Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Bisita

 

Jogurtak jan epean dauden ikusteko zabaltzen dute frigorifikoa, gontzak olioztatzeko premian daudela esanez miatzen dituzte armairuak Bohemiako beirateria osorik dagoen, tiraderak arakatzen dituzte bankuekin egin dituen azken tratuen berri jakitearren.

        — Ez ote zara bakarregi bizi?

        Laguntzaile bat kontratatu nahi diote Lorea Gernikari. Diruak ez lukeela arazoa izan behar gaineratzen dute denek, geroz gardenago.

        — Ene! Zer egiten du gizon horrek hor?

        Lurrin atsegina hedatu da etxean. Ez sobera heze, ez sobera lehor, harroak, apatzak eta laranja kutsu, hagitz bizkotx onak egiten ditu errain honek, seme zaharrenaren emazteak. Batzuetan arratsalde osoa ematen du sukaldean. Horrela, elemeleka, jakin nahi duena kentzen dio. Errain guztiak eta alaba guztiak eta seme guztiak garuna ikertzeko asmoz etortzen zaizkio bisitan, geroz maizago.

        — Gizon horrek, non?

        — Gizon bat daukazu lo-kurrunka egongelako sofan!

        Bizkotxa puztu da jadanik, azala kiskali aitzin atera behar du labetik. Seme batek oparitu dizkion silikonazko manoplak hartu ditu mahaiaren tiraderatik.

        — Emaiozu inarrosi bat! Goiz osoa darama lo! Ezer jan gabe dago azken hiru egunotan!

        — Baina nor da, zer egiten du hemen, nola sartu da?

        — Langabezia asmatu zuenak merezi luke...! —bizkotxa balkoira atera baino lehen, hotz dadin.

        Erraina sukaldean geratu da bekokia astun. Argibideak behar ditu, jakina. Ez du konprenitzen. Arrunt kezkatua da.

        — Ez dakizu, Anita, txoriak arranpaloaren buruan egiten duela habia batzuetan?

        Beasainen bertan, Oriamendi karrikako estalpean topatu zuen Lorea Gernikak gizona. «Nik behar dudana ez da zure dirua» zeukan idatzia kartoi puska betean.

        — Baina orain ez gaude udaberrian!

        Horrela errainak, txoriei buruz ariko balira bezala.

        — Diru gehiegi daukat nik. Dirua arazobidea da beti.

        Zer ote litekeen alabek eta errainek aipatzen dioten sobera bakar bizitze hori. Zer ote den aski bakar bizitzea. Zer bakar samar. Pentsamendu horretan Lorea Gernika, hiru katilu zuri, hiru musuzapi zuri, hiru xarde, hiru zalitxo ipintzen dituela mahai gainean. Baionatik ekartzen dioten kakao potoa atera du gero, munduko xokolat onena egiteko. Eta errainak Lorea Gernikaren burua ikertu nahi: dirua arazobidea delako horrek ikara berri bat ekarri dio.