Su txiki bat
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
Lorea Azpeitia Anta
1994, Donostia
 
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
aurkibidea
 

 

1980ko hamarkada

 

      80ko hamarkadara heldu gara eta lokatza galtzarbeetaraino daukagu. Zerbaitegatik deitzen zaie urte horiei “berunezko”. Bonbak, hilketak, bahiketak, karga polizialak eta tortura egunerokotasunaren parte ziren. Bortizkeria eta bere mamua Euskal Herri osoko sukaldeetaraino sartu ziren. Estatuaren gerra zikina areagotuz zihoan, euskal talde armatuen kopurua inoizko handiena zen. Nor zegoen (izu horretatik) salbu?

      Jarraian egingo dudan galdera, batez ere, garai hori hezur-haragitan eta kontzienteki bizi izan ez duzuenoi zuzenduta dago: deskribatu berri dudan testuinguruak ez al dizue euskal gatazka armatuari buruzko film eta eleberririk oroitarazten? Ezagutzen dituzuen gehienak? Gutxiak, akaso? Susmagarria. Jakitearren, horietatik zenbat dira euskal ekoizpenak? Euskal-euskal, esan nahi dut. Alegia, euskaraz egindakoak.

      Ez da kasualitatea. Euskal Herri burujabe-utopikoaren nostalgia 70eko hamarkadan kristalizatu bazen, 80koan iltzatu zen euskal gatazka armatuaren iruditeria, batez ere. Estatala, eta baita globala ere. Badaezpada, ez naiz egun boladan dagoen basqueness-cheesecake sukarraz ari. Urguilu nazionalista keinukari-selektibo-kapitalista gaitzaren analisiak beste doktore tesi baterako eman lezake.

      Ni “global” hitzaz ari naizenean, dispositiboaz ari naiz: Zamorako bati, New Yorkeko bati, Jaliscoko bati edo Kongoko bati —eta zuri eta niri— ezarrita iristen zaigun mezu eta iruditeria berdindu horretaz. Baina, aurretik gelditzen zaidan lana ikusita, alda dezadan “global” “nazioarteko” hitzagatik eta, bakea.

      Ea, ba. 80ko hamarkadan euskal gatazka armatuaren Espainia mailako eta nazioarteko iruditeria kolektiboa finkatu zen. Gatazka armatuaren etorkizun erreala ez ezik, aurrerantzean mundura proiektatutako zen euskaldunaren irudi estereotipatua eta euskal gizartearen auto-irudia bera baldintzatuko zituen uneaz ari gara.

      Dena argiaren abiadan doa. Kaosa. Zarata. Lokatza. Mina. Krisia. Gaixotasuna. Heriotza. Euskal Rock Erradikala. Heroina. Hiesa. Gaztetxeak. Asanblada Feministak. Euskararen (a)normalizazioa. gal. eta. Iparretarrak. Komando Autonomoak. Ia ezinezkoa da garai hartan lehertzen ari zen guztia identifikatzea. Ez nau harritzen gure idazleek arnasa sakon eta perspektiba apur bat hartu behar izana gaiari heldu baino lehen.

      Baina, itxaron… aipatu ditudan elementuen kateatze konplexu hori topatu al duzue euskal-euskal ekoizpenetatik at? Euskal ekoizpenen batean, agian? Hortik kanpo, ezer gutxi, ezta? Susmagarria…

      Zergatik izango ote? Gauza asko euskaraz gertatzen direlako eta jendeak ez dakielako euskaraz? Muga linguistikoa al da orduan? Ala Eider Rodriguezek[6] dioena pixka bat birformulatuz, jendeari, besterik gabe, erosoago zaio euskaraz gertatzen dena automatikoki erridikulu eta itzulezintzat hartu eta gertakizunen, historiaren eta, beraz, oroimenaren beren bertsio propioa batere konplexurik gabe idaztea? Baten bat haserretu zait berriro: “Aizu, oroimena libre eta demokratikoa da! Nork erabakitzen du oroimena noiz den oroimen eta noiz asmazio, zuk?”. Kendu arroka hori nire bizkarretik derrepentean. Ezta oparituta ere.

