Esadazu gezurra
Esadazu gezurra
2026, nobela
176 orrialde
978-84-19570-69-7
Azala: Xabier Gantzarain
Aintzane Usandizaga
1988, Lasarte-Oria
 
 

 

(Gidaria)

 

Ados, zure martxan.

      Urkoren erantzuna. Atzamar lodia gorantz. Beti bidaltzen ditu irudi bera, hitz antzekoak, mezuei erantzuteko. Algoritmo batek segituan aterako luke patroia.

      Semaforoak keinu berdea egiterako enbragea sakatu du Laidak, martxa aldatu. Ezingo luke kotxe automatiko bat gidatu. Neguan toalla bero batekin gorputz biluzia estaltzearen pare sentiarazten du oinen eta eskuen arteko mugimenduen koordinazioak. Mingarria izan zen kotxe berriarekin esku-frenoaren zarata klasikoari, oihal-tarrataren antza duen horri, uko egitea; hotsari eta besoarekin behetik gora gehiegizko indarrez lasai tiratzeari. Kanbioekin ez dago gauza bera egiteko prest.

      Etorkizunean auto guztiak izango dira automatikoak. Elkarrekin ibiltzen hasi zirenetik oroitzen du Urko hori esaten.

      Luxiaren autoa, Luxia gidari imajinatzen saiatu da Laida. Ezin du. Errazago irudikatzen du jendea batetik bestera eraman dezan konbentzitzen. Baina badu autoko giltzarik, antza, itsasora igeri egitera doanean galtzen duenik; giltza baldin badauka autoa ere bai.

      Nolakoa izango da Luxiaren autoa?

      Laidak ez zuen karneta berehala atera. Urte batzuez itxaron behar izan zuen, eta ikasketa beketatik, udarako eta asteburuetako lanetatik eta neba zaharragoen urtebetetze oparietatik ateratakoa gordeta, ahalik eta lasterren (inguruko guztiak baino puska bat beranduago beti) joan zen autoeskolara. Izugarri lotsatzen zuen besteei fabore eske ibili beharrak, mesedea itzuli ezingo ziela jakinik. Orduz geroztik ahal izan duenero hartu du kotxea. Besteena hasieran (nebena, Ibonena, Urkorena), propioa azkenik; eta bere burua eskaintzen du plan guztietan gidari izateko, pilatutako zorrak amaierarik ez balu bezala.

      Auto bat izatea norberarena. Etxe bat. Kontu korrontea. Zerbait ordaindu behar izan eta izuak ez heltzea urdailaren ahoan; proposatzen diren planen aurrean (oporrak, parrandak, afariak…) ezezko sinesgarririk asmatu behar ez izatea. Birikak itolarririk gabe betetze hori. Taberna batean sartu eta nik gonbidatzen dut gaur axolagabeak bota. Zeinen erraza den eskuzabala izatea birikak airez gainezka dauzkazunean.

      Ura lepotik gora sentitu zuen Laidak nerabezaroan, gaztaroan, oin puntekin lur irmoa haztatu nahi eta ezinean, eta kokotsetik sudur-zuloetaraino helduko zela uste zuenean, bat-batean, zutik jartze hutsarekin, ura gerrialdean kontrola zitekeela deskubritzea izan da helduaroa: lan egonkorra, bikote bizitza, kotxea nahi duenero gidatzea. Ulertzea besteek ez zuten urduritasun hori nondik zetorkion.

      Hain erraz aldatu zen guztia, amorratu egiten baitu.

      Zeri erantzuten dio amorru horrek, Laida?

      Mireiaren ahots pausatua entzutera behartzen du bere burua, hondoko haserre zahar horrek hesteetatik eusten dionean. Arnasa hartu du, sakon. Terapeutak arnasa nola hartzen zuen oroitu du, apropos soinu nabarmena eginez; deseroso sentiarazten zuen saioetan, baina onartu beharra du kontsultatik kanpo imitatzen saiatzen dela.

      Zeri erantzuten dio orain, gaur, ez bazaude jadanik egoera horretan?

      Egia da urte batzuk daramatzala aspaldiko itolarri hartatik salbu, baina mehatxua ez da erabat joaten. Itxura batean kontrolpean duen asma bezala da: ezin ahaztu zenbat buelta egin zituzten umetan larrialdietara oxigeno maskara jartzera, zainak ziztatzera, ez naiz iritsiko, akabo, pentsatzen zuela bere baitarako, aldi bakoitzean.

      Bitxia dena da haurtzaroan gutxiago oroitzen duela biriketatik kanpoko beste itolarri hori. Xehetasun gutxi batzuetan bakarrik: eskolako bidaietan, arroparen bat estreinatzeak eragindako arroztasunean, nebaz neba pasatutako motxila maiztua (eta zatar amorratua) eskolako aulkian beti alderantziz zintzilikatzeko egiten zuen kontuan… Baina nerabezaroarekin okertu egin ziren arnasestuak, Kuadrillakoekin ibiltzen hasi zenetik. Gerora pentsatu izan du (duela lotsagarriki gutxi hasi da halakoetan pentsatzen) umetan ez zuela aldea hainbeste nabaritu Garazi eta Luxiarekin ibiltzen zelako. Alde hori: lur irmoa oinazpi guztiarekin ala behatz puntekin zapaltzearen artekoa, birikak airez beteta, erdi beteta edo ia hutsik izatearena. Pentsatu izan du, azkenaldian, horrek elkartu zituela hiru lagunak, hiru mariak, hiru xelebreak (eta honaino haiek deitzeko erabiltzen ziren izen sinpatikoak). Itxura batean ez zuten zerikusirik batak bestearekin, baina besterik esango luke Laidak oraingo begirada oxigenatutik.

