
![]()
(Gidaria)
Luxiaren bila ez joatea erabakita ere, Laidak ez du etxerako gogorik. Nagia ematen dio Urkori bere berandutzea azalduko dion istorioa asmatzeak. Ez hori bakarrik, ez du bihar haren lagunekin Mei Zuloagaren erakusketa berriaren inauguraziora joan nahi (Cartografía de texturas habitadas en tránsito edo halako inozokeriaren bat), ezta etzi Kuadrillakoekin sekula gustatu ez zaion marianitoa hartzera plazara jaitsi nahi ere. Familiarik baduenik ere ahaztu nahiko luke hilabete osoan.
Hori guztia egiteak besteko nagia ematen dio, ordea, ez egiteko eraiki beharko lituzkeen aitzakietan pentsatze hutsak.
Nekatuta dago bera izateaz.
Mireiaren etxera joan nahiko luke, eta egingo luke, oraintxe bertan, autokontrolik ez balu. Posible balitzaio kanbiorik, eskufrenorik gabe ibiltzea. Autokontrolik ez balu, Luxia bezalakoa balitz edo, are, haren ama bezalakoa, inpultsuka bizitzeko luxua balu, lotsarik ez sentitzekoa. Mireiaren etxean agertuko litzateke kaixo batekin eta esango lioke ez dut etxera bueltatu nahi, ez oraingora, ez lehengora, ez daukat etxerik batere oraintxe. Ez dakit nor naizen. Non hartu atseden.
Eta Mireiak esango lioke, pasa, pasa lasai, Laida, kafea egingo dut. Eta kafea hartuko lukete, berandu izan arren, Laidak kafe bakarra hartzen duen arren hogeita sei urte zituenetik, bakarra eta bazkalaurretik, loa oztopatu ez diezaion. Kafe goxo-goxoa egingo lioke Mireiak italiana zahar batean, bera han egotea normalena balitz bezala, eta esango lioke: Kontatu, Laida. Zapatak erantzi, galtzerdiekin Mireiaren sofa igurtzi eta kontatu egingo lioke.
Zer kontatuko lioke? Ez daki Laidak ere. Baina zerbait, eta gero Mireiak zerbait horri zentzua, ordena, azalpena emango lioke. Eta lasai egingo luke lo ondoren Laidak, kafeina eta guzti.
Urkok bakarrik daki terapiarena. Ez dio beste inori esan, ezin zuen arriskatu. Amak jakingo balu familiaz, hartaz hitz egin izan duela terapeutarekin… Zertaz hitz egiten diozu, ordea? esango lioke, aurpegiratuko lioke, galdera mozorropean. Gezurra esan liezaioke, laneko kontuez aritzen zirela. Urkorekin lotutako ezer ez, bihotzekoak emango lioke amari Urkorekin arazoren bat izan dezakeela pentsatze hutsarekin. Lanarena soilik litzateke onargarria, eta erdizka. Nahiago du ez esan. Hirian dauka kontsulta Mireiak, eta portale horretatik sartu eta atera izan den bakoitzean, bi aldeetara begirati izan du, atezuan: ezagun batek, herriko norbaitek ikusiko ote duen. Neben lagunen batek. Dena den, eraikin berean haginlari, abokatu eta aholkulari batek ere badute kontsulta. Egoera suertatuz gero, hiruretako zeinetan izan den esango duen erabakitzea soilik falta zaio.
Hasieran bortitza egin zitzaion. Ohitu zen pixkanaka, baina saioen ondorengo gorputzaldi txarra, zerbait balantzaka gelditu den sentipen hori, ez zitzaion erabat joaten, zulora gehiegi hurbiltzearen bertigoa sentitzen jarraitzen zuen.
Askotan ez zekien zer kontatu, nondik hasi, zer zen esanguratsua eta zer ez. Zergatik etorri zara esan zion Mireiak lehen saioan, agurtu eta berehala. Errespetu falta iruditu zitzaion ia. Iraina. Ez dakit, ez daukat arrazoirik ondo ez egoteko erantzun zion, ahal zuen ahots atseginenarekin. Zerbaitegatik deitu didazu. Haserre nago denbora guztian entzun zion bere buruari esaten. Eta harritu egin zen. Baina halaxe zen, kanporantz erakutsi ez arren. Irribarrez, leun esan zion Mireiari ere. Baina barruko biribilgune eta errepide oro sutan zeuzkan.
Eta zergatik uste duzu zaudela hain haserre?
Hainbeste gauza atera ziren terapian zeraman denboran. Esan aurretik Laidak berak susmatu ere egiten ez zituenak. Lehen aldiz hitzekin adierazterakoan asmatuak ziruditen, baina urteetan han egon zirela, beti existitu zirela ulertzeak beldurtu egiten zuen Laida.
Eta klixeetan klixeena bilakatu ziren hitzordu haiek: familiaz hitz egiten zion, aldiro, saioaren abiapuntua erabat bestelakoa zenetan ere bai; hor zetzan bere haserrearen erroa, antza.
Klase traizioa.
