Euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala da. Baina hori ez da ezer berria. Duela hamar urte, Lisipe bildumako lehen aleak sententzia argi bat zekarren: patriarkatuaren aurka borrokatzen direnak ez direla euskal gudariak.
Baina, orduan, zer kontatu digute ETAko militante izan diren emakumeen inguruan? Errelato ofizialek, mitoek eta fikzio jakinek erabat desitxuratu dute haien inguruko iruditeria kolektiboa: neskalagun txolinak, altzairu herdoilgaitzezko orkideak, eroak, suizidak; inozoak, besterik gabe. Eta horretan literaturak badu bere erantzukizuna: urtez urte imajinario hori elikatu eta finkatu du, emakume horiei ahotsa, agentzia politikoa eta oroimen historikoa ebatsiz.
Saiakera honek apurtzear dagoen sokari heldu nahi dio, errealitatea sinesgaitz bihurtu eta oroimenaren su txikia itzali aurretik. Gatazkaren memoria zintzoki eraikitzeko, fikzioaren zirrikituak arakatzea eta genero-imajinarioak leherraraztea ez delako aukera estetiko hutsa: ezinbesteko betebehar politikoa da.