorik ez balu bezala. Denboratxoa daramazu jantzi bustiarekin. “Zistitisa” pentsatu duzu, “katarroa”, baina horrek ez du askorako ematen eta agian, horrela, hipotermia arin bat ere harrapa litekeela otu zaizu.

      — Hipotermia harrapatu egiten da?

      Ez dakit. Baina “hipotermia arina” bada “zistitisa” edo “katarroa” baino interesgarriagoa. Hipotermian pentsatzean beti etortzen zaizkizu burura telesailetako estalki distiratsu horiek, ezpain moreak, begirada galduak. Katarroa eta zistitisa entzutean, aldiz, kleenexak eta komunak. Ez dago konparaziorik.

      — Utziko duzu, faborez?

      Utziko dugu. Baina beste dei saiakera bat egitekotan kontakizuna findu beharko duzu. Laida bila etorriko bazaizu koherentea izan beharko duzu, Luxi, eta badakigu inprobisatzea ez dela zure fuertea. Horrelako egoerak sortzen dituzu eta gero ez dakizu zer egin beraiekin.

      — Zuk bakarrik deitzen didazu Luxi.

      Nizun.

      — Ez zait sekula gustatu.

      Zure aukera da nirekin hitz egitea, berriro ere: literalki. Baina entzun nahi ez dituzun gauzak esanarazten dizkidazunez, zergatik ez Luxi ere.

      — Iluntzen hasi du. Benetan iluntzen.

      Ados. Ulertuta. Baina gauza bat bakarrik gaia hondoratu aurretik, kuriositatea pizten dit eta: nola ikusten nauzu? Esan nahi dut, nolakoa naiz oraintxe zuretzat? Zure ondoan nago eserita? Zutik? Gardena naiz mamu bat bezala? Ala hezur-haragizko ikusten nauzu? Bainujantzia daramat nik ere?

      — Gaur bai. Beheko zatia bakarrik. Horia.

      Zuk ere lehen halakoak erabiltzen zenituen, Laida zen goiko zatia jartzen zuen bakarra. Eta orain begira nola zoazen. Bainujantzi osoa, bular-zanpatzaile horietakoa, eta buia gainean, badaezpada.

      — Oso bestelakoa da mundua haur gorputza duzunean.

      Berriro ere: zure hautua.

      — Nola uste duzu kontatuko lukeela amak gaur gertatu zaidana?

      Nola nahiko zenuke zuk kontatzea? Eguraldi zakarrago batekin? Enbatarekin? Ubarroia are hegazti ikusgarriago batekin ordezkatuta? Kantauri isurialdean sekula lehenago ikusi gabea?

      — Ez, nik uste ubarroia gustatuko litzaiokeela.

      Hegaztiak askotan azaltzen ziren haren istorioetan. Gogoratzen duzu auto istripuarena?

      — Hori ez zen hegazti bat.

      Beno, bai eta ez. Besoak zabaltzen zituen zure amak hura imitatzeko, eta hegalak bakarrik ez, ia lumak ere ikusten genizkion:

 

“Argi zuri bat agertu zitzaigun ezerezetik, mendi bidearen erdian, eta Juncalek autoaren kontrola galdu zuen; bazterra jo genuen, danba! Argia, pixkanaka, airean altxatu eta errepide ondoko zuhaitzaren gainean jarri zen, gugandik metro gutxira, adaburuan zut. Izugarri garaia zen, hiru metro bai, erraz. Hegal zuriak zabaldu eta arbola astintzen hasi zen fra-fra!, fra-fra! Eta gu auto barruan, aho-zabalik, hari begira. Handiegia zen hegaztia izateko, argitsuegia, eta hain zuen aurpegi ederra negar egin genuela. Begiak! Gogoratzen, Juncal? Berdeak, garbiak. Esmeraldazkoak”.