Hala esan zion Mireiak azken saioan. Hori sentitzen duela, traizio egin diola bere familia kate luze eta emankorrari, haiek baino hobeto, puskaz hobeto bizitzeko aukera izaten ari delako. Harritu egin zen Laida, bere neba batzuek soldata ona baitute goi mailako ikasketak izan gabe ere: Iñakik, Imanolek; Aitorrek ere txarra ez. Horixe esan zion Mireiari, baina honek azaldu zion klasea ez zela faktore ekonomikoa bakarrik, baietz, hori aldagai garrantzitsua zela, baina hor zirela ere faktore intelektuala, estatusarena, segurtasuna, harremanak, diskurtsoa, egoera sozial askotara moldatzeko gaitasuna. Klasea gauza asko zirela. Ikasketen bidez, besteak beste, lengoaia aldatu duzu, Laida, beste modu batean hitz egiten duzu, bestela begiratzen gizartea, bestelako sozializazio, denbora-pasak, gustuak dituzu.
Gustua. Berriro.
Mireiarekin ere haserretu zen hori esan zionean. Barkatu baina haserretu egin nau horrek esan zion, urduri, tentsio handiz. Ez eskatu barkamena haserretzeagatik erantzun zion. Gehiago haserretu zuen horrek eta esan zion bera ez zela haiek baino gehiago sentitzen. Inondik inora ere ez. Bera ez zela bere senideak baino gehiago.
Egon daiteke haserre bere nebekin, ez du halakorik ukatzen Laidak, baina ez Mireiak zioen motiboengatik. Iñakirekin haserre badago da beti amaren ezkutari leial jokatzen duelako, guztia estaliz, bera, arreba bakarra, babestearen aitzakian errealitatetik kanpo geratzera kondenatzen duelako. Minduta dago Imanolekin, bigarrenarekin, gauzak argien esaten dituena izanik, Laida oraindik umea zela joan zelako kanpora eta urtean behin ikusten duelako asko jota, eta orain ez daki bere ilobekin nola jokatu, ez dituelako ezagutzen, ez dakielako haur txikiei gazteleraz nola hitz egiten zaien. Gogaituta dago azkenaldian Aitorrekin ere, guztiari txisteekin erantzuten diolako, ezer ez duelako serio hartzen eta, ondorioz, ez diolako inori ezer serio hartzen uzten. Eta gero eta gehiago kostatzen zaio Koldo ulertzea ere, guztiaz paso egiten duelako, berea egitea besterik ez zaiolako axola, baina orain, langabezian dagoen honetan, beregana jo duelako, Laida aukeratu duelako familiako guztien artean eta dirua uzteko eskatu, lana topatzen laguntzeko, eta ez esan ezer amari mesedez erregutu diolako, Urkori ere ez esan, lotsa ematen dit.
Iraindua sentitu zen, seinalatua, Mireiak klasearena aipatu zionean, baina ez zen esatera ausartu. Esan zion soilik berak Teleko ikasi zuela haiengatik, familian goi mailako ikasketak egiteko moduko aukerak zituela erabaki zutelako, berak bezainbeste, Iñakik, Aitorrek, amak, irakasleek. Ez zituela zinema ikasketak egin, hain juxtu ere, bazekielako ez zegokiola berari, Urkoren lagunei zegokiela hori, jende mota horri.
Eta nolako jende mota da hori, Laida, galdetu zion Mireiak, Laida zenbat eta sutuago orduan eta lasaiago zegoenak.
Mireiarekin hitz egiteak Laidaren harremanekiko begirada zorroztu du, eta ohartu da bere bikotekideak eta haren familiak, eta baita egungo Laidaren lagun edo ezagun edo denborapasarako geratzen diren pertsona gehienek ere bere familiak baino bizimodu dezente erosoagoa dutela, izan dutela. Eta Urkoren lagunak ziren horren adibide lotsagarriena.
Zer dio horrek Laidaz?
Aldi berean, lekuz kanpo sentitu izan da beti haiekin. Baina orain arte, Mireiak ezinegonari izen bat jarri aurretik, ez zuen ezerosotasuna ezer zehatzarekin lotzen. Batzuetan uste izan zuen deseroso sentitzen zela ez zelako behar bezain azkarra, besteetan ez zelako haiek bezain konplexua, interesgarria.
Urko, aldiz, beti ikusi izan du eroso, haren lagunekin zein Laidarenekin, asteburuetako bermut horietan, haurren artean baloiarekin jolasten, helduekin edozertaz hitz egiten, herriko kontuez, entrenamenduez. Haserretu egin izan da Urko bera baino aiseago moldatzen zelako talde hartan ere. Urkoren lagunekin zeudenetan, diseinuaz, musikaz, unean modan zegoen azken artista edo jaialdi edo espazio guaiaz hitz egiten bezain natural aritzen zen Laidaren Kuadrillakoekin. Erraz moldatzen zen. Zu ere bai, esan zion behin Urkok, Laida bere ezinegon hau (erabat urardoturik) aitortzera ausartu zen batean; zu ere bai ihardetsi zion automatikoki, ofendituta ia, zu ere moldatzen zara.
Baina Laidak, kanpotik irakurtzen zuten moduan irakurtzen zutela ere, ez zuen hala bizi. Eta okerrera zihoan urteekin.
