1950eko hamarkada
Berez, ezer ez da ezerezetik sortzen, Unibertsoa bera ez bada, eta hori ere ez dago frogatuta. Baina gizakiok, dena izendatu, erregistratu eta etiketatzeko berezko bulkada saihetsezina dugu. Dena arrazoi(men)aren galbahetik pasatzekoa. Hortaz, gure diskurtsoak antolatzeko gertakari eta datu zehatzak behar ditugu —dirudienez, frogak ez beti eta, azken boladan, gero eta gutxiago—. Horrela bada, gertakari bat edo batzuk hautatzen ditugu eta esaten dugu ez dakit noiz hasi zela, adibidez, euskal gatazka armatua.
Demagun, 1958ko abenduan hasi zela Deban, erakundeari ofizialki izena jarri zitzaionean. Diotenez, izenak izana, beraz, balio lezake. Baina, ordurako, bazegoen egituratutako mugimendu bat, ez? Ekin taldea eta abar. Edonola ere, hori baino lehen, Gerra Zibilak piztuko zuen pospolorik euskal gatazka armatuari su emateko, ez? Niri arrazoimenak hori iradokitzen dit. Baina, kontu! Badagoela gatazkak, perretxikoen pare, bat-batean eta ezerezetik eztanda egin zuela tematzen den kontalaririk. Azaleko geruzari erreparatzea erosoa denik ez dut nik ukatuko, ados, baina ez eskatu analisi-molde hori zehatz, zorrotz eta balekotzat jotzerik. Kontziente naiz konplexua eta zaila dela errora joatea eta arrazoi originala zein den argi identifikatzea ez dela beti posible. Akaso ezta beharrezkoa ere. Baina agerikoa da inor ez dela bat-batean eta arrazoirik gabe haserretzen, azaletik hori eman badezake ere. Biolentzia politikoaren eztanda ororen azpian, prozesu psikologiko eta kolektibo sakon bat (edo gehiago) dago: traumek, ukazioek eta gatazka historikoek tantaka elikatutako sumindura egiturazko bat. Sua gainazalera atera baino askoz lehenago piztu eta elikatzen da zapaldutako komunitateen barrunbeetan. Eta, hori, ukaezina da. Kito.
Tira, noiz jarriko diogu hasiera-data orduan? Etakide batek estreinakoz polizia bat hil zuenean? Poliziak estreinakoz etakide bat hil zuenean? Poliziak estreinakoz etako emakumezko militante bat hil zuenean? A, ez, hori bai ezetz.
Edozein kasutan, historia liburuek diote 1950eko hamarkadan hasi zirela unibertsitate-giroan zebiltzan gizonezko gazteak biltzen, hausnartzen eta Estatu espainiarrak zapaldua zuen herriarentzat etorkizun itxaropentsu bat irudikatzen. Gizonezko gazteak. Gazte gizonezkoak. Gizonak, beti.
Kontakizun ofiziala barneraino irentsi nuen nik ere, ez pentsa. Eta, hala, izotz-ur baldekada bat erori zitzaidan goitik behera masterreko ikasketak egiten ari nintzela, Ibon Egaņa literatur irakasleari esker Nira Yuval-Davisen Gender and Nation (1997) liburua irakurri nuenean. Bertan, historiaren eta oroimenaren monopolio akademikoak behin eta berriro ezkutatu nahi izan digun baieztapen sinple bezain sakona egiten du egileak nazio-borroken testuinguruaz, orokorrean, hausnartzen duenean: emakumeak betidanik egon dira hor.
What?
Funtsean hori dio: historian zehar, emakumeak beti egon dira hor.
Ba, ez pentsa horren begien bistakoa denik.
Baieztapen horrek zuzen-zuzenean lotzen gaitu 1950eko hamarkadarekin eta etaren sorrerarekin. Historia liburuek han emakumerik ez zela egon esaten diguten bitartean, Onintza Odriozola (2016) soziologoak argi erakutsi du: egon, egon zirela. Erakundeak ez zituen militante ofizialtzat jo, eta haiek ere ez zuten beren burua halakotzat; baina hor zeuden. Garaiko genero-erregimenari aurkitu zizkioten zirrikituetatik aritu ziren, eta kasu askotan, hain justu, genero-erregimen patriarkal hertsiari iskin egiteko aitzakian batu ziren borroka nazional eta antifrankistara.
Nola ez zitzaien arnasa faltako. Garaiko hezkuntza sisteman, soldatapeko lanaren eta sozializatzeko espazioen segregazio patriarkalean pentsatze hutsak itolarria sortzen dit. Emazte onak, esanekoak eta kristau-menera eginak nahi zituzten hezkuntza katoliko eta frankistaren hormen artean. Eta bitartean beren kideak mendian, soziedadean, tabernan, unibertsitatean, iraultza prestatzen.
Erregimen hori zurrun mantentzeaz arduratzen ziren moja koitaduek eta bestek jakin izan balute haien alferrikako ahaleginek zer-nolako olatuak ekarriko zituzten…
Amamak bere historia gutxi kontatzen zigun Lersundi kaleko sukaldean, baina bazegoen bat, kontatzearen kontatzeaz, memorian iltzatu ziguna. Argi utzi zigun mojak gorroto zituela eta harro oroitzen zuen harentzat epikoa izan zen bihurrikeria. Nonbait, ikaskide batzuk moja bati isilpean jarraitu eta ilunpetara heldu zirenean amamak burkotik tira zion. Moja ziplo erori zela kontatzen zigun barre-algaraka. Amamak berak bihurrikeria deitzen zion, baina istorioa kontatu bitartean begietara begiratzen zigun, su txiki bat ninian. Memoriaren pospoloa zen. Frustraziotik eta mendeku gosetik sortutako ekintza hura politikoa zen. Halako eta bestelako bihurrikeria-disidentzia txiki haiek belaunaldi-katea osatzen zuten. Haserrea eta amorrua tantaka elikatzen dira. Ezer ez da ezerezetik sortzen. Borroka armatuan engaiatuko ziren emakumeen gorputzek sustrai horietatik edan zuten: ezarritako ordenaren aurka egiteko bulkadatik. Garaiko genero-erregimenak sukaldean edo elizan nahi zituen, baina askok, sukaldeetan barrena piztu zituzten iraultzarako lastargiak.
50eko hamarkadan zehar etaren inguruan militatu zuten emakumeek su txiki hori izango zuten bularrean. Nola irudikatu, bestela, emakume haiek? Eskuratzen zituzten irakurgai apurrak grinez eta itxaropenez irakurtzen irudikatzen ditut, ezkutuan edo konfiantzazko jendearekin batera, Francoren eta patriarkatuaren heriotzaren zain. Askatasun grinez. Paperezko erreferente horien gehiengoak betaurrekoak eta bibotea bazituen ere. Azpiegitura lanetan ere ariko ziren, disimuluan. Etxe hau atondu. Hau etxean hartu. Paper hauek gorde. Orain ixo, orain erne… Zertarako hainbeste metro tela gorri, Anamari? Txaro, nora hoa horrenbeste orlegirekin? Jesus, Garbiņe, zenbat Ama Birjinari josi behar dien mantua?
Oin bat buru gainean zuten, bai, baina barruko sua piztuta. Lokatz horretatik hasi zen ernetzen, poliki, hamarkada batzuk geroago isiltasuna pitzatuko zuen kontzientzia.