 

      Zeharka begiratzen zion Juncali zure amak, esandakoa berrets zezan. Burua jaisten zuen bizilagunak, baiezko keinuan, oso suabe. Ez zuten sekula aingeru hitza erabili, baina guk bagenekien horixe zela kontakizuneko izakia, zure amaren hitzetan “cara tan guapísima” zuena. Isil-isilik entzuten genion, istorioak eskatzen zuen astinaldi bakoitzarekin kafesneak mahaian tantak nola uzten zituen begira, usaina sudur-zuloetatik garun barruraino isurtzen zitzaigula.

      Hegaztiak eta aingeruak, istripuak eta mirariak, eguneroko aspergarria eta tragedia mortalak nahieran txirikorda zitezkeen hari-zuntzak ziren sukalde hartan. Bereizezinak ia. Zure amak heriotzaka kontatu dizu beti bizitza, Luxi, neurtu denbora:

 

“Zure osabak gu utzi eta bi hilabetera jaio zinen, Lu.

Aita desagertu zen neguan tokatu zitzaion loteria Juncali.

Amona joan zen aste berean atera zitzaizun azken esne-hagina”.

 

      eta, heriotza guztietan garrantzitsuena, noski, harena propioa:

 

“Ni hil eta bost bat urtera egin nuen permanentea lehendabizikoz; hanka sartze galanta”.

 

      Nola gustatzen zitzaizun Laida eta bion aurpegian izua eta lilura ikustea zure amak halakoak botatzen zituenean. Normaltasun itxurak egiten zenituen, normaltasuna izanik itxuratzeko gauzarik zailena, zuretzat batez ere. Begi ertzarekin gure erreakzioa bilatzen zenuen, gure espantua, gure jakin-mina.

      Istorioz josia egoten zen sukalde hura, sarri berberak, baina, moduren batean, beti desberdinak. Eta gehien errepikatzen zenetako bat zure amaren heriotzarena zen. Amak berak esango zizun: “Lu, kontatu zuk nola hil nintzen, hobeto ateratzen zaizu”; eta zuk, eztarriko marranta kendu, aurpegi lasaiari eutsi, eta zure ama nola hil zen azaltzen zenigun. Ondo landu, biribildu eta moldatutako kontaketa zen, erritual totala. Gutaz gain sukalde hartan beste norbait zegoenetan, istorioa ezagutzen ez zuen norbait, Laidak eta biok barreari ezin eutsiz begiratzen genion, une batez zuen familia-matazaren konplize sentitzen ginelarik, eta kontraesan ulertezina zirudien esaldi hark gonbidatuari aurpegian ze arrasto uzten zion arakatzen genuen irrikaz.

      Zure amak keinu ugari egiten zituen kontalaria bera zenean —ia beti—, begiak zabaldu, ahotsa jaitsi eta bat-batean igo... Danba! Mahaia jotzen zuen ukabilarekin guztioi salto eginaraziz, beso eta zangoak erabiltzen zituen astinaldi bortitz eta ustekabekoetan, inguruan egon zitekeen objektu oro dardarka uzten zuela. Juncalek ontziak urruntzen zituen harengandik, disimuluan.

      Zuk zeure estilo propioa garatu zenuen urteekin, keinu eta aurpegiera barez egiten zenuen, tarteka parean zenuen kolakao, ebaki edo garagardoari —adinaren arabera— hurrupatxo bat eman eta jarraitzen, eskua neurrian mugitzen, isiluneak uzten. Istorio horretan espezializatu zinen, errepikapenaren errepikapenez, haren gainean zenuen kontrola gozatzen zenuen. Baina desberdina zen —eta da, oraindik ere— zerbait bat-batean kontatzea tokatzen zitzaizunean. Keinu, ahots eta helduleku guztiak lehertzen zaizkizu inprobisazioan, amari bezala, eta mesfidantza sortzen duzu besteengan.

      Baina zu, Luxi, konturatu egiten zara. Ama ez bezala.