Bikote-harremanaren hasieran nahiko goiz ohartu zen bere zinemazaletasuna Urkoren lagunentzat Pelikulak gustatzen zaizkizu, orduan? soil bat zela, berak filmez hitz egiten baitzekien, ez zinemaz; ez zekien ikusitakoa ondo kokatzen, adjektibo baloratibo egokiekin, unean boladan zeuden izen-deitura nagusien orbitan. Pixkanaka ikasi zuen ahoa gutxitan zabaltzen, entzuten, imitatzen. Baina, azkenaldian, gero eta nekezago zitzaion haiekin egotea, Urkoren lagunen hitz egiteko moduak, gai batzuei heltzeko manerek eragiten zioten arbuioa disimulatzea, sabeletik leporaino estutzen zuen haserreari eustea. Txikikeriekin zen okerrena, diskurtso ideologiko perfektuki ikasietatik urruntzen zirenean. Esaterako, norbaiten urtebetetzea heldu eta bakoitzak detailetxo bat egiten zionean, nabarmenegia izaten zen Laidaren opariak ez zitzaizkiela gustatzen. Ahoaren keinua zen, begiraden pausatu ezina, gaiz beste egiteko presa. Hurrengo detailetxoa jaso bezain pronto bueltatzen zen giroa bere onera. Baina hori horrela da edo zuri iruditzen zaizu? galdetu zion Mireiak, kontatzera ausartu zenean. Nola azaldu. Bazirudien haiek, guztiek, bazutela radar bat opariak aukeratzeko, jakiteko zer zen gustu onekoa, baina aspergarria izan gabe, baina pentsatuegia izan gabe, baina serioegia izan gabe, baina kutreegia izan gabe. Berak, hasieran, gauza dotore, txiki eta garestiak oparitzen zizkien. Etxerako. Soinerako. Denbora asko ematen zuen aurretik pentsatzen. Baina ohartu zen beste guztien opariak beti zirela dibertigarriago, absurdoago, freskoago, opariago. Esfortzurik gabe asmatzen zutela. Taldearen entusiasmoan nabaritzen zen, hori zen hutsik gabeko termometroa.
Behin edo behin egin zuen saiakera haien opari-kodeetara hurbiltzeko, baina okerragoa zen (nahi ta ezin, esango zukeen bere amak egoera ulertuko balu), ez zuen asmatzen kutretasun, kitschtasun egokiarekin. Nabarmenago geratzen zen. Eta bere opari garesti aspergarrietara bueltatu zen.
Opari klaseak zeuden.
Urkorenak beti egoten ziren onenen artean, noski. Talde hartan debekaturik zegoen bikoteak unitate bakar moduan funtzionatzea, opariei zegokienez behintzat. Urkok, lehenengo urteetan, eskaini izan zion berea erosteko laguntza, baina umiliagarri zitzaion Laidari, bakarrik lortu nahi zuen. Azken aldietan, berriz, erregutu egin dio bikotekideari bere detailetxoa ere eros dezan. Kuriositatea dauka apropos zertxobait okerragoa den zeozer aukeratzen ote duen, besteek nabaritu ez dezaten arkitekto/diseinatzaile jaunak erosi dituela biak; ordena naturala, horizontaltasun hierarkikoaren ilusio hori ez apurtzeko.
Laidak Urkorekin bizi izan zuen lehendabizikoz denda batera sartu eta gustatzen zitzaion lanpara, jertse, maleta prezioa begiratu gabe erostearen esperientzia. Maletarena du bereziki gogoan. Harremanaren lehen hilabeteetan izan zen, eta bera ere animatu zen ordura arteko maleta gris, arrunt, aspergarria denda hartako eskaintza transzendentalagoarekin ordezkatzera. Maleta kontzeptu bezala, diseinu bezala, ez objektu txikiagoak pilatzeko objektu lurtar bezala. Prezioaren etiketa biratu zuen keinu automatikoz. Izoztuta geratu zen. Urkori galdetu zion, hartu berri zuen sustoa lotsari gailenduta, zenbat balio zuen hark aukeratu eta mostradorerantz zeraman maletak. Ez zion erantzun. Ez zion erantzun ez zekielako, ez zuelako begiratu ere egin. Lotsatu ere egingo zuen, orain badaki, Laidak dendariaren aurrean etiketa begiratu izanak.
Luxiaren hondartzako oinetako berriak pasatu zaizkio Laidari, tximista baten abiadan, begien paretik. Distira hura bere aurpegian, mugimenduetan, gauza hain eder, gutiziatu, garesti, berria soinean zeramalako soilik. Eta hala ere barregarria iruditu zitzaien besteei. Zer baino gehiago non eta nola ote zen kontua, nola bainoago norekin; nork.
Nola uste duzu lotzen dela hau guztia zure familiarekin duzun haserrearekin, Laida? galdetzen zion Mireiak halako hausnarketa sakon-nahietan katramilatzen zenetan, identifikatu behar duzu zer pizten dizuten Urkoren lagun horiek zure familiarekiko.
Haserrea. Eta hitz magikoa ateratzen denean haserretzen da, zalantzarik gabe, gehien. Urkoren lagun batzuk prekaritate hitzaren bozgorailu hankadunak dira. Eta bai, haien lan eremu kultural, artistiko, fantastikoak prekarioak dira, eta bai, jo zu ze ondo, Laida, zure baimen, opor eta pagekin, baina familiaren urrezko sare bat azpian zutela hartu zuten haiek lanbide prekario horietara salto egiteko erabakia. Eta prekaritateaz kexu dira Mexikora udan eta Suediara Aste Santutan egindako bidaiez mintzo diren bitartean; prekaritateaz ari dira herentzian jasotako etxe bat beste herentzia batean jasotako diruarekin nola dekoratu eztabaidatu bitartean; prekaritateaz ari dira kafe bat, Donostia izateko ere, lotsagarriki garesti kobratzen duten terraza batean eserita, haien zapatila deigarri, erraldoi, hipergarestiak zintzilik dauzkatela, haien bizitza osoa bezain behartua den postura batean.