      Luxiari gustatzen zitzaion esatea haur hezkuntzako lehen egunetik egin zutela bat, baina berak ez zeukan hain argi. Kontra egitekoa ere ez zen, bestalde, ez umetan behintzat. Ezta gerora ere. Dena den, ia seguru dago beti ez zela egon Luxia-Garazi-Laida hiruki hertsi eta esklusibo horretan. Gainerako haurrekin harreman gehiago izan zuela, are, izan zela hirukiaren beste bi erpinekin ibiltzen ez zen garai bat ere. Ama oroitzen du, behintzat, lehen ederki moldatzen zinen, ba, Maddi, Lorea eta besteekin esaten, galdetzen zergatik ez zara gehiago ibiltzen haiekin? Ez dago ondo taldetik hainbeste apartatzea.

      Ez dago ondo. Ez da polita. Amaren mantrak.

      Haserre dago amarekin. Horra Mireiarekin egindako saioetan ateratzea espero ez zuen gauzetako bat. Helduegitan hasi da Laida amarekin haserretzen, lehenago bere buruari halakorik barkatzen ez ziolako. Bere Kuadrillakoak, eguneroko kontu inozoengatik, eztabaida txikiengatik, haien amez gaizki-esaka hasten zirenean, izua sentitzen zuen, eta gaiz beste egiten saiatzen zen; berak amaz hitz-erdirik esaten ez bazuen ere, errudun sentitzen zen. Ez zuen sekula inorekin bere gurasoez tonu hartan hitz egiten. Ezingo zukeen. Nola, bada? Seme-alabak aurrera ateratzeko egin zuten guztiaren ondoren. Baina, azken urteetan, zerbait apurtu zaio. Eta Mireiari lehendabizikoz halakorik esatera ausartu zenetik, arrakala soil izateko zabalegia bilakatu da zerbait hori. Gehiago da etengabeko apurketa kate bat, gutxien espero denean krak egiten jarraitzen duena.

 

 

Ez, Luxia, Garazi eta Laida (eta orain argiago ikus dezake: ezta beraien familiak ere) ez ziren, nola esan, Taldean (herri bakoitzari, belaunaldi bakoitzari egokitzen zaion talde horretan) leku ukaezina eskuratzeko moduko profilak. Haurtzaroan apenas zuten txokotxorik. Hainbat motibo egongo zen horretarako, baina hiru familien bizimodua zen, ezbairik gabe, indartsuena. Ama-alabek (eta bizilagun batek (?)) soilik osaturiko ez-familia, batetik, garaiko ezkertiarrentzat (bozkaz behintzat) nahiko susmagarria zen bost seme-alabako familia familiegia, bestetik, eta, azkenik, Garazirena, bere (batez ere aitaren) berezitasun propioekin.

      Bizimodu ezohiko horien ezaugarrietako batzuk ziren, Laidaren kasuan behintzat, eskola osteko jarduera bakarra egin zezakeela, ez zirela udan oporretara joaten (ezta egun solteren bat Pirinioetara edo abuztuan pueblora bakarrik goaz ustez xumerik ere), eta tartean behin eskola bidaietatik kanpo geratzen zela, bai garestienetatik behintzat. Eskiatzera joatearena, adibidez, ez zen planteatu ere egiten beren etxean.

      Ez probatu halakorik, Laida, gero okerrago pasatuko duzu.

      Hori zen bere amaren azalpena. Listo. Koldoren edo beste nebaren baten zuk zer pintatzen duzu eskiatzen bortitz batek errematatuko zuen solasaldia, zirrikiturik geratuz gero. Antzeko gertatzen zen triangeluko gainontzeko erpinen etxeetan ere. Garazirenean esango zioten aita langabezian egonda (Garaziren aita beti zegoen lan bila, edo hori esaten zuen Laidaren amak, tonu kantariz eta begiak zerurantz) ezin zutela halako gasturik egin eta Luxiarenean, berriz, auskalo. Haren amak asmatuko zuen elurretan luzaroegi ibiltzea azalarentzat izugarri txarra zela, edo hotzak garuna endekatzen zuela, edo halako aldrebeskeriaren bat. Azkarra zen halakoetarako, abiaduraz behintzat, Luxiaren ama.

      Etxe bakoitzak bere estiloa zeukan, diferentea, baina mezua berbera zen: ez da zuen lekua. Eta euren espazio propioa sortu zuten halabeharrezko hiruki hartan. Garaziren etxean zuzenak ziren, Luxiarenean deliranteak, berean moralistak: ezin duzu ez dagokizun bizitza bat bizi. Ez da zure mundua.

