R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ZERU KRISTAUKO
BIZTANLERI NABARRA
[37]

 

      Tupustean eskualde osoa ikaratu zen batera eztanda egin zuten mila eta ehun eta bat trumoi hotsen dunbatekoaz, eta Sandyk esan zuen...

      “Hara, hori tabernariagatik da”.

      Ni altxatu eta, esan nuen:

      “Orduan, Sandy, goazen harantza; ez dugu asunto horretaz ezer galdu behar, badakizu”.

      “Eseri zaitez”, esan zidan, “telegrafiatu besterik ez du egin, hori da dena”.

      “Nola?”

      “Dunbatekoak seinale estaziotik ikusi egin dutela esan nahi du soilik. Sandy Hook-tik at dago. Komiteak jeitsiko dira berarekin biltzera, orain, eta etortzen eskoltatuko dute. Zeremoniak eta atzerapenak izango dira; oraindik ez dira luzaroan Badiara iritsiko. Izan ere, bilioika milietara dago”.

      “Ni ere tabernaria eta zorigaiztokoa izan nintekeen izan ez naizen era berean”, esan nuen, nire etorrerako bakardadea oroituz, ez komiterik, ez ezer zegoela.

      “Tristura apur bat igertzen dut zure ahotsan”, esan zidan Sandyk, “eta nahiko normala da, baina utz ditzagun iraganekoak iraganean; zure argien arabera joan zinen, eta beranduegi da orain asuntoa zuzen dezagun”.

      “Ez, utz dezagun bakean, Sandy, berdin zait. Baina hemen ere baduzue Sandy Hook bat, ezta?”

      “Hemen dena daukagu, han behean bezalaxe. Batasunaren estatu eta lurralde guztiak, lurreko erresuma eta itsasoko irla guztiak daude hemen globoan beZala antolatuak —denak han behean duten forma berdinean, dena eskalaz paratuta, baina estatu, lurralde eta irla bakoitza han behean baino hamaika bilioi bider handiagoa dela. Hara, beste dunbatekoa!

      “Eta oraingo hau zertarako da?”

      “Aurrenekoaren erantzun ozen bat besterik ez da. Bakoitzean mila eta ehun eta bat eztandak danbateko bakar batez su egiten du —ohizko agurra da hamaiketako ostari batentzat, ehun ordu bakoitzeko eta estra bat ostariaren sexuagatik. Emakumea izan balitz ezagutuko genuen zunpateko estra kenduko bait zuten”.

      “Nola dakigu, bada, Sandy, mila eta ehun eta bat direla denak batera ematen direlarik? —eta halaz eta guztiz badakigu jakin”.

      “Hemen gure inteligentziak zorrotzagoak dira zenbait gauzatarako, hala nola horretarako. Hemen zenbakiak, tamainak eta luzeerak hain dira handiak, non adi ditzakegun erak erabili behar ditugun —gure kontatzeko, neurtzeko eta zenbatzeko era zaharrek ez ligukete haien ideiarik emango, baizik eta nahastu eta estutuko gintuzkete eta buruko mina emango ligukete soilik”.

      Horretaz zerbait gehiago hitzegin ondoren, zera esan nion: “Sandy, konturatu naiz ia ez dudala aingeru zuririk ikusi. Aingeru zuri bat ikusi orduko kobre kolorezko ehun milioi gutxienez ditut ikusiak —ingelesez hitzegiten ez duen jendea. Nola da hori?”