Hartu arnasa, Laida. Mireiaren ahotsarekin esaten dio Laidak, beste behin, bere buruari, esaten dio bere buruari haserreari neurria galtzen diola sentitzen duen aldiro, geroz eta aldiroago. Arnastu.
Arropa. Beste mundu bat. Laida hain da planoa, hain beix. Haiek, aldiz, dibertigarriak, geometriko asimetrikoak, xira-oihala eta belusa izerdi tantarik gabe konbina ditzaketen aztiak. Zabartasun chic hori. Utzikeria ere dotoreziatik bakarrik performatu liteke modu onargarrian, hori ere ikasi du Laidak. Inozo sentitu izan da horregatik, engainatua. Bera bizi oso bat dotoreziarantz antzezten, oharkabean ere etorkizun hobe baterako entrenatzen, zer eta bertara iritsitakoan kontrakoarekin topo egiteko. Tupust. Eta berak ezin du norabidea atzera aldatu, tolestura gehiegi dira zimurrik nabaritu gabe onik ateratzeko.
Zeure buruari barkatu behar diozu. Ez zion besterik erantzun Mireiak hura guztia, beste hitz batzuekin, noski, tripako zulorik sakonenetik atera eta haragi bizitan eskaini zionean.
Barkatu zer, ordea? galdetu nahi zion, baina hitzak eztarrian pilatzen zitzaizkion. Zeure buruari barkatu behar diozu ustez egin duzun traizioa. Zeure buruarekin zaude haserre, Laida.
Mututu egin zen. Ahoa estutu, poltsatik kartera atera eta laurogei euro utzi zituen mahaitxoan. Ez zen hori saio amaierako ohiko errituala: normalean Mireiak esaten zuen ordua iritsi da, hurrengo zita zehazten zuten segidan, terapeutak paperezko egutegia eta Laidak telefonokoa begiratuta, eta, ordaindu ondoren, joan egiten zen. Hori guztia egin gabe, dirua altzari txepel hartan utzi, altxa eta ospa egin zuenean, biek ulertu zuten Laida ez zela bueltatuko.
Segituan lotsatu zen bere erreakzioaz, baina ez da gai izan berriro deitzeko. Zenbat eta denbora gehiago joaten utzi, orduan eta umiliagarriago egiten zaio itzulerarekin pentsatzea. Eta bere haserrealdiek okerrera egin dute Mireiarekin hitz egiten ez duenetik.
Bi aldiz gutxienez atera zaio katea guztiz.
Urkoren lagunekin gertatu zitzaion lehendabiziko aldian. Bere lan prekarioaz kexatu ohi zen horietako batek aipatu zuen behintzat zortea izan zuela, beti en lo mío bakarrik jarduteko aukera izan zuelako. Esan zuen modua lotsagabea iruditu zitzaion Laidari, fondoan ona naizelako bat ezkutatzen zuela. Oxigenoz ondo betetako birikez erditzen ziren familietako kideen egoa da hori, pentsatu zuen Laidak, gogoratu bitartean oso gaztetarik, ikasten ari zen bitartean eta karrera amaitu ondoren praktiketan ari zela ere, lan egin behar izan zuela tabernetan, umeak zaintzen, piperrak biltzen, aldizkariak banatzen, edozertan, etxean laguntzeko.
Urkok, pentsamendua irakurri balio bezala, bota zuen Laidak lan ugari izan zituela, besteak beste, aldizkariak banatzen ibilia zela atez ate, erosketarako gurditxo itsusi horietako batekin. Ateratzen hasi ginenean oraindik bazebilen gehitu zuen, sudurra zimurtuta, samurra izan nahiko zuen keinuan. Beroa sumatu zuen Laidak sabelean. Luxiak bere aitarena Kuadrillakoei kontatu zien aldi urrun hartan bezala. Sentitu zuen Urko bera luzitzen, urguiluz mozkortzen zuen proiektutxoa balitz bezala, ñabardura konplexuagoak gehitzen zizkion osagarri apurtzailea.
Qué mona. Esan zuen prekaritatearen bozgorailuetako batek.
Aulkitik altxatu eta joan egin zen Laida. Sua ahosabaia kiskaltzear zuen. Eskuak dardarka. Irribarrea aurpegitik erauzi gabe. Presagatik. Urduritasunagatik. Biziraupen senagatik. Auskalo zergatik.