      Eta orain etxe bat daukate Jakan (Urkoren familiarena da, amaren aldetik, baina haiek erabiltzen dute, azken finean, zentimorik ordaindu gabe), eta beste bat Lekeition (Urkoren aitaren aldetik). Ez zitzaizkiokeen gaizki etorriko umetan galdutako eski saio haiek. Amari ez dio sekula leporatu izan, jakina, krudela litzateke. Ahal zutena egin zuten gurasoek bost seme-alabarekin. Amak, behintzat.

      Aitarena beste kontu bat da.

      Laidak nahiago izango zukeen, Garaziren kasuan bezala, mezuak zuzenagoak izan balira (zergatik antolatzen dituzte aberatsen irteerak eskola publikoetan? Oroitzen du Laidak lagunaren ama eskola atarian esaten, berearen lotsarako). Nahiago izango zukeen ez daukagu horretarako dirurik argi eta garbi bat eta ez apaltasun itxuratu hori, estaltzen zuena bere etxekoen izurik handiena: ahoz aho zerabilten nahi ta ezin jende mota barregarri hura bilakatzearena. Baina hori ez zen beren amaren estiloa. Dirua aipatzea beti zen gustu txarrekoa.

      Amagandik ikasi zuen gustua zela garrantzitsuena, dotorezia. Ez zuen hitz horrekin deituko, noski, deituko zion umiltasuna deituko zion zintzotasuna deituko zion diskrezioa deituko zion ze belarritako finak; baina dotoreziaz ari zen, dotorezia zailenaz: dirurik ez dutenen dotoreziaz. Badutenentzat dotorea izatea erraza da, belaunaldiz belaunaldi pasatzen baita, hitzetan, keinuetan, egoteko moduetan bezainbat dnan. Inguratzen dituen ura ikusten ez duten arrainak dira, are gutxiago besteak nola itotzen dituen haren faltak.

      Nola izan dotorea, baina, uretatik kanpo hazia izan zarenean. Ba, amaren ustetan, umila/garbia/atsegina izanda. Eta ez jantzi kolore deigarriegiekin, Laida, arropa neutroak sufrituagoak dira eta ez zara nabarmen geratuko maizten direnean. Kontuz, ahoa gehitxo zabaltzen duzu barre egitean. Ez geratu isil-isilik, baina ez izan hitzontzia. Eseri ondo, ez hartu hainbeste leku alferrik. Ez egin keinu zakarrik, ez izan mizkina imintzioetan. Ahotsa. Kontrolatu bolumena.

      Amarentzat nabarmenkeriak bi pertsona motarentzat izan dira beti:

       1. Dirua, jakintza eta boterea dutenentzat (hirutasun santua).

       2. Erridikuluak direnentzat.

      Lehenengoen artean ere ez ditu hain begiko atentzioa apropos ematen dutenak, baina ezin da inondik inora alderatu bigarren tipokoek eragiten dioten ezinikusiarekin. Mingarria zaio. Fisikoki ia. Diruaz hitz egitea bezainbeste.

      Laidaren amarentzat Luxiarena zen horren adibide garbia. Dagokiona baino gazteago janzten da, esango zuen, eta bere onetik aterako zuen ulertzen ez zuen haren estiloak, azalduko baitzen apainegi orain, zabarregi gero eta makillaje gehitxorekin aldika (baina askotan batere gabe, eta hori are nahasgarriagoa zen). Ilea horiegi tindatzen du, nork darama kolore hori herrian?, esango zuen Laidaren amak beste batean, azala eguzkipean horrela kiskaltzeak ezin du ona izan. Luxiaren amaren ahots lakarra zitzaion, hala ere, deserosoen: zergatik hitz egin behar du garrasika beti? Eta barre hori? Zigarroa ezpainetan zintzilik ez daukanean, atze-atzean falta zaion haginaren hutsunea ikusi behar diogu, gainera, kar-kar-kar behartu horiekin.

      Kurioski, Laidaren amak begiko zuen Luxia haurra. Eta ez zen ohikoena. Plazan, kalean, bazekien gainerako guraso eta umeekin atsegina izaten, irribarre egiten, polita esaten; baina gero ez zitzaion gustatzen jendea etxera etortzea, ezta Laida besteenera joatea ere. Norberari ez zegozkion bizimoduetan gehiegi nahastea zela iruditzen zitzaion, besteei sudurra sukalderaino sartzeko ateak parez pare zabaltzea. Eskatu gabeko opariak eta bizilagunen etxeetara bisitak gauza bera ziren Laidaren amarentzat: bueltatzea zailak ziren fabore kateen lehen begiak, kontrolatu ezin zituen zorren joan-etorriak.

      Eta segun nor, segun noiz bere etxera ekartzeak eragiten zion lotsa ere hor zegoen. Laidak orain ulertu du hori, bere buruari, bere familiari, beste aldetik begiratu dionean.

