Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Kostaldi

 

Hogeigarren mendearen erdiko hamarraldia. Abuztuko azken egunak, Boulevard Saint Michel, Paris. Renault Alpine A 108 gorri bat heldu da Carmen hotel mandora. Leku ideala da Bixente Garat handiarentzat, Odeon antzokia bertan daukanez. Tarrapatan etorri zaion mutil apainari utzi dizkio autoaren gakoak, haren esku garajean sartzea eta maletak suitera eramatea. Mutilak pozik hartu du makinaren gidaritza, hiruna itzuli egin ditu zortzi talotan leun, laxo, lore, garajean sartu aitzin. Han, maletak jasotzen ari dela, argi printza bat ikusi du kopilotuaren aldean. Makurtu da...

        Ba ote daki Garat jaunak hau daukala autoan? Norena ote?

 

        Urte oroz bezala Été Musical à la Côte Basque antolamenduaren eskariz udaldiari distira ematera etorria zen Bixente Garat tenor aparrekoak burua laugarren aldikoz makurtu behar zuelarik txalo erauntsia eskertzeko, Lorea Gernika ikusi zuen. Lorea Gernika hezur eta mami, nolako mami, begien bazka, hantxe, Baionako katedraleko lehen lerroan barre eta eskuzarta. Bis bati ekin behar izan zion Les Bérrets Bleus de la Côte Basque abesbatza lagun, eta Maitia nun zira interpretatu zuen jazz aire batez, Ravelek egin moldaketa omen. Zoramena izan zen hura, kostarrak bravoka eta malkotan, noiz ere Lorea Gernika etorri zitzaion, Lorea Gernika lili sorta erraldoi bat berari ematera, lili sorta eta pot besarkada! Frantzia eta Nafarroako tenor beldurgarrienak ospea zaindu beharreko landarea duenez, «Le parapluie d'amour-en oren erdi baten buruan!» esan zion neska eder xaloari ahapetik. Gihar bizian hunkitu zuen proposamenak Lorea Gernika: lehen isilekoa zuen amorante batekin! Xalo sortu eta xalo hazi, jatetxearen inguruan egon zen apur bat, Aturriren emanari beha, bihotza baretu nahirik. Xarmatzailea izatera deliberatua zuen berriki, eta horra non, uste barik, xarmatzaile profesional bat zuen xarmatu. Besoa urrundik inarroska azaldu zen hain zuzen Garat kantaria, Garat liraina, Garat maltzurra, kapelu zuria buruan, mitxirrika berdea lepoan, zuribeltzeko zapatak oinetan eta «Lorea!» errepika ahoan, leun bezain ozen. Pot bana masailetan berak orain, besotxokoa eskaini eta ezkonberriak elizatik nola jalgi ohi diren hala zen sartu Le parapluie d'amour-en bikote ikusgarria. Lorea Gernikari barkamena eskatu eta joan-jin bat egin zuen sukaldera, xefa agurtu beharra zeukan. «Kabiarra zerbitzatzeko eskatzera joan da doike... Errusiako printzesa bat naizela pentsatu du honek!». Mahaiko morroiak xanpaina ireki zueneko, ostrak ekarri zizkieten. Berria zen hura Lorea Gernikarentzat. Bixente Garatek handiena hartu zuen. Zitroin tantaz artoski garaztatu eta, limurtzaile lakrikun, neska eder haren ezpainetara hurreratu zuen. Lorea Gernikak amorantea xoratzeko fazoinak eginez ahoratu zuen, hari so eta hurrupatzerakoan soinurik atera gabe. Ahoan erabili zuen muki hura begiak baturik, dastatzen zuelakoa eginez, eta bekainak harrotu zituen, umoreko, irensterakoan hartu zuen ikara disimulatzeko. Baiki, hezur gogorren bat joan zitzaion eztarrian beheiti mukiarekin. Loriatan zen Bixente betazal errenditu haiek, tanpez panpinatu masail haiek, galanteneko antzezpen hura ikusirik. «Errusiako printzesa bat ematen du!» pentsatu zuen. Fabrikako umea eta ez hain umea izan arren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Notre Dame kolegioetan pianoa, frantsesa, ingelesa ikasia zenez makilape eta morroilope, airoski ibili zituen Lorea Gernikak solas pindartsuen bide bihurriak Ravelez, hondartzako bainuez, Miarritzeko kasinoaz, Deauvilleko zaldi lasterketez... Ezin esan ahalako atsegina zen neska hura, afarira ez ezik afalondokora ere gomitatzea merezi zuen. Larresoroko apeztegian zelarik otoitzaldietan amestu izan zuen emea zeukan bekoz beko modako tenorrak: konplexurik gabea, sanoa, eskualduna eta itxura guztien arabera hedonista landua. Baionan bertan eman zuten gaua, azaldu edo ez azaldu urririk zeukan Bixente Garatek Hotel de la Côte Basque-ko 344 gela uda osoan, suite bikain bat, Été de Musique à la Côte Basque antolamendukoek txera amultsuak egiten zizkietenez, gisa den bezala, goreneko musikariei, partikularzki bertako semea zen «Frantziako Orfeo berriari», kazetariek ezarria zioten goitizenaz aipatzearren. Hurrengo goizean, komunean jo behar izan zuen Bixentek «Ongi al zaude?» galdezka. Eskuak garbitu eta garbitu aritu zen luzaz Lorea Gernika. Tenorrak Europako xokolat onena gosaltzera gomitatu zuen Cazenaverenean, Port Neuf karrikako arkupeetan. Uzkur ikusten baitzuen bere aurreneko amorantea, perla erakustekotan egon zen Lorea Gernika, ostrak zekarren perla, elkar ezagutuak xantza ona ekarriko zielako zantzua izan zitekeelakoan. Baina ahalketu egin zen. Cazenaverenean ere ez zuten elekatzeko antzik. Esku bat zabaldu eta azkazalei beha geratu zen Lorea Gernika. Hurrupa ttipiño bat egin zion xokolat beroari. Beste eskuko azkazalak ikertu zituen ondotik. «Munduko onena!» esan zuen gero kikara ezpainetara jasoz, baina Bixentek irri murritz batekin ihardetsi zion, gogoa beste zer edo zertan. Iduri luke Lorea Gernikak galduak zituela, gauetik egun, konplexurik gabea, sanoa, eskualduna, hedonista bertuteak. Horrela sortu zen tristura Bixente Garat tenor txalotuak elkarrentzat eginak zirela uste zuen arima delikatu bion artean. Hain delikatuak!

 

        Renault Alpine A 108 gorriaren zolatik jaso du distira egiten duen zeratxoa Carmen hoteleko automutilak. Zapi zuri bat eskatu du sukaldean, berrienetarik. Bixente Garat Frantziako tenor gorenaren suitera agindu dio igogailuko mukizuari. Nolako birigarroa, Mauleko espartinak eta borsalino kapelua janzten dituen euskalduna! Errusiako printzesaren bat xarmatu bide du Côte Basquen!