Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

24

 

Zuzen jokatu duenetan ez jakinean egin duela, eta jakinaren gainean egitean buru batek beste guztiei gehiago egin diela, Onofrek berriro izan du bere adurra aldatzeko aukera, Ciclonen heriotzagatik salaketa jarriz izan ere. Ez du egin. Gogora etorri zaizkio Jon eta Anton, Ipotxa eta koarteliloan egindako goizekoak, beti entzun izan dituenak, «Horreen kontra ez diagok zer eginik», eta joaten utzi ditu egunak, Sol edo Ikaztegietan agertzeko beldurrez.

        —Ez dozu ezer aurreratuko. Zuk hortik jotzen badozu eurek Antonen kontuari ekingo deutsee barriro eta, nik neuk ez dot esango, ez, ha Anton, edo dana dalakoa gurean egonez zanik, ez dot nahasterik gura nik. Halanda ze, ezer egitekotan be, egizu ondo pentsatuta —arnasa batean esan dio Anitak, eta haizeak belak puztuta segitu du hitz egiten—. Bihartik aurrera Bilbora joango naiz gauero lotara, amaren etxera, amama jagoten.

        «Amama jagoten», Onofrek ez du erantzun, erantzun nahi izan zukeen eran, «Eta ni nork jagongo nau, ba?». Isilik geratu da, errudunaren isiltasunaz. Gogoetan sartu da, bada, orain artekoan egin duenik eta sakonean, Beethovenen errakuntzen bila, haren biografian, eta musikan, bere bizitzakoak arakatzen. Azkenean Solera agertu da, eta hango parrokianoek ez diote aurpegira erantzuteko zuzenik jaurti. Zeharka, begiradaren bat, isiluneak bera han dagoelarik. Besterik ez. «Azken batean ez dok hire mundua». Eta bere mundua zein ote den, bera ere gorra dela susmatu du.

        «Gorra izatea besteak heu ez entzutea be badok», hala da ezen, gortzat du bere burua. Areago, munduaren giltzarria begitandu zaio gorreria. Inork ez zuen ezer ikusi trenbidean, ozen esatekorik behinik behin, eta inork ez du ezer entzungo. «Haatik, kitto». Mundua dute inguruan. Maiatzean ziklistak taberna aurrean igaroko dira, adibidez.

        «Ederra! Karreristak!», bera dagoeneko maisuaren biografiako uretan dabil mosugerka. Hura ere aitatasunaren kariaz garraztu omen zen. Buenos Airesek utzi dion onik bakarra du La Guardia izeneko baten liburua, zeina bere eskuaz egindako oharrez eta marrez basiturik duen. Zertarako Kasinora joan, bada, noizean behin Genarori gaixotasunagatiko oporraldia luzatzeko eskatzearren ez bada, zeren, agerian duen moduan, makartu egin bait da, kemena ja ez datorkio atzera ere gorantz eta hazten utzi duen biboteak beste inori aurpegia lodiago egingo liokeen eran egiten dio berari argalago. Luisek esan dio Kasinora azkenengoz agertu denean. «Makar-makar hago, Onofre», eta «Joditu hadi», esan moduan izan da haren aldetik.

        Anitak bedarren bidez osatuko dela diotso, eta agorrila noiz etorriko irrikaz bizi da, senarrari bazkaria atondu, solora osteratxoa egin eta afaria mahaian prest utzi ondoren azken trena hartzen egunero. Onofrek bere aldetik erabagia eginda du. Ez du bedarrik hartuko. Irensteko den gauza bakarra musika da. Afaria sarritan joaten da kantuen tripara eta pick-upari kea atereaz egiten du oturantza izpirituala, etxe guztia bere duelarik.

        «Bostgarrenean erratu egin zuan», buruan mailu ibili izan zaizkio hitzok, harik eta euron esangura idoro duen arte. Bederatzigarrena entzutean izan da.

