Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

MAITASUN FESTA

 

Ganbara batean gauerdian

Hara gu maitasunaren izenean

Bildurik irrati-fonografoaren

Errosarioaren akordeetara.

 

Lou-k Anne-ri diotso Molly-k

Mark-i berataz gibeletik zioena;

Jack-ek Jill maite du, honek George

Zeinak Jack daukan bihotzean.

 

Hemen datoz katekumenoak;

Umel eta adoretsu begiak

Titietatik saskietara keinuka;

Batek goragale; besteak zotin.

 

Willy-k ezin bere aita jasan,

Lilian umeez kezkaturik;

Maitasunak, eki eta izarren gobernariak,

Onartu egiten du Berak debekaturikoa.

 

Adrian-en zakur hagitz maitea

Magal bekatarian kiribildu da;

Absenta-minez konkortu hatz mozkorrak

Bekatu bako mundua ferekatuz.

 

Nori ari zaio gezurretan Jenny

Erromarako telefono dei doanekoan?

Maitasuna, deusetik sortzen gaituena,

Etxera nadin eskatzen ari zait.

 

Baina Miss Number hori izkinan

Saia eta saia... ia lortzen duen,

Barkaidazu Ez-barkatu...

Aratz egin nazazu, Jauna, baina ez oraino.