Emakume biboteduna
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
azala: Marcel Duchamp
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
aurkibidea
 

Houdini

Ezin izan du gau osoan loak hartu. Kanpoko argien islarak gelako sapaian osatu triangelu irregularrean begiak, gaueko hotsei erne, esnaeman ditu egunsentira bitarteko orduak. Etorbide aldera urrundu ahala ahitzen doan motorren bapateko eskanbila entzun du. Zaborbiltzaileen kamioiaren marru zurruna ere bai. «Oroimenaren zabor artean arakatuz» otu zaio, esaldia nondik datorkion oroitu ezinik. Ondoan daukan gorputzaren arnasa barearen konpasean ibili dira bere pentsamenduak gero, kaian loturiko txalupatxoen kulunka berberaz. Etengabe datoz gomutak, uhin txikiak bailiren. Eta bakoitzak bere zikinkeria apurra dakar berarekin batera. Ontzien kaskoari itsatsi egiten zaizkio itsas belarrak eta olioa. Olatu bat etorri eta erabat ahaztuta nahi duen garai bateko kondar koipetsuak lagatzen dizkio aienatzean. Bere bizitza nolakoa izan zitekeen irudikatzen saiatu da, nolakoa izan zitekeen hainbat gauza gertatu izan ez balitz. Alferrikako asmoa, alafede. Baina zerk eragozten dio denbora hartan pasatzea? Hara bere xedea, egun berrirako falta diren orduak ahalik eta agudoen igaroaraztea.

Pariseko hegazkinaren etorrera iragarri dutenerako, aspertuta dago. Inoiz baino goizago jaiki da gaur. Autoa hartu eta bidean gosaltzea erabaki du, autobideko gasolindegi bateko tabernan: laranja zumoa, kafea, esne opilak. Eta hala ere goizegi heldu da aireportura, ia ordubete. Egunkaria irakurtzen bukatu eta jendearen joan-etorriarekin entretenitu da bozgoragailuen marruma kraskatua sentitu arte. Orduan, taberna eta eserlekuak hustu eta aireportu txikia betetzen duen jende gehiena ate baten ingurura bildu da presaka. Urduri somatu du senide edo lagunen zain dagoen giza multzoa, etorriko ez ote diren beldur egongo balira bezala. Halaxe dago bera ere, horretarako arrazoirik ez duela badakien arren. Ez da Mertxe, behin emanez gero, hitza jaten duten horietakoa. Zail samarra izan da. Behin baino gehiagotan jaso izan du emazte ohiaren ezezkoa. Borobilena gainera. Nola ulertu beraz ezusteko aldaketa? Denboraren iragaitea arintzen ari ote zaio gorroto zaharra? Txundituta aditu zuen haren adostasuna. Banandu zirenetik, nekez utzi izan dio semea. Eta egin duen urrietan, berarengandik gertu beti, berak kontrolatzeko moduan. Disneyland ikustera eraman zuenean izan ezik, sekula ez du onartu Parisetik bertatik irtetea. Are gutxiago ezkonduta zeudenean bizi ziren etxera bidaltzea. Baina egin egin du. Auskalo zergatik, baina Aste Santuko oporrak aitarenean pasatzea baimendu dio, aitaren zein semetxoaren beraren harridurarako.

Berehala ikusi du. Bera baino gazteagoak diren beste ume batzuez inguratuta, konpainiako emakume uniformedun heldu batek lagundurik. Zamarra berdeska darama soinean eta jeans galtza zuriak. Dagoen tokitik, zaharregia dela ume baten moduan ibiltzeko, onartezina dela laguntzaren beharra hamabi urte beteak dauzkan batentzat dioen begirada antzeman dezake semearen betaurrekoen bestaldean. Berarengana doa. Besarkatu, bidaiaz galdetu eta maletaren bila joan dira.

«Zermoduzama?» itaundu dio. Eskolaz hurrena. Eskuartean daukan Nintendo bideo jokorako baino arretarik ez duela dirudi, hitz bakarrekoak izan bait dira erantzunak. Eta antzera jazo da ondoren egindakoekin ere. Era berean ihardetsi ditu, ezpainak ia mugitu gabe. Autoan, berarentzat bereziki erosi berri duen rap kaseta sartu eta etxerako bidea hartu dute. Ideia ona izan da. Musikak bien arteko hutsunea bete eta libratu egin du galdera gehiago asmatzeko premiaz.

