Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Perfekzioa

 

«Ni lehen ergela nintzen», esan dio bigarrenez Lorea Gernikak iragan astean Trenaren Museora eginiko txangoan laburbildu zuen lagun berriari. Ez bera bezainbeste ordea —esan dio marina merkanteko kapitain ohiak jaka berdearen hegaletik hildako zenbait zelula estiloz kentzen duela—, bera Elantxobeko ergelen kapitaina izan zen, kalamidade hutsa. Eta gaztetan egin zituen balentria tamalgarrien zerrendan abiatu zaio atertu ezineko emanean. Munduan barrena egindakoez interesatu zaio Lorea Gernika, Hanburgon, Maracaibon, Filadelfian, Parisen, kontatzeko, kontatzeko Pariskoak... Parisek ez daukala porturik argitu dio kapitain harroak «Parisek ez dauka porturik, laztana!» belarrira esanez alai eta barkabera, baina «Parisek andrakalak dauzka!» isildurik. Inoiz Bixente Garat tenor handiarekin Baionan hartu zuen munduko xokolatik onenaz oroitu da Lorea Gernika kafe-frontoi mustu berrian jesarri direlarik. Ez, ez du xokolata eskatuko, Azpeitian alferrik da. Oporto bat hartuko luke gustura, baina ez du horrelakorik ikusi botilen artean. Alkoholik saltzen ez duten galdetzea ere otu zaio, baina ez ditu azpeitiarrak gaizki utzi nahi. Azkenean, «Ni lehen ergela nintzen» esan du, noski, harira gabe. Zer behar ote du txoralda honek —kapitainak bere bizarrerako Urola ibaiaren bazterretik zezenketara doazela azpeitiar petoen multzoko—, orain arrunt bizkorra dela entzun nahi ote du? Ez, lakio bat ari zait prestatzen, haserretzeko aitzakia bila dabil, tentatzaile profesionala izan behar du, ikasteko astia izan du behinik behin, ezagutu ditut honen antzeko sugegorri batzuk munduko portuetan, zera, portuetan ez, alegia... Sartu dira noizbait zezen plaza dotorean, dena ke, izerdi eta odol susma. Haizekin ikusgarri bat ireki du Lorea Gernikak jokalari maltzurrak karta mazoa zabaltzen duen erraztasunarekin eta freskura ekarri du beretzat, kapitainarentzat eta inguruko fiestazale guztientzat. Jo du turutak lehen zezenak irten behar duela, zabaldu du plazako morroien ugazabak toriletako erromara «E, e!» deituz. Isiltasun sakratu batek hartu du plaza: heriotzak ageri behar du ilunpetik eguzkitara, dotore, txalogarri, gupidarik ez dakiten adar ederrak luzitzen. Orduan, azpeitiarrek arnasarik ere hartzen ez duten adialdi eukaristiko horretan, «Ni lehen ergela nintzen» entzun dute gerizpeko bosgarren tendidukoek. Burutik ote dagoen hasi da pentsatzen lehorreko kapitain zangarra burua zezenak baino areago makurturik «Zu lehen ergela zinen» —pentsatu du egitea oihu—, «...eta geroztik ez zara izugarri azkartu!», horixe oihukatzea, lagunaren letaniak burutik eragin baino lehen. Baina Lorea Gernikak hartu dio aurrea.

        — Ni lehen ergela nintzen, orain ez naiz hain perfektua!

        Zezena, eskaintzen dioten zapiari uzkur, kafan ari da Urola ibaiko hondar finean aurreko ezker apatxarekin. Fistuka hasi dira eguterako tendidoetakoak.