Urkok ez zion atzetik jarraitu, baina iluntze hartan inoizko eztabaida gogorrenetako bat izan zuten. Ez zion barkatzen horrela joan izana, ez zion barkatzen ez jakitea zer arraio esan bere lagunei haserre zentzugabe hura justifikatzeko, nabaritu egin zitzaiolako haserrea, Laida, zer uste duzu, nire lagunak inozoak direla, irribarre bat nahikoa dela. Inozo bera sentitu zen, haserre ere irribarre egiteagatik. Laida, gai honi buelta eman behar diozu, berehala. Ze gairi, Urko probokatu zuen, hitza, talde semantiko hura ahora ekartzea Urkori bere amari bezainbeste kostatzen zitzaiola jakinda. Ados, zuk baliabide gutxiago izan zenuen umetan, oso ondo esan zion lasai plantak eginez, tonua jaitsiz Laidaren ahotsak ozenegi hitz egin izanaren arrastoa utz zezan, baina anai-arreba asko zinetelako zen hori, bestela gure familiak ez dira hain desberdinak ere. Une hartan ohartu zen Laida Urkok ez zuela sekula ulertuko. Eta ur azpian bezala entzun zuen atzetik etorri zen guztia, diskurtso koherenteki hutsal hura. Urrundik iritsi zitzaion Urkoren ahotsa esaten ados, haiek hiru etxe zituztela, baina partekatuak zirela, herentzian jasoak, eta are urrunagotik iritsi zitzaion bere aitak lan ordu asko egin zituela horretarako, langilea zela. Haren aitona-amonek gosea pasa zutela. Eta nork ez zuen gosea pasa gerra garaian, Urko, entzun zuen Laidak bere ahotsa, bera ere beste leku batetik hizketan ariko balitz bezala, eta berriro Urkorena urrundik erantzuten, benga, Laida, orain zer zara, Oliver Twist? Eta Aitorren Audia, zer? Zer falta izan zitzaizun, ba, zuri, umetan? Arropa? Janaria? Ez zenutela familia oporrik egiten bost zinetelako? Ze drama.
Eta danbateko batek itxi zuen eztabaida. Hurrengo egunean ezer pasa ez balitz bezala jokatu zuten biek, eztabaidekin ohi dutenez.
Sesioak izan zuen alde onik: tarte batez Urkoren lagunekin geratzetik libratu zen Laida, ez baitzion haiekin joateko gonbidapena luzatzen. Zigortu egin nahi zuen haren modura, baina Laidak, hoztasun plantak egin arren, ezin zuen opari hoberik eskatu.
Insomnio gauetan Mireiari arrazoia ematen ausartzen da Laida. Akaso, bene-benetan, bere buruarekin dago haserre. Akaso bene-benetan bere hipokrisia propioak erretzen du barrutik. Haserretzen duelako jende horrek prekaritateaz hitz egiteak, gabeziaren beldurra benetan ulertu gabe; bai, baina are gehiago haserretzen duelako ohartzeak haiek izateko ahaleginei emana bizi izan dela urteetan, haiek imitatu nahian hizkeraz, bizimoduz, arropaz, gorputzez, eta dena gaizki ulertu zuela. Hasieratik. Eta nor zen bera orain haserre haren gainetik munduari garrasi egiteko? Zertaz kexa zitekeen orainaldi errealean? Ez al du soldata pribilegiatu bat? Etxe eder baten 40m² kontratuz bereak (gehi terraza erdi)? Loa baino lehentxeago etortzen zaio benetako erantzuna: horretaz guztiaz urteetan ez ohartzeak baino gehiago haserretzen du orain ohartu beharrak, eroso bizi besterik ez duenean.
Eta horregatik haserretzen du Luxiak ere, hura izan zelako lehendabiziko aldiz bere familia zen eguneroko estu eta logiko haren mekanismoak agerian utzi zizkiona. Haserre zegoen Luxiarekin, orain gertatzen zitzaiona hark eta Garazik bakarrik ulertuko zuketela sentitzen duelako maiz, ideia inozoa izan arren. Haserre dago Luxiarekin bere bila joateko eskatzeagatik baino gehiago, haren ahotsa, haren mezua bere bizitzan sartzeak haizatzen duen amorru zirimola eutsiezinagatik. Sortzen dion, gogorarazten dion kaosagatik.
Ordenaren alde egin du beti Laidak. Zinema ikastearen ametsa, esaterako, ezkutuan gorde zuen. Ez zuen bat egiten bere bizitza-antolaketarako eskemarekin. Behin iradoki zion Urkori, agian, bazitekeela orain, lan egonkorra zuen honetan, eszedentzia hartu eta diru premiarik ez zutela eta. Baina Urkok eskaini zion begiradak ez zion gaia berriro ateratzeko adorerik eman. Orain? Zergatik ez zara hasten ikastaro txikiren batekin?
Ikastaro txikiren bat. Tamaina hori har zezakeen, asko jota, bere ametsak. Orain beranduegi zen, antza, pasatu zen aukera garrantzitsu guztiak egiteko tarte onargarria.
Ez zen guztia txarra izan, egindako ikasketek bazuten interesik Laidarentzat; gauza askok pizten zioten interesa, zorionez. Baina arratsalde batean zinemako ikasketa teknikoak egiten zebiltzan gazte batzuk ikusi zituen campus inguruan, euren kamera eta peluxe-mikrofonoekin, eta inoiz sentitu zuen bekaizkeria gordinena sentitu zuen sabelean orroka. Klasera huts egin eta haiekin egoteko, hamaika mila galdera egiteko gogoa piztu zitzaion. Kamera bat eskatzekoa. Ez zuen egin. Eta oldarraldi bekaizti haren hondarreko tristura hain izan zen sakona, erabaki baitzuen ez zuela ezer ere jakin nahi kamerez. Zinemaz. Filmak ikustea ere mingarria egin zitzaion bolada luze batez.
