Su txiki bat
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
Lorea Azpeitia Anta
1994, Donostia
 
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
aurkibidea
 

 

Hitzaurrea

 

Kattalin Miner

 

      Denok ditugu halako auzi edo erakarpen obsesiboak, gai baten bueltan fijazioz aritzera eramaten gaituztenak. Horien artean, nik baditut batzuk, urteak pasata ere, beti haien bueltan nabilena konturatzen naizena. Bueltan, edo hobeto esanda, sitsak argitara bezala noana. Horra batzuk: gatazka politiko-armatua, feminismoa, literatura. Eta, hara non, Lisipe berri bat esku artean eta nire barruan txek-txek-txek bat.

      Erakarpen horretan guztian, irakurri, ikusi eta entzun asko egin dudan arren (hitz egin ere dezente, onar dezagun), ez dut sekula ikerketa ganorazko bat abiatzeko bezainbesteko obsesiorik garatu. Eskerrak, ordea, baden diziplinatua den jende hori, Lorea Azpeitia Anta adibidez, eta, hari esker besteok gure erakarpen, interes, kitzika eta kezka horiek elikatzen jarraitu dezakegun. Baina ez hori bakarrik, eta kontatuko dizut zergatik.

      Lehenik eta behin, ustekabeko txundidura eragin didan gauza bat gertatu zait liburua esku artean izan dudan lehen orritik: izugarri dibertitu naiz. Baina dibertitu diodanean, barre ahoz gora egiteraino ari naiz. Izan ere, onar dezagun, nahiz eta nire intereseko hiru elementu izan, zuk ere ez duzu pentsatzen “gatazka politiko-armatua”, “feminismoa”, gehi “literatura” ardatz dituen zerbaitekin dibertitu, hitz larriz ondo pasa, barre, egin dezakezunik. Baina bai, halaxe da. Eta barka diezadala Azpeitiak, berak aurrez egindako tesi, lan, ikerketa eta izerdi zein odolen ostean, fribolitate honekin hasteagatik. Baina, niretzat ezinbesteko aldaketa kualitatiboa izan da.

      Zergatik? Bada, pentsarazi didalako, belaunaldi kontua izan daitekeela, kodeak partekatzea akaso, edota baduela beste zerbaitetik ere, adibidez, berak aipatzen duen “helduen erabakien ondorioak meriendatu behar” horretatik tiraka, helduen (gizonen, hegemonien, bandoen) errelato, literatura-molde, kanonei iskin egiteko beharretik. Batek daki, baina edonola, neukanik ere ez nekien egarriz edan dut, eta horrek iradoki dit badela aldaketarako nahi bat, guretik gure erara gai hauei buruz hitz egiteko behar larri bat.

      Izan ere, kode partekatuez, feminismoaren oinarriez eta gatazka jaso dugun moduan jaso dugun belaunaldia izateaz gain, saiakeraren hasieran egiten digun gairako hurbilpenak ere ematen digu geure buruari galdera batzuk egiteko aukera. Azpeitiak bere bizi-lerro labur bat proposatzen digu euskal gatazka politikoa nola bizi izan duen, ikerketarako grina nondik abiatzen den eta bidean izandako buruhausteez ulertzen laguntzen diguna, eta, ezinbestean, nire baitan dantzan galdera hauek utzi dizkidana: nondik eta nork hitz egin dezake(gu) euskal gatazka deiturikoaz? Alegia, zein gorputzek hitz egin dezakete honen inguruan eta zergatik? Zer esateko? Zein zilegitasunekin? Eta batez ere, nork ematen (edo kentzen) digu zilegitasuna horretarako?