      Hala ere, suminduak, hein batean, arrazoi du. Ez da erraza kontua. Oroimena eta irudimena elkarri helduta ibiltzen dira eta horrek dena nahasten du. Baina, ez dadila inor behar baino lehen emozionatu. Askatasuna eta lasaikeria gauza bera ez diren moduan, suminduak arrazoi puntu bat izateak ez du esan nahi edozer denik zilegi. Inondik ere.

      Barkatu, sentitzen dut, niri ere min egiten dit. Baina hau askatu beharra daukat, bestela ere nahikoa daukat eta gainontzeko trauma transgenerazionalen harrikoarekin.

      Hor doa.

      Patria. La infiltrada. Un fantasma en la batalla. Ocho apellidos vascos. Fe de etarras. La frontera. Maixabel.

      Ziur zuri ere beste bakarren bat gogora etorri zaizula.

      Lokatz bera mozorro ezberdina soinean.

      Har dezadan bat, ausaz:

      La frontera.

      Harrituko ninduke telesail hori ezagutzen duzula esango bazenit. Nik neuk ez dut oroitzen nola heldu nintzen harengana. Gatazkari buruzko edozer irensteko bulkada patologikoa utzi dit tesiak. Play eman orduko damutu nintzen. Zintzoa izatekotan, ezer berririk ez.

      Minutu bat aski izan zitzaidan ordenagailua kolpetik ixteko. Arnasa sakon hartu behar izan nuen ordenagailua leihotik behera botatzeko gogoari eusteko. Orduan ez nekien txinparta hark urteetan zehar liburu hau idazteko pilatuta neukan gasolina ukituko zuenik. Gainezka ari zen bidoiak basoa hartuko zuenik.

      Irudikatu Iparraldeko paisaia idilikoa, mendia eta gure basoa airetik, su hartu aurretik. “1987” pantaila handian eta azpian mezu hau: “eta erakunde terroristak hogei urte daramatza Espainian erailtzen. Orain arte, Frantzia terroristentzat babesleku izan da. Egoera aldatzen hasi da. etak mugaz bestaldeko santutegia mehatxaturik sentitzen du”[7]. Promete. Mendien iruditik basoko errepide bazterrera goaz. Bi gizon auto baten barruan zain, zigarro bat erretzen. Atzerako ispiluan norbait datorrela sumatzen dugu. Motorrean dator. Puntu gorri bat da. Motorra, gorria; txupa, gorria; kaskoa, gorria. Ez adarrik jo, Telepizzako banatzaile bat?

      Ez, askoz okerrago. Mendiko errepideetan barrena motorrean goitik behera gorriz jantzita doana etako emakumezko militante bat dela sinetsarazi nahi digute. Frantziako muga oharkabean igarotzea helburu duena. Mugara iristen denean zelatan duen poliziak identifikatu egiten du. Sorpresa. Minutu eskas daramagu pantailari begira. Bakarren batek erabaki du, badaezpada, pertsonaia hori emakumezkoa dela erabat argi gera dadin, mugako hesira iristen den unean, aduanako poliziaren aurrean, kaskoa kendu eta ilea astindu behar duela. “Ez ahaztu, jarri mala-ostia aurpegia”. Minutu eta berrogeita lau. Ordenagailua kolpez itxi eta ia txikitu dut. Gure lepotik barrez ari dira.

      Oroimenarekin jolas egitea zilegi dela?

      Ados.

      Fantasiak izatea libre dela?

      Ados.