      “Bada, gauza bera kausituko duzu joan nahi izango zenukeen zeruko amerikar bazterreko edozein estatu edo lurraldetan. Hortik ibili naiz ni, aste osoan geratu gabe, milioi eta milioika miliatan barrena, benetako aingeru inurritegiak igaroaz, sekula aingeru zuri bakar bat ikusi edo uler dezakedan hitz bat entzun gabe. Begira, bilioi urtetik gora egon da Amerika indio, azteka eta horrelako jendeaz beterik, gizon zuriak bertan bere oina inoiz jarri baino lehen. Colonek deskubritu ondoko lehen hirurehun urteetan Amerikan ez zegoen, zuri jende oro batera harturik, hitzaldi on bateko entzulegoa osatzeko beste. Eta zeuden guztiez ari naiz, britainiar bazterrak eta guztiz. Gure mendeko hastapenetan sei edo zazpi —jarri zazpi— milioi ziren bakarrik. Hamabi edo hamalau milioi 1825ean; demagun hogeitahiru milioi 1850ean; eta berrogei milioi 1875ean. Gure heriotz-indizea milako hogeikoa izan da urteko, beti. Bada, mendearen lehen urtean ehun eta berrogei mila hil ziren; berrehun eta larogei mila hogeitaboskarren urtean; bostehun mila berrogei eta hamargarreneko urtean. Orain laxoa izango naiz asunto honetaz, eta hasieratik egun arte Amerikan berrogeitamar milioi zuri hil dela joko dut —demagun hirurogei, gura baduzu; demagun ehun milioi —batera zein bestera milioi batzugatik ez dago diferentziarik. Bada, orain, zuk zeuk ikus dezakezu tamaina horretako jende-eskukadatxoa hemen zeruko ehundaka bilioi miliazko amerikar lurraldeetan barreiatzen duzunean, Sahara Handian gaindi homeopatikoen piluleko kaxa bat sakabanatzea eta ondoren berriro aurkitu nahi izatea bezalakoa dela. Ezin duzu guk zeruan ezer suposatzen dugunik espero, eta ez dugu ezer suposatzen —bada, horixe dugu egia bakarra eta ahalik eta ongien moldatu behar gara horrekin. Beste planetetako eta beste sistemetako gizon adituak etortzen dira eta erresuman barrena ibiltzen direnean begira iharduten dute aldi batez, eta gero, zeruko beren sailera itzuli eta bidaietako liburu bat idazten dute, bertan Amerikari bost lerro inguru eskainiz. Eta gutaz zer dioten? Ehun milaka bilioi aingeru gorri bizi dela basamortu honetan sakabanaturik, gaixo gorpuzkera bitxia daukan bat edo besterekin. Begira, uste dute gu zuriok eta beltz bakanak indiarrak garela, legen moeta batez edo beste gaixotasunez margulduak edo beltzituak —pekatu zital bereziren bategatik, pentsa ezazu. Gu guztiontzat arrunt mingotsa da pilula hori, laguna —are gutariko apalenentzat ere, beste moetakoak ez aipatzeagatik, uste bait dute hemen gobernuaren aspaldi galdutako agiri ofizialari bezalako harrera egingo dietela, Abrahamen besarkadarekin eta guztiz. Ez dizut xehetasunik eskatu, kapitain, baina uste dut esan beharrik ez dagoela, nire eskarmentuak zerbaitetarako balio izatekotan, zure etorrian ez zela hurra! askorik izango, ez al da hala?”

      “Ez aipatu hura, Sandy”, esan nion piskat gorriturik; “ez nukeen nahi nire familiak hura ikus zezan ezta burura dezakezun inolako kantitateagatik ere. Gaiaz aldatu, Sandy, gaiaz aldatu”.

      “Bada, zorioneko California departamentuan finkatzea, pentsatu duzu?”

      “Ez dakit. Alde horretatik nire familia ailegatu arte ez nuen behin betiko ezer finkorik erabakitzeko asmorik. Bitartean, hemengo bazterrak begiratu nahi nituzke, lasai, eta gero erabakitzeko asmoa nuen. Gainera, hildako jende asko ezagutzen dut, eta banuen horiek aurkitzeko gogoa lagunez eta garaia zaharrez eta edozein gauzataz eurekin mintzatzeko, eta galdetzeko ea hau gustoko ote duten, ezagutzen duten heinean. Nire emazteak Californiako lurraldeetan finkatu nahi izango duelakoan nago, bere hildako gehienak hantxe egongo bait dira eta jende ezagunen artean izatea gustatzen zaiolako”.

      “Ez iezaiozu amore eman. Zeruko Jersey distritoa zer den ikusten duzu, zurioi dagokigunez; bada, California distritoa mila bider okerragoa da. Han ugari dira lohi koloreko moeta berezi bateko aingeru nabarrak, eta seguru auzo zuri urrena milioi milietara dagoela. Gizon batek zeruan faltan gehien sentitzen duena laguntasuna da, norberaren klase, kolore eta hizkuntzaren laguntasuna. Horregatik egon naiz behin edo birritan zeruko europar partean kokatzekotan”.

      “Bada, zergatik ez zara joan, Sandy?”

      “Oh, makina arrazoigatik. Alde batetik han zuri asko ikusten den arren apenas inor uler dezakezu; eta hitzegiteko hemen bezainbesteko goseaz geratzen zara. Gustokoa dut errusiar bat, edo germaniar bat, edo italiar bat behatzea —bai eta frantses bat ere, inoiz ezer delikatuan ari deia harrapatzen ez badut bederen— baina behatuz ez da gosea sendatzen, behar duzuna solasa duzu”.

      “Bada, hortxe duzu Ingalaterra, Sandy, zeruko distrito ingelesa”.

