Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

23

 

«Beethoven erratu egin zuan bostgarrenean», Onofre, gero eta hurreratuago erabateko bakardadea den leizeko hegira, betirako joana sumatzen duen Doroteoren bezuzaz gozatzen du, Mundu erdi bihurturiko gelan, pick-uparen alboan eta orio-argirik gabe. Lehenengoz amata zuenean Anitak agiraka egin zion. Erantzuntzat zuzen eta argi esan zion, «Orio-argi hori kanpora gela horretatik edo bestela amatatu egingo dot, barriro be». Harrezkero ez du sarriegi iraungi behar izan izpirituentzako su apurra. Zeinek bere esparrua dutela biek ikasi dute eta bakoitzak bere hesia sendoago egiten du, barrua seguruagoa izan dadin. Hesian gora aiherkundea hazten zaie, geldi egonaren egonaz goroldioa harrietan bezala, bihotz gogortuetan.

        Anitak irratiari sua ateratzen dio arratsaldeetan eskaratzean, senarrak kanpora joateko baliatzen dituelarik bazkalosteko orduak. Patuak eta asturuak barre egingo bailieten dela deritzo Onofrek, emazteak 'Dos cartas de amor' izeneko foiletoia entzuteaz negarrak emateari. Herra diote elkarrenari. Bide berekoak izanik horma biak, zelan batean eguzkiak goizez eta bestean arratsaldez jotzen duen, eta zelan batean halako landareak eta bestean bestelakoak hazten diren, halaxe dira irratia eta pick-upa, Anita eta Onofreren hesietako horma nagusiak.

        Bazkalostean trenbidea luzatzeko beharretan dabiltzan aldera joateko usadioa egin zaio Onofreri. Leba-leba negua aurrera doa, bularraldean duen mindura zabalagotzen zaiolarik, era berean. Bada, Genarori erraz egin zaio medikuaren oniritzia jadiestea, denboraldi batean itsasora joan gabe egon dadin. Itotakoen arrastoa lehorretik igarri beharko du. Herri guztiak daki bere gaixotasunaren berri, berak ezik. Haatik, ez du Kasinora gura izaten goizetan. Gurago izaten du Ikaztegietara. Han, berak chester eta besteek Caldo xehea erretzen dutela, keek bildu eta bereiztu egiten dituzte parrokianoak eta bera, dena aldi berean. Batipat bera eta Ciclon izaten dira keak hurbilago nahasten dituztenak, azken hau Ikaztegietara agertzen den apurretan. Andregaia egin du Satakatalinetan, Onofre kanpoan izan den bitartean. Guduan ofizial gradua iritsi zuen lur zati hura, zergatik eta lurrarekin bat eginik ametrailadoren haginkadei atzera egin gabe eusten zielako, huraxe bera, bertoko beste lur batekin baratz bakarra bilakatzeko bidean da. Inork ere ez dio gaixotasunaz itauntzen Ikaztegietan. Egon ere ez dagoen gaixotasuna, Cicloni berak gurata azaldu dionez. «Baina hoa hori esplikatzen Kasinora», berak bere artean egiten du, asmatu zuen jukutriak huts egiten diolako. Anitaren larrua libre gura izan zuen, eta horrekin batera Anitari berari mesede egingo ziolakoan, gogoa astuntzen zion zama arindu gura izan zion. Tamalez, okerretara ulerturik zuen emakumearen burua.

        Ohea hoztu ezezik hormatu ere egin zaielarik, inoizko argoien dabil bera, eta Onofrek besotik hartuta kalera pasioan atera dezan nahi izaten du. Atsegin du kalean baten batek esan diezaion, «Zelan ba gizona?», gizon hori, Onofre bera, aurrean dagoenik ere aintzakotzat hartu gabe, balizko baten bati buruz egin moduan. Bien esparruak basoalde bana lakoak dira. Eurotan dabiltzan piztien apatxek eta hondakinek mugarritzen dituzte, jabegoa ezartzen dute. Haizu zaio Anitari kalean gora kalean behera ibiltea, trostan zein pausuan, edozein eratara. Areago, kale kantoietan geratzea dauka, nahi izanez gero, inork berari ekinean ekin gabe horregatio, eta dendan txanda okerretara hartu duela eta, inori mihiaren puntan bota barik geratuko ez ote zaion ironia, 'matxorra', horren beldur izan barik erriertan egin dezake. Apoteosia igandeetan izaten da.