      Baina, inolako lotsarik gabe emakumezko pertsonaia horien inteligentziari horrela barre egitea iraingarria iruditzen zait, eta horrelakoak behin eta berriro errepikatzen dira, batzuetan esplizituago bestetan inplizituago, aipatu ditudan film eta eleberrietan zein beste askotan. Eta ez, ez da kasualitatea. Dagoeneko pista batzuk eman ditut. Zer dute ekoizpen horiek guztiek amankomunean? Jainko beraren iturritik edaten dutela. Horixe da dispositiboa eta bere azpi-lana. Espainia mailan badago euskal gatazka armatuari buruzko eleberri eta filmak sortzeko baliatzen den dekalogo fundazional bat: 1983an, ironikoki, demokrazia ezarri berritan, Barrionuevo Barne ministroak argitaratutako zen plana[8] [9]. Agian, Bibliarekin gertatu den moduan, etorkizunean norbaitek testu hori literarioki aztertuko du. Ez du gutxiago merezi.

      Ezer baino lehen, zin dagit —Lisipek ondo daki— hona ekarriko ditudan testu zatiak errealak direla. Bada bereziki barregarria iruditzen zaidan atal bat, euskaldun biolento eta barbaroak duen outfita zehazten duena: “desconfíe especialmente de las personas jóvenes, sobre todo si visten anorak oscuro, pantalón vaquero, zapatillas deportivas y bolsa de deportes”[10]. Nire gidoigintzako irakasleek esango luketen moduan, gidoilari alferrentzako bazka: pertsonaiaren kanpo-karakterizazioa check. Begiratu dut, badaezpada, baina dekalogoan Barrionuevok ez du txupa gorririk aipatzen. Ez dago etakideen bertsio femeninoarentzako karakterizazio aholkurik. Susmoa dut, beraz, Txanogorritxu Motozalearen outfit hori aukeratzeko iturri originalera jo dutela. Jatorri-jatorrizkora. Hori patriarkatua izango dela pentsatzen dut:

       “— Jauna, zer eramango luke soinean emakumezko etakide batek?

      — Galdetzea ere… Txupa gorri bat, motel! Tira, eman ezak bakea, lan serioagorik zeukaat eta”.

      Baina, noski, zen dekalogoa ez da pertsonaien kanpo-karakterizaziorako aholkuak ematera mugatzen, zer dekalogo klase litzateke hori. Istorioa nondik eta nola kontatu behar duzun ere argitzen dizu. Txollazo bat. Demagun egun batean loriatsu esnatzen zarela eta ideia aparta iruditzen zaizula euskal gatazka armatuari buruzko narrazio edo gidoi bat idaztea. Askotan zaila izaten da kontatu nahi duzunaren ikuspegia ondo finkatzea, kontatu nahi duzun tramaren nondik norakoak zehaztea. Baina zen planak arazo horiek kolpetik uxatzen dizkizu. Hemen dituzu, labur bezain zorrotz, jorratu beharreko ikuspegia eta helburua: “[…] difusión de noticias falsas, empleo de una semántica que no favorezca al grupo terrorista, etc”[11]. Arazo bat gutxiago, aurrera bolie.

      Demagun, orain, hiper perfekzionista zarela eta zure obra maisulan gisa hartua izan dadin nahi duzula. Ez kezkatu, bonus track bat ere eskaintzen dizu horretarako: “Resaltar siempre los aspectos antitradicionales y poco valerosos de sus acciones y aquéllos que demuestren sus vulnerabilidades. Provocar más desprecio que miedo”[12]. Txalo zaparrada bermatuta duzu. Iturri beretik edaten duen publikoarena, bederen.

      Sortzaileek dekalogoa jarraitzearekin aski izan ohi dutenez, jarraian aipatuko ditudan pertsonak, normalean, ez dituzte inspirazio iturritzat hartzen. Ez, behintzat, haien lekukotzak. Eta, agian, eskerrak. Baina, zer dago, berez, erakunde armatu bateko militante bat baino gauza antitradizional eta arbuiagarriagorik?

      Emakume irakurria den hori.

      Eta, bestela, galde diezaiotela Bakartxo Arzelusi, Dolores Gonzalez Kataraini edo Idoia Lopez Riañori.