      Baina Luxiarekin desberdina zen ama, gajoa, esaiozu etxera etortzeko esaten zuen, ahotsa samurtuta, beti gajoa hura. Luxiak aitarik ez zuelako izango zen agian, edo hain zuelako haren amaren irudi txarra, umea salbatu behar zuela iruditzen zitzaiola. Askotan geratzen zen Laida Luxiarekin eskolen ondoren. Ama, sarri, berandu joaten zitzaion bila, baina ez Laidaren aita tokatzen zitzaion gutxietan bezala, hamar minutu berandu; ordu erdi eta ordubete atzeratzen zen. Erdigunetik urrunegi bizi zen Luxia etxera bere kabuz oinez joateko, eta amak harekin itxaroteko esaten zion Laidari, edo etxera ekartzeko, afaltzera. Jatun ona zen, gainera, Luxia umetan (Laida ez bezala), atsegina, berritsua eta alaia; eta koskortzen joan ahala, ikasle fina. Etxera joaten zenetan, platerekoa jan eta mesedez eta eskerrik asko esaten zuen. Hori zen garrantzitsuena amarentzat. Horregatik uzten zion harekin zain egoten, are, egoteko eskatzen zion. Ez utzi bakarrik, gajoa.

 

 

Errua sentitzen du tarteka Laidak, terapia orduetan amaz hitz egiteko duen modu zikinagatik. Amaren ahotsean entzuten du hitz hori, kalean ez da etxekoez zikin hitz egin behar, etxeko trapu zikinak etxean garbitu behar dira eta bestelako esamolde higatuak, Laidaren hesteetan oraindik temati itsasten direnak. Ama ez da pertsona txarra, esaten zion orduan Mireiari, kulpak bigundutako ahotsez. Beste klixe bat.

 

 

Nerabezarorantz hurbildu ahala, aldatu egin zen amak Luxiarekiko zuen begirada. Batetik, ume batengan xarmagarri ziren jarrera batzuk ez zitzaizkiolako hala iruditzen jada bularrak nabaritzen zitzaizkion neska batengan (Luxiari goiz eta handiak atera zitzaizkion, handiegiak) eta, bestetik, gero eta okerrago ikusten zuelako Luxia-Laida-Garazi hirukiak gainerakoengandik aldentzeko zuen joera hura, Luxiari egozten ziona oso-osorik. Pentsatzen zuen Laidak Taldearen parte izaten ikasi behar zuela, eta ez zuen gogoko triangelu apartatu hura, hiruki bedeinkatu hura. Beste horrek zaila dauka, gajoak! esaten zuen, baina zu eta Garazi gehiago ibili beharko zinatekete Taldearekin. Plan berriak egin.

      Beste hori izaten hasi zen Luxia egun batetik bestera, gajoaz gain, gajoa baino gehiago. Amak pena antzeko bat sentitzen jarraitzen zuen hargatik, eta horregatik mantendu zuen gajoa bolada batez, edo ez zuelako askatu nahi ordura arte erabili zuen makulu hura. Ohitura hutsez.

      Baina, ordurako, Laidaren ama ziur zegoen beste horrek aldentzen zuela Laida, bere alaba, taldean aisa ibiltzeko hezi eta hazitako neska jatorra, Taldearen parte izatetik.

 

 

Laidak luzeekin egin dio keinu argirik gabe aurreratu duen auto gorriari. Ikaratu egin du gidaria; telefonoz hitz egiten ari zen.

      Arnasa hartzen saiatu da Laida, aireak kanporakoan barrurakoan baino luzeago iraun dezan neurtzen.

 

 

Bidegabea da azkenaldian amarekin. Ankerra ere bai, akaso. Sakonean badaki hark bere hobe beharrez egin dituela gauzak. Uste horrekin. Baina sare handiago bateko zintzilikario estrategiko sentitzen du bere burua orain, atzera begira. Talde hura haurrek baino gehiago, gurasoek osatzen ote zuten. Eta gurasoek dio amek esatea gaizki dagoelako. Baina amak ziren, aitek gertatzen zenaren hamarrena ere ez baitzekiten inoiz. Ezta inporta ere, katramilatzen ez zituzten bitartean. Talde hartan nor sartzen zen, nor geratzen zen kanpoan, zeren arabera edo, bestela esanda, benetan zerk erabakitzen zuen bakoitza epizentrotik zein geruzatara biziko zen; gustura eztabaidatuko luke Laidak bere ama propioarekin kafe baten bueltan. Baina eszena zaurgarri, zail eta samur horrek ez dauka lekurik bere familia den pelikulan; harri-kartoi kostunbristatik zientzia fikziorako saltoa gehiegitxo da meriendatarako.

      Laidak onartu beharko luke, kontuak kontu, amak ireki ziola bidea nerabezaro eta gaztaro errazago baterantz. Errazago edo normalago. Eta hori da guraso bokazionalen lana: seme-alaben biziraupena erraztea. Hori esan izan dio Mireiari ere amari buruz luze eta intentsuegi aritu dela ohartu denetan.

      Zertarako begiratu atzera? Galtzeko? entzun dezake halakoetan Laidak buru barruan amaren ahotsa. Aurpegira ere esango lioke amak, burutik pasatzen zaionaren aztarnarik txikiena izango balu.

      Gustatuko litzaioke haserrea noiz hasi zen identifikatzea, bere gurasoak, familia ikusteko modua noiz aldatu zitzaion jakitea. Agian ezinezkoa da halakorik zehaztea, akaso ez da goizetik gauera gertatzen, une zehatz eta bakar batean. Baina begirada aldatu zaio, amarenari eustea kostatzeraino, eta, terapeutak esaten diona esaten diola, atzera bueltarik gabea iruditzen zaio.