        Burgoi, tente lepoa, Meza Nagusirako bidean besotik joaten dira. Lehenago, etxean, Onofrek bere musika auzoko guztiena izan dadin uzten du, pick-upari ozen jotzea eskatzen bait dio. «Egun batekoagatik», edo«Domeka da», edozein atxakiaz. Halakoetan Onofrek edozer ekarten du pick-upeko orratzaren azpira. Beethoven ezik.

        Beethoven bere bakarkako oturantzetarako gordetzen du. Altxorra da. Eta giltzarria. Mezatara baino lehen han barruan entzungo duen organuaren antzeko zeozer ipini ohi dio Anitari. Bach edo, kristinauak makurrarazteko zeozer «Kriminala, kupidarik bakoa». Gero, elizako aurrean elkarren besotik askatu eta Onofrek elizatzera jotzen du lehenengo eta behin, eurei egunon esan beharko lieketen guztiak han barruan dagozelako, eta aste guztiko chesterrik gozoena erretzen du. Azken ke-ahokadek karramarroa anestesiaturik trenbideko beste beharginek, preso edo neskaren bat hartuta ez dagozenak, euron karta-partida egiten duten beste tabernara joaten da, Sol-era, zeren herrian esparruak bereizturik direla jakin duen ginoan, sortze bidean edo eratzekotan dagoen ingurats berria idoro du hor. Ikusiz, gainera, hango denak ezagutzen ditu.

        Bazkalosteetan ikusten ditu, egunero egunero, itsasoari trenbidea luzatzeko lekua kentzen, arrabete gaur eta beste bat bihar, izerdia lapur, odola ohoin, mendiari han ohostu diotena itsasoaren sartune honetan ipini eta iruntzitara, itsaspeari harriak erauzi haitzetatik, euriak behera labanarazi gura duen maldari eusteko hormaz, edota, aspaldion dabiltzan eran, zubia eraikitzen amaitutako aldi berean azken tunela zulatzen dihardutelarik. Banan banan ezagutzen ditu guztiak, hala da ezen, badaki, igandeetan Sol-enean ikusten ez dituenak azken presoak dira.

        —Inauguraten danean askatuko ei juezak, ze, Franco ei dok etorteko —gogaituta dagoz, zenbatetan ez ote duten berdin esaten entzun azken presoen kontu hori berori. Gehienak erdaldunak dira eurak, eta kartetan trebe izateak dakarren adiskidetasunak tindika-tindika erdaldunago egiten ditu parrokianoak, bat bera ere ez euskaldunago. Igandeko bazkalosteetan eguneroko ibilaldiaren mina izaten du Onofrek, eta ontzat ematen du Anitak gero eta sarriago egiten dion gonbitea, «Goazen pasioan», ze berak ere ortura ezin duenez, bide albotik ikusteaz eta gizonari landarak erakusteaz asebetetzen da.

        —Horreek hartuko dozuz lorea emonda dagozanean —iruntsi beharko ei dituen edabeez egiten dio berba, «Zure zikinkeria guztiak» zeintzu diren behin ere harira ekarri gabe. Ez dute gura izaten, ez batak ez besteak.

        Onofrek badaki berak bedar-urik edango ez duena, badaki sekula ere barkatuko ez diona ere, horregatik ez du gura Urigoienari eskean joan, esan diezaion Anitari, «Analisi berriak dagoz; zorionak!, egizue ba, ekarriko dozue eta». Egunen batean Argentinako umearena ere jakingo da. «Txakurkumeok jakingo juek, halan edo zelan, goiz ez bada berandu». «Eta diruarena diagok», laster hasiko delakoan emaztea Buenos Airesera desbideratu behar den diru zatiaz ohartzen.