      Alferrik jasoko dituzu mahukak, lokatza leporaino heltzen zaigu jada. 1986ko urtarrilaren 15ean gaude. etako lehen martiri ofizialaren heriotzatik ia hemezortzi urte igaro dira. Guardia Zibilak etako lehenengo emakumezko militantea hil du ekintzan, bertsio ofizialak suizidioa izan dela alegatu duen arren. Bakartxo Arzelus egiatarrari buruz ari naiz. 80ko hamarkadan gazte izandako donostiarra. Egiatarra edo euskal gatazka armatuaren historian oso jantzia ez bazara, ziurrenik, izena ez zaizu ezaguna egingo. Ez da kasualitatea. Egun, haren arrasto gutxi dago Egiako hormetatik kanpo. Gure auzoko gizon batekin batera hil zuten eta ez dakit nire despistea ote den, baina ikertzen jarri naizen arte ez dut sekula Bakartxoren berririk izan. Eta hori Bakartxorekin batera hil zuten auzokidea urtero omentzen dugula Antiguako jaietan.

      Tesirako ikertzen ari nintzela jakin nuen Arzelusen heriotza inguratu zuen polemikaren berri, eta ezinezkoa begitantzen zait genero-aldagaiak gertakarien kateaketan izan zuen eraginari ez ikusiarena egitea. Gertakari hartatik onik atera ziren bakarrak guardia zibilak izan zirenez, bertsio ofiziala da existitzen den bakarra. Baina, herri honetan ondo baino hobeto ezagutzen ditugu bertsio horiek. Gainera, ezin freskoago daukagu zen dekalogoa. Arzelus pistola bat eskuetan atzeman zuten A-8an beste bi kiderekin batera. Guardia Zibilak, egoera horren aurrean, aukera desberdinak izango zituen.

      Bat, tirorik ez egin.

      Ez zen halakorik gertatu.

      Bi, nazioarteko legeen zirrikituez baliatu eta bertan exekutatu.

      Ez dago gaizki, inoiz beste kideren batek arrakastaz baliatua.

      Hiru, aukerarik makurrena. Tiro egin eta etakideak bere buruaz beste egin duela determinatu.

      Irudikatu guardia zibila zen dekalogoa eskuetan. Baina, jefe, hemen ez du ezer jartzen pistoladun emakumeei buruz, ez dago eranskinik edo antzekorik? Hil ala biziko egoera da, azkar erreakzionatu behar dugu. Izaki hau anti-antitradizionala da. Zein da kasu honetan hiru aukeretatik zenari ondoen ezkontzen zaiona?

      Hirugarrena, bistan da.

      Gainetik kendu behar dugu, bai, gaixoak ez daki zertan ari den, argi dago buruko nahasmenduren bat izan behar duela horrela amaitzeko. Eman dezala irudi hori.

      Gogoratu, zaurgarri.

      Jarri: “suicidio”.

      Buen trabajo.

      Polemika ez zen hor amaitu, ordea. Arzelusen heriotzaren osteko erritualetan, dolu-prozesu betean, istilu gogorrak izan ziren familiaren eta militanteen artean. Negar eta oihu artean, ia literalki haren gorpuagatik borrokan aritu ziren, hilkutxari alde batetik eta bestetik tiraka: familiak biktima gisa babestu nahi zuen; erakundearen orbitako militanteek, aldiz, martiri gisa aldarrikatu. Denak ari ziren haren gorpu epelaren gainean oihuka, denak haren izenean hitz egiten. Hiru bertsio patriarkalen arteko norgehiagokan: estatuarentzat, ero suizida bat; familiarentzat, biktima babesgabe bat; erakundearentzat, martiri mitifikatu bat.

      Bakartxoren kide feministek mahaian kolpea eman zuten arte.

      1986ko urtarrilaren 18ko Egin egunkarian gertatzen ari zena argi eta zorrotz salatu zuten: Bakartxori bere agentzia politikoa erauzten ari zitzaizkion. Haren erabakiak, militantzia eta ahots propioa zapaltzen ari ziren, hil ostean ere, botere lehiarako objektu huts bihurtuz. Sobera ezaguna zaigu istorioa.