        Hasteko, aspalditik bazterrean lagata duen Point counter point' nobelako gixajo harek jainkoaren esistentzia frogatzen dela dioen kuartetoan, 132. -ean, hantxe dago irtenbidea susmarazten dion lehen airea. Aire hori bostgarrenean errepikatu egiten denez gero, atea erakutsi behar du, zeren eta, azkenean, bederatzigarrenean ere aire hori berori aditu du. Hiru angelukoa osatzen dute, bada, hiruren artean. Eta argitasuna dario hiruren arteko iturbegiari. «Heriotza minik gabe onartzen, hortxe diagok gakoa», argi ikusi du, ekurutasunez, Beethovenek erakutsi gura izan diona.

        «Errakuntza berriz, heriotzea hasiera bertan iragartea izan zuan Beethovenen aldetik, gero bera be konturatuko zen moduan». Onofrek bederatzigarreneko lehen mugimendua du buruan. «Heriotzea baino lehenago jaiotzea diagok, eta umetzaroa gero». Lehen mugimenduan zorion irribarreak ageri dira, ñir-ñir oskarbian. Eta halako batean trumoi-hotsa. Umetzaroaz zer ekarri dezakeen gogora, zorionekoa ez denik, ezin du halakorik ezer aurkitu. «Gortu egin haiz eta, ez dok heu izan hintzen umearen negarra entzuten, gogoratu egiten baino, mutu; txikitan zoriontsu izan bahintza ala ez, heuk be ez dakik». Asturuaren zama igarri besterik ez zuen egiten orduan. «Ha gerra madarikatua!». Korto Ocañan hilda, Jon atzerrian edo makisean, eta bera Ingalaterran libre. «Hobe guduan hil bahintza heu be». Antonek ezin argiago esan zion, «ez dugu guk gure patuari ekiditerik, hemengoaren bildurrez bestean geratu ezkero ez nintzateke libre izango, ezta zorioneko bez». Orduan ez zekiena musikaren getasunaz datorkio. Mindurarik ekarri barik, gaztaroan bere ibilkerak danbolinen eta txilibituen trosta ibilkera hartu zuen, bederatzigarreneko molto vivace horretan legez.

        Cuba, Venezuela, Argentina, lehen bidaietakoak ekarten ditu gogora, eta Argentina dioenean bere bizitzakoa ez den pasarte baten moduan ikusten du Marina, izenez ere itsasoa dena, beronen aldagarritasunean hain igartezina. Gogora datorkion bakarra asetasuna da, haren larruazala ukitzean erpuruetan barrena erraietako azken muineraino hedatu izaten zitzaion jabaldura, zama eza, arintasuna. Getasuna. «Umea aittittek konponduko jok, ona da bera ba!», Onofrek laster diru baten falta nabarituko duela Anitak, eta ezin esan izango diola bajagatik denik. «Euskal Echearako dela esango jeutsoat». Ez daki horrekin zer egin. Bigarren mugimenduaren azken alderantz danbolinak gerra-danbor bihurtzen dira beti. «Entzuizak txilibituak! Hi ezkonduta hengoan, eta hasikeran gogoz ganera. Andrea itzi eta Argentinan geratuko hintzan ba?».