Hala ere, bere burua ez da gelditu. Borboka darrai, bezperako zalantza eta beldurrak egosi ezinik. Zer kontatu ote dio amak? Aipatu ote dio ezer Imanoli buruz?

Zer zatekeen bere bizitza Imanolengatik izan ez balitz?

Ez zen lehendabizikoa izan, noski. Aurretik beste batzuk ezagutu zituen. Zarauzko etxebizitza udarako alokatu zuten estraineko urtean hasita. Zortzi urtez ezkonduta egon ondoren, ezinhobea eritzi izan zion bi hilabetez bere kaxa ibiltzeko eskaintzen zitzaion aukerari. Ezin alferrikalduzkoak. Hara bidali zuen familia.

Etxera iritsi, leihoak ireki, telebista biztu eta oinetakoak erantzi gabe luze etzaten zen sofan. Edo biluztu eta batetik bestera paseiatzen zen etxean kanpotik zetorren haize leun freskagarria azalean sentituz, argiak amatatuta. Bere baitan aspalditik lotan zegoen zerbait esnatu izan balitz bezala, kemen berezia sentiarazi zion ahazturiko askatasun hark. Indar berriak bultzatuta, kalera irteten hasi zen. Gazteturik zegoen. Ikasle garaiko tabernak bisitatu zituen ostera. Ez zituen atsegin izan. Beste batzuk deskubritu zituen. Eta haietako batean gertatu zen lehen aldiz. Whisky bat eskatu, beste bat gero, norbaitekin hitz eta pitz aritu eta ezezagun baten alboan esnatu zen biharamunean, ohe arrotz batean. Abenturatxoak ziren haiek, denborapasak, udaren amaierarekin batera bukatuko zirenak.

Baina ez ziren bukatu, ez erabat behintzat. Batzuetan, damua eta desioa bi muturtzat zituen hari teinkea eten eta azkenekoaren aldera makurtzen zen ezinbestean. Makina bat gizon ezagutu zuen halakoetan. Komun publikoetan topatu mustatx finekoak, alde egitean botika zaporea uzten ziotenak. Taberna ilunetako mutil larruzaleak, fraka estuak gustoko dituztenak, kresal zaporekoak. Bere sekretua ziren ezkutuko topaketa haiek, mesprezatzen eta aldi berean derrigorrezko zuen zerbait. Bere bizimodu erosoa arriskuan ipini gabe eduki zezakeen filia bakartia, txanpon edo zigilu kolekzionisten antzera. Imanol ezagutzeaz bat jabetu zen bere erruaz.

Aitorpena erabaki zuenean ez zuen uste izan emazteak hain gaizki hartuko zuenik. Bazekien maitale bat zeukala jakitea ez zitzaiola inondik inora albiste pozgarria izango, baina maitale hori gizonezkoa izateak arindu egiten zuen nolabait bere errua, ulergarriago, barkagarriago bihurtu. Azken finean, emakumeek ezin eman ziezaioketena baino ez zuen bilatu etxetik kanpo. Usteak ustel. Bere homosexualitatearen aldarrikapenak ez zuen, antza, Mertxe batere hunkitu. Alderantziz, sutan jarri zuen, artean ezezaguna zuenera izugarrian. Irainduta sentitu zen, lohi. Inguruan zituen gauza guztiak apurtzeari ekin zion amorru itsu baten menpeko, senarraren kontra jaurtiki zituen. Biegungeroago semea hartu eta betirako aldegin zuen, lagun batzuen etxera aurrena, Parisera ondoren. Dibortzioan Mertxek lortu zuen Oskar txikiaren ardura. Aita deitu behar zuen arrotza bilakatu zen Arturo semearentzat, ikusten zuen bakanetan jostailuz gainezka azaldu ohi zen arrotza.

«Hemen. Hemen negok», entzun du Imanolen ahotsa. Datozen egunetan semearena izango den gelan trasteak utzi eta ahotsa etorri den tokirantz eraman du umea sorbaldatik helduta.

«Goazen, etxekidea ezagutu behar duk» dio, Imanol deskribatzeko hitz egokia aukeratu duelakoan. Sukaldean sartu baina ez dute inor ikusi. Kanporantz doazela, ahots bera entzun dute berriz haiengandik gertu. Harantz bueltatu direnean, ez dute garbigailu zuria baino ikusi, harik eta makinaren aurrekaldeko kristalezko begi handia zabaldu den arte. Esku bat ikusi dute handik irteten. Bestea. Buru bat gero.