      Hilabete batzuk beranduago, aldarri horiei euskal gatazka armatuaren historiako tragediarik ezagunenetako batek egin zien itzal. 1986ko irailean, etak Yoyes tiroz hil zuen Ordiziako plazan, haren hiru urteko semearen aurrean. Baina Yoyes, Bakartxoren antzera, ez zen ez dispositiboak aldarrikatutako biktima, ezta erakundeak seinalatutako traidore hutsa ere. Agentzia politiko handiko militantea izan zen, autopertzepzio eta autokritika sendodun emakumea, alde bateko eta besteko mitologia herrikoiak eraiki duen irudi arketipikoarekin zerikusi gutxi zuena.

      Neure buruari azken urteotan behin eta berriro egin diodan galdera ekarriko dut hona: bere egunkaria irakurtzeko pribilegioa badugu, zergatik tematzen da mundu guztia mamu estereotipatu hori behin eta berriro erreproduzitzen? Zergatik tematu fikzioak berrelikatu duen erosotasun karikaturizatua mantentzen, Yoyesek berak utzitako gogoeta eta bizipen konplexuei heldu beharrean? Inertzia hori hausteko garaia da.

      Yoyesen egunerokoa, jatorriz gazteleraz idatzia eta haren senide eta lagunek hura hil ostean oroimen-ekintza gisa 1987an argitaratua, altxor bat da. Irakurtzen dudan aldiro erru ziztada batek zeharkatzen nau, haren intimitatea urratzen ari naizela sentitzen baitut. Baina, aldi berean, beharrezko argi-printza da kontakizun ofizialen lokatz artean. Inork emakumezko etakide konplexu eta hezur-haragizkoago baten soslaia marraztu nahiko balu, ez dut dekalogo hoberik ezagutzen.

      1985ean, Euskal Herrira itzuli zenean, euskara ikastea zuen erronka nagusietako bat. Haren intimitatean arakatu izanaren ordainetan, hark idatzitako hitz batzuk euskarara ekarriko ditut jarraian. Izan bitez lerro hauek haren memoria aldarrikatzeko modu bat, eta emakume horren konplexutasunari, autokontzientziari eta autokritikari ez ikusiarena egiten jarraitu nahi duen oro agerian uztekoa.

      Azken aldian nahasturik naukan beldur bat darabilt bueltaka, ez dut gizonek matxotzat daukatelako onartua den emakume bihurtu nahi. Nola lortu nire presentziak benetan adieraz dezala beste emakume batzuk ere egon daitezkeela. Nola lortu nire presentziak emakume gehiago erakar ditzan eta ez nazala, nolabait esatearren, soilik zomorro arraro gisa utzi. Nola lortu gizon horiek uler dezaten emakumearen askapena helburu iraultzaile bat dela, erabat bere egin dezaten. Nola lortu, haiekin horren harreman estua izanik, nik neuk ez ahaztea feminismoaren borrokak hartzen duen forma oro, ez nadin sekula eskandalizatu. Nola lortu, espreski feminista den horretatik bereizita, arazoari bizirik eustea, eta iraultzailea dena anekdotikoa eta erreformista denetik bereiztea. Nola uztartu iraultza eta emakumearen askapena[13].