        Anitaren ortutik ezin hobeto ikusten da harrobia, zeinetatik porlana egitekoa ateratzen duten. Igande arratsaldeetan danbadarik gogorrena baino ozenago aditzen du Onofrek inor ez egoteak belarrietara dakarkion durundia.

        «Goazen», artega esaten dio behin baino gehiagotan, harrobiko ormigoi hutsezko egitura biluziak bihotzeko sakonetan piztia berria esnarazten bait dio, eta ematen bait dio piztia horrek leizean amiltzera egiten diola dei. Leizaberatu egiten da, durduzurak erakarri egiten du, eta gino berean arrotzago ikusten du munduaren azala. Ortuari begira luzaroagoan egoten ez jakiteagatik hondatzen ditu, hurrean, ohean elkarri erakusten dioten lepo arteko sakana hori aidean desegiteko era. Dinamita bera baino burrundatsuago egiten bide zaio Anitari «Goazen» hori entzutea.

        Haatik, astelehenetan goizez abiatu izaten da Onofre trenbideko beharginak eta lanak ikuskatzera, igandeko barauteak utzi dion garraztura eztitzearren. Eskuaz egiten die diosala ezagunei, eta erretiratu-taldeen moduan egiten du, urrets kimu gazte arteze bat ebagi eta azala zuritu, edonon jesarrita, uda hurreago, aroa horretarako egokiago bait du aspaldion. Jesarrita, Beethoven entzuten du, orogailutik hara, eta behin eta berriro otutzen zaio, «Erratu egin zuan bostgarrenean», hitzok esan gura dutena berari ere ulertezin zaiolarik. Eskerrak eman behar izaten ditu, tematuegi egonik sarritan hitzokin, dinamitaren eztanda-hotsak gortzen dizkionean belarriak ustebakoan.

        Dan-dan-dan-dan, dan-dan-dan-dan, patuaren hotsak ei direnei dinamitaren danbada alderatzea izaten du atsegin, lurmutur biek, Matxitxakok eta Ogoñok, zedarritzen duten badiari munduan diren besteren neurriak erkatzea gogoko duen eran. Beste edonon izanik inurrien zeregina begitanduko litzaiokeena, gizandien behartzako du han, zeren umetako olgeta-lekuak izanik gehienak, orduantxeko begi ireki berriez ikusten bait du dena, zabal, handi, itzel.

        Apea lodiak trabes ezarri lehenik, karril luzengak euron ostean, eta azkenik torlojuak iltzatu eta sarrarazi, Onofreri miragarri egiten zaio burdinbidea hazteko era. Zama-orgak, gurpildunak, taigabe ari dira gorantz zubi berriaren alde bietan. Presoek horko harrizko zutoinak ekarri dituzte itsasotik zerura harriz harri, eta gerran galtzaileen aldean ibilitakoak dira, baita, dinamitaren maneiua egiten dutenak, txapelokerren begi zorrotzak beti gainean. Arriskutsua da zeregina. Oraindio tren-gurpilek euron gurtziez dirdiztatu gabeko karriletan odola dago daburduko behin baino gehiagotan jausita. Horregatik ez da ernegatzen Onofre dinamita behin eta berriro lehertarazi behar dutela eta, guzti-guztietan aldarri larriak entzutean. Gaurkoan ezik.

        Gaur apirilak bat du, lehena, eta alde batekoak garaitza bandera goi jaso zuteneko hamaseigarren urtea ospatzen dute. «Gezurrezkoa» otu zaio Onofreri, presoen lepotik barre egiten duen kaboari begira John Ingelesaren akordua bait datorkio. Eta gero, erreskadan, Antonena eta Doroteorena. Gerra amaitutzat eman gura ez duten guztiena. Azkenean, dagoen lekutik altxatu eta oroigailuko ganbarari haize ematea erabagi du. Kaboak keinua egin dio eskuaz eta geldi geratu da, listua ere saman gogortutik.