«Hi Oskar izango haiz, ezta? Neri Houdini esaten zidatek», jakinarazi dio zur eta lur beha duen mutikoari. Mutikoak, ikaraturik oraindio, ez dio fitsik erantzun.

Oso jende gutxik daki Imanolen egiazko izena. Ziuraski bera izango da hala deitzen dion bakarra. Houdini izan da beti gainerakoentzat. Imanolek berak ere horrela aurkezten du bere burua inongo lotsarik gabe. Harro antzera ere, esango luke Arturok.

Eskolan ezarri zioten goitizen xelebrea. Denborapasa gutxi zegoen haurtzaroa igaro zuen fraide ikastetxean, pilota partiduak eta igandetan errosario osteko zinema saioa besterik ez. Haietako batean izan zuen azti eta kontortsionista ospetsuaren estraineko berria. Haur baten jolasa zirudiena erabateko pasioa bihurtu zitzaion oharkabean. Bere heroiaren aztarnen xerka, liburutegiko apal hautseztatuak arakatzera bultzatzen zuen obsesioa. Hartan murgildu zen buru-belarri. Dena jakin nahi zuen. Filmeak eta liburuak, entziklopedietan ageri ziren aipamentxoak, sekulako garrantzia zuen berarentzat amerikar ausartaren zantzurik gordetzen zuen edozerk. Bere altxorra. Luzaz aritu zen haren liburuen bila, eta ingelesez baizik lortu ezin zirela jakin zuenean, maisuaren hizkuntza ikastea erabaki zuen. Eta ikasle kaskarra izan arren, beste inor baino arinago, beste inor baino polikiago moldatu zen mintzaira hartan. A magician among the spirits, Rope ties and escapes eta abarrekoak irentsi zituen harrapaladan. Balio handiko irakaspenak kausitu zituen bertan. Txuliatzaile, xixkari eta zinezko aztien arteko diferentzia esaterako. Edo, beste hitzetan adierazita, sinesmena eta sineskeriaren arteko aldea, irudikeria eta errealitatearen artekoa. Hainbeste miresten zuen lanbide, artearen gogorra. Handik aitzin ez zuen besterik gogoan eduki. Giza anatomia ikertzen hasi zen, hezurren arteko loturak, giharrak...

«Aita, zergatik dago Houdini beti garbigailuan sartuta?».

Galdera zuzena izan bada ere, ez dio behingoan ihardetsi. Horixe jakin nahiko luke berak ere. Zer ote den Imanolen buruari atxiki zaion obsesioa. Badaki ez dela lehena, garbigaluarenaren aurretik ezagutu izan dio besterik. Behin batez lotuta sartu zen kutxa baten barruan. Ez zenminutu pare bat pasako handik irteten ikusi zutenerako. Pozik, kutxa hondoan zeutzan kateak erakutsi zizkien ume bihurri baten irriñoaz. Antzeko erraztasunaz libra daiteke beste edozein lokarritik. Sokak, poliziaren eskuburdinak, ez dago beraren abileziarentzat oztopo denik. Haren oinetara erortzen dira maratil eta sarrailak.

Baina ezberdina da azken hau. Gailurreraino heldu nahi du honen bidez. Benetako Houdinik Niagarako urjausietan behera kupel baten barruan joaterakoan egin zuena errepikatu nahi du Imanolek. Errepikatu baino, egokitu, gaurkotu. Kupelaren ordez garbigailua, ura eta xaboia urjausien partez.

Horixe kontatu dio semeari. Istorioak liluraturik, eskuetan daukan Ninja dortoken jokoaz ahantzi eta itaun berriak egin dizkio. Handia da haren harridura ere. Sekula ez du semea hain hiztun ikusi. Askora jota bostpasei esaldi aditu izan dizkio jarraian, eta ez berari zuzenduak, emazteari baizik.

Sukaldera abiatu da umea etxera iritsi orduko. Hutsik topatu du garbigailua ordea. Egongelan dago Imanol, telebistari beha.

Saiatu izan da lan guztiak semea etorri baino lehen burutzen. Zoritxarrez, erantzule automatikoko deiak entzun dituenean, hurrengo egunean Donostiara joatera behartzen duen bat azaldu zaio.