      […] itxaropena, garai hartan edozergatik sentitzen nuen lilura moduko hura. 20 urteen lilura, borrokaren poza, beregaina zen borroka, sekula garaipenean sinetsi ez nuela pentsatzen dut, ezta harekin amestu ere, unea zen hunkigarriena. Emakume gisa gizonen munduan gailentzeko itxaropenak bultzatzen ninduen, indartsu sentitzen nintzen, esango nuke bizitzaz eta grinez beterik sentitzen nintzela. Eta emakume gisa “gailendu” nintzenean, edo hala sentitu nuenean, behintzat, beranduegi zen, borrokan akitua nintzen, edo “garaipenak” ez zekarkidan ezer. Lehenik, zerbait indibiduala zela ulertu nuen, ez zekarrela, berez, gainerako emakumeekiko errespetu eta elkartasun gehiago, eta, bigarrenik, “garaipen” hura emakume gisa neraman borrokaren porrota zela etorkizun ez oso urrun batean, horretaz gain bazeuden beste gauza batzuk ere, baina egia dena zera da, arrazoiak falta izan zitzaizkidala borrokan jarraitzeko, grina, indarra, bultzada… eta ia zortzi urteren buruan bizimoduz aldatzea erabaki nuen, beste gauza batzuk ikustea, zeren beste aukera bi zentzutan hiltzea zen, bizitzea erabaki nuen jakinda topera egin beharko nuela, guztiarekin, hala erabaki nuelako, nire hautuak merezi izan zuela jakiteko eta, hala ere, jarraitzen dut oso pozik egon gabe, ez atsekabetuta, baina…

      Nire baitan halako inkonformismo bat daramat, etsipen bat, larritasun bat. Ez dut uste sekula oso inozoa izan naizenik, nahiz eta batzuetan horretan ahalegintzen naizen eta beste batzuetan, hain justu, kontrakoan; erdibituta nago, nire baitan daramatzat biak: ilusioa eta eszeptizismoa; oso gaztetatik, gainera, baina batzuetan alde batek irabazi du eta orain gero eta gehiago gailentzen da bigarrena, horrek sortzen dit ezinegona… Errazagoa da eta oreka handiagoa ematen du balio positiboetan sinesteak: maitasuna, borroka, bizitza, egia eta abar luze bat, baina gizakiak ez du hala funtzionatzen, dirudiena baino askoz konplexuagoa da, kezkagarriagoa, “kabroiagoa”[14].

      Hitzek beren kabuz hitz egiten dute.

      Tamalez, hamarkada hau ixteko, bada bakerik ematen ez dioten beste emakume bat: Idoia Lopez Riaño. Agian ezagunagoa egingo zaizu jarri zioten ezizena: La Tigresa. Txupa gorria burura etorri bazaizu, ez zaitut epaituko. Ez zara zu, dispositiboa da.

      Hau aipatu behar izateak nekea sortzen badit ere, dagoeneko argi geratu da isiltasuna haustea bezain funtsezkoa dela han eta hemen zabalduta dauden simaur-metei, gutxienez, beren izenez deitzea.

      Etorri nirekin, goazen liburutegira. Bilatu etaren historiari buruzko liburuen apala. Orain bilatu etako emakumeen inguruko baten bat ote dagoen. Bi, ados. Begiratu zein hizkuntzatan dauden: ingelesez eta gaztelaniaz. Ez ote dagoen euskarazkorik? Orain arte ez, behintzat. Hartu bi liburuok esku banatan: Carrie Hamilton soziologoaren Women and eta eta Matías Antolín kazetari eta idazlearen Mujeres de eta. Piel de serpiente.

      Bietako batek azalean bala bat dauka eta, alboan, tamaina bereko ezpainetako bat.

      Besteak ez du marrazkirik. Letra zuriak eta hondoa erdia gorria erdia berdea.

      Argi daukazu zeini buruz arituko natzaizun, ezta? Beste baterako utziko dugu liburuen azalen marketin bisualaren gaia, baina kasu honetan argi dago: irekitzeko gogo gehien sortzen duena da barnean simaurra ezkutatzen duena.

      Antolínen liburua, azalak iragartzen duen moduan, zentzugabekeria hutsa da, baina bereziki tematzen da Idoia López Riañorekin. Antolín ez da berezia, ez baita hori egin duen lehen gizona. Baina liburu oso bat idatzi eta argitaratu du posizio ideologiko jakin bateko gizon zuri zis heterosexualen obsesio perbertituak publiko eginez, eta guri Lisiperen eta lehoien aurrera eramatea dagokigu.