 

 

Amari ere halatsu pasatuko zitzaion Luxiarekin haien nerabezaroan, akaso genetikoa da, akaso hau ere dnarekin etorri zaio Laidari, birikak airez beteta izanagatik itota sentitzearena bezala. Anatomikoki eta ekonomikoki.

      Ama gero eta astunago jartzen hasi zen, Luxia gaitz guztien iturri bihurtu zitzaion, eta haren etxera ez joateko eskatzen zion, gero eta gehiagotan.

      Irribarrea ateratzen zaio Laidari oroitzean nola biltzen ziren Luxiarenean bere etxean soilik asteburuetan eta ondo dosifikatuta onartzen ziren txokolate, opil, patata-zorro, kolakao eta bestelako litxarrerien inguruan, haren amaren istorioak bata bestearen atzetik irensten, Juncalekin zeuzkan elkarrizketak (Laidaren amak haien belarrietarako arriskutsutzat joko lituzkeenak, zalantzarik gabe) zentsurarik gabe entzuten. Abentura hutsa zen neskato garaian Luxiarenean pasatzen zuten minutu bakoitza. Grazia egiten zion, gainera (sekula hari aitortu ez arren), ikusteak emakume hark bere amarengan nolako kortozirkuituak eragiten zituen.

      Dibertigarria ere izan zen, tarteka, Luxiaren aitarena jakin zuten arte.

      Hor kokatzen du, gaur egungo Laidak, lagunarekiko eta haren amarekiko sentitu zuen aldaketaren hasiera. Bere ama propioaren ahotik jakin zuten, gainera. Zartako baten moduan oroitzen du, errealitate kolpe lehorra, larrutan nola egiten zen eskolako haur nagusiago batek azaldu zionean sentitutakoaren antzekoa (gogotik ezabatu ez zaizkion keinu eta guzti).

      Eskolatik dantzarako bidean izan zen. Hirukiaren tontorra ez zegoen egun hartan, eta Garazi eta biak ama baino urrats bat atzerago zihoazen, merienda eskuan, bezperako Luxiaren etxeko kontakizunak errepasatzen. Ez zen lehenengo aldia izango, inondik inora, lagunaren aita itsasoan betirako nola galdu zen entzuten zutena, baina bereziki harrapatu zituen aldi hartan, eta berriro ekarri nahi zituzten xehetasun morboso guztiak. Akaso hazten ari zirelako, kontakizunaren lehen geruzaren azpiko esanahiak sumatzen hasiak, ideia multzo lausoak definitzen, ñabartzen zihoazen haien buru-mapetan pixkanaka, eta bizitza osoan entzundako hitz, egoera batzuk bestela ikus zitzaketen. Indartsuago. Gordinago.

      Kodea apurtzen hasiak ziren, funtsean. Misterioaren oihal-ertzak altxatzen.

      Luxiaren amak beste behin kontatu zien lagunaren aitak beti kapelua eramaten zuela arrantzara zihoanean, eta hilabeteetan gizonaren bila alferrik ibili ostean (ala urteetan esan zuen? Kapaz) txano huraxe aurkitu zutela munduko auskalo nongo hondartza batean. Ez zen gorpurik azaldu, baina objektu hari esker jakin zuten betirako joana zela. Dena den, hilotzik agertu ez zenez, ezin izan zuten hiltzat eman eta, ondorioz, Luxiaren amak ez zuen inolako laguntzarik jaso. Ziurrenik, Laidak eta Garazik oraindik ez zekiten zehazki zein forma zuen ayuda hark, baina oso bidegabea iruditzen zitzaien hala ere, are gehiago Luxiaren amak kontatzen zuenean, aurpegi etsitu harekin, ahots urratu eta grabean. Eta esan zien orain ez zela sekula itsasoan bainatzen, eta ez zuela Luxia hondartzara eramaten. Itsaso koloreko begiak zituztenen patua zelako uretan galtzea eta Luxiak aitaren begiak zituela (familia hura hamaika paturi lotua zegoen Luxiaren amari kasu egitera, asko kontrajarriak, gehienak zentzugabeak).

      Nahikoa da! Zenbat astakeria!

      Garazi baino gehiago izutu zen Laida, ez baitzegoen ohituta ama horrela lehertzen ikustera, are gutxiago kalean. Ahotsa goxatu zuen jarraitu aurretik, eta barkatu esan zien ia xuxurla batean, barkatu baina ezin zuela onartu gezurra gezurraren atzetik entzun zezaten eta, haien artean geratu behar zuela esango zienak, neskak, baina jakin behar zutela, bazutela adina dagoeneko: Luxiaren aita ez zen itsasoan galdu, Luxiaren aita ez zen arrantzalea. Luxiaren aita ez zegoen hilda. Abandonatu egin zituen.

      Begiak parez pare ireki zituzten bi haurrek, heriotza baino larriagoa zelako hura haientzat. Laidak gogoratzen du (garai horretan izango zen zalantza gutxirekin) bere aitari begira geratzen zela, luzaz, hain hitz eskasekoa zen gizon hari burutik zer pasatzen ote zitzaion asmatu nahian. Abandonatu zitzakeen hark ere? Sarri izaten zuen irudipena aitak nahiago izango zukeela beste edonon egon haien artean baino, bere bost seme-alabekin, emaztearekin. Hala joaten zen, bi hilabetean behin edo, asteburu luze pasa: mendira, ehizara, anaiarekin egotera. Laidak ikara sentitzen zuen halakoren batean aita bueltatuko ez zela pentsatuta, eta haren magalean esertzen zen, estu heltzen zion.

