Su txiki bat
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
Lorea Azpeitia Anta
1994, Donostia
 
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
aurkibidea
 

 

1970eko hamarkada

 

      Burgosko Prozesuan Arantza Arrutik, Jone Dorronsorok eta Itziar Aizpuruak ordura arte publikoki existitzen ez zen presentzia hura plazaratu bazuten ere, 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera herriak Telesforo Monzonek idatzitako Itziarri kantatzen zion. Txabi Etxebarrietaren heriotzaz geroztik, dolu eta iraultza prozesu betean, mugimenduak ama estoikoaren papera sakralizatu zuen, eta Itziarrek haren alabei itzal egiten zien oharkabean.

      Paradoxikoki, herriak ideal horri abesten zion bitartean, borroka armatuan sartzen ari ziren emakume gehienak gazteak ziren, ezkongabeak eta askotariko independentzia egarriz zeudenak.

      Burgosko Prozesuan irekitako arrakala hura ez zen garaipen iraunkorra izan. Ilusioaren puxika berehala lehertu zitzaien askori hormigoizko hormaren kontra. Gizonak ziren asanbladen, erabakien eta ekimen esanguratsu ororen protagonista, emakumeak tantaka fronte militarrean sartzen eta erabakiguneetara gerturatzen hasi baziren ere.

      Asanbladetako eta aldizkarietako teorian dena zen iraultza, baina praktikan emakumearen askapenerako ideiak ezkerreko mugimendu haien eztarrietan trabatuta geratu ziren. Ezintasun hori ere, ez da gure herriko berezitasuna. Ezta garai hartakoa ere.

      Gogorra behar zuen Hego Euskal Herriko etxeetako paretetatik askatasun egarriz alde egin eta klandestinitateko etxeen paretekin topo egitea. Muga zeharkatu arren, sukaldeak berbera izaten jarraitzen zuen. Aitarena zelako etxea.

      Erakundearen asimetria patriarkalak ez zuen mugarik, eta Iparraldeko itzalpe haietatik urrun, kartzelako hormak ere igaro zituen. etaren 1974ko zatiketa historikoaren garaian, adibidez, eta militarra eta politiko-militarra bereizi zirenean, Alcalá-ko kartzelan preso zeuden emakumeei ez zitzaien informazioa iristen eta eztabaidatik at gelditu zirela salatu zuten. Bien bitartean, kartzelan zeuden gizonezko kideek prozesua gertutik jarraitzeaz gain, funtsezko ekarpenak egin zituzten[4]. Akaso ondoriozta genezake generoak baduela zerikusirik hormen iragazkortasunarekin.

      Aldizka eta interes jakinen arabera “kide” deitzen zieten gizonek teorizatutako iraultzak hutsune garbiak zituela jabetu ziren militante asko. Haien agentzia politikoa zegoen jokoan. 68ko maiatzak hauspotuta, haize freskoa zetorren Paristik. Mugimendu Feminista Ipar Euskal Herrira heldu zen eta, pixkanaka, zenbait talderen arteko elkarrekintzatik sortu zen Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (eebaa) taldeak zapalkuntza hirukoitzaren ideia estreinakoz jarri zuen mahai gainean. Horren irudi grafikoa dugu 1975ean Txiki eta Otaegiren fusilamendua salatzeko Mouvement de Libération des Femmes (mlf) antolakundeak Hendaiatik Behobiara antolatutako martxa: 1.000 emakume inguru elkarrekin “Amaren etxea” abesten. Emakumeak han zeuden.

      Mugaren alde bateko eta besteko aitaren etxearen paretak porlanezkoak zirela inork baino hobeto zekien Dolores Gonzalez Katarain Yoyesek. 70eko hamarkadaren hasieran sartu zen etan eta, apurka, militante errespetatu bihurtu zen erakundearen barruan. 70eko hamarkadaren amaiera nahasi hartan, Argalaren heriotzak hutsune bat utzi zuen etaren zuzendaritzan. Yoyes izan zen hutsune hori betetzeko hautagaia. Automatikoki salbuespen bihurtu zen gizonen mundu hartan.

      Yoyesek bazekien generoak bere ibilbidean eragiten zuela. Kontziente zen, sekulako ahala eginda, erakunde armatuan maila goreneko militante errespetatu izatera heldu zela, emakume izanik ere. Alderdi askotatik begiratuta, lorpen handi bat zela hori. Baina gailurrera iritsi bezain pronto jabetu zen, batetik, akitua zegoela eta, bestetik, bere borroka ez zela ezinbestean ondorengoei bidea zabaltzen ari. Ezaguna zaigu kontua, ezta? Patriarkatuaren betiereko tranpa: emakume baten arrakasta “salbuespen” gisa iltzatzea, beste inor horra iristen ahalegindu ez dadin. Zu, bakarrik, aitu? Berezia zarelako, baina zu bakarrik, maitia.

      Horregatik, Yoyesek ez zuen salbuespen gisa irakurria eta oroitua izan nahi. Burua altxatuko balu… tesia idazteko irakurri behar izan ditudan hamaika eleberrietan eta literatur kritiketan bere figura mitifikatu eta erabili dute, batzuetan sotilago, besteetan atrebentzia osoz, bere borondatearen kontra[5]. Iruditeria kolektiboan eta fikzioan mito tragiko gisa geratu da iltzatuta, baina hezur-haragizko pertsonaren argi-ilunak gertuagotik ezagutzeko aukera, izan, badugu.

      Yoyesen nekearen azpian, intentsitate emozional handiko aro oso bat zegoen pilatuta. Francoren diktaduraren amaieraren zain, munduko txoko desberdinetatik zetorren iraultzaren aldarri gero eta ozenagoaren lilura ikus zitekeen jendearen begi-ninietan. Askotariko askatasun promesa bat zegoen airean. Etorkizunaren mihisea zuri zegoen (ia erabat). Ez nau harritzen bakarren bat hari helduta gelditu izana.

      Itxaropenez blai eta beti lehertzeko puntuan zegoen garai haren indar magnetikoak azaltzen du, hain zuzen, aztertutako eleberrien gehiengoa zergatik girotzen den kronologia horren bueltan. Burgosko prozesua, Carrero Blancoren hilketa, Txiki eta Otaegiren fusilamendua. etak inoiz izandako babes sozialik handiena zuen. Hamarkada horretan girotuak izan dira Koaderno gorria, Esan gabe neukana, Rosa itzuli da eta Hariak eleberrietako pertsonaien militantzia-aroak. 80ko hamarkadaren hasieran Nerea eta biok, Zeru horiek, Lagun izoztua, Susmaezinak eta Aitaren etxea eleberrietakoenak. Erakunde armatuarekiko babesa eta horren zilegitasuna, sozialki, zenbat eta handiagoa izan, aukera gehiago dago eleberrien trama edota pertsonaiaren militantzia-aroa garai horretan kokatzeko. Gero soka harilkatzearen harilkatzeaz dena bihurtu zen korapilo. Mihisearen zuritasuna fikzioa zen jada, lokatzak, odolak eta malkoek estali baitzuten guztia.

 

 

 

    [4]  Ikus Epelde, E.; Aranguren, M. eta Retolaza, I. (2015). Gure genealogia feministak: Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat. Emagin.

    [5]  Aztertutako eleberriak hamaika dira, literalki: Laura Mintegiren Nerea eta biok, Bernardo Atxagaren Zeru horiek, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria, Harkaitz Canoren Pasaia blues, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua, Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Pako Aristiren Rosa itzuli da, Yoseba Peñaren Hariak, Itxaro Bordaren Susmaezinak eta Karmele Jaioren Aitaren etxea.