      Ez da onik aterako.

      Honela deskribatzen du Idoia:

      Menderaezina da, altzairu herdoilgaitzezko orkidea bat bezalakoa. […] Gizonen artean pantera baten gisa mugitzen zen, polizien artean isilka irristatzen zen suge pozoitsuen antzera, begi urdindun armiarma baten gisa harilkatzen zen. […] Haren obsesioetako bat txakurrak limurtzea zen (txakurra, Euskadira destinatutako guardia zibilen aurka erabiltzen da) […] baina bere begi ikusgarriak orrazkera erakargarri eta mardulekin liraintzen zituen, janzkera probokatzailearekin, bere fisikoarekin bat, oso sentsuala. [...] Tigresa hilkor, odoltsu, menderaezin, ‘suge pozoitsu’ eta ‘dama beltz’ gisa ere deskribatu ohi da[15].

      Badakit okaztagarria dela, baina arazoaren tamaina bikain islatzen du. Idoiaren inguruan eraikitako diskurtso mediatiko eta fikzional hori hain da eraginkorra, ezen Espainiako eta Frantziako estatuen mugak ere erraz gainditu baititu.

      Eutsi ondo. Tesia idazten ari nintzen garaian albiste bat irakurri eta ia ziplo erori nintzen: horrenbeste engantxatu ninduen Killing Eve telesailaren oinarrian dagoen nobelaren egileak, protagonista karakterizatzeko, Idoia López Riañoren inguruko kontakizun distortsionatuak hartu zituen musatzat.

      Amesgaizto baten erdian deliratzen ari nintzela pentsatu nuen lehendabizi. Telesaila ikusten nuen bitartean lo geldituko nintzen eta nire subkontzientea dena nahasten ariko zen. Horrek zentzua zeukan. Errealitateak ez.

      Egi-egia zen. Hori adierazi omen zuen Luke Jennings idazleak: Villanelle hiltzaile psikopata sortzeko Idoiaren inguruan sortutako kontakizun morbosoak baliatu zituela[16]. Adjektiboa nirea da, jakina.

      Liburutegiko atera lagunduko zaitut, ondo etorriko zaizu haize pixka bat hartzea zuri ere. Baso bat ur?

 

 

 

    [6]  Ikus Eider Rodriguezek Gopeguiren Tiro bat kontzertuaren erdian (2011) liburuaren euskarazko itzulpenari egindako hitzaurrea.

    [7]  Hala dio, hitzez hitz, gazteleraz: “La organización terrorista ETA lleva 20 años asesinando en España. Hasta ahora, Francia ha servido de refugio a los terroristas. La situación empieza a cambiar. ETA ve amenazado su Santuario al otro lado de la frontera”.

    [8]  Biziki gomendatzen dizkizut Ibai Atutxak Sabotajes de la cultura vasca. Acerca de la nación encima del canon y hacia una nación-otra bajo tachadura (2014) doktore tesian eta Eider Rodriguezek Gopeguiren Tiro bat kontzertuaren erdian (2011) liburuari egindako hitzaurrean zein Escritura, conflicto y relaciones de poder (2025) kapituluan gai honi buruz egiten dituzten hausnarketak. Haiei esker heldu da zen plana orriotara.

    [9]  Ez galdu irakurketa, 80ko hamarkadaren hasieran Mendebaldean elite eskuindar-kontserbadoreen eskutik gorpuzten hasi zen paradigma aldaketa hura kartoizko demokrazia bat besterik ez zela norbere begiekin ikusten laguntzen duen maisulana da.

  [10]  Plan Z. E. N. (Zona Especial Norte), Estatuko Barne Ministerioa, 1983, 124. orr.

  [11]  Ibid., 116. orr.

  [12]  Ibid., 110. orr.

