Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Maitasuna: kontinente iluna

 

Piztiaren atzaparra erakutsi du errege beltzak,

usna egin dio hamar ilargi zurbilen arrastoari,

eta aginduak eman dizkie euro tropikal handiei.

Beste mutur batetik so duzu mundua!

 

Arrastan eraman zaitu itsasoan barrena,

urrezko eta bolizko kostaldeetarantz, bere ahorantz.

Belauniko ibili zara han erabat,

arrazoirik gabe arbuiatu eta hautatu baitzaitu.

 

Eta eguerdiko aldaketa handia agindu du.

Beira berde eta urdinetan kraskatu da haizea,

eguzkiak arrainak egosi ditu azaleko uretan,

eta sutan da belarra bufalo sailaren inguruan.

 

Karabanak hemendik haraindi joan dira itsuturik,

eta zigorraz jo ditu lurralde mortu osoko dunak,

oinetan sua duzula ikusi nahi zaitu.

Hondar gorria darie zure larruazaleko ildoei.

 

Alboan duzu bera, iletsu, koloretsu,

atzaparrez heldu dizu, sarea bota dizu gainetik.

Liana sokak lotu zaizkizu aldaken jiran,

iratze orritsua kizkurtu lepoan gora.

 

Hasperenak, garrasiak, oihaneko horma-hobi guztietatik.

Fetitxea jaso du. Hitza itzuri zaizu.

Danbor ilunak ari dira jotzen egur gozoak.

Non hilko zaren begira zaude liluraturik.

 

Begira, gazelak hegan haizeetan,

bide erdian datil-erlauntza bat!

Dena da tabua: lurrak, fruituak, uharrak…

Besotik zintzilik duzu suge kromatua.

 

Intsigniak eman dizkizu eskuekin.

Zeuk eraman koralak, zoaz eldarnio argian!

Erreinuari erregea ken diezaiokezu,

haren misterioa ikusi duzu, zerorri misteriotsua izanik.

 

Ekuatorean behera datoz langa guztiak.

Bakarrik dago pantera maitasunaren gelan.

Heriotzaren haranetik honantz egin du jauzi

eta atzaparrekin herrestan darama zeru-muga.