      “Bai, baina ez da zerutiar domeinuetako alderdi hau baino askoz hobea. Azken hirurehun urteetan jaiotako ingelesekin aurkitzen zaren artean ongi zoaz. Baina Elizabeth garaian barneratzen zaren orduko hizkera lausotzen hasten da, eta zenbat eta atzerago hainbat eta lausoago, Solasaldi bat izan nuen Langland delako batekin eta Chaucer deritzan beste gizon batekin —aintzinako poetak—, baina ezertarako ez, ez nien ezer aditzerik izan, eurek niri ezer uler ezin ziezadaketen bezala. Harrez gero euren gutunak jaso ditut, baina hain da beren ingelesa berezia, non ezin bait dezaket ezer ere hatzeman. Gizon horien aurretikako ingelesak arrotz hutsak dira izan, ez gehiago, ez gutxiago. Danieraz, alemanieraz, normandiar-frantseseraz eta batzutan hiruren nahasmeneraz mintzo dira. Horien aurretikoak iatinez eta aspaldiko bretoieraz, irlanderaz eta gaelikoz mintzo dira, eta haien aurretik bilioi eta bilioika basati hutsak ditugu, Satanek berak ere uler ez zezakeen mordoiloa hitzegiten dutenak. Asuntoa da, ingeles eremuetan uler dezakezun gizon bat aurkitzen duzunerako, inaurritegi izugarrietan zehar ibili behar duzula, non piperrik ere hatzematerik ez duzun zerbait mintzo bait da. Begira, bilioi urteetan zehar munduko herri oro hain da sarritan inbaditua izan, jende moeta ezberdin eta hizkuntz klase diferentez, non zerurako ezinbesteko ondorioa bait zen honelako mestizaiaren nahaspila”.

      “Sandy”, esan nion, “historiak aipatzen duen jende inportante asko ikusi al duzu?”

      “Bai... makina bat. Erregeak eta moeta guztietako jende nabarmena ikusi ditut”.

      “Erregeek behean zuten maila berbera al dute hemen ere?”

      “Ez, inork ez dezake hona bere mailarekin igo. Zerutiar eskubidea istorio polit nahikoa da lurrerako, baina hemen ez du balio. Erregeak, loriazko erresumara iritsi bezain laster, maila orokorrean azpiratzen dira. Oso ongi ezagutzen dut Charles II.a; ingeles saileko komediante ospetsuenetako bat da, primerakoa antzesten. Badira hobeagoak, noski, lurrean inoiz ez entzundako jendea, baina Charles oso ospe bikaina ari da erdiesten eta gorakako gizontzat hartzen da. Richard Leoi-bihoztuna kuttunen mailan dago, eta estima nahikoa ari da lortzen. Henry VIII.a tragiko bat da, eta errealismo bizia ematen die jendea hiltzen dueneko eszenei. Henry VI.ak erlijio gaietako liburudenda bat dauka”.

      “Napoleon ikusi duzu inoiz, Sandy?”

      “Sarritan... batzutan Corsica esparruan, bestetan Frantziakoan. Beti ari da toki nabariren bila, eta begitarte zimurraz dabil hortik zehar, esku gurutzatuez, prismatikoak besapean, oso itxura handi, goibel eta bereziaz, bere ospeak eskatu legez, eta arras kezkatua, zeren, soldadu gisa, hemen ez bait dago berak espero zuen bezain goian”.

      “Zergatik? Zein dago gorago?”

      “Oh, guk lehenago inoiz entzun ez dugun jende asko —zapatariak, albaiteroak, haizto zorrotzaileak eta horrelakoak, badakizu—, kristoak ere nongoak diren ez dakien morroiak, inoiz bizitza guztian ezpatarik hartu edo tirorik egin ez dutenak, baina soldaduen grina berekin dutenak, erakusteko paradarik sekula izan ez duten arren. Hemen, baina, dagokien maila hartzen dute, eta Caesar, Napoleon eta Alexanderrek atzenagoko tokia hartu behar dute. Munduak sekula eman duen jeinu militarrik handiena Boston inguru nonbaiteko igeltsero bat da —Iraultza garaian hila—, Absalom Jones deritzalarik. Edonora doala jendetzak biltzen dira haren ikustera. Begira, mundu guztiak badaki ezen aukera izan balu jeneral gaitasun franko erakutsi izango zukeela munduaren aurrean, zeinez aurreko jeneral guztien eginak haur joko eta mutil lan gisa utziko bait zukeen. Baina inoiz ez zuen aukerarik izan. Kontaezinezko alditan saiatu zen soldadu alistatzen, baina hatz lodi biak eta aitzineko hortz pare bat galduak zituenez, sarjentu biltzaileak ez zuen pasatzen utzi. Dena dela, esan bezala, orain mundu guztiak daki zer izatera irits zitekeen, eta inoiz inora joan behar duela entzuten denean milioika pilatzen da jendea haren beha inguratuz. Caesar, Hannibal, Alexander eta Napoleon bere segiziokoen artean daude, beste jeneral asko legez, baina bera inguruan denean jendeak horiei ez die kasurik egiten. Duunba! Hara, beste agurra. Tabernaria koarentenatik irten da orain”.

 

 

 

37. “Ekaitz kapitainaren zerurako bisita”ren pasartea, in The Mysterious Stranger, and Other Tales (Copyright 1922 by The Mark Twain Company. Harper and Brothers, New York, 1992). 1907-08ko Harper’s Magazine-tiko berrargitalpena.