Berak ezin zuen artistatan jolastu. Hori beste batzuei zegokien. Zinema, gainera. Diziplina garestiagorik ezin. Nola mantenduko zen lan txukun samar bat lortu bitartean? Nork lagunduko zion amari gastuekin? Nola esango zien nebei? Teleko ikasteak soldata oso ona ekarri zion, lan errespetagarria, Urko ezagutzea. Eta Urkorekin beste bi koska gora.
Zortea izan zuen. Eta esker oneko izan behar zuen, bere partetik jarri. Horregatik, oilaskoa jango dugu? galdetzen diotenean nahi duzuena erantzuten du; Urkok aurten ere astetxo bat arrebarekin Pirinioetara? esaten dionean nahi duzuna ihardesten du; gaur egun ere jadanik eskubide osoz bere Kuadrilla den horretako batek (oraindik ere askotan Loreak, oraindik ere askotan Maddik) proposatutako edozein taberna/plan/eskaera/eginbeharri ere nahi duzuna erantzuten dio automatikoki eta irribarre batekin.
Posible ote da orain, hainbeste urteren ondoren, ahotik ateratzen zaion konplazentzia hori guztia etetea bere inguru ordenatuan kaosa eragin gabe.
Azkenaldian hostilitatea sumatzen omen zaio barrenean pilaturik. Horrela esan zion Urkok azken bolumen baxuko eztabaidan. A bai, eta zertan galdetu zion Laidak, ez baitzuen tonua sekula altxatzen, ezta keinu bortitzik egiten ere. Hori nabaritu egiten da. Energian. A, energian. Urkok ezin zuen eraman haren energia hostila. Ezin zuen eraman mahai batetik altxa eta joatea ez zegokionean, nahiz eta hain zuzen haserrea ez erakusteko egin. Ezin zuen eraman bazkari familiar batera joan nahi ez izatea, bere amarekin, nebekin egoteko gogorik ez edukitzea, are gutxiago Urkoren arrebarekin. Ez zen ez zitzaiola Laida haserre ikustea gustatzen, haserretu zitekeela usaintze hutsa zitzaion onartezina. Bikotekidea egunetik gauera aldatu baliote bezala.
Eta ez zen Urko bakarrik.
Kuadrillakoekin ere izan zuen horren isla txiki bat.
Asteroko bermut-bilkura haietako batean, sentipena izan zuen auto handiagoen, etxe berriagoen beharraz soilik hitz egiten zutela lagunek, terrazadun etxeen hipoteka izugarri, eskandalosoki altuez, haurrei azken modako azken dena erostearen ezinbestekotasunaz, hegaldiak edo luxuzko furgonetak eskatzen zituzten oporrez. Familiaren herentziak aipatzen ziren, aurreikusten ziren; aurrezkien garrantziaz hitz egiten zuten. Eta har ezagun bat hasi zitzaion jira-bueltaka sabelaren ahoan, ilunetan argi egin ziona. Garbiago ulertu zuen nerabezaroan lagunek dirurik gabe nago ziotenetan, paga Lois batzuetan gastatu dut esan nahi zutela normalean, eta ez benetan ez dut dirurik; gardenegi ikusi zuen ez daukat dirurik behin baino gehiagotan esan zion adiskide horrek jaio zenetik zuela aurrezki kontu bat zeinetan aitona-amonek hilero kopuru majo bat sartzen zioten etorkizunerako, ez ukitu hori; eta zehatzegi oroitu zuen berak zeukan diru gutxi hori utzi izan ziela, sinetsi izan zielako ez daukat dirurik benetan zela diru gabezia. Argitu zitzaion, erremediorik gabe, berari lotsa ematen bazion, ezin bazuen lagunek bezain lasai ez daukat dirurik esan, horrexegatik zela, benetan ez zeukalako, ez zelako hitz egiteko modu bat, hiperbole bat (hau da: parrandan bi txupito gehiago edan nahiko nituzke eta hala ere taxia hartu).
Eta gogoratu zen klasera betaurrekoak esparatrapuarekin lotuta eramaten zituelako barre egiten zioten haurraz, haiekin eskolatik kanpora, patioan, sekula ibili ez zenaz; eta gogoratu zuen ama desintoxikazio zentro batean zuelako baztertzen zuten beste gelakide hura, oldarkorra zenaren aitzakian; eta gogoratu zen eskolara ilea zikin eta usain sarkorrarekin etortzen zen beste ikaskideaz, arropa maiztuekin, zeinari Laidak sekula ez zion ezer txarrik egin, baina kontu handiz ibili zen harengana gehiegi ez hurbiltzeko.
Gogoratu zen, aldi berean, pija deituz baztertzen zituzten haiekin, beste taldearekin; zeintzuei hala deitzen zieten forma, kolore jakin batzuetako arropekin ausartzen zirelako, musika jakin bat entzuten zutelako, nahiz eta pija hitzarekin ahoa betetzen zuten gehienek soinean zeramaten arropa hiru aldiz garestiagoa izan.