      Zure aktore ikasketek ere ez dizute honekin lagundu. Gogoratu, bestela, “Mekanika eta gorputz adierazpena” klaseetan pasatzen zitzaizuna. Ramirok egunero errepikatzen zuen ariketa txatxu bera: “Bi egia, gezur bat”. Arratsaldero hiru ikasle ateratzen zituen, eta zeu besteak baino maizago. Saiatzen zinen egunero istorio bat buruan izaten, baina zaila zen, ez zenekielako zehazki zer galdetuko zizun, irakaslearen aldartearen arabera transzendentalagoa izango zen eskaera edo erabat hutsala; “kontatu gaurko gosaria”, “nola pasatu duzu asteburua” izan zitekeen, baina baita ere “konfesatu zure beldur sakonena”, “aukeratu zure bizitzako unerik lotsagarriena”. Pentsatzeko tarte gutxi ematen zizuen, eta unean bertan belarrira esaten gezurra ala egia kontatzea zegokizuen. Batzuetan bi egia eta gezur bat, besteetan alderantziz, eta gerora konbinazioak aldrebesten hasi zen, zuek harrapatzeko. Baina horixe zen funtsa beti: egia ala gezurra. Ñabardurarik gabe.

      Nor zen gai, baina, kontatutako guztia, xehetasun bakoitza, alde bati ala besteari, zuriari ala beltzari zegokion esateko? Posible ote zen, adibidez, jakitea gelakideak edan zuen zukua hark zioen bezain mikatza zegoen? Guztientzat ote zen mikatza gauza bera? Laranjak al dira laranja zuku guztiak? Ez al dira batzuk horiagoak? Ez dugu guztiok horia berdin ikusten. Nola jakin benetan armiarmak diren beste kidearen beldurrik handiena eta ez, adibidez, lagunik minena haren bizkar gaizki-esaka ibiltzea? Gai gara gure bizitzako unerik lotsagarriena zentsurarik gabe gogoratzeko?

      Halako galderekin zuritzen zenuen zeure burua gero, ikaskideen aurrean, zeure zalantzen aurrean. Baina berdin zion, Luxi, inoiz ez zuten zurea erosten. Benetan gertatua izan ala ez, beti iruditzen zitzaien asmaziotan ari zinela. Zuri ere bai, azkenerako.

 

 

Desberdina zen, ordea, zure amaren heriotza kontatzen zenigunean. “Ama hil egin zen ni oso txikia nintzenean” hasten zinen, buelta gehiagorik gabe, “baina berpiztu egin zuten medikuek”. Istorioaren laburpenarekin hasten zinen beti, intrigaren arau guztiak urratuz. Hala ere, adi-adi egoten ginen aldiro. Irrikaz jarraitzen genuen ea berdin kontatuko zenuen, zein aldaketa antzemango genituen, eta plazera ematen zigun ondoren zetorrena aurretik jakiteak, haur hezkuntzan andereño Korok enegarren aldiz Patxi errementariaren ipuina kontatzen zigunean deabru bakoitzari zetorkiona ezagutzeak atsegin ematen zigun modu berean. Beti aipatzen zenituen, hutsik egin gabe, zure sukarra, amaren hamabost minutuko heriotza klinikoa eta amonak aldean zeraman Santa Luziaren estanpatxoa. Zure amonak santuarekin egindako tratua kontatzerakoan etxeko aldarea seinalatzen zenuen, eta hor bukatu ohi zen kontakizuna.

      Zure ama hil ondoren ere santuari eskainitako aldare xelebre harekin jarraituko ote zenuen galdetzen genizunean —behin heriotzaren tabua askatuta galdera guztiak egitea libre zela sentitzen baikenuen umetan—, sorbaldak uzkurtzen zenituen. “Ama baino lehenago hilko naiz”.

      Eta berriro gozatzen zenuen esaldi hark gugan eragiten zuen ezinegona.

      Onartua zenuen berrogei urteak bete gabe hilko zinela, zure familiako emakume guztiak bezala, eta amaren bigarren jaiotzak zu baino gazteago egiten zuen, teknikoki. Osabarena bezalako tragedia begi gaiztokorik ez bazen —zure amaren hitzak—, zu lehenago hilko zinen. Matematika kontua zen.

      Gainera, zein umek irudikatu nahi du bere burua berrogei urte baino gehiagorekin?