«Nerekin etorri nahi al duk bihar?». Alferrik geratu da umearen erantzunaren zain. Oskarrek ez du jaso begirada irakurtzen ari den komikitik.

Goizean, abiatu aurretik, umea lotan dagoen ohera kontu handiz hurreratu eta mun egin dio kopeta epelean. Imanolen kontu dago orain semea.

Euria ari du kanpoan. Korrika joan behar izan du autora. Negua atzeratu izan balitz bezala, udaberriarekin batera heldu dira aurten euri eta elurrak. Inor gutxi dabil ordu hauetan autobidean. Hiri irteerako betiko kamioi motelak atzean utzi ondoren, hutsik ageri zaio errepide bustia. Halako eguraldiaz ibili beharra madarikatu eta oheko goxotasunean geratu direnez gogoratu da. Imanolez batez ere.

Zerbitzari zegoen Erdi Aldeko kafetegi batean ezagutu zuenean. Ezin izan ditu inoiz enpleguak oso luze gorde, baina garbigailuarena begitandu zaionetik, ezin izan dio arreta beste ezeri jarri. Jaiki, berotzeko ariketaren bat edo beste egin eta egun osorako sartzen da makina aluaren barruan. Nekez mugituko da handik, premiazkoa ez bada. Otorduak ere bertan egiten ditu sarri. Hartarako baino ez da bizi. Debaldetan lanaz mintzatzea hortaz. Hura du bakarra.

Ez da diruagatik. Behar baino gehiago etxeratzen du hilabetero, biak estutasunik gabe bizitzeko lain. Areago, primeran bizitzeko lain. Urtean bizpahiru bider oporretara joateko adina. Autoan sartuta ematen baditu ere asteko egun gehienak, ez du kexatzeko arrazoirik. Ez horixe. Ezin ukatu ospitalez ospitale ibili beharra nekagarria egiten zaiola batzuetan, baina non ez litzaioke antzekorik gertatuko? Bere kabuz iharduteak, bestalde, libertate ederra dakarkio, nagusi baten pean inoiz lortuko ez lukeena. Aparailu moderno garesti horietako bat saldu, berari dagokion ehuneko hamarra kendu eta dirutza polita ingura dezake hilero.

Bestelakoa da azken boladan barrenak jaten ari zaion kezkaren harra.

Garbigailuaren barruan kukubilkaturik, kanpoko munduari itsugor, umeki jarrera hartan bilduta, ez da lanaz bakarrik ahaztu, berataz ere ahaztu egin da zeharo.

Errepikatzen den irudi batek izerditan esnarazi ohi du gauaren erdian. Imanol ikusten du garbigailuko ur apartsuan itotzen. Deitu egiten dio, salba dezala, handik atera dezala erregutuz. Baina makina ez da gelditzen, buelta eta buelta darrai Imanolen aurpegia ubeltzen doan bitartean. Odoletan dauzka hatz puntak. Atea ez da zabaltzen. Stop dioen botoiari sakatzen dio, entxufea kentzen. Alferrik. Etsituta, arrain itzel baten begia dirudien kristalezko ate biribiletik dakusa maitalearen gorpua etengabeko jira-biran.

Zarautzera heltzean, supituki atertu eta eguzkia agertu da. Makadan bustiaren gaineko eguzkiaren distirak itsuturik, bide bazterrean gelditu behar izan du. Betaurreko beltzen bila aritu da. Lurruna dario autobideari.

Sukaldean topatu ditu solasean. Garbigailuan sarturik Imanol, haren aurrean lurrean eserita umea. Halako mamu doinua hartzen du lagunaren ahotsak han barruan, haitzulo baten erdian egongo balitz bezala, haren esaldi bakoitzaren azken hitza oihartzunak luzatuko balu bezala. Oskarrek aldiz, marrazki bizidunei begira dirudi, hain da handia parean daukanari eskaintzen dion arreta. Ate ondoan gelditu da, zaratarik atera gabe, haien berbaldiari adi. Imanol Houdiniren gainean hizketan, noski. Oskarrek Pariseko kontuak aipagai: ama, eskola, lagunak. Inoiz ez dio halakorik aditu, inoiz ez dio berari guzti horren berri eman. Eta hala ere hor ari da kontu-kontari apenas ezagutzen duen batekin, garbigailu baten barrutik mintzo zaion ero batekin. Zenbat bider itaundu ote dio berak horretaz eta arrapostutzat doi-doi hitz solte batzuk baino jaso ez?