        Kaboa aldapan gora datorrela, zizparen zamak eta bideak berak burua makurrarazirik, eguzkiak buruko txarolean egiten du dantza eta Onofrek beldurrari ipuinen bat kondatzearren oraintxe berton tunelean sartuz doazen dinamiteroen kontua egiten du buruan, bat, Antonio, bi, Andaluza, hiru, aberatsa ei den iruzurtzaile falangista, txapelokerra eta bera buruz buru izan direneko buruturik egon da beharginen erreskada, «Zazpi, Ciclon», eta kanpoan geratu dena, zortzi, kapataza, bat edo beste zartailuaz maniarazteagatik arazoak behin baino gehiagotan izan dituena. Nondik zehatzik gabeko egonezinezko brisara bat etorri zaio.

        —A los buenos días nos de Dios —Jainkoak deuskula egunon, jatorria salatzen duten hitzek esan dizkio ezizenez El Extremeño deritzon berdezko harek.

        —Buenos días, cabo —erantzun dio, zalantzan 'señor' esan behar izan ote dion. Bera lanik egin gabe egonik besteak lehian ikusteak eragiten dion irribarre zabalak enpagu eman dio. «Itoko ahal haiz ba hire kapa horren azpian eguzki honegaz!». Ez dio halakorik esan. Eta kaboak aspaldiko haria hartu du. Ipotxa.

        —Estábamos equivocados —erratuta egon zirela, gixajo hura benetan itotzeko zorian egona zela jakin zutenean, ba, barkamena eskatu eta alde egin zezan esan ziotela—, pero mire que era perro.

        Hori hola zergatik ba, galdetzeko adorea hartu du Onofrek, adiago trenbidekoari haren hitzei baino, zeren kapataza han bait dakus, dinamita lehertarazteko hariak bateria darabileneko tren-orgara ekarten, besteak bitartean tunelaren barruan direlarik.

        —Tenía miedo de algo, y se hizo más culpable —kaboak berari ere ikara eragin gurako moduan diotso—; decía yo no he sido.

        Eta bera zeren erruduna ez zen, bada, huraxe argitzeko, eta halaxe atera omen zioten aldarri batzuk egin zirela, «Contra el Caudillo», Francoren aurka, San Juan goizean erromeri-lekuan edo. «Tira! Hara zeri eusten deutson honek orain», Onofrek berriro ekin dio beharginak zenbatzeari, banan banan eta arrapaladan irten-ahala, lehengokoaren atzekoz aurrera, zazpi, Antonio, sei, Andaluza, bost, Falangista, eta «Yo no oí nada» esan dio, Onofrek ez zuela ikusi, halako moduan non kaboak begietara esan dion, «Qué le pasa?».

        «Bat, bat, zazpigarrena, non dago, ez jok urten», eta kaboari «Perdone» estu bat esanik arrapaladan ekin dio aldatz beherari, kaboak zoratu egin ote den aldarrika diotsolarik.

        Kapatazak eskuartean du bateriaren etengailua eta Onofrek bat oraindio barruan dagoelako, alarau batean, «Geldi, geldi hor, ez, ez!» diotso. Jaramonik egin gabe, leherketa seinalea jotzeko erabiltzen duten turutatxoa ahoan ipini eta putz egin du, tuuuuttt!

        Beharginak bakoitzak irispidean duen lehen oztoparriaren atzean etzan dira, danbadaren zain. Kaboak aldarri egin dio Onofreri, «Echese al suelo». «Lurrera!!!». Kapatazak pozik, betekada ederra egitekotan denaren harrokeriaz, une labur batez artez begiratu dio.