      Halako elkarrizketak oso arruntak ziren zuenean, baina segituan ohartu zinen ez zela hala beste familietan. Eskolako guraso asko deseroso sentitzen ziren zuekin, gehiegi ez hurbiltzen saiatzen ziren, kalean gurutzatzea saihesten. Baina haur gehienongan kontrako efektua sortzen zuen. Herriko umeek kalean, ezkutuan, geratzen zuten zure ama eta galderez josten zuten gurasoak gertu ez zebiltzanetan.

      Hala kontatzen zigun, behintzat, zure amak.

      Urteek aurrera egin ahala, modu nabarmenagoan baztertzen zuten, edo zure begientzat bilakatu zen gero eta agerikoago, bestela. Hark onerako zela esaten zizun, “jendea besterik ez dago munduan, baina gutxi dira benetan merezi dutenak, Lu, eta normalean ez dira gehienek ondoan nahi dituztenak”. Kafeina gehitxo hartutako orakulu batek bezala hitz egiten zizun amak kalean, eskolan, auzoan norbaitekin eztabaida izan ondoren. Sarri izaten zituen. Gero isiltasun luzeetan murgiltzen zen, zigarroa zigarroaren atzetik.

      Zuri, haurra zinela, ez zitzaizun askorik axola; ama, indar amaigabeko piztia liluragarri hura, beti alde izateak konfiantza itzela ematen zizun; Juncal ere bazenuten, bizilaguna eta konplize mina; eta Laida eta ni gintuzun: ikusten genituen filmak, asmatzen jolas propioak, antzezten gure etorkizunak: Laidaren lau ume eta igerilekudun txaleta, nire zaldiz betetako baserria eta zure berrogei urteak baino lehen gertatuko zen heriotza —aktore famatu bilakaturik, ordurako­—.

      Nahikoa zen horrekin.

      Zure amak ere “zaindu horiek” esaten zizun maiz, “zaindu Jiji hori batez ere. Lehenengoan halako lagunak topatu izanak ez du esan nahi askotan gertatzen denik, akaso ez zaizu berriro pasatuko”.

      Ni nintzen Jiji hori, hiruretan baxuena eta guztiari barre txikiekin erantzuten ziona, sagu baten moduan. Hala oroitzen nauzu zuk behintzat, ze, haserretuko nintzen tarteka, ezta? Izango nituen kasketak, ezadostasunak, maniak. Nahiago nauzu horrela oroitu, Jiji huts. Zure amari trabatu egiten zitzaion nire benetako izena, eta ezizen moñoñoak jartzen zizkidan, aldiro ahoskatzeko trantzetik pasatu behar ez izateko. Izen laburren zalea zen. Zuri ere Lu deitzen zizun. Laidarena, aldiz, osorik ahoskatzen zuen. Kontsonanteak ondo markatuz. Beti batera sartzen gintuen esaldi guztietan, beti pluralean ginen haren ahotan, baina nitaz soilik hitz egiten zizun, sakonean. Pentsatu izan duzu zure ama ez zela guztiz fio izan Laidaz, baina nik uste orain iruditzen zaizula hori, Luxi, gerora pasatutako guztiagatik.

      Erraza zen nirekin ondo moldatzea, esan ditzagun gauzak diren bezala, baina Laida eta zu banaezinak izan zineten lehen hezkuntzako urte batzuetan. Pelikulak irensten bata bestearen atzetik, nekaezin, nik erabat ulertzen ez nuen lilura bakarrean mozkortuta. Batzuetan bekaiztu egiten ninduen horrek. Laidari ere gertatzen zitzaion, gu barrez lehertzen ginenean hari graziarik egiten ez zioten kontuengatik. Ez zuen ulertzen sarri barre egitearen plazer hutsagatik egiten genuela algara, benetako motiborik gabe.

      Eta zuri? Zuri zerk eragiten zizun begien atzean azkura gu biok zu gabe ikustean?

