Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Barrutasuna

 

Baratzetik deus ez dakarten lekak, tetrabriketik isuri laranja zukua, goitikoa ematen duen salda geza, moteleneko gailetak, hesteak bihurritzen dituen kafesnea... Gezurra da, jaki goxoak ekartzen dizkiete. Eta gezurretan ari delako froga, edozein bisitarik hartzen du legatz zatitxo bat eta Ummm! egiten du, jan, ohean ezindua dagoen Lorea Gernikaren aitzinean jan.

        «Jan egin behar da» erizainek, laguntzaileek, garbitzaileek.

        «Jan egin behar duzu!» semeek, alabek, errainek, suhiek, ahizpak.

        «Despeditu egin beharko dugu sukaldaria!», barrezka, barne arazoetako mediku-buruak, ospitalean oraindik aste pare baterako daukaten emakume honek erretiluan uzten duena ikusirik, atzo bertan.

        Lorea Gernikak badauka bere gorputzaren berri, badaki bihar ez bada etzi gosanditu eginen dela, ezin izanen duela barauan iraun. Jan eginen du, nola jan ordea, apurrik ere ez dute eramanen zaborretara. Eta jandakoa urdailera jaitsiko da, eta urdailetik hesteetara jaitsiko da, eta hesteetarik... Damu du oraintxe senar bat ez edukitzea ondoan, geratzeko bertan aginduko lioke erizainak eta garbitzaileak bere ezkutatzekoak manipulatzera datozenean, ez irteteko ergelok agintzen duten moduan: gera zaitez eta ikusi ezazu zer naizen, nola zabartzen nauten, zeinen erraz endekatzen duten gure biluztasuna, hemendik irtendakoan maite baldin banauzu, maiteko nauzu horratio.

        — Lorea, nahi ezik uzten duzuna gustura janen dut nik —aldameneko ohekoak, lotsati—, eta bakean utziko zaituzte.

        Herenegun dutxara eraman zuten ohatilariak omen ziren bi gizonezko gihartsuk, etzanetik atera eta plastikozko karroxan jesarri eraginda. Komunean utzi zutelarik, «Zuek anderoak zarete!» esan zien irri triste batekin, baina ez zioten ulertu. Neska bat etorri zitzaion berehala, erizain laguntzailea nonbait. «Orain, Lorea, dutxatu eginen gara!», eta estalgarria askatzen hasi zitzaion. Gogor heldu zion Lorea Gernikak gaineko arinari, bularrean estutuz. «Hasi zaitez zu zeure arropa eranzten ni neroni biluzten naizen bitartean!». Honek ere ez baitzion ulertu, isilik geratu zen burutik egindako emakumeari so zer egin zezakeen asmatu ezinik, eta sorospena eskatu zuen sakelako telefonoz, sorospena.

        «Zer egiten dute horiek hor?».

        «Hartu egin behar dituzu!».

        «Gustu txarra al dute pastilek ere?» barrezka, barne arazoetako osalari alegerak.

        Gaur goizean, beti bezala azaldu denean, egia esan dio Lorea Gernikak.

        — Ezin dut nolanahi jan, ezin ditut pastilak nolanahi hartu.

        Aski izan du Hernandez doktoreak buru keinu bat, alboan zeuzkan erizainak karrajura isilik bidaltzeko, bakarrik utzi dute hirugarren solairuko kasurik zailenak daramatzan mediku petral sonakoa. Bildua zegoen ohe arteko errezela hedatu du gero Nagore Hernandez gazteak, aulkian jesarri da, pultsua hartzeko aitzakian goxatu du bere esku beroetan perfusioak mazpildutako Lorea Gernikaren eskua, eta ahotsa apalduz esateko eskatu dio, esateko lasai, gainerako guztiak aginduka ari zaizkio eta mediku honek eskatu egin dio.

        — Oker daude. Beste horiek, denak. Berdin da. Komuneko lotsak, ospitale batean? Hemen gorputzak ez dauka barrutasunik, dena agerian gaude. Sei seme-alaba izan ditut nik, denak ospitalean.

        — Ahalegintzen gara arduraz jokatzen, baina...

        — Beste kontu batzuk dira intimoak hemen! Zuk uste duzu anbulantzia batean sartzea intimoa dela?

        — Anbulantzian ekarri al zintuzten?

        — Seme batek ekarri ninduen taxian. Baina zuk uste duzu taxi batean sartzea arropa poltsa batekin ospitalera eramateko aginduz, intimoa dela?

        — Gizartean bizi gara, Lorea.

        — Bai, baina anbulantzian eramanen nautela esan didate! Gizartea ez dabil anbulantziatan, multzoan intimitate handiagoa daukat.

        — Zure onerako esan zizuten, baina ez da beharrezkoa. Utz ezazu nire esku.

        — Dena erabakitzen duzuela niri hitzik egin gabe, hori da intimitatea urratzea.

        Hasperen adierazgarri bat egin du Lorea Gernikak, begiak bildu ditu.

        — Ez al didazu galdetu behar noiz arraio hartu behar ditudan pastilak?

        Baina begiak zabaldu dituelarik ez du inor ikusi aulkian. Lo egin duela ziurtatu dio mahaitxoko erlojuak.

        Telebista ez dute oraino piztu, inor ez aldamenekoak, zuritasun bero bat bakardade zoragarri hau babesten. Eskua luzatu du mahaitxora, hartu ditu hartzekoak, ahoratu ditu, ekarri du ezpainetara ur botila txikia, irentsi egin ditu.

        Eta susmo txarretan jarrai dezatela alabek, suhiek, semeek, errainek, ahizpak...

        Senarrik izatera, hari ere gelatik irteteko esanen lioke pastilak hartu behar dituen guztietan, edo gosea etorritakoan.