Eta gogoratu zen Garaziz, eta bere familiaren etengabeko diru arazoez, zorrez, kale-mitologiaren arabera aitaren jokorako bizioaren ondorio zirena, eta nola lotsaz, ezer esan gabe herritik joatera behartu zituen horrek. Gogoratu zen Luxiaren amaz, orduak eta orduak etxetik kanpo lanean garbitzaile, kotizatu gabe, besteen etxeak distiratsu uzten berea hankaz gora topatzeko, inpultsu une batean Luxia berarekin guztia goitik behera azken zokoraino garbitzera behartzen zuen arte, laneko etxeen pare uzteko, garbitasunean behintzat. Lixiba usaina igar zedila, gutxienez.
Eta ikusi zuen bere ama, etxean, bost seme-alaben kargu egiten eta aita lan ordu mordoa kateatzen hiru lanpostu desberdinetan, etxean azaldu ere egin gabe; ikusi zituen bere neba guztiak, gaztetxotatik zeuzkaten soldata barregarrietatik amari dirua ematen, amari aspiradora bat, plantxa bat erosteko sos apur haiek pilatzen. Ama ekonomia zorrotz, ezinezko hura kudeatzen eta aita, soldata amaren galbahera iritsi aurretik, bere bizio bakarra zen ehizarako, autorako, irteeretarako dirua apartatzen. Ez du edaten behintzat, esaten zuen amak, behintzat ez du jokatzen.
Sute horren keak belarrietatik, begietatik, ahotik ihes ez egiteko Laida Kuadrillaren korrotik apur bat atera eta lagun baten haurrarekin jolasean jarri zen unean, baina, beste su bat piztu zioten, espero ez zuen lekuan.
Baten batek Luxiaren izena ekarri zuen elkarrizketara. Bere ilobak udalekuetan misterio zozo samarrak argitzen zituzten nerabeen telesail hura ikusten zuela, eta pertsonaia kutuna zuela Luxiarena. Ilobari esan omen zion ezagutzen zuela eta haurra zoratzen zegoen. Argazki bat atera behar dut berarekin Lurri erakusteko, baina ez da herrira asko etortzen, ezta? Nik topatu dudanetan Donostian izan da. Nola ezetz? Nik azken asteetan pare bat aldiz ikusi dut hemen. Eta Luxiaz hitz egiten hasi ziren, haren lanaz; ez zela oso ona telesaila baina, behintzat, euskaraz zerbait ikusten zutela hartara haurrek, ondo egiten zuela Luxiak, pertsonaia xelebrea zuela, ondo ematen ziola, eta nola dantzatzen zen! Abestearena ez zen bere fuertea, hori bai.
Laidari hain iruditu zitzaion surrealista elkarrizketa ez baitzen gai izan bereizteko ironiaz ala benetan ari ziren.
Agian ama zaintzera etorriko da orain gehiagotan. Ikusi duzue Luxiaren ama azkenaldian? Ez du bera ematen. Gajoa. Familia horrek beti izan du zorte txarra...
Laidak kanpotik ikusi zuen bere burua, mahai hura, antzerki hura, urteetan errepikatzen zeramatena, eta Kuadrillakoak amnesia telenobelatar batek jo ote zituen pentsatzen ari zen unean norbaitek esan zuen:
Ai ama! Ez dizuet esan! Ez duzue sekula asmatuko nor ikusi nuen aurrekoan... Garazi! Zugatik galdetu zidan, Laida.
Urkoren lagunekin bezala egin zuen: altxa eta joan.
Mezuren bat edo beste jaso zuen arratsaldean, bat ere ez Lorearena, inondik inora ez Maddirena, baina beste lagunen bat kezkatu egin zuen bere erreakzioak. Beti zalantza, ordea, kezka hori berarekiko zen ala whatsappeko azpi-taldeetan disekzionatzeko.
Ondoezik sentitu zela esan zezakeen, gaixo zegoela, amak deitu ziola. Baina ez zien inongo azalpenik, aitzakiarik eman. Airean utzi zuen. Egin zitzatela euren elubrikazioak.
Ohartzerako 140 km orduko pilatu ditu Laidaren autoak, eta azeleragailuaren presioa askatu du; abiadura handiegia burua ematen ari zaion itzulipurdiei eusteko.
Mireiari hau guztia kontatu nahi lioke eskuan kafea duela, haren bizitokia nolakoa den ikusten duen bitartean. Laidaren irudimenean, Mireiaren etxeak ez du zerikusirik kontsultako espazio etereo, suabe, dotore-nahi horrekin; bere buruan Mireiaren etxea kolore eztanda bat da, ehundura desberdinak, miniaturak, oroitzapenak, liburuak, eta zapata zurtzak luzitzen dituena; kaos oparo bat ez dirudiena katalogo bateko espazio birjinal bat, ez dirudiena zentzu tematiko kromatiko arkitektonikoa duen proiektu bat, ezpada etxe bat, bete-betea. Gainezka. Laidak beretzat nahiko lukeen etxea, inorekin partekatu beharko ez balu.