      “Las tres Marías” deitzen zigun zure amak, “etorri hona”, eta zigarroa ezpain ertzera eramanez istorio bitxiren bat kontatzeari lotzen zitzaion. Guk hozkailuarena izan zedin erregutzen genion, beti entzun nahi genuen. Baina hark kontu handiz aukeratzen zituen bere gertaera kutuna kontatzeko une egokienak. Hozkailuaren istorioa bere heriotzaren istorioa zen, hein batean, baina ez guztiz. Edo ez bakarrik. Eguna, giroa, gure begi gosetiak alde zeuzkala iruditzen zitzaionean, betazalak jaitsi eta keinu serioan okertzen zituen irribarre izan nahi zuten ezpainak. Sukaldeko mahaian ikusten dut, galtza motzetan, zango beltzaranak bistan, ile hori nahasia moño batean bildua. Udara da zure ama nire oroitzapenetan.

      Hozkailua ukitzen zuen, tap-tap, maitasunez. Irekiera errituala.

 

“Hil baino astebete lehenago enkargatu nuen hozkailua. Beldurgarria izan zen egun hura, baina bene-benetan ederra ere bai. Ni hil nintzena, diot. Hozkailua aukeratu genuenekoak ez zuen aparteko okasioa ematen. Gutxi nekien orduan! Lu arkakuso bat zen, titiko umea zinen oraindik, eta gaixotu egin zinen, izugarri gaixotu zinen. Sukar altua zenuen oso, kiskaltzen, ezin zitzaizun bekokia ukitu ere egin, erre egiten zuen. Medikuek ez zekiten zer egin. Zer egingo zuten, ba? Sukarra nire heriotzaren berri ematera etorri zen, ez dago beste azalpenik. Halaxe ni, nire haurra, nire haragi zatia, inork izan dezakeen gauzarik maiteena besoetan nuela, gaizki sentitzen hasi nintzen. Bizitzak azazkaletatik, hortzetatik, betileetatik egiten zidan ihes, parrastan, gero eta azkarrago eta ni gero eta okerrago, gero eta okerrago... eta danba! —kolpea sukaldeko mahaian, kikarak eta gure kirioek salto—. Bihotzak, garunak gehiago eutsi ezin eta planto egin zuten. Hil egin nintzen. Hantxe, ospitalean, itxarongelan. Hamabost minutuz hil nintzen. Ama zegoen gurekin, eskerrak ama zegoen, eta Santa Luziari hasi zitzaion errezoan. Zergatik Luziari, eta ez beste bati, nik ez dakit. Galdetzen nionean, ama, zergatik Luziari, ez zekien erantzuten. Argi dago hala behar zuela izan, berriro jaio bainintzen, bigarrenez, amari eta santuari esker. Medikuek eurek esan zuten miraria izan zela —eta zuri begiratzen zizun, bat-batean han zinela oroituko balu bezala, samurtasun karrankariz—. Horregatik jarri genizun Luxia, horregatik eta begi ederrak zeneuzkalako, santuak eta zure aitak bezala.

 

      Eta Santa Luziaren aldareari begiratzen genion guztiok, lapsus kronologiko hari momentua zapuzteko baimenik eman gabe.

      Betidanik egon zen Santa Luziari eskainitako aldarea zure etxean. Guretzat gauza bitxiz gainezka zegoen leku sakratua zen, beldur pixka bat ematen ziguna iluntzen hasten zuenean; zuretzat txoko etxekoi eta goxoa, gertu ez zeuden familiakoekin egotea ahalbidetzen zizuna. Estanpatxoetako irudiek txunditzen gintuzten bereziki, beti eszena bera, beti modu desberdinean: aurpegian begi bi eta plater batean beste bi erakusten zituen neska hura. Santuaren martirioa gogoratzeko irudikatzen omen zen horrela, errotik atera zizkiotelako begi-globoak.

      Nola zeuzkan, baina, begiak platerean eta aurpegian aldi berean?

      “Misterio” izaten zen zure amaren erantzuna, eta hitz horrek ez zuen azalpen gehiago onartzen, ezta galderarik ere.