Susmo goibelak baieztatu nahiko balitu legez, mututu egin daOskar aitaren etorreraz ohartu eta berehala.

«Zertan ihardun duzue egun osoan?» esan die agur modura, erantzuna badakielarik. Imanolen esku bat agertu da hasieran, bestea ondoren eta burua gero.

Ezin ditu azken boladan nonnahi sortu diren jatetxe italiar eta pizzalekuak jasan. Berdintsuak guztiak, plastikozkoak. Semeak aldiz, horiexek ditu gustokoenak. Eskatu dutenaren zain daudelarik, berriro Imanoli galdezka hasi zaio Oskar.

«Ikusten?» dio Imanolek, eskubiko besoa enardatuz aldi berean.

Nahiz eta elkarrekin urte mordoska eraman, maitalearen gorputz atalak lekuz kanpo ikusteak hotzikara eragiten dio oraindik. Itxi egin ditu begiak. Zabaldutakoan, oraingoan bere teoria eskuarekin frogatzen ari dela ikusi du.

«Hezurrak trokatzean, horretantxe datza sekretu guztia. Traba egiten dizuten tokitik mugitu eta beste nonbaitera eraman», segitu du azalpenarekin. Oskarrek ez du hitz bakar bat ere galtzen. «Soka bat eskumuturren bueltan lotuta daukazula? Eskumuturra bihurritu, hezurrak lekuz aldatu eta kitto. Libre zaude. Erraza».

Berak ere horixe esan ahal izatea nahiko luke. Mina nabaritu, lekuz aldatu eta kitto. Zalantzak nagusitu, lekuz aldatu eta dena segituan argitu. Baina, ondo dakienez, bihotzean ez dago hezurrik. Ezin hortaz deus deslokatu, ezin oinazeaz libratu. Ezer gutxi dira kate, lokarri eta eskuburdin guztiak, ezer gutxi kartzelak etsipenaren ondoan. Kate luze astuna da, maila askokoa. Bakardadea, damua, nekea. Horra beste katemaila batzuen izenak, ez bakarrak. Askabide eskasa dauka horrek. Nahiko luke azti bilakatu eta hurbil somatzen duen desolamendua esaldi majiko batez uxatu. Nahiko luke kontorsionista izan eta dagoeneko mehatxuka adi dezakeen hondamenari itzuri egin. Tamalez, saltzaile bat baino ez da. Kategorikoa beharbada, tresna eta ekipamendurik sofistikatuenak saltzen dituena, baina saltzaile bat azken finean. Bere katalogo dotoreetan ez dago lagun diezaiokeen ezer ordea. Galtzen ari den gizona berreskuratzea, ezezaguna zaion semea konprenitzea eta bereganatzea erraztuko lukeena.

Ekarri dioten pizzak ere ez dauka bere bizitza baino itxura hobea.

Zergatik ez dauka berak ere bizitzaren petralkeriatik babes dezakeen zerbait? Edozer gauza. Ninja dortokak, Super Marioland, Tetris, Oskarren jokoen moduko baten bat. Dena ahazterazi eta geriza epela eskainiko dion zerbait. Inguruko guztia garrantzigabeko eta nimiñoa bihurtuko lukeen Imanolena bezalako obsesio erabatekoa. Lana izan zitekeela pentsatu izan zuen garai batean. Oker zegoen. Bere denbora gehiena hartzen badu ere, ez zaio aterbe, ez da gauza kanpoko erasoak eragozteko. Ahulak dira oso eraikitzen dituen hormak, suntsierrazak. Nabaritu egiten du olatu berri bakoitzak dakarkion zikinkeria bere larruari itsasten. Badaki egunen batean berataz jabetu eta hondoratu egingo duela, portuko ur ilun ustelak tira egin eta zaratarik gabe desagertuko dela bertan.

Zinemara joatea erabaki dute. Oskar Parisera abiatuko da biharamunean eta berezia nahi dute azken gaua. Aukera murritza ordea, gaztetxoentzat. Laberintoan barrena deritzan bat aukeratu dute hiruren artean. Imanol izan da horren alde sutsuen aritu dena, David Bowie agertzen bait da antzezleen artean.