        Eztandak harriak airean atera ditu tunel ahotik eta Onofre bera birinboloka jausi da kapatazaren oinetaraino. «Asesino», oso osorik aurpegiratu dio.

        —Hi eginda hago, zoro hori —euskaraz erantzun dio kapatazak.

        Durundia airean oraindik, harri zati bat hartu du Onofrek eskuan eta aurrean lasai-lasai duen hiltzaileari jaurtitzeko indarrak bildu ditu. Ez du astirik izan. Kaboak besotik oratu dio.

        —Qué hace?!

        —Le ha matado —Onofre zutitu den eran zutitu dira beste langileak ere. Durundiak atzean utzi duen isilunean aiene buperatsuak aditu dira.

        Tunel barrukoa zaurituta bizirik dago. Hautsa besoak astinduz kendu guran, bertara jo dute kapatazak, kaboak, guztiek Onofrek ezik. Zubialdeko beharginak eta txapelokerrak ere hantxe izan dira laster, tunel zuloan zauritu bat badagoela ohartzean sirena hotsa haizeratu bait dute bertatik.

        —Es el Ciclón —lauren artean beso eta hanketatik eutsiaz odoletan dakarten giza-apurreriaren izena behin eta berriro aldarrikatu dute—. Es el Ciclón!

        Kaboak, errepidera joanik, agertzen den lehen autoari altoa emateko agindu dio txapeloker bati. Beste guztiak kapatazaren inguruan bildu dira, biribilean, eta bertan laga dute zauritua. Hesteak kanpoan ditu. Bestela aurpegia osorik eta zerua ikusten dagoenaren betartea ditu ageri. Begiak zuri geratzen ari zaizkion bitartean kapatazari zuzentzeko ahalegina egin du, eta Onofre ikusirik edo, beroneri hitz egin gura dio, barrurantz joan beharrean kanporantz alde egiten diolarik arnasak, birikietako labirintoan non sartu aurkitzen ez duelako aireak. Unean unean baino meheago haria, hortzartean geratu zaio esan nahi izan duena.

        —Akatu egin dok, kabroi horrek! —Kapatazak ederto ulertu duena frantsesa izan da kaboarentzat.

        —Haga el favor, hable en cristiano; y ustedes —txapelokerrek errepidean autoren bat geldiarazi dutela ikusita kaboak—, lleven a éste a la carretera.

        Eta besteak lanera itzultzeko. Onofreri berriz, erdaraz esateko esan duena, atzera agindu dio. «Le ha matado». Eta ikusi duen guztia, eurak biak han goian berbetan izan diren artean berak ohartu duena, xehe-xehe azaldu dio. Kapatazaren aurpegiak zirkinik ere ez du egin.

        —No me dí cuenta —berak ez duela jakin Onofrek, beronek duen zoro izena eukita, zer adierazi gura izan dion—. Además, era un rojo.

        —Ponga una denuncia si quiere.

        Kaboak halaxe utzi du erabagita auzia. Bere zeregina han goian dagoela nabarmenarazteko arin-arinka ibilteari ekin dio. Onofrek atzetik jarraitu dio, dena ezerezean geratuko ote den, El Ciclón eritzi izan dioten hura, bertan akabatua eta erruduna zigorrik gabe geratuko ote den. Kapitainaren buruak egin du, ustebakoan, Onofrek dituen buru guztien buru.

        Geldi geratu da kaboa, militar-airez. Okozpera hurreratu zaion Onofreri goitik behera begiratu dio, higuinez.

        —Si quiere, ponga una denuncia, coño! —eta barruan duen suak txinpart egin dio aurpegira kapitainairi—. Usté siempre cerca de la mierda, cojones.

        Hantxe geratu da Onofre, soraio. Kaboak ipurdia erakutsi dio handik goitik eta gero autoak abiatzean eragin duen aborrotsa eta kea aditu ditu.

        Orogailutik hara Beethovenen notak etorri zaizkio. «Erratu egin zuan», hitzekiko tema barru-barruan landaturik du.