      Umetan sinpatikoa egiten zitzaizun Santa Luzia: platerean eta aurpegian, leku guztietan begiak zeuzkana. Nerabezaroan Sirakusako Luzia zelakoaren inguruko kondairak bilatzen hasi zinen, izena eta ama bueltan oparitu zizkizun santuaren bizitza zehatzago ezagutzeko, eta bertsio desberdin, kontraesankorrak topatu zenituen, gore samarrak guztiak. Baina haren bizitza sufrikariozkoa zeharkatzen zuten borondate tolesgaitza, edertasuna, torturak, bortxa eta duintasun temati hori deskubritu zenituenean, interesgarria iruditu zitzaizun bere izena altzoan eramatea. Misteriotsua.

      Gazte hil zen, gainera.

      Zure etxean Santa Luzia eta hozkailua estuki loturik zeuden, ezinbestean, fisikoki eta kronologikoki, fede itsuz.

 

“Ni hil eta berpiztu bitarteko minutu horietan heldu zen hozkailu berria etxera. Juncalek jaso zuelako dakigu. Ordu zehatza apuntatu zuen, horrelakoa da gure Juncal, medikuak baino finagoa. Eta hemen duzue, ez da behin ere hondatu, ni ere berriro sekula gaixotu ez naizen moduan. Tekniko bakar batek ere ez du etxe hau zapaldu, sendagile bakar batek ere ez dit atzaparrik gainean jarri. Sekula. Sekula ez bigarrenez jaio nintzenetik. Hori bai, sakrifizioa egin genuen: izozkailua eskaini genion Santa Luziari. Ezin izan dugu ezer izoztu urte hauetan guztietan, baina berak aldare dotorea du, zuri-zuria. Hainbeste merezi du egindako mirariak”.

 

      Izozkailuko atea beti zegoen zabalik, hantxe baitzenuten atonduta santuaren aldarea, urtez urte biderkatzen ziren estanpatxoekin, fedekide ez izanagatik tematikoki santuarekin bat zetozen begi turkiarrekin —pultsera, koilare eta giltzatako formatuetan— eta hildako familiakoen argazkiekin: aitona —inoiz ezagutu ez eta oso gutxi zenekien hartaz, soilik eguna erretzen ematen zuela eta bakeroen liburuxka zaharrak gustatzen zitzaizkiola—; osaba, amaren pertsona kuttunena zutaz gain; ama gaztetan —bere hildako niaren oroigarri—; amona eta zure aita. Azken hau jartzea zuk eskatu zenion, izozkailuko haren absentziaz ohartzeko adinera iritsitakoan. Denbora behar izan zuen amak argazkia topatzeko eta asko penatu zintuen zuri-beltzekoa izateak, ezin baitzenizkion begiak ondo ikusi, zureen berdinak omen ziren begi horiek: urdinak edo berdeak, argiak nondik ematen zien. Aitari ez zitzaizkiola argazkiak gustatzen, besterik ez zuela esan zizun amak.

      Zuri-beltzean izanik ere oso zen ederra aitaren irudia. Horregatik, akaso.

      Zure amaren heriotza, bigarren jaiotza eta hozkailuaren etorrera batzen zituen istorio hura mugarri esanguratsuena zenuten etxean. Hain esanguratsua, eguneroko beste edozein gertakari kokatzeko behar baitzenuten. “Juncal, ni hil eta bi ala hiru urtera izan zen Rebecaren jaunartzea?”, botako zuen zure amak, etxean, kalean, edonoren aurrean. “Bai, bizilagunarenean nago, kafesnea hartzen. Bai, hil zena. Hitz egin duzu azkenaldian Silviarekin?”, esango zien Juncalek ere telefonoz deitzen zioten alabei. Zenbatetan errepikatzen ote genuen gero Laidak eta biok “Nire bizilagunarekin nago. Bai, hil zena” eskuko hatz lodia belarrian eta txikia aho parean jarriz, barrez lehertu beharrean. Juncal ia beti zegoen etxe hartan. Zure ama baino zaharragoa zirudien, serioagoa ere bai itxura batean, baina goxoagoa zen tratuan. Alaba nagusiak zeuzkan Juncalek, gazte joan ziren herritik. Ez ziren bisitan apenas etortzen, baina egunero deitzen zioten.