      Baina euren aita aldiro bueltatu zen. Erretiroa hartu arte bai.

      Luxiaren aitari zegokionez, urteekin beste bertsio batzuk iritsiko zitzaizkion, nagusia: ama haurdun utzi eta ospa egin zuela, ezer jakin nahi ez eta. Klasiko bat. Guapísimo bai, bere begi argi eta kizkurrekin, baina azkenean, horixe, nahi zuena nahi zuela esango zion amak Laidari, alabaren aurrean sexua iradokitzeko heldutasun nahikoa zuela estimatuko zuenean: hogeita bost urte eta mutil lagun serioa zituela, alegia.

      Akaso hori izango zen Luxiaren amarentzat mingarriena, bere maitasun istorio handia klixe hutsa izatea.

      Egia gordina askatu osteko isiltasunak eta haurren begi erraldoiek damuz atximurkatu zuten Laidaren amaren bihotza, ulertu zuenean bera izan zela haien inozentzia txirtxilatu zuen errealitate terriblea agerian utzi zuena. Umetan heriotza errazago ulertzen da abandonua, traizioa, aldaketa baino. Heldutan ere hortxe-hortxe, esango lioke Mireiak. Sentitzen dut, neskak, jarraituko zuen Laidaren amak, burua haiengana makurtuz, baina nik ezin ditut gezurrak jasan, eta ez zarete halako ipuinetarako bezain txikiak. Aholkua: ez sinistu emakume horrek esaten duenaren erdirik, eta ahal baduzue, ez joan etxe horretara. Lagundu Luxiari, baina ahal dela Garazirenean edo gurean. Edo kalean, besteekin, plazan. Ale, politak, goazen. Alboetara begiratuko zuen amak, bere kontrol-galtzeak kalte sozialik eragin ote zion neurtzeko, eta gero betiko irribarrearekin helduko zien biei eskutik, estutu txiki batekin, amultsuki.

      Lagundu Luxiari. Zertan, ordea? Luxia beraiek baino biziagoa zen ia gauza guztietan. Biziegia izango zen luze gabe, amarentzat ere.

      Laidak ez zuen sekula Garazirekin komentatu egun hartan gertatu zena. Lagunak normal-normal jarraitu zuen handik aurrera, baita Luxiaren amaren istorioak entzuten ere. Baina Laidarentzat zerbait aldatu zuen amak pizturiko foku zuri, foku gogor hark, eta etxe hartan deseroso sentitzen hasi zen. Egun batetik bestera arrotz zitzaizkion Luxiaren etxeko usainak, metalikoegiak; soilegiak horma zuriak, hotzegia baldosazko lurra. Zer esanik ez aldare izoztu hura, erakargarri izatetik makur izatera pasatu zena, argi berriaren pean.

      Estanpatxo, argazki eta bestelako trastez beteriko izozkailu absurdo hartan egon ziren, bolada batez, Garazik eta Laidak intxaur oskolekin egindako itsasontziak ere. Luxiari halako bat oparitzea otu zitzaien, lagunak bere aitaren heriotza eguna zein zen esan zien batean (data hura Luxiak berak ala amak asmatua ote zen, batek jakin). Izugarri gustatu zitzaion. Aldarean jarri zuen zuzenean, amari galdetu ere egin gabe. Laidak ez daki hari zer iruditu zitzaion, kendu, behintzat, ez zuen kendu. Hantxe geratu zen, izozkailuko aldarean, aita zenaren iruditzat onartutako zinema izarraren erretratuaren ondoan. Ekainaren hamarrero itsasontzi berri bat egingo ziotela erabaki zuten bi lagunek, makabro samarra, orain pentsatzen jarrita. Baina, beno, Kristok modu krudelagoan galdu zuen bizia gurutzean, eta hortxe kristau guztiak tortura tresna gurtzen, koadroetan jartzen, lepotik zintzilikatzen. Amonari inoiz hori esatearekin fantaseatu zuen nerabezaroan Laidak, baina ez zen ausartu. Amonak serio hartzen zituen kontu horiek. Amak ere bai, ahots gora onartzen ez bazuen ere, are gutxiago (gurasoen) Taldean zegoenean. Haiei igandeko mezara amagatik zihoala esango zien epai begiradak sumatzean, Laidaren jaunartzea ere amagatik egin zutela. Sendotzarekin ez daki zer esango zien, ordurako amonak galdua baitzuen burua.

      Non kriogenizatzen zituen Laidak nerabea zenean esan nahi zituen gauza guztiak.

      Santa Luziak ere hantxe egoten ziren, aldarean, familiako argazkiekin, itsasontziekin, interesa zuen edonori plater bete begi eskaintzen. Bitxia zen: beren etxean ez zegoen irudi erlijioso bakar bat ere bistan, amak gauero errezatu arren, eta elizaz deus jakin nahi ez zuen Luxiaren amak halakoez josirik zuen etxea, agerian eta nabarmen.

