12
Motorraren atzealdean jesarrita izarrak ditu ezkerretara eta Adela eskuinaldean Onofrek. «Hartz Nagusiko atzeko izar biren arteko aldea bost bider, eta Iparra dok hori». Orratzen doibidea. Emakumeak ortzeko izarren eran agertu izan zaizkio bizitzan. Bakoitzak norabide bat, berea. Eta guztien artean irudi bakar bat eratu dute. Bere zeruko izar multzoa. Horretan non sartu beharko lukeen Adela, edo Patrizia bera, ez daki oraindio.
Ikusten dozak izarrak, Onofre? bere buru barruan sartu balitzaio ere ez zion hain zuzen igarriko gogoan darabilena Doroteok. Nik beti amestu joat Hegoaldeko Gurutzea ikustea. Ederreagoa dela jinoek.
Errepidazaleko zuloetan egiten dituen sarturtenetako takadek zulagaitzago egiten dute ketutuak daragien abarrotsa. «Zer?». Hitz bat bai bestea ez, lagunaren berriketako zatiak ausnartu, logikaz josi eta tartetxo baten buruan lortu du hala-hola aditzea. «Hegoaldekoa? Bertokoa lakoa», sutondoan bero dagoenak itsasoa duela amets eta zeru izartsuak dakarren herriminaz eri dena etxeko behe-gaina estuaren irrikaz dago eta, «Ez daukaguna egiten joagu buruan eder». Hegoaldeko hemisferioan utzi zuen Marina datorkio gogora. Grina hutsa izan ote zen ere ez daki Onofrek. Ez lehenago ez geroago ez da inoiz hain jabal, zamage, jarein, inoren besoetan izan. Ordukoan ez zen ausartu han geratzen. Damu izan behar ote duen ala ez, Adelari begiratzen dio erantzun bila. «Hori berori be izan jeitekean hire bihotzekoa, ala ez?». Itzulian oinez doazen erromesek aurre egiten diote motorraren argiari, aieruka, eta gero atzean geratzen dira, intziri egiten. Sanjuanak Aratuzte bat duela bere barruan, jai guztiak Aratuzte direla, inoizko argien ageri zaio.
Hor daukak Poso Iluna, ipuin zaharreko laminen lekua. Horko kazadorea haiz hi, Onofre. Matxitxako itsasargiaren ibilbidean oso-osorik sartu dira bide guztian lehenengoz. Horko laminak ikusi ei juezan ba behin ehiztari gazte batek. Harrez gero, zoratu eta ez juan besterik egiten bertora posu usinara etorri baino. Amak, bera be lamina izandakoa, kuttuna emon eutsoan, ikustezin egingo ebana ha aldean eroana, eta baita egin be!
Itsasargiaren eremutik kanpo, bidea oxkez jositako aldatz egiten den angelu batean sarturik doaz eta, burrunbadak belarrietatik bertatik ohostu dizkio azken hitzak Onofreri. «Zer esan eutson amak?», ezker eskuaz sendoago eutsi Doroteoren jakari eta bestea beronen belarrirainoko tututzat eratuz, behin eta berriro diotso, «Zer esan eutson amak?». Motorra aldatz beheran sartu da berriro. Gasa urritu dio, zaratotsa ere kentzearren.
Ene seme galanta! Bihotza ohostu deutsu horrek; inork jakitekotan neuk dakit, ze neu be osineko laminea izan nintzan. Ez dago zer eginik. Hartuizu kuttun hau, eroizu aldean eta ikustezin egingo zaitu. Adelaren buruaren gainean zidarkara iragan da itsas-argiaren koroi izarniakorra; okerreko andreagaz ezkondu zara, berak galduko zaitu zu, eta zuk bera galduko dozu.
«Baina hori ipuina dok» esatean gura barik ere Doroteok igarri egin diola onetsi dio Onofre. Maddalen datorkio atzera ere gogora. «Zortzi urte joan dozak», Sanjuan sutearen aurrean abarketa ondo ipintzeko geldi geratu zen harexek ekarri zion Anita ere. Bietariko bat hautatu beharra izan zuen eta patuak egin zuen erabakia. «Maddalen gaixorik dago, betirako», Anitak halaxe esan ote zion ere ez du dagoeneko hain argi. Anitarekin ezkontzeko bezperetan zirela, Maddalen kalean ikusi zuen. Aratuzteak ziren. Azalpenak, zuribideak, atxakiak, alferrik izan ziren. Ezkondu egin zen, «eta kittu».
Eta hik ipuinak bizirik geratu, zer dala eta egiten direala uste dok ba? Doroteok airean geratu den haria ekarri du berriro; urrunean luzea izan behar den itsasuntzi baten argiak «Txopakoa, ababorreko berdea, brankakoa» oharkabean errepasatzen dituzte bere begiek. Ipuinetan, gu nagusiontzako diran ipuinetan, beti zeozer, erara esanda zein iruntzitara esanda, egia dalako, lagun, egia! Hi ehiztaria izan heintekean, tak ikusi joat hori. Baina ezkondu egin hintzan, eta ez ondo. Eta akabo!