        Hirugarren mugimendua gogopozez hasten da. Berrogeitik gora milioi heriotza egin zuen gerra zela tartean, ezkontzea erabagi zuenean, nor hartu andratzat, Ana ala beronen laguna Maddalen. Adurrak erabagi zuen. «Eta zer egin geinke ba adurraren kontra? Baldea daukanak, baldea diaukak, eta kitto». Bizitzako misterioen bigarren giltzarria idoro du, aire horixe, ezein izakik egundaino irudikatu duenik eta meheena, ekurutasun osoa, eztirik ez dariona, gorreria den iragazkailutik hara garden datorren ura. «Bizitzaren zentzua dok bizitzak zentzurik ez daukala ohartzeko unera ailegatu eta hala eta guztiz be ez aztoratzea, bare-bare geratzea barruko itsasoa». Egia hain erraza mamitu eta Onofreren begietara beste argi bat etorri da, itsasmugaz haraindikoa, ninietako leizetan, sakon sakonean, beste ortze bateko izarrik-edo bailegoen. Egunak aurrera joan ahala giltzarri biak sakonean bakarra direla igarri du, gorreria eta bizitzaren esangura, bat dira biak, Mundu bakarrean hemisferio bi diren eran. Bizi-haria noiz etengo patuak erabaki beharrean norberak erabakitzea dela askatasuna, oldozpen honekin batera bere buruaz beste egitekoa ere etorri zaio. Eta ez da ikaratu. Bere munduak hemisferio bi ditu, trenbide ingurua eta pick-uparen gela, eta kalea, Ecuador marra, pilotu hasberri izutiek legez egiten du, batetik besterakoan itzalak eurak baino isilago. Halaxe joan gura luke berak ere isilik, gero eta murritzago egiten zaion mundutik. Kasinoa jada ez dago beraren itsaskartetan, eta Ikaztegietara edo Sol ere bazterretan galduriko irla gero eta arrotzagoak dira. Zubibegien gainean karrilak ipintzen hasita dagozela ikusteak betetzen dio oraindio ere barrua, Ciclon tunel barruan jausi ez jausi, kapatazak jakin ez jakin, aspaldiko gakoa begitantzen zaiolarik. «Hilda diagok, hara jakin beharreko guztia!». Munduko komediako aktoreak eskenatokian aldi berean dagozenak dira. Bada, zelan luzatu eskua banbalina atzetik mutis egitekotan dagoenari? Eta, zetako? Ezin ditu joandakoak eskenatokira ekarri. «Jon bai, Jon itzuli egingo dok!».

        Onofrek ez daki zer dela eta egin zaion bapateko ziurtasun hori. Agorrilaren hamaseian amaituta euki dute burdinbidea eta igurtzapenez karrilek euron ezpain kasik-infinitorantz-luzeetan ageri duten uherra zidarkaratasun bihurtarazten hasteko Caudilloa etorriko dela eta, harrera atondu diote. «Jon itzuli egingo dok». Onofrek Lamiaren puntatik ikusi du itxuraz denak bere kontra dituen haren Azor untzia portuko bokalean geratzen, arrantzuntziak ere espainiar banderaz josita, eta bila joan zaion baportxoa ere, galai-galai. Doroteo gogoratu zaio. Doroteo eta Adela. Min hartu du biak sidecarrean gogoratzean, eta mina erretura egin zaio txalupakoaren gomutaz.

        «Bihar dok inagurazioa», esan dio baten batek alboan pasatzean eta halaxe baretu zaio mina. Hango muinoan laster kenduko ei dituzte presoen azken barrakoiak, atoan hasiko direla moila nagusia lazatzen, «Bost hiri!», haserre esan dio bere buruari, orain arteko hemisferio bat oinen azpian desagertuko zaiolako. «Ezer ez dok berdin izango». Caudilloaren yatchari azken begirada luzatu eta lepoa eman dio, hala egitean mundu guztiari ematen diolakoan. Ibilteari ekin dio, astiro, zigarrotxoa pizteko maniobretan berari adi. Inoizko auto gehien dabil errepidean. Eurotariko edozeinen gurpilen azpira jauzi egin «Eta akabo», pentsatzen du behin eta berriro. Ezin du egin. Gaua ere laster etorriko denez, goiko bide zaharretik lasago ibiliko dela otu zaio. Beste hegalera jo du. Bihartik aurrera hemisferio bakarra izango du Onofreren munduak: pick-upa. Musikan urtuz gura luke Onofrek bereak egitea.

        Itsasoan Caudilloaren ardura barik diren txalupek azken errainuak baliatzen dituzte, lehorra hartua duen gerizpetatik alde, urgainean eguzkiak herrenago egiten bait du ihes. Uharak eta gainerako ore azul iluna beste urdinago batean urtuz doaz. Errepide berrian autoak argiak pizturik datoz.

        Bapatean klaxona jo dute, temati, eta hantxe ikusi ditu, bide zaharrean gora etortzen argi bi. Autoren bat. Harritu egin da Onofre, nor ote den. Argietariko bat bestea baino beherago, autoa ezin izan dela otu zaio. «Sidecarra dok!».