      Eldarniozko iruditegi haren parte ziren eurek egindako intxaur oskoleko itsasontziak ere. Azkenean bi edo hiru urtez soilik bete zuten hitza, halako istorioen zirrarak haien odolean eragina zuen bitartean, helduarotik ulertu ezin den indarrez.

      Haurtzarotik nerabezarorantz salto egitean zirrara hura egonezin bilakatu zitzaion Laidari, ordea; ikararen atarian bizi zen auzo-lotsa. Aldaketa harekin batera gogortu zuen amak ere Luxiarekiko begirada. Eta atzera bueltarik gabeko abiadura hartu zuen guztiak Garazik hanka egin ondoren.

      Zorionez, Laida ordurako pixkana-pixkana ibiltzen hasia zen Taldearekin, laster bere Kuadrilla, letra larriz eta ofizialki, izango zenarekin.

      Haurrak zirenean, Laidaren ama urduritu egiten zuen Garazik, haren umetasunak, marraskari barretxoz beste bien (baina batez ere Luxiaren) atzetik ibiltzeko zuen moduak. Disimulatzen saiatzen zen, baina nabaritu egiten zitzaion; oso infantila zen amarentzat, zortzi urte zituztenetik. Laidak ezin du orain ama imajinatu bilobei, bere neben haurrei, halakorik esaten. Ez lioke utziko, bestalde. Baina garai hartan, hori entzuten zionean, harrotu egiten zen, laguna infantila izateak esan nahi zuelako bera ezetz, bera heldua zela, eta bularra puzten zitzaion, gaur egun lotsa hanpatzen zaion modu berean.

      Garazik haien urtetako geometria apurtu ondorenean, baina, amak hitz politak besterik ez zituen izan harentzat, eta lehen egozten zizkion umekeria eta zabarkeriak Luxiari leporatzen hasi zen, eta bertsio hau errepikatzearen errepikatzeaz, haien umetako hirutasun bedeinkatuaren funtzionamendua erabat aldatu zen etxeko oroitzapen partekatuetan. Momentuan Laida ez zen distortsio hartaz ohartu. Edo bai, nork jakin, posible ote da heldutasunetik umetan benetan nola pentsatzen genuen, harremanak nolakoak ziren ulertzea; logikak iraultzen dira bidean, indar-zentroak desplazatzen.

      Modu batean zein bestean, Laidak ere amaren bertsioari heldu zion bere baitarako, sinpleagoa zelako: triangelu hark Garaziri esker funtzionatzen zuen eta, behin Garazi kenduta, nabarmena zen Luxia zela arazo guztien iturria.

      Sinpleegia.

 

 

Autoaren abiadura murriztu behar izan duenean ohartu da Laida ez dela hori irteera, hurrengoa hartu nahi zuela autobidea uzteko; baina azkenaldian bere baitan bizitzen utzi behar omen dion haserre hori urduritasun, presa, bihurtzen zaio diafragmari hiruzpalau buelta eman ondoren, eta bere kontrolpetik ihes egiten dute, segundo batzuez, erabaki sinpleenek.

      Irudi mutuak hasi dira bere burutik pasatzen segundo zabalegi horietan, eta irudioi dagozkien ahotsak beranduago heltzen zaizkio, beti ez datoz bat; konexio txarreko antena dauka burutik iraganera. Oraingo distantziatik ezin bereiz ditzake bizitakoak/entzundakoak/kontatuak/irudikatuak, baina beren ama azaldu zaio beste guraso batzuekin, eskola kiroleko arduradunarekin hitz egiten: Luxiak izena ematen bazuen ez sartzeko Kuadrillakoak zeuden taldean, arazoak saiheste aldera. Iñaki, Laidaren neba zaharrena, zen entrenatzaileetako bat sasoi hartan. Kuadrillako bere lagun berriak ere entzun ditu eskolako irteera (merke) batean, erdi txantxetan, erdi serioegi irakasleei eskatzen mesedez mese hurrengo kurtsorako gelak egitean Luxia haiekin ez jartzeko; estreinatzen hasitako parranda eta taberna zuloak ere usaindu ditu, non lagunek (Laidak?) gela/aisialdi/etilikotasun kide berriei iradokitzen zieten, edo zuzenean abisatzen, kontuz ibiltzeko tipa harekin.

      Zenbat urtetatik zenbat urtetara iraun zuen? Hamaika-hamalau? Hamabi-hamazazpi? Pixkanaka gertatu zen: plan batzuetarako hari ez deitzen hasi ziren, aitzakiak jartzen edo telefonoa ez hartzen. Eskola ostean herriko plazan geratu ziren batean, korrika ihes ere egin zioten. Ez zuten ahots gora adosteko beharrik izan, nahikoa izan zen Luxiak sarri izaten zituen kasketa inozo horietako batean begiradak gurutzatzea. Luxiak odolaldi betean bizkarra eman bezain pronto, lasterka eta lasterka egin zuten plaza ondoan bizi zen Lorearen etxera; azalean gogoratzen ditu adrenalina, bihotza taup-taup, barreak, musu gorrituak eta Taldearen parte izateak eman zion arintasuna. Umekeria hutsa izan zen, gehiegi pentsatu gabea. Baina gogoratzen du, baita ere, gau hartan ez zuela lorik egin, eta ezin izan zuela burutik kendu Luxiaren irudia, plaza hartan bakarrik, iluntzen ari zuen egun hartan, jakinik berandu joango zirela haren bila.

