Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Geopolitika

 

Harrapakan irten da etxetik albistea entzundakoan, ispiluari egunonak emateko ezindua, ilea kapelu morearen barruan eta berokiaren botoi bakarra lotuta, haize bortitzaren barruan sartu ahal izateko erarik egokienean alafede. Leporaino zetorren trena, eta nola edo hala igotakoan indarka egin behar izan du leku, zutik, zenbait bidaiariren kexamenduari ez entzuna eginik.

        Negua bikain doa aurten, astero izan ditugu ostotsa, oinaztura eta ipar mendebaleko haize boladak hotz, busti eta zakar, hain zakar non euri tantek ezin izan duten lurreraino heldu. Arantzazu aldetik jotzen duen haize bulartsu horrek erronka egin digu, astingarri astunak behar dituela ari izan zaigu negu osoan adierazten euria laino arrastakak bezalaxe batetik bestera eramanez. Azken finean, ipar mendebala bere indarraren heineko oztopoen bilaka dabil hilabete ilun hauetan denetan. Gaur goizean, esaterako, Aralarreko zuhaitz handiena bota du, zuztarretik. Ehun, berrehun, hirurehun tona urteko zuhaitz bat bota du Aralarren —haritza izan dela dio karrikako marmarrak—, eta hori nahikoa ez nonbait —hauxe dateke larriena babes zibileko arduradunen iritzian—, bideberriaren erdian utzi du trabeska Uharte-Arakil inguruan.

        Beste hitzik ez bagoian, ehun berrehun hirurehun tona urteko zuhaitz handi bat zuztarretik aterea eta errepidearen erdia botea! Errepidearen erdian! Hori ikusi beharra dago, hori argazkitan hartzekoa da.

        — Inork ez al daki kantari?

        Erantzunik ez, behakorik ez andrazko lotsagabe horrengana.

        — Berrehun euskaldun bagoi batean eta kanturik ez!

        — Ez goaz gerlara, kantari hasteko.

        Irratiak hondamendia kokatu duen unetik hurbileneko geltokian hustu dira trenaren bagoi guztiak. Bidaiariak elkarri bultzaka jaitsi direnez, igotzen baino areagoko lanak izan ditu Lorea Gernikak osorik lurreratzen. Hauspoa bero iritsi da erromesek, makur eta egoskor, haizeari buruz bideberriaren ertzean osatu duten ilara gaitzaren hondarrera.

        Ez zaio askorik axola zenbat tona urte eduki lezakeen zuhaitzak, ez haritza, pagoa edo eukaliptoa den, ez bideberriaren erdian trabeska etzateak suposatzen duen tresonda politikoa. Lorea Gernikak azpian harrapatutako baten bat deskubritu nahi luke: hurrupa bat emanen lioke poltsan ekarri duen bizigarritik, eta hitz ere bai, hitz emanen lioke ez duela eskutik utziko ospitaleraino. Haatik, franko garbi gaztigatu dute komunitateko irrati ofizialean —haizeak botatakoa haritza dela ezkutatzen ari den horretan— zuhaitzaren azpian hilgabeko batzuk egon litezkeela eta horrelakoren bat ikusiz gero parte emateko ordenako indarrei, arriskutsuak izan ohi direlako. «Hortxe dago! Hortxe dago!» hedatu da ahoz aho. Argi urdin batzuk ageri dira han aurrean itzulika. Telefonoak eta argazki kamerak atera dituzte ilarako gehienek, bakan batzuek aizkorak. «Ederra egin behar nuen ohatzean geratuta!». Lepotik heldu dio Benedictineari Lorea Gernikak, eta kantari ekin dio: gerla dugu.