      Bizilagunak maiz-maiz ekartzen zizkizuen kroketak, antxoa arrautzeztatuak eta bestelako gutiziak; egun gutxitan jan behar izaten zenituzten, ez baitzenuten izozteko modurik. Guk ezin genuen sinetsi zure amak argi izatea familiako inor —emakumezko inor— ezin zela berrogei urteak arte bizi baina, aldiz, espero izatea hozkailu batek hori baino gehiago iraungo zuela. Hark, ordea, zerrenda batekin erantzuten zigun:

 

“Nire ama, Luren amona: berrogeiak bete baino bi hilabete lehenago hil zen, tristuragatik, nire ustez; bihotzeko arazoren batekin, medikuen arabera.

      Amona nuena: hogeita hemeretzi eta erdirekin hil zen, amesgaiztoek itota; izen moñoñoagoa jarriko zioten medikuek gero, baina badakigu amesgaiztoek ate ilunak zabaltzen dituztela lehenago edo beranduago, alferrik da. Gogoratu: hiru gauez jarraian amets txarrak egiten badituzue, estali etxeko ispilu guztiak. Ez itxaron egun erdirik ere.

      Birramona: aurreratu egin zen, oso-oso gazterik hil baitzen, hogeita gutxirekin, garunean zerbaitengatik omen, baina haren bizimodua ere halakoa izan zen... Edertasuna eta dirua osasunaren eta familiaren aurretik jartzeagatik gertatzen da hori. Onik ateratzea, ezinezkoa. Ez ahaztu, gero. Amari, Luren amonari, ez zitzaion gustatzen nik hau esatea, baina halaxe da. Medikuek, gainera, orain baino are gutxiago zekiten garai haietan. Edozer asmatzen zuten.

      Argi dagoen gauza bakarra zera da: gure familiako emakume guztiak berez hiltzen direla berrogeiak bete aurretik. Gure patu naturala bizitza laburrak eta intentsuak izatea da, Lu, horixe oparia eta maldizioa”.

 

      Bazirudien zure ama konbentziturik zegoela heriotzaz etengabe hitz eginez gero, harekin uneoro kontaktuan egon bitartean, ez zuela traizioz hartuko, are, nahi bezain bestetan hilko zela benetan hil gabe. Hozkailuarekin berdin. Hil eta minutura etxera etorritako traste haren iraunkortasunak bere lehen heriotzak bezainbesteko segurtasuna ematen zion, berme erabatekoa: hilezkortasuna.

      Bide batez, batzuetan ez dakit zure amaz orainaldian ala iraganean hitz egin.

      — Bizirik dago oraindik.

      Bai baina... Berdin dio, ahaztu.

      Zuen familiako matematika partikularrean ama zu baino gazteagoa da. Hogeita bat urterekin hil eta berriro berpiztu zen, beraz, “benetan” hamazazpi urte zituen zuk hemeretzi zenituenean. Zuk baino bi gutxiago. Biok naturalki hilez gero —zuen familiaren baitako naturaltasunaz ari gara, noski—, zu baino luzaroago bizi beharko luke.

      — Bi urte. Patu naturala.

      Horrek lasaitu egin zaitu beti, Luxi. Ama osabarekin hitz egiten entzuteak lasaitzen zaituen moduan. Zoriontsuago, erosoago beti hildakoekin berriketan biziekin baino. Zurekin ere hala jardungo zuela ulertzen zenuen eta babesturik sentiarazten zintuen horrek, familia katean betirako beste guztiei lotuta.

      Osabarekin hitz egiten jarraitzen du?

      — Nik dakidala. Amonarekin bezainbeste edo gehiago aritu izan da beti harekin.

      Aitonarekin ez. Ez zuen inoiz bere aitarekin hitz egiten. Zurearekin ere ez.

      — Nire aitarena badakizu zergatik, jakin genuen zergatik.

      Eta zuk, Luxi? Hitz egiten duzu aitarekin orain?

      — Ez.

      Ezta benetan hil ondorenean ere?

      — Ez.

      Eta ni?

      — Zu zer?

      Zergatik hitz egiten duzu nirekin?

      — Izozten ari naiz. Laida laster ez badator beste zerbait pentsatu beharko dugu.