Lan eguna izanik ere, ez da jenderik falta zineman. Aurrekaldean eseri dira Oskarrek hala eskaturik, mutikoa bi gizonen erdian. Zaharra da antzokia, itxura zikinekoa. Karranka egiten dute zurezko eserlekuek bertan apur bat mugitu orduko. Inoiz gorri ilun izandako balusa ia zuriraino argiturik dago, urte ugariren seinale ukaezina.

Ipuin fantastiko bat da filmea. Printzesak, ipotxak, mamuak eta mota askotako izaki misteriotsuak, aurkako zein lagun topatzen ditu heroiak laberintoan barrena egin behar duen bidaian. Etsaietan, Bowie amorratuena. Dreabru bihozgabeko eta zitala.

Halako batean musika goratu eta ifernuko etsai ilehoria azaldu zaio protagonistari. Ezusteko agerpenak ikusleengan eragin asaldura nabaritu ahal izan du. Oskar eta Imanolen hotzikara. Haiengana bihurtu da. Ikaraldiaren ostean, itxura samurra hartu dute bien aurpegiek zinearetoko iluntasuna urratzen duen fokoren argi zurbilean. Laberintoak laberinto, zein bere baitakoa baino bihurriagoa, zein hura baino asmagaitzagoa, itzelagoa? Sarrera dagoeneko ahaztuxea, irteera aurkitu ezinik, noraezean dabil, hurrengo bihurgunea pasatzean semea eta maitalea berriro topatuko dituen itxaropenari atxikia. Pozik beteko lituzke bidaiako lan guztiak, pasabide estuetan barrena nekatuko, baldin eta jakingo balu ibilaldi izugarriaren hondarrean biak bereganatu beharko zituela. Beha geratu zaie. Ezin begitartetan kezkaren iluna antzeman, ezin igerri zalantza edo beldurraren hondarrik bekokietan. Besarkatu egin nahiko lituzke, betirako bere besoartean gorde. Malko hurbilaren azkurea sentitu du begininietan.

«Ez kezkatu, laster bidaliko diat» agindu dio Oskarri, Parisera bueltan eramango duen hegazkinerako bidea hartu aurretik. Horiexek izan dira luzatu dizkion azken hitzak, beste hiruzpalau umerekin bidaiarien atea zeharkatzen ari zela.

Autoan, aitaren promesa errepikatuak entzunda ere, behin baino gehiagotan berritu dio eskaera, sinestuko ez balu bezala.

«Bai. Bideoan grabatuko diagu. Ez duk galduko» esan dio mutikoa lasaitu nahian.

Gertu dago Imanolen egun handia, bere «artearen gailurra» lortuko duenekoa. Egun gutxi barru garbigailu batean barneratuko da Houdini, katez zamaturik, handik libre eta garaile irteteko munduaren begirada txundituaren pean. Telebista medio, denak izango dira haren balentriaren lekuko. Luzaz mintzatuko dira haren ausardiaz. Alferrikakoak izango dira ekintzaren balioa zalantzetan jarri nahi izango dutenen hitzak, mesfidatien susmo gaiztoak. Denen bistan gertatuko da, zuzenean, ezkutuko trikimailurik gabe, estudioko foko indartsuen argitan. Normala da Oskarrek galdu nahi ez izatea.

Handiak dira Imanolen botereak, dudaezinak. Berak urteetan erdietsi ezin izan duena lortu ditu hark egun urri batzuetan: bere semearen mirespena eta maitasuna. Irekigaitza zirudiena zabaldu du Imanolek sarrailak zabaltzen dituen erraztasun berberaz, bere bihotzaren jabe bilakatu zen erraztasun berberaz. Mertxeren aurpegia ikusi ahal izatea nahiko luke, Oskarren Imanolekiko mirespenaz bete aipamenak aditzean.

«Houdini. Zer izen mota da hori?!» galdetuko dio, garai bateko senarrari dion mesprezua ezkutatu ezinik, semea halako ero baten eskuetan berriro utziko ez duela zin egiten duen bitartean.

Piskanaka galdu da hegazkina ortzean, oso astiro. Aterantz bueltatu denean, bakarrik ikusi dubere burua,gainerako bidaiarien senide eta lagunakdagoeneko aldeginda. Lana gogoratu du. Irribarre etsitua osatu dute bere ezpainek. Batetik bestera bihotzerako aparailu eta sendabide aurreratuenak saltzen diharduenak ez dauka berea salbatuko duen bakar bat ere.