      Hamarkadaz hamarkada, errepaso zehatza topatuko duzu hemen, baina halako oreka-desoreka batekin, non saltoka ibiliko zaren sarri subalterno gisa irakurri ditugun hegemoniak onartuta esan direnetatik, subalternoen subalternitateko bazterretatik gure gatazka honen iruditeria auzitan jartzera etorritako ahotsetara. Sarri, barre egiten jarraitu ahal izateko, pixka bat haserretzera ere eramango zaituena, memoria egiten lagunduko dizuna (“ostia, nik liburu hori Batxin irakurri nuen”), baina batez ere, amildegi bat erakutsiko dizuna, zurea ere bazela uste zenuen errelato bakar eta mainstream xamar eta onartuaren, eta ziurrenik ezagutzen ez dituzun beste kontakizun, eleberri edota memoria jasoketen artean. Berriz ere, ezaguna egingo zaizun ondorio baten oihartzuna nabarituko duzu kaskezurrean: ez da ez garela existitu (ez dugula hitz egin edo idatzi), ez digute kasurik egin (isilarazi egin gaituztela ez esateagatik). Isiltasun horiei begira jasoko duzu testu hau, existitu diren eta habitatu ditugun bazterrei begira.

      Gainera, litekeena da, auzi zahar eta aspergarri samarra gogoraraztea: idazteko zilegitasun eta baimenik lortzen badugu ere, iristen al dira gure irakurketak, irakurketa unibertsal izatera? Bada, gure aitzindariek aspaldi erakutsi ziguten bezala, “nondik idazten dugun” horri “feminismotik” erantzuten badiogu, gure irakurketa horiek kolpetik bilakatzen dira irakurketa partzial, pobre, partikular, sektorial edota, zuzenean, eta zergatik ez, kalitate baxuko. Guk badakigu hori ez dela horrela, baina, kasu honetan, Azpeitiaren honek muturrean ematen dio beste behin ere mantra horrekin etorri nahiko lukeen edonori. Bizkarretik kentzen digu pisutsuegia den motxila hori zeinak egiten dugun edozer justifikatzera garamatzan. Bada, ez. Argudiatu bai, justifikatu ez. Hori erakutsiko dizu Azpeitiak bigarrenik.

      Beraz, esaten nazkatuta gauden ideia errepikakor baina betiereko horri tiraka, aho betez diot Azpeitiak euskal gatazka politiko armatuan emakumeen errepresentazio literario zein fikziozkoa ikertuz, jada ukaezina den ideia bat indartzen digula: gurea (emakumeak, bazterrak, besteok finean) kontatu gabe, ez dago euskal gatazka politiko armatuaren inguruko memoria eta irakurketa osaturik. Puntu.

      Hirugarrenik, liburu honek, Zeru horieketik Killing Evera, jaka gorridun etakide sexy batetik igarota (benga, esadazue ez dela dibertigarria), badu beste praktika feminista oinarrizko batean ekarpen handi bat, eta zera da: erreferente, erreferentzia, genealogia, errekonozimendu eta aurrez egindako lanen jasoketa bikaina eskaintzen digula. Nik neuk, esan bezala, gai honen inguruko ustezko ezagutza apur bat neukanak, oparia eta ezustekoa topatu dut, ezagutu gabeko istorio, eleberri, ikerketa edota istorioetan. Ez galdu bibliografiari errepasoa emateko aukera, plazerezkoak izango diren etxeko-lanak topatuko dituzu ziurrenik.

      Azkenik, bada gozatua eman didan beste kontu bat, hain zuzen, aspaldi liburu bat irakurtzen (are, saiakera bada) gertatu ez zaidan zerbait: Azpeitiak ez du irakurlea ergela balitz bezala tratatzen. Hain da horrela, egun kontsentsua diren (edo behar luketen) hainbat kontu azaltzen ez baitu denborarik galtzen, eta, dudarik bazenu, zeure esku uzten baitu zeure ergelkeriaren maila neurtu eta kudeatzea. Ez du, beraz, baimenik ez barkamenik eskatzen, oinarrizkoak diren irakurketa feministetatik abiatuta testua beste maila batetik abiatzeko. Nola ez zara ba, dibertituko?

      Beraz, ez erratu, dibertsio hori ez da liburuaren pisuari kontrajarritako zerbait, kontrara, kontakizun horiek nola eraiki diren, nork eraiki dituen, nondik eraiki diren eta, batez ere, zer utzi duten kanpoan begiratzeko tresnak eskaintzen dizkigu, memoria kolektiboa deitzen diogun horren eraikuntzan atzera bueltarik gabeko proposamenean. Eta hori bai dela, txek-txek-txek.