Eta hi heu? Onofrek ezkerretara soraio jesarrita duen Adelari so eginez diotso, alarau batean. Doroteoren igelhandi begitzarrak alboz ikusi ditu, itsasalderantz bihurtu bait du burua, neskak ez entzutearren edo.
Ni oraindio ez nok ezkondu, eta igual egin be ez nok egingo! Ze ipuinaren bigarren partea ez dok ondo aditu hire barruan. Guretzat, entzun ondo, guretzat emakumeak gasa askatu du Doroteok, ez daki Onofrek ondo, aborrotsa areagotuz Adelaren belarrietara ailega ez dadin ahotsa, ala esan behar duenak eragiten dion erretura motorra kiskalduz legundu nahi duelako, emakume guztiak, laminak dozak Onofre, la-mi-nak. Ez joaguz inoiz adituko, eurekin biziko gaituk, gila izango dozak gure barkuan, eurak euren artean egingo juek dantzan, eta gu, zer? Gu, kakazaharra!
Duela zortzi urteko Sanjuan gaua, «edo bederatzi urte ote dozak ba?», laminek osinaren inguruan egiten omen zutena berbera, Anitak, Maddelenek eta berak, hirurek, suaren borobilean egin zuten berbera begitandu zaio bapatean Onofreri. «Noizean behin laminen artean galtzen joaguz begiak, eta begiekaz beste guztia» Euren dantzetan parte hartzen uzten dietela gizonezkoei, leku sagaratuetan. Adelaren gerrialdea, txakolindegian dantzan izan direnean, laminaren hats-indar-eremuan sartzea izan da. «Burutik hago Onofre». Sanjuan egunek burua harrapatzen diotela erabaki du.
Eta, beituk, kazadorearen ama, bera be lamina izan zuan. Onofre ikaratu egin da, motorrak ziba-ipurdikada bat jotzean. Trankil, alboko arrautzeagaz ezin jok bidetik urten.
«Eta?», Onofrek herrian sartu direla eta, lagunak ez duela han hitzik egin gura igarri gabe itaundu du, artegatsu, bere buruarekin haserre eta eguna madarikatzen. Berriro errepidean egon arte itxaron behar izan du eta Doroteok ekin dionerako Adelaren buruari begira galduta begiak, halaxe harrapatu du.
Barkatu.
Egon trankil, gizona! igelhandi betaurrekoen azpiraino ailegatu zaizkio barregurazko zimurdurak Doroteori. Andrak, laminak gu harrapatzeko leku saragatuetara, egun sagaratuetan eta dantza sagaratuez agertuten dozak. Gu ostera, zibilizatuak gaituk, makinak gura joaguz motorrari abiadatxoa sartu dio, hitzak indartu gura bailituen eta egun eta leku sagaratuetara agertu eta lotuta geratzen gaituk, betirako. Lamina beti lamina izango dalakoan. Baina lamina zibilizatu egiten dok, andra izan gura jok, ezkondu, umeak egin, lamina izan danik ahaztu.
«Eta guk ostera lamina gura joagu». Bete betean igarri duelako keinua egin dio buruaz Doroteok, motorrari abiadura geldo eta hitsa eman dion eran. «Eta eliza, zer da saltsa honetan?». Aizkorakada izan da Onofrerentzat berarentzat ere buruan leku egin dion galdera berau.
Doroteok ez dio erantzun. Atzean utzi dituzte presoen etxola luzengak lehenik eta herri-kanpoko txaletak ondoren. Kale nagusian sartu dira. Ikaztegietan argia piztuta dago oraindio. Herriko jaiak hortxe dagozela igartzen da. Eurok arnasteko moduan egon ere. Doroteok ez du motorretik behera jaisteko zirkinik ere egin. «Ikusiko gaituk ba», motorraren arnasketa pal-palean eta berea erreboluzioz lar joanda igartzen ditu. «Ez diakiat ba», erantzun dio Doroteok. «Ez dakiala? Zer ba?». Adelaren ezpainetan bilatu du erantzuna, giltzitza berak bailuen. «Kasurik be ez», neskak lepoa luzatu eta saman musu eman dio. Goiezpaina landare-ernamuinaren antzera, haragi mamitsu nabaritu du eta laztan eme horretan jakin du neskaren mezua, «neba, pasiño handi batek lotu nau gizon honen besora». Gasa askatu du Doroteok.
Neuk be mundura gura joat. Itto egiten nok leku estu honetan hilarterakoan sartuta Ikaztegietako atea zabaldu eta barruko bizi-hots sarria heldu zaie, tabako keez eta pattarrez garramaturik. Hurrengoz ez diakiat dendan ala Hegoaldeko Gurutzeari begira ikusiko ote noken.
Adelaren azken agurraren begira gelditu da motorra kaleko elektrargiek eraturiko eremu horiskatik kanpo izan arte. Ez da keinurik egon. Chester bat atera eta astiro iziotu du. Gauak oihartzuna bere baitan lurperatu arte itxaron du hantxe erretzen.