  [13]  Pasartea saiakera honen egileak euskaratu du. Jatorrizko testua: “hay un temor que últimamente me revuelve un poco, no quiero convertirme en la mujer que porque los hombres consideran de alguna forma macho, es aceptada. Cómo lograr que mi presencia signifique de hecho que otras también pueden estar, cómo lograr que mi presencia llame a otras y no tienda a considerarme, de alguna forma, un bicho raro, cómo lograr que estos hombres comprendan que la liberación de la mujer es un objetivo revolucionario para que lo asuman plenamente, cómo lograr que en contacto tan estrecho con ellos, yo misma no olvide las formas que la lucha del feminismo toma para no escandalizarme nunca; cómo lograr que, desgajada de lo específicamente feminista, mantenga vivo el problema y sepa distinguir lo revolucionario de lo anecdótico y reformista; cómo fusionar revolución y liberación de la mujer” (Garmendia et al., 1987, 55. orr.).

  [14]  Pasartea saiakera honen egileak euskaratu du. Jatorrizko testua: “[…]esperanza, esa especie de ilusión que entonces me envolvía, por nada; era la ilusión de mis 20 años, era la alegría de la lucha, una lucha que se bastaba por sí misma, pienso que nunca creí en la victoria, ni soñé con ella, el momento era lo más emocionante. La esperanza de que me impondría como mujer en un mundo de hombres me empujaba, me sentía fuerte, yo diría que llena de vida y entusiasmo. Y cuando me ‘impuse’ como mujer, o al menos así lo sentí, ya era demasiado tarde, me había agotado en la lucha, o el ‘triunfo’ no me daba nada. Primero, comprendía que era algo individual, que no se traducía en más respeto y solidaridad para con otras mujeres, y segundo, ese ‘triunfo’ era la derrota de mi lucha como mujer en un futuro no muy lejano y había otras cosas, pero lo cierto es que me faltaron motivos para seguir, me faltó entusiasmo, fuerza, empuje... y después de casi ocho años decidí cambiar de vida, ver otras cosas, porque lo otro era morir en los dos sentidos, opté por vivir sabiendo que tendría que hacerlo a tope, plenamente, por haberlo elegido así, para saber que mi opción había merecido le pena, y sin embargo, sigo sin estar muy satisfecha, tampoco descontenta, pero... […] Hay en mí una especie de inconformidad, de desesperanza, de desasosiego. No creo que nunca haya sido muy ingenua, aunque trate de serlo algunas veces y de no serlo otras, estoy como dividida, llevo en mí las dos cosas: la ilusión y el escepticismo; y esto desde muy joven, pero unas veces ha triunfado un lado y ahora cada vez más triunfa el segundo, eso es lo que me produce inquietud... Es más fácil y equilibrante creer en valores positivos: el amor, la lucha, la vida, la verdad, etc., etc., pero no es así como funciona el ser humano, que es mucho más complejo, más inquietante y más ‘cabrón’ de lo que parece” (Ibid., 165. orr.).

  [15]  “Es indomable como una orquídea de acero inoxidable. [...] Se movía entre los hombres como una pantera, se escurría sigilosa entre los policías como una serpiente venenosa, se enredaba como una araña de ojos azules. [...] Una de sus obsesiones era seducir a los txakurras (perro, se usa contra los guardias civiles destinados en Euskadi) [...] pero sus ojos, espectaculares, los realzaba con unos atractivos y voluminosos peinados y una vestimenta provocadora y acorde con su físico, muy sensual. [...] También la Tigresa es descrita como mortífera, sanguinaria, indomable, ‘una serpiente venenosa’, una ‘dama negra’”. Mujeres de ETA. Piel de serpiente, Antolín, 2002, 19-21. orr.

  [16]  Ikus Harrison, Ellie: “Killing Eve: The real-life ‘psychopath’ who murdered 23 people and inspired Villanelle carácter”, Independent, 2020-5-14, https://www.independent.co.uk/arts-entertainment/tv/news/killing-eve- villanelle-real-inspiration-jodie-comer-idoia-lopez-riano-la-tigresa-luke-jennings-a9513881.html.