Kuadrillakoekin ere haserre zaude, orduan? Zergatik zaude haserre kuadrillakoekin, Laida? Zuk aukeratu zenituen esango lioke Mireiak, beti bezain puñetera, beti bezain zorrotz. Eta bere laguna izateko gogoa sartuko litzaioke Laidari, esateko, ez izan nire terapeuta, Mireia, izan nire laguna eta musuka jango luke, nahiz eta ez dakien oso ondo zergatik, zeren, berarekin enrollatu baino nahiago luke bere besoetan negar egin, negar egin nekeak lo utzi arte eta/edo altxa eta oihu egin, garrasi, ostikoak eman, gainezka egiten duen etxe daltoniko hiperboliko horretako objektu mordo bat lurraren kontra botata hautsi eta gero bai, terapeuta ohi eta lagun berri Mireia besarkatu eta lo seko geratu, hurrengo goizera arte.
Urko eta bion etxean ez dago modu horretara apurtzeko moduko ezer begi bistan.
Aurten ez dut Kuadrillako bluxa jantzi, Mireia, esango lioke hurrengo goizean, tostadak eta marmelada elkarrekin gosaltzen ari direla. Lehendabizikoz, haurtzarotik, iraganaren ertzetako memoria lausoak oroitzen uzten dionetik, Laidak ez baitzuen bluxarik jantzi herriko festetan. Zergatik uste duzu gertatu dela, Laida? galdetuko lioke Mireiak, jateari utzi gabe. Eta gogotsu jaten du Mireiak Laidaren eszena etxekoian, ez mizkinkeriaz, ezta gozamena erailtzen duen antsiaz ere; gogotsu eta hozkada bakoitzaren zaporea ahoan dastatzen, jaten duen edozer Laidaren begietara erakargarri egiteko moduan. Gorroto ditudalako bluxak. Eta orain arte zergatik janzten zenituen? Ez naizelako aurtengo jaiak arte konturatu gorroto ditudala. Ez naizelako ohartu orain arte nor barruan nor kanpoan dagoen jakinarazteko bandoa jotzen duten muga-langa koloretsuak direla.
Aha. Baina zergatik orain, Laida? Zergatik aurten?
Kuadrillakoek bluxa berria egitea erabaki zuten udaberrian. Umeak ere sartzeko. Azala uzkurtu zitzaion Laidari. Orain arte erabilitako bluxa egin zuten urtea oroitu zuen. Aurrerapen gehiegizkoarekin prestatu zuten guztia, urtebete lehenago, eta alkandorak estreinatzeko astebete falta zela, norbait etorri zitzaion (ez Lorea, ezta Maddi ere, nahiz eta erabakiaren atzean egongo ziren ziur), eta galdetu zion ea eskatuko zion Luxiari haren bluxa bueltatzeko. Total, berak jada ez zuela jantziko, ez zela hilabeteetan beraiekin ibili eta horrela Kuadrillako berria zen Alainek ez zuela beste bat erosi beharko, ze seguruenik dendan ez zen oihal berdinik geldituko beste bat egiteko.
Pentsatu dugu zuk eskatzea berari.
Eta bere esku utzi zuten. Une batean eskatutakoa egiteko zorian egon zen. Serioski planteatu zuen Luxiari bluxa bueltan eskatzea. Bere buruari errepikatu zion, total, zertarako nahi du, ez da gurekin ibiltzen. Eta unea irudikatu zuen orduan: Luxiarekin geratzen, eskua luzatzen, bikote apurketa kutre batean bezala. Umiliagarria iruditu zitzaion. Bientzat. Ez zegoen egoera horretatik duintasunarekin ateratzeko modurik.
Kuadrillakoari ados, galdetuko diot esan zion, eta egun gutxitara keba, Luxiak esan dit ez daukala dagoeneko, ez duela aurkitzen. Betazalak astundu zituzten gainerakoek, Luxiari sinesten ez ziotela argi utziz, espero ez agertzea plazan bakarrik eta gure bluxarekin esan zuen norbaitek; keba fijo su eman diola amarekin erritual sataniko batean. Kar-kar. Eta ez zen gaia berriro aipatu. Total, hurrengo festetarako Alaine dagoeneko ez zebilen beraiekin. Eranste berantiarrak ez dira samurrak halako talde naturaletan. Luxia ere, bestalde, ez zuten herriko festetan ikusiko urte luzez.
Eta orain beste bluxa bat egin nahi zuten. Berria. Haurrak eta bikotekideak ere sartzeko. Ilusio handiz hartu zuten Kuadrillako bik bluxaren oihala aukeratzeko ardura, whatsapp taldera argazkiak bidali zituzten, prezioak aipatu. Aurrekoa baino gatzgabeagoa hautatu zuten, baina aurrekoaren indar ordenatzaile, estratifikatzaile beraren promesa zekarren.
Laidak ez zion erantzun zenbat bakoitzak? mezuari lehendabizikoan. Ezta hirugarrenean ere. Festak iritsi ziren, eta berak ez zuen bluxa berria jarri. Are gutxiago zaharra. Urkok kanpoan pasa zuen asteburu batean ganbaratik hartu eta su eman zion.
Luxiaren omenez ere egin zuela pentsatu nahi du.
Kontatuko balio Mireiak zein aurpegi jarriko liokeen jakin nahiko luke. Bukatzen ari zaigu ordua esango lioke agian, bukatzen ari zaizkigu ordu guztiak.
Herriko sarrerara iritsi eta buelta emanarazi dio autoari Laidak, modu ilegal samarrean, gurpilekin hotsa ateraz, dramatismo kirrinkari bila. Bide onetik eta trafikorik gabe, hamabost minututan Luxia jasotzeko moduan da.