      Oraindik ere hozkada txikiak sumatzen ditu hesteetan zenbait akordurekin, baina gero pentsatzen du guztiak izan direla halakoen konplize, modu aktibo edo pasiboagoan, putzuaren alde batetik zein bestetik. Luxiak berak ere egiten zuela hori bere modura, ahal zuenetan, zegokiona baino espazio gehiago hartzen zuela, euren hirukian lehenengo eta, gero, Kuadrillan ere sarri saiatu zela horretan, nahi zuen hori lortzeko errealitatea (berea eta ingurukoena) sudur puntan jartzen zitzaion moduan moldatuz.

      Kontua da nerabezaroak Laidaren alde egin zuela, Luxiarekin ez bezala. Ulertu zituen kodeak, irribarre egiten zuen, ikasle ona zen baina ez astuna, itxura atsegina zuen nabarmenkeriarik gabe eta besteei buruz gehiegi ez hitz egiten saiatzen zen (baina giroa oso muturreko jartzen zenean norbaiten aurka, argi zuen putzuaren zein aldetan egon behar zuen). Tristea dirudi orain, heldu baten ikuspegitik, baina hipokrisia hutsa da: haurrengan tamalgarria iruditzen zaien gauza bera egiten baitute helduek ere bulegoetan, guraso taldeetan, kuadrilla historikoetan.

      Taldean desegin zen Laida. Akabo hiruki baten erpin izatea, beheko erpinetako bat, goi-goian zegoena eustera kondenatua. Umea izatea askoz zailagoa egin zitzaion, garrasi, mugimendu, kolore, izaera eztanda askoren artean nabarmendu behar hori, lekua bultzaka egitea, baimenik gabe hartzea, disimulurik gabe ebastea. Amaren poza Kuadrillarekin ibiltzen hasi zenean! Hark zirudien nerabea. Zoriontsu, behingoz, eskubide osoz gure alabak lasai esan eta taldekoen amek osatutako beste Taldearekin naturalki geratu ahal izateagatik. Semeekin lehenago egin bezala, baina desberdin. Neskekin beti da desberdin.

      Oraindik, festetan, bluxa bera erabiltzen jarraitzen dute amek.

 

 

Buelta hartzea erabaki du Laidak, etxera joatea. Ez daki zer egin urdaileko beroaldiarekin. Ezin du beti errudun sentitu besteei gertatzen zaizkien, gertatzen ez zaizkien gauza guztiengatik. Zer esango dio, gainera, Luxiari? Ez dio ezer zor. Mireiak hori esan izan dio asteroko saioetan: kulparen zamak, egindakoen eta egin gabekoen erruak, gehiegi markatzen dizkiola norabideak.

 

 

Garaziren absentziak mesede egin zion Laidari. Garaziren desagerpenak Luxia agerian utzi izanak. Ageriegi. Eramanezin, itogarri bilakatu zuen Luxia hutsune hark. Eta nor hurbilduko eta Lorea eta Maddi. Amets bat, kasik. Boleibolean izan zen, ordurako ekipoan sartua baitzen; hasia zuen hirukia uzteko ihesa, Garazik utzitako zuloa aprobetxatuz. Entrenamendu baten ostean, haiekin plazara joatera gonbidatu zuten. Zalantza egin zuen. Entzun izan zuen, ikusi ere bai, Luxiarekin nola jokatzen zuten (haren aurrean eta haren bizkar), baina Luxiari ere eskuetatik joan zitzaion kontu hura, eta, hein batean, ulertzen zituen. Ezinegona sartu zitzaion erabaki haren aurrean. Haiekin ateratzen hasten bazen, Luxia traizionatuko zuen? Ez zen galdera zintzoa. Aukera hura galtzen bazuen, Luxiarekin geratuko zen? Betirako? Garazirik gabe, gainera? Hori zen benetan bere buruari eskatzen zion erantzuna.

      Goazen, esan zuen Maddik, eta Laidak ez zuen erabakirik hartzeko beharrik izan. Une horretan ahokada freskoa, argia zirudien horretarantz abiatu zen, Kuadrillarantz. Amaren pozerantz.

      Ez zen, hala ere, Luxiagandik egun batetik bestera aldendu. Ez fisikoki behintzat. Baina aukeratu egin zuen. Ez aukeratuz.

      Gaur egun ere ulertzen du bere ni nerabearen, haurraren erabakia, eta badaki biziraupena zela, zerbait handiagoaren parte izatearen ilusioa, itolarri hartatik ateratzeko gogoa. Baina hozka egiten diote atzera, gutxien espero duenean, Luxiarekin izandako jarrera batzuek, gehiegizkoak izan zirenak, beharrik gabe.

      Horrek guztiak taldekoago egin zuen, hala ere, ahots gora aitortu ezingo lukeen arren. Ezta Mireiarekin ere, laurogei euroko elkarrizketa psikosakratuetan.

      Hozkada horiek zaildu egiten diote Luxiarekin nahi bezainbeste haserretzea.

      Horregatik sentitzen du hondo-hondoan, atzera etxerako bidea hartuko duela erabakita